LAUDATO SI, O MI SIGNORE

Asisko Frantziskoren Ereserkia

1 Goi-goiko, ahalguztidun Jaun ona,

zureak gorespenak, aintza, ohorea eta bedeinkapen dena.

2 Zuri, Goi-goiko horri, dagozkizu bakarrik,

eta ez da gizakirik zu aipatzeko duin denik.

3 Goretsia zu, ene Jauna, zeure sorkari guztiekin,

batez ere anaia eguzki jaunarekin:

bera da egun-argia eta berarekin diguzu egiten argi.

4 Eder eta distiratsu da dirdira bizitan:

zure, Goi-goiko horren irudi da.

5 Goretsia zu, ene Jauna, arreba ilargi eta izarrengatik:

argi, bitxi eta eder dituzu zeruan jarri.

6 Goretsia zu, ene Jauna, anaia haizearengatik,

eta aire, laino, oskarbi eta edozein eguraldigatik:

beronen bidez ematen diezu mantenua zeure sorkariei.

7 Goretsia zu, ene Jauna, arreba urarengatik:

txit ongarri da, apal bitxi eta garbi.

8 Goretsia zu, ene Jauna, anaia suarengatik:

beronen bidez argitzen duzu gaua

eta ederra da, alaia, sendoa eta indartsua.

9 Goretsia zu, ene Jauna, gure arreba ama-lurragatik:

