MIREN JONE AZURZA mintzo
Ez da handia gorputzez, baina handia da. Ez du bere burua hedabideetan asko erakutsi, baina aitzindaria izan da. Xumetasunak egiten du miresgarriago.
60-70eko hamarkadetan euskal kulturak ezagutu zuen bihurgunean, aurre-aurrean ageri zaigu Miren Jone Azurza: emakume, kazetari, fededun aurrelari. Zeruko Argia “zeruko” galtzera zihoan garai aberats bezain korapilatsu haietan…
Ordukoxe kemena du oraindik, hezur eta mami gero eta meheagoetan. Bere betiko distira du begietan, betiko argia adimenean, eta inoizko berotasunik eta bakerik handiena bihotz-hondoan. Otoitzaren lamadak bultzatzen du gaur ere beti izan dena izatera: fededun aurrelaria, lehenaren damurik eta garai berrien beldurrik gabea.
Miren Jone urduri zen, zer galdetuko ote, ezer ezkutatzekorik ez duen arren. Urduri, nola erantzungo, hitz jario freskoa falta ez duen arren.
HEMEN.- Zu lasai, Miren Jone. Ongi ezagutzen dituzun gaiez ariko gara. Urte asko igaro dira zuk kazetaritza ikasketak egin zituenetik. Emakumea, euskalduna eta kazetaria. Garai batean ez zen horrelako askorik gure artean.
MIREN JONE AZURZA.- Barkatu, baina nik neure burua definitu behar banu beste zerbait erantsiko nieke zuk aipaturiko hiru berezitasun horiei: lehenik eta denen oinarri, kristau izatea daukat nire pertsonaren mamitzat. Uste osoz gainera. Hain zuzen, kristau izateari zor dizkiot bizitzan hartu izan ditudan erabakirik eraginkorrenak.
H.- Eta une honetan, adinean ere aurrera zoazenean, indarrak gutxitu eta inguruan, bai gertu bai urrun, hainbeste ikusteko suertatzen zaigunean, eusten al diozu kristau-fede bizi horri?
M.J.A.- Orain bertan eta aspalditxotik neure barru-barruaz jabetu den zinezko egia hauxe da: nire izatea eta bizitza osoa Jainkoaren oparia izan dudala. Batek jaso dezakeen erregaliarik handiena. Jaio aurretik hasi eta hil ondoren ere jarraituko dudan bizia. Hori sinestea, gero eta gehiago nire baitan sakontzea eta ildo horretatik jardutea dut suertatu zaidan altxorrik aberatsena.
H.- Nola, zer bidetatik heldu zara uste sakon horretara?
M.J.A.- Hori ez niri galdetu. Jaunaren grazia da. “Gertatu zaionak daki” idatzi zuen Orixek. Nik neuk ez dakit. Poliki-poliki, pausoz pauso ireki izan zaizkit bideak. Egia da bihotza zabalik eta gogoa adi ibiltzeak asko laguntzen duela. Baina zergatik eta nola sortzen den pertsonaren barruan Jainkoarekin lotura estu hori –hau da, erlijioa, misterio hutsa da.
Oso gaztetandik harritzen ninduen gauza berdinak entzun, gai berak irakurri, pareko heziketa jaso, giro berean murgildurik bizi, eta nola pertsona bakoitzaren erreakzio eta erantzunak hain desberdinak izan zitezkeen. Dohain-banaketa hori ez dut uste erabat gure eskuetan dagoenik. Bakoitzaren baldintza pertsonalez gain, beste norbaiten edo zerbaiten eragina ikusten dut nik hor. Horregatik daukat oparitzat.
H.- Suerte oneko sentitzen zara, beraz.
M.J.A.- Zalantzarik gabe. Baina elkarrizketa honen hasieran bat-batean bota dudan aitortza borobil hau oinarria dela esan dut. Bizitzako aldapan nahasian izan ohi dira, eta ez beti koherentziaz, batek barruan darabilena eta ekintzetan azaltzen duena: hor dago koska. Nire bizitzan egin ditudanak ez dira beti “santu-santuak” izan. Egunero azaltzen dira ahultasunak, ezinak eta miseriak. Ez pentsa bizitzako gorabehera denetara eraman izan dudanik fedearen kutsua. Akatsez betetako bidea egin dut, ondoan izan ditudanek ondo dakitenez.
H.- Noiztik zara zu kristau?
M.J.A.- Oso gaztetandik jaso nuen dei hori, txikitandik, garai hartan oso normala zen bezala. Nire ustez hein handi batean ez baitu norberak aukeratzen kristau-giroan bizi izatea edo ez izatea. Gure amak erabateko erlijio-sena zuen, bai berezkoa eta bai landutakoa. Haurtzaro guztian zehar biziarazi zigun anai-arreboi bere-berea zuen ustea: Jaungoikoa gure aldamenean genuela beti. Naturaltasun osoz hartzen nituen nik bere esanak. Etxetik gertu itsasoa zegoela, Igeldo mendia ere bai, edo Santa Klara eta Urgull. Horiek guztiak hor zeudela bezain ziur nekien nik Jainkoa ere hortxe genuela eta berarekin hitz egitea posible zela.
H.- Eta aipatu dituzun bizitzako erabakiak? Nondik nora joan izan dira zure pausoak?
