Miren Jone Azurzari

Miren Jone lagun:

Azken hilabeteetan, zure osasun-egoera medio, ezin izan dut zurekiko solasaz gozatu, baina esan beharrekoak luze eta sakon esanak zenituen. Hona orain nire hitz apal hunkitu hauek zure omenez.

Ez zinen handia gorputzez, baina handia zinen. Ez duzu zeure burua hedabideetan  asko erakutsi, baina aitzindaria izan zara. Xumetasunak are miresgarriago egin zaitu.

60-70eko hamarkadetan euskal kulturak ezagutu zuen bihurgunean, aurre-aurrean ageri zintzaizkigun: emakume, kazetari, fededun aurreratu. Kaputxinoen Zeruko Argia aldizkariko zuzendari izan zinen (1969-1975), Zerua galdu eta gaurdaino Argia soil bihurtzera zihoan garai hartan, “goiko zerua” eta “Jaun goikoa” –ez, halere, Argiaren sormenezko Misterioa– betiko galtzen ari ziren aldi emankor bezain korapilatsu haietan. Han zinen zu, Miren Jone, eztabaidaren eta eraldaketaren begi ez beti barean.

90 urterekin ere, hezur eta mami gero eta meheagoetan, ez zenuen galdu barruko kemena, ez adimenaren argia, ez begien distira, ez ahoz zein idatziz, euskaraz zein gaztelaniaz, hitzaren jario ederra. Eta denetan ederrena irabazi zenuen: bihotz ondoan inoizko berotasunik eta bakerik sakonena.

Eguneroko isiltasun-praktikaren lamadak girotzen zintuen, eta garai zurrunbilotsu hauetan tinko errotzen mundu berriaren, gizarte berriaren, kristautasun berriaren, Eliza berriaren esperantzan.

Atzo, 93 urte betetzeko bezpera-aurrean, eman zenuen azken arnasa. Azken arnasan emanez bete dituzu hitz guztiak, betiereko argi kreatzailearekin eta betiko Bakearekin bat betiko. Argi-zirrinta zaitut.

Eskerrik asko bihotzez, Miren Jone!

Aizarna, 2022ko maiatzak 17