Neurritasuna

Neurritasuna funtsezko bertutea da bizitzan. Eta “bertutea” diodanean, ez diot adiera moral, aszetiko eta erlijiosoan, hitzaren zentzu etimologikoan baizik: indarra. Neurritasunak bizi-indar lasaia, energia bare eta garaiezina esan nahi du.

Zentzuz, izariz eta moderazioz osatua da. Zentzua: ontasunaren zuhurtzia. Izaria: den guztiaren eta garenaren neurriak inspiratutako jakinduria. Moderazioa: desiraren oreka, libre eta ondua.

Neurritasunak murriztea eta uko egitea eskatzen du, baina ez dira horiek haren inspirazio eta eragile. Ez da ahaleginaren emaitza ere. Ez behartu ezer, ez behartu zeure burua. Laozi jakintsuak irakatsi zuen: “Hanka-puntetan dagoena ezin egon irmo. Hankak zabaltzen dituenak ezin pausorik eman” (Dao De Jing, 24). Utziozu jariatzen zeure sakoneko izaeraren indarrari.

Geure itzal eta zauriak onartzen ditugunean sortzen da neurritasuna, eta sakoneko arnasari hauspoa zabaltzen diogunean. Orduan, handinahiak urtu egiten dira, eta konplexuak desagertu. Ez dugu geure buruaren aurka borrokatu beharrik, ezta geure handitasun-amets liluragarrientzat mehatxu gerta dakigukeen besteen ezeren aurka ere. Ez dugu zer defendatu, ez nor eraso. Xume bihurtzen gara, apal. Eta izari lasai eta irmoa agertzen da.

Neurritasuna da gure izaera naturala, egiazkoa. Eta ez gaude bertatik urruti, hala iruditzen bazaigu ere. Urrats bat bakarra falta zaigu: bizi gaituzten mamuak, beldurrak, hersturak ezagutu eta onartzea, eta beren kasa urtzen uztea, zeure burua defendatu eta erasotu gabe. Zarenagatik zeure burua kondenatu gabe eta ez zarena irrikatu gabe.

Baina neurritasuna ez da kontu pertsonal eta pribatu soila, baizik eta bereziki soziala, ekonomikoa, politikoa, ekologikoa eta planetarioa. Gauza bera gertatzen da Budak irakasten duen Bide Ertainarekin: ez da desatxikimendu (faltsuki) “espiritual” soila, ezta bi muturren arteko (fikziozko) “erdibide” hutsa ere, baizik eta gizatasuna, erruki konprometitua. Bizitzeko, lan egiteko, ekoizteko eta kontsumitzeko modu solidarioa da neurritasuna, batzuen gehiegikeriek besteen gabezia hilgarriak eragiten dituzten mundu honetan, batzuen oparotasun harrapariak giza berdintasuna eta planetako biziaren oreka urratzen dituen munduan. Neurritasunak –zentzua, izaria, moderazioa– errealitatearekiko begirada politikoa darama berekin, programa politiko globala, nagusi den sistema ankerraren aurkako ekintza politiko baketsu eta subertsiboa. Neurritasun pertsonal eta komunean jokatzen da gizateriaren eta bizidunen erkidego planetarioaren biziraupena.

Eta azken finean, neurritasun pertsonal eta politikoa konfiantza sakonetik sortzen da, eta bertan oinarritzen. Horrela adierazten du 131. Salmoak, Bibliako sakonenen eta ederrenetako batek:

Jauna, nire bihotza ez da handi-min,

ez nire begiak gorazale;

ez nabil gauza handien atzetik,

ez neurriz gainekoen atzetik.

Isil eta bare dut barne-gogoa;

haurtxoa amaren altzoan bezala,

haurtxoa bezala dut barnean gogoa.

Israel, izan Jaunarengan itxaropen

oraindanik eta betiko!

Gure izaera egozentratua oso umea da, apetatsua, urduria, azaleko behar eta nahien menpeko inkontzientea. Salmo hau bakearen gorazarrea da, gure desira egoikoa baketzera, baretzera, biltzera gonbidapena, haurra amaren besoetan bezala.

Salmo xume hau inspiragarri bazaizu, ikas ezazu buruz eta errepikatu sarri, batez ere handitasun-asmoek bakea hondatzen dizutenean, eta gauero oheratzean, konfiantza jarriz zeure buruaren barnenean eta zure lagun hurkoaren barnenean, den ororen sorburu eta euskarri bizi-Arnasan, alegia.

Aizarna, 2021eko martxoak 1

(Argitaratua in: ZENBAIT EGILE, Respira tu ser, Ediciones feadulta.com, Madril 2021)