M.J.A.- Hogeiren bat urteko hiru pauso eta erdik agertu dezakete neure bidea. Hiru pauso horietako bakoitzean elkar hartuak joan dira erlijioa eta lana, lagunak eta politika- gertakizunak. Uste dut inoiz ez naizela Jainkoagandik urrutiratu. Hotz-bero aldiak, bai, izan ditut. Baina oinarriak ez dit behin ere huts egin. Beraz hiru pauso nabarmen, neure bizitzan.
H.- Sartuko al gara lehenengoarekin?
M.J.A.- Lehenengoari dagokionez, hogei urteak betetzear nituela jaso nuen Jainkoaren dei berezia. Baina ordurako bizitzak nahikoa estutu ninduen. Pentsa 1936ko gerrateak gure familia hankaz gora jarri zuela. Aita eskola-maisua genuen eta egun batean lanean hasi orduko bota egin zuten eskolatik. Zein izango bere delitua, eta ”No adicto al Movimiento Nacional” izatea. Sekula ez zioten bere lanera itzultzen utzi. Gainera bi lagun min afusilatu zizkioten; gau batean bat, hurrengoan bestea. Bere burua ere arriskuan ikusi zuenez, Iparraldera joan zen ihesi. Donostian geratu ginen ama eta lau haur, ez aita eta ez ogi. Nik zazpi-zortzi-bederatzi urte nituen, baina ongi asko konturatzen nintzen amaren minaz eta kezkaz. Berarekin batean egunero egiten genion Jainkoari otoitz aitaren eta gu denon alde. “Jaungoikoak lagunduko digu”, zioen amak. Oso gogoan daukat eskolako laguntxoen etxeetan aita izaten zela; baina ez gurean. Kalean nire izena ez esateko ere agintzen zidan amak, badaezpada ere. Eta hitzik ez, noski, aitari buruz inoren aurrean.
H.- Kate motzean loturik ibili zineten, beraz.
M.J.A.- Aita gerra bukatzean itzuli zen. Baina gerra-ondorena ez zen askoz hobea izan. Bosgarren anaia jaio zen, gosea pasa genuen. Eta ez zegoen aitarentzako lanik. Bere eskolara ez zioten deitu gehiago eta amak hasi behar izan zuen, luzaro zain egon ondoren, berriz ere lanean. Ezkondu aurretik telefonista izanik, berriz ere lan horretan hasi zen. Nik, hamabi urte eta neska bakarra, etxeko lanak egiten azkar batean ikasi nuen. Hala ere, gurasoek argi zeukaten nik ere batxilergoa egin behar nuela mutilek bezalaxe. Gu pertsona jator, euskaldun eta kristau izatea nahi zuten eta, eskasian bizi baginen ere, kultura aurrerakoia opa ziguten. Euskara, berriz, donostiar familia askotan beldurrez-edo galdu zena, gurean lege genuen. Etxean, euskaraz. Giro gogor horren barruan, ez zizkiguten erantsi nahi izan bere saminak eta oso gaztaro zoriontsua bizi izan genuen anai-arrebok. Familia alaia ginen.
H.- Nola erantzun zion zure kristau-senak egoera horri?
M.J.A.- Orduan ikasi nuen nik otoitz egitea zer zen. Gurasoen eta batez ere aitaren sufrimenduarekin bat egin nuen hezurretaraino. Gure etxean erantzukizuna ezinbestekoa zen. Bazirudien nire premia ere argi zegoela. Egoera zail horretan, ordea, eman nuen bizitzako lehen kolpea. Bideak ekarri zuen ezusteko galanta.
H.- Aldapa pikoren bat igotzea aukeratu ote zenuen?
M.J.A.- Oso txikia ez behintzat: lehen aipatu dudan Jainkoaren dei berezia. Nola etorri zen dei hori? Aitak Itun Berria opari egin zidan, nolabait eskura etorri zitzaion azal urdineko liburu polita. Berak opari niri, eta nik serio hartu. Egunero ordu laurden batez irakurtzea gomendatzen zuen hitzaurreak eta horixe egin nuen. Batxilergoa eta magisteritza ere burututa nituen. Unibertsitateak izugarri erakartzen ninduen, baina etxean nire soldata behar zenez, lan finko bila hasi beharrean aurkitu nintzen.
Gauzak horrela, azal urdineko liburu polit hartan Jesusen hitz batzuk irakurri nituen: “Utzi denak eta jarrai niri”. Irakurri banituen irakurri, hitz horiek ez zitzaizkidan burutik kentzen. Kopetan idatzita bezala erantsiak neramatzan. Lagun mina nuen Arantxari irakurrarazi eta oso ederrak zirela, baina beste erreakziorik ez. Handik hilabete gutxira, lan-aukera ona eskuan eta mutil bat alboan nituelarik, aitortu nion neure buruari bokazioa, Jaunaren deia zela, argi eta garbi.
H.- Nolakoa zen Donostiako kale- eta kultur giroa urte haietan?
M.J.A.- Guretzat, giro arrotza. Arrotzak ziren guretzat agintariak, Donostiako kultur eskaintza, elkarte-ohiturak, udatiarrenak, egunkariak. Donostia ez zen gure hiria, beste batzuena baizik. Hemengo eta kanpoko militar, politiko eta aberatsena. Guk zinemarako diru-faltaz, berriketan pasatzen genituen jai egunak. Mendira ere joaten ginen, gustura. Goiko tontorren batean Agur Zuberoa abestu eta zerbait egin genuela iruditzen zitzaigun. Bazen erresistentzian sartutako jendea, jakina, gazteak ere bai tartean, nire anaiak barne.
H.- Eta zu, bokazioa medio, etxetik joan egin al zinen?
M.J.A.- Bai. Baina gehien kostatu zitzaidana ez zen etxea uztea izan, ama izateari uko egitea baizik. Sakrifiziorik handiena horixe zen niretzat. Jainkoaren bideak zer diren! Banuen han ezagun bat eta hiru aldiz abiatu nintzen Urgulleko Karmeldarren komentura, nire bokazioa agertu eta ea zer bizi-mota eskaintzen ote zidaten jakitera. Eta hirutan huts egin nuen, ez nuen iristerik izan, bidean oztoporen bat jartzen zitzaidan. Gauzak horrela, elkarte sortu berri bat ezagutu nuen. Partaideak, denak emakumeak, ez ziren betiko mojak, sekularrak baizik. Instituto de Misioneras Seculares zeritzan. Aiako apaiz batek sortua, Rufino Aldabaldek, hain zuzen.
Oso gustuko izan nituen. Mari Karmen Alzuetak ere aukera bera egina zuen; nik neuk ez bezala, berak bertan iraun zuen bizitza guztian. Erabaki nuen han sartzea eta aitak urte beteko aproba eginarazi zidan, gogorra baitzen beretzat ni etxetik joatea. Kosta egiten zitzaion familian uzten nuen hutsunea eta kezkaz bete zuen nik erakunde berri bat aukeratu izanak. Batez ere komunitate barruan elkarren artean zeramaten harremanen berri jakin izan nahi zuen. Amak, berriz, lagundu egin zidan. Azkenean Gasteizera abiatu nintzen 1950eko udaberrian, gurasoek lagunduta. Aita handik bi urtetara hil zitzaigun bihotzeko infartuaz. Heziketa ona jaso genuen, bai teologia aldetik eta bai gizabideari dagokionez ere. Bi urtetako ikasketen ondoren Avila, Salamanca eta Madrilen jardun nuen lanean. Batez ere irakaskuntzan.
H.- Eta kazetaritza? Nola deliberatu zinen kazetaritza ikastera?
M.J.A.- Estatu Batuetako Texax-era misiolari joateko aukeratu ninduten, San Antonio hirian pobreentzat eraiki asmo zuten eskola berri batera. Baina handik tratua hautsi egin zuten. Bitartean norbait konturatua zen idazten poliki moldatzen nintzela. Horregatik Madrilera bidali ninduten Vida Nueva aldizkarirako balio ote nuen-edo aproba egitera. Horrela hasi zen nire kazetari-bizitza. Madrilen Kazetaritza Eskola Ofiziala, agian bakarra, zegoenez, ikasketak egitea erabaki nuen. Zailena sarrerako azterketa zen: edozein gaitaz 60 galderari idatziz erantzun eta gero tribunal batek ahoz egindako beste azterketa, eta honetan, nahi gabe, nire kristautasuna arrazoitzeko bidea eman zidaten. Irakurri berria nuen Guardini teologoaren La esencia del cristianismo eta zita moduan aipatu nuenez, horri buruz galdetu zidaten. Nik bero-bero erantzun eta aztertzaileei gustatu. Erraz gainditu nuen sarrerakoa. Lanean jarraituz, hiru urte ondoren, titulua lortu nuen 1965ean.
H.- Zer esperientzia daukazu gogoan zure Madrileko egonalditik?
M.J.A.- Hura ere arrotza egiten zitzaidan. Elizan bertan ere oso bestelako kezkak bizitzen ziren. 1965ean, kazetari titulua lortu orduko itzuli nintzen Donostiara, etxera, amak urte batzuk bazituen eta bakarrik ikusten nuelako. M.K. Alzuetaren eraginez, Rikardo Alberdi zenaren Editorial Ethosen sartu nintzen. Oso aberatsa gertatu zitzaidan gizartearen eta batez ere langileen sozial arazoez tutik ez bainekien. Alberdik sortu zituen eskolak hain ederki erakutsi eta zabalduak, munduko arazo garrantzitsuetara begiak ireki zizkidaten. Gai horietaz dezente irakurri nuen eta bide batez emakumearen egoerari buruzko kezkak ere jorratzen hasi nintzen. Liburuxka sail bat ere argitaratu genuen, emakumearen egoeraz: Indira bilduma. Hain zuzen, gazteleraz itzulia atera berria zen Simone de Beauvoir-en Le deuxième sexe ere irakurri nuen.
H.- Badakit Lucien Deiss apaiz musikalari frantsesa ere ezagutu zenuela eta berarekin lanen bat egina zarela.
M.J.A.- Salamancan ezagutu nuen, han erabaki baitzuen bere kantuak gaztelaniara itzultzea, IMSek sortutako erlijio-gaietarako Berit argitaletxea baliatuz. 1965-66etan egin zen lan hori, ni tarteko nintzela. Beste lauzpabost lagunekin eta Deissen beraren ardurapean egin ere. Biblia-gaietan aditu otoizlaria eta poeta handia, Vaticanoko II. Kontzilioaren eraginez liturgiaren berritze-lanetan egin zen ezaguna Deiss, Gelineau eta Kaelin-ekin batera talde bat sortuz. Bere sena horrelaxe azaltzen zuen: “Zergatik ez erabili musika Bibliako testuak memorizatzeko? Saiatu naiz, edertasunari Kristoren zerbitzari izan dadin eskatuz, misiolari izaten. Musika-notak, Jainkoaganako bide izan daitezen jardun izan dut”.
Gure itzulpenak ongi eginak eskatzen zituen, zorrotz miatzen zuen nola geratzen ziren, esanahiak, azentu tonikoak eta beste hainbat xehetasun. Hain ziren finak eta melodikoak bere lanak!
Oso pertsona sentikorra zen, artista hutsa. Maiz sartzen zen en caffard, tristuran; horrelakoetan bere gelatik irten gabe ordu asko pasatzen zituen. Maitagarria iruditzen zitzaidan. Jakintsu apalarengan beti miretsi izan dudan xarma zuen. Ez da aspaldikoa horretan trebe den hemengo liturgialari batek esana: “Oraindik ere liturgi kanturik onenak Deissenak direla uste dut”. Izan dudan bere azkeneko berria Altzheimer gaixotasunak menderatu duela eta 2005ean ospatu zutela bere apaizgoaren 60. urte-muga. Bere doinuak ederki zabaldu ziren bai gure artean eta bai Iberoamerika eta Kanadan ere.
Deiss-en gaiari jarraituz, Zeruko Argian ezagutu nuen nik Arantzazutik etorri zitzaidan fratziskotar gazte bat, Iñaki Beristain. Kantu horiek euskaratzeko asmoz zebilen, guk nola eta zelan egin genuen galdezka. Bistan da berak ere asmatu zuela.
H.- Lan-aukerak erraz aurkitu al zenituen Euskal Herrian?
M.J.- Niretzat lan-aukera bazegoen; edozer idazti-mota argitaratu aurretik baimena emango bazioten, legez tituludun kazetari erantzulea eskatzen zuten “Información y Turismo” zeritzan erakundetik. Premia handia eta tituludun euskaldun oso gutxi. Arrazoi hori medio hasi nintzen Alberdiren mugimendu sozialeko langile izaten; berak gai sozialei buruzko aldizkari bat sortu nahi zuen. Bestalde, ni Donostiaratu bezain laster, Zeruko Argiara azaldu eta neure burua eskaini nien noizbait beharrik sortzen bazitzaien ere. Horrela gertatu zen handik urte pare batera.
H.- Bila etorri zitzaizkizun, beraz.
M.J.A.- Bai. Jakina da euskaldun asteroko hori fraide Kaputxinoena zela. Eurak arduratzen ziren bai langileak bilatzeaz eta bai urteroko jardunean sortzen ziren zorrak ordaintzeaz. Agustin Ezeizak deitu zidan, bi kazetariren premian zirela adieraziz. Artean, Iñaki Gabilondo ezagunak ematen zuen izena zuzendari bezala, legea bete zedin. Baina berari Donostiatik urrun sortu zitzaion lan egokia eta utzi egin zuen Zeruko Argia.
Gainera kaputxinoek nahiago zuten kazetari euskaldunekin lan egin.
1968an sartu ginen Andoni Iturria zarauztarra zuzendari eta ni neu laguntzaile.
H.- Hala ere, jarraitu al zenuen Rikardo Alberdiren lanetan?
M.J.A.- Ez. Eta esan beharra dut berak, batere zalantzarik gabe, bultzatu ninduela lan hori hartzera. Nik ez bezala, hark urrutira ere ikusten baitzituen gizartearen eta kulturaren norabideak eta etorkizunari ere begirada argiz hartzen zion neurria. Zeruko Argiako lana hartu egin behar nuela esan zidan. Horrela egin nuen. Penaz utzi nituen hango lan-giro hura eta bertan ezagutu nituen zenbait kristau militante ere.
H.- Egoera politikoa puri-purian zebilen Euskal Herrian. Nola kokatu zenuen zeure burua giro horretan eta bereziki Zeruko Argian?
M.J.A.- Ordura arte euskal kazetaritzako esperientziarik ez nuen. Hemezortzi urte hemendik kanpora, erabateko erdal girotik nentorren. Euskalduna nintzen eta izan nahi nuen. Borondate guztiz onez, baina jakinduria gutxiz hasi nintzen.
Lehen urtebete luzea ikasten pasa nuen, euskaratik hasita. Etxeko euskara bakarrik nekien, nahiz ahoz nahiz idatziz, eta zail egiten zitzaidan hitz egokiak aurkitzea. Hiztegi serio bat ere ez genuen. Munduko arazoei buruz zerbait esateko, euskara aberastu beharrean aurkitu nintzen. Eskerrak gure On Nemesio Etxanizek barra-barra hitzak sortzen zituen. Eguneroko jardunean ikasi nituen lehen mailako beharrezkoak.
Politika-egoeraz ere galde egin didazu. Behin betirako aitortu behar dut sekula ez dudala politika-senik izan. Nire burua euskaldun eta abertzaletzat izan dut beti eta horrek ematen zidan gogoa eta indarra Zeruko Argian jarduteko.
H.- Noiztik izan zinen zuzendari?
M.J.A.- Andoni Iturriak utzi zuenetik. Agustin Ezeiza kaputxinoen ordezkariak galdegin zidan prest ote nengoen zuzendaritza erantzukizunez hartzeko. Baietz esan nion. Gure astekariak zerbait ona bazeukan: borondatezko idazleak ziren denak. Baziren baita artikulu serioak idazten zituztenak, baita herrietako berriemaile sail ederra ere. Ezagutu izan dudan jenderik leial eta zintzoenetakoa. Oinarri horrekin ez zen gehiegizko ausardia. Zuzendaritzan hasi orduko pauso bat eman nuen: astero-astero bilduko zen aholkulari-taldea sortzea, erredakzio-kontseilu moduko bat. Zeruko Argiarako jadanik idazten eta pentsatzen aritzen zirenen artean sortu ere. Aldizkariaren ardura ez zen nik neuk bakarrik egiteko lana; talde hori baliatzeko asmoa hartu nuen, beraz, astekaria ireki eta hobetzeko asmoz.
H.- Zer geratu zaizu Zeruko Argian eginiko zure bizitzako tarte horretatik?
M.J.A.- Oso garai biziak eta zailak izan ziren. Gure lana benetako militantzia zen. Erakunde ofizialen zentsura zorrotzaren pean idatzi beharra zegoen. Bazituzten hitzez hitz astekari osoa irakurtzen zuten morroiak. Epaitegitik ere pasa izan ginen eta multak ordaindu, bere legeek debekatzen zituzten ideiak edo hitzak agertu izanagatik. Gogoan ditut “batzokia” edo “naziotasuna” hitzak, adibidez.
Horretaz gain, pentsa gure astekaritik igaro zirela euskara batuari buruzko eztabaida gehienak. Hori izan zen nire hasiera. Datu bat bai, eman nahi dut: euskararen etsai ginela eta abarrak botatzen zizkiguten hitzetik hortzera. Zorioneko “H” letrari buruz nik kriterio argirik ez nuenez, oso garaiz On Manuel Lekuonari galdegin nion zer egin gai horretan. “H-a berea du euskarak” –erantzun zidan. Hortik aurrera lasaitu ederra hartu eta sistemaz idazle bakoitzari bere aukera errespetatu bai, baina poliki- poliki Euskaltzaindiaren aholkuetara errenditu ginen. Garrantzizko beste erabaki bat ere euskara-zuzentzaile bat ekartzea izan zen, asko zekiena bera: Xalbador Garmendia zaldibiarra. Idazle gazte guztiak eta hain gazte ez ziren beste asko ere bai, batuaren aldeko izan ziren.
H.- Ortografia ez zen izango arazo-gai bakarra. Nolako sailak azaltzen ziren asterokoan eta nork idatziak?
M.J.A.- Begien aurrean daukat Zeruko Argiaren 400. alea, 1970eko azaroaren lehen egunean argitara eman zena. Zazpi-zortzi gaitan biltzen ziren oinarrizko idazlanak: euskal literatura, ekonomia eta politika, Euskal Herriko arazoak, erlijioa eta teologia, artea eta musika, irakaskuntza.
Idazleak berriz (ale berezi horretan): Altuna, Patxi; Ansola Gurutz; Arregi, Joseba; Artola, Joxe; “Basarri”; Camblong, Ramuntxo; Etxaniz, Nemesio; Garbizu, Tomas; Garijo, Mikel; Gaztañaga, Jexux; Hurtsua, Iker; Kortadi, Edorta; Lekuona, Joan Mari; Letamendia, Juan Antonio; Lete, Xabier; Oteiza, Jorge; Unanue, Donato.
Hoietaz gain ohiko langileak genituen Joxe Lasa, Anjel Lertxundi, “Larresoro”, Mikel Ugalde, Xabier Gereño, Sabin Larrea, Joxe Agirre, Mikel Atxaga, Txomin Izagirre, Joxemi Zumalabe, Juan San Martin, “Uxola”, Aita Onaindia, Martin Ugalde, Agustin Zubikarai, Jokin Arostegi, Joxe Mari Satrustegi, Xabier Kintana, Eusebio Osa, Joxe Azurmendi, “Abeltxe”, “Amatiño”…
Ez naiz gauza den-denez oroitzeko eta barkamena eskatzen diet ahaztutakoei, batez ere aipatzeke uzten ditudan herrietako hainbeste kronikari zintzo guztiei.
H.- Bejondeizula! Benetan, ez zenbiltzan bakarrik. Baina argitu al dezakezu zer edo zer Zeruko Argiaren asmoari eta helburuei buruz?
M.J.A.- Editorial baten zatitxoa azalduko dizut: “Desberdiñak gara euskaldunak: sinestun eta sinesgabe, ezkertiar eta eskuindar, aurrerakoi eta atzerakoi, baserritar eta kaletar, jakitun eta ezjakin, zahar eta gazte, mugaz hemengo eta mugaz handikako.
Bainan bagara zerbaitetan bat: euskaldunak, euskaldun menperatuak, gaitzetsiak, minduak, erasotuak, urrutiratuak.
Batzen gaituzten alderdi eta lokarriei eutsi nahi genieke. Batzen gaituen sua indartu.
Z.A.k oso irekia, talde jakin bati lotu gabea eta lotan daudenen esnalea izan nahi du. Euskal iritzi eta jokabideetan dabiltzen guztientzat irekia. Idazle eta irakurle, denon artean egingo dugu Z.A. bizi, gaurko, ireki, esnatzaile eta euskalduna”.
Kontuan hartzeko da gainera, frankismoaren azken urteetan bizi ginela. Burgosko auzi latzak ere eragin handia izan zuen gure zereginean. Garai gogorrak bizi izan eta, ahal zen neurritxoan, astero azaldu behar genituenak. Ez zen erraza.
H.- Zer dela dela-eta utzi zenuen Zeruko Argia?
M.J.A.- Nire bidean harrizko koskarekin topo egin nuen. Ustekabean, 1974ko udazkenean alde egin beharrean aurkitu nintzen. Azken hilabeteetan giro eskasa nabaritzen nuen, halakoxe ezin moldatu arraro bat, baina ez nion antzik ematen zer izan zitekeen; beharbada nire irudipenak. Bat-batean, ohizko asteroko bilera batean sekulakoak entzun behar izan nituen lankide baten ahoz. Antza, jada ez zen nire beharrik Zeruko Argian. Are gehiago, kalte egiten ari nintzaion astekariari. Seguruenik arrazoi zuen, baina ni neu harri et zur geratu nintzen. Berriro ere gogoratu behar dut sekula ez dudala politika-senik izan eta hura kinka politikoa zen. Irentsi zaila egin zitzaidan mokadu hura.
Ez ote nuen nik gaitasunik zer arazo zeuden ulertzeko, behar ziren berrikuntzak onartu eta aurrera jarraitzeko ? Nolatan inork ez zidan lehenago hitzik esan beren kezka eta asmoez ? Horrek mindu ninduen gehien: zeuden arazoez nirekin aurpegiz aurpegi ez mintzatu izanak. Eta egoera oso serioa zenez, utzi egin nuen Zeruko Argia. Urtearen amaieran ohizko batzar nagusia egin genuen idazle eta herrietako korrespontsal guztiekin eta hantxe eman nuen neure dimisioaren berri.
H.- Maitasuna, ezkontza. Noiz eta nolatan ezkondu zinen?
M.J.A.- Hogeita bat urte IMS delako elkartean zoriontsu izan ondoren, Euskal Herriko egoerak eta osasun-eskasiak eraginda, sekular baten kristau-zeregina ongi aztertu ondoren, erabaki serioa hartu nuen: erakundea uztea. Esan dezadan IMS berak ez zigula inongo oztoporik jartzen herrigintzan lan egin genezan; alderantziz, bultza egiten zigun herrigintzan jardutera. Inguruko egoerak eta arazo pertsonalak gainditu ninduten. Pertsona arrunta izanez, neure kontura biziz, herriko arazoen erdian kristau izaten jarraitzea nahiago nuen. Ez nago ziur asmatu ote nuen, baina une hartan erabakiak lasaitasuna ekarri zidan eta bizimodu berdin-berdina egiten jarraitu nuen, botoak ezik.
Zeruko Argia utzi eta gero bi gauza egin nituen: eguneroko ogia irabazi beharrez, sortu zitzaizkidan zenbait lanetan aritu eta EUTGko Unibertsitatean Historia ikasketak hasi. Hasi eta buka, bost ikasturte: 1975-1980.
Horretan ari nintzela, 1977an DEIA egunkaria sortu zenean, kazetari lana eskaini zidaten. Handik lau hilabetera ama hil zitzaigun bihotzeko ahultasunez, lotan zegoela. Ez zuen, bada, bihotza nekaturik edukiko, senarrarekin pasa zena irentsi eta, alargundu ondoren, urte luzez bi seme atzerriraturik, beregandik hain urruti, eduki behar izan eta gero? Hori gutxi balitz, beste bi semeek ere probatu zuten espetxea edo erbesteratzea. Juxtu-juxtu bildu ginen bost anai-arrebok amaren ondoan, bere heriotza baino bi urte eskas aurretik.
Amaren faltak bakardadea ekarri zidan, lau anaiak ezkonduak bainituen. Eta hiru urte geroago etorri zitzaidan aukera. Gizaseme alargun on, euskaldun eta kristau bat hartu nuen senartzat. Berak lagundu zidan, ezkon berritan, Deustura errebalida egitera. Orain lau urte hil zen, elkarrekin 23 urte gozo igaro ondoren.
H.- Hasieran hiru pauso aipatu dituzu zure bizitzan. Gehiago ere azaldu dituzula iruditzen zait.
M.J.A.- Hortxe-hortxe ibiliko gara. Hogei bat urtetako hiru pausok hirurogei egiten dute: jaiotzetik bokazio-kontua artekoa izango litzateke lehena; IMS elkartean igarotako beste hogeitabatekoa, bigarrena; eta Zeruko Argiako azken urteetatik DEIAn egin nituen hamabiak bete artekoa, ezkontza barne, hirugarrena.
Hirurogei urterekin jubilazioa hartu nuen, DEIAn aukera hori eskaini zidatenean. Handik hilabete gutxira, ordea, Donostiako Gotzaindegirako deia jaso nuen. Ordu libre dezente neuzkalarik, neure burua eskaini nion, nonbait egokia zen apaiz lagun bati. Prest nengoen Elizari zerbaitetan laguntzeko. Aspalditxotik parrokian konfirmatzera zihoazen gaztetxo-taldeei katekesia ematen nien, baina astean behingo jarduna zen. Horregatik eskaini nuen neure burua beste zerbaitetarako ere.
H.- Normala iruditzen zait, zure printzipioak ezagutuz gero. Jubilatu zinen, beraz, baina ez “erretiratu”. Zer egokitu zitzaizun?
M.J.A.- Beste ezusteko galanta. Gotzaindegiak eskatu zidan bertako prentsa-bulegoaren arduradun izatea. Don Jose Maria Setienek berak agertu zizkidan nire eginbeharrak. Seriotasun osoz hartu nuen lan hori eta ahal nuen ongien betetzen saiatu nintzen bertan igaro nituen sei urteetan. Lan gogorra izan zen, baina konpentsazio handikoa. Ohore bat niretzat. Apal, umil jardun nuen nire arduran eta nik emandakoa baino askoz ere gehiago jaso nuen urte haietan.
H.- Hura amaitu zenuenean beste zerbaitetan hasiko zinen edo heldu ote zitzaizun motorra geratzeko garaia?
M.J.A.- Gotzaindegia utzi eta handik oso denbora laburrera, senarra gaixotu zitzaidan; gero eta zaintza gehiago behar izan zuen. Urteetan egun osoa eskaini behar izan nion. Pozik egin nuen gainera. Gero eta gehiago maite izan genuen elkar; berak eskerrak niri zaintzen nuelako, neuk berari hain zintzoa zelako. Gaixotasunaren une gogorretan ere bakean bizi izateko grazia izan genuen. Senarraren gaixoaldi luzeak eta heriotzak asko erakutsi zidan nire burua osasun aldetik hobeto ezagutzen eta hainbeste sufriarazi izan didaten ondoez ugariak erraz gainditzen. Argi eta garbi sentitu nuen zer alde dagoen gaixotasun larri baten eta nire ohiko ajeen artean. Gorputzaren gorabeherez liberatu egin naiz nire izaera bera aldatzeraino. Hori ere zer den, gertatu zaionak daki.
H.- Fede krisirik izan al duzu?
M.J.A.- Krisi sakonik ez. Bolada txarrak, despiste-uneak, ezinegonak, barruko bakerik eza… horiek denak bai, batez ere 40-45 urte nituen tarte horretan. Zerbait nahi nuen, norbait behar nuen eta neronek ixten nizkion bakeari ateak. Ez nintzen koherentziaz bizi. Fedea oso barruan, hanka puntetan bezala, baina ez nuen jartzen behar nuen ukendua: otoitza. Beste guztiak sobra ziren ez banuen beti neure salbamena izan dudan erremedioa jartzen. Halako batez, lanetik etxera sartu eta neure buruari galdegin nion: Zer nabil beti haserre, beti nahigabez, beti norbaiten zain eta hor egunero, ordu oro zain daukadan eta erabat maite nauen Harekin egoera honetaz luze mintzatu gabe? Erantzun jatorra emateko grazia izan nuen eta baketu nintzen, kostata, ekinez, arduratuz.
H.- Eta oraintxe, nola da goizetik gauera zure egun arrunta?
M.J.A.- Elkarrizketaren hasieran egin dudan azalpen borobila: kristau izatea jartzen dut orain ere oinarritzat, adinean aurrera noan etapan. Pozik eta barrutik sendo mantentzen nauena horixe da. Zer eskatzen dit, baina, goizetik gauera? Nire goizak gauean hasten dira. Garaiz oheratzen naiz, goiz jaiki nahi dudalako. Goizeko ordu garbi horietatik bat otoitzari eskaintzen diot. Etxean bertan edo elizan. Gero hasten naiz batetik bestera, eguneroko ardurak eskatzen didaten arabera.
Ahal dudan guztietan ibiltzeko denbora hartzen dut, osasuna zaindu asmoz: hiru ordu laurden, ordu bete, nahikoa dut. Gero bazkaria prestatu. Edo egunkariari begirada arina edo luzea, zer garai den.
H.- Bakarrik bazkaltzen al duzu?
M.J.A.- Larunbatetan anaien etxera joaten naiz txandaka. Bestela bazkari-legea bakarrik egiten dut, irratia lagun dudala. Ondoren harrikoa, kafetxoa, eta siesta diskrezioz. Arratsaldean etxean egoten naiz, patxadan. Zerbait irakurri edo ordenagailuan pazientzia galdu, zer edo zer josi, terrazako loreak zaindu, mila lantxo. Dekorazioa oso gustuko dut eta sarri aldatzen ditut lekuz etxeko pitxiak. Banaka batzuk edukitzea gustatzen zait, bakoitza dagokion lekuan eta argitan jarria. Paretak ere asko hustu ditut kuadroz eta abarrez. Gutxirekin moldatu nahi nuke. Detailetxo horiek poza ematen didate bere edertasunagatik eta biziagatik.
Erruz interesatzen zaizkidanean bakarrik joaten naiz hitzaldietara. Zinemara edo musika entzutera, ia batere ez. Arte-erakusketek nekatu egiten naute. Motz nabil arlo horietan. Bakean bizi naiz.
H.- Nola lantzen duzu hurrengo egunerako otoitza?
M.J.A.- Ilunabarrean, “bezperak” eginez, hau da, otoitza taxuz egiteko behar ditudanak prestatu, batik bat gaia aukeratu, eta oso egokia den zerbait aurkitzen badut, idatzi. Beste ordu-erditxoa joaten zait. Hortik aurrera nekeak errenditzen nau. Telebista piztu, gaueko berriak. Eta kitto. Oherako errituek ere berea eskatzen dute. Irratia pizten dut, baina kasu gehiegi egin gabe, lotara.
H.- Ez al zaude misiolari-ekintza batean-edo konprometiturik?
M.J.A.- Arrazoi duzu: otoitz egitea zerbait da, baina Jainkoaren Berri Ona zabaltze ekintzaren bat edo kristau-testigantzaren bat ere bidezkoa da. Joan den urteko urrian hil zitzaigun anaia zaharrena, Jose Joakin. Bere ondoan orduak pasa nituen eta hori izan zen nire “apostolutza” argiena. Orain beste anaia, Luis Mari, gaixotasun luzeak jada aulkian geldirik dauka. Hark eta bere familiak ere laguntza eskertzen dute eta ni suertatu naiz senide guztietan libreena. Hori ezin dut alde batera utzi eta benetan eguna nahikoa betea daukat.
Hortik aparte, nire inguruan bizi diren edo bidean aurkitzen ditudan lagun askok ere dedikazio minimo bat eskatzen dute. Kaleko ekintza da eta oso beharrezkoa: entzun, bidean lagundu, animoa jaso, besarkada bat. Askorentzat benetako sendagaia dugu hori. Pobreen zerbitzurako deia ere sentitzen dut eta inbidia ematen didate kaleko behartsuei laguntzen dabiltzanek. Baina oraingoz ez daukat horrelako lanetara lotzerik.
H.- Nola ikusten duzu gaurko Eliza?
M.J.A.- Ba al daukat nahikoa datu, sentitzen dudana fundamentuz adierazteko? Lehen aipatu dut nola bizi-bizi eta adi egon ginen Vatikanoko II. Kontzilioaren erabakien zain. Dokumentu ederrak geratu zitzaizkigun hango jardunaldiaren amaieran. Liturgian zerbait baino gehiago ere egin da elizkizunetan kristau-herriaren parte hartzea hobetzeko. Baina urte asko igaro dira garai haietatik eta badaude eskandalizatzen nauten jarrerak ere: inmobilismoa, gaurkotasun falta, etengabe mugitzen ari den gizarteari aspaldiko formulak eskaintzea. Ez genituen alferrik izan Juan XXIII.a eta ondoren Pauko VI.a. Hor daude geldi, ondo sailkatu eta gorderik, Eliza berritze zale izan zen Kontzilio haren erabaki asko. Baina utz ditzadan niretzat handiegi diren ur horiek.
Kristau arrunta naizenez eta gertutik tokatzen zaidan mailan, bila nabilela esango dut, gure Euskal Herriko Eliza ere bila dabilen bezala. “Goazen berriro Galileara eta jar gaitezen gu ere, Jesusen antzera bizitzen”. Behetik hasita, elkar maitatuz, errukitsu eta bakegile izanez, lagun hurkoa zerbituz. Horrela mintzo diren ahotsen atzetik jarraitu nahi nuke. Kristauok erruz aldatu beharra daukagu, gizartetik gertu ibili nahi badugu: gutxiengoa izaten jakin behar, estiloa aldatu, harrobi berriei begiratu, pausoz pauso, aspertu gabe saiatu. Erakunde ugari sortu da munduan behartsuei laguntzeko edo bakearen aldekoak. Denak kristauak ez badira ere, Jesusen antzera dabiltza. Gure herria, oro har, benetan kristaua ote da? Ez da nahikoa bataiatua izatea: Jesusek erakutsi zigun maitasuna, errukia, bakea, gure egiten al ditugu egunerokoan?
Galdera horiek botatze hutsak lotsatu egiten nau, ez baitut oraindik neure burua bide horretan erabat sartua ikusten. Baina nahiago nuke benetako kristau izaten asmatuko bagenu.
H.- Heriotzak beldurrik ematen al dizu?
M.J.A.- Zeuk uste baino galdera zorrotzagoa egin didazu. Hasteko, gogora dezadan haurtzaroan beldurtia nintzela: tximistaren, haize zakarraren, ijitoen, amildegien, ilunpearen eta neronek imajinatzen nituen beste arriskuen beldur izaten nintzen. Hain zuzen ere, nire bizitzan larritasunez gaixotzeraino jasan ditudan berrogeiren bat urteren zergati ezkutu eta sakonek heriotzaren beldurrarekin zerikusi handia izan dute. Barru horretan, bakardadean hiltzeko beldurra zegoen nonbait. Orain egoera hori zeharo aldatua da. Heriotza gertu daukadala badakit, baina horrek ez nau estutzen. Hil ondoren piztuera espero dut: Jainkoaren misterioan, neure eta gizaki eta izadi guztiaren betearen betea. Estatistikaz adindua banaiz ere, ez dut oraindik neure burua zahartzat jotzen. Nire adineko askok baino osasun hobea dut eta pozik nabil harrokeriarik gabeko egunerokoan. Iristen denean ikusi beharko herioaren beldurra zer den. Baina oraingo patxada hau ere Jaunaren oparia dut. “Bere esku jartzen dut geroa / lasai daukat nik gogoa”.
(2007ko urria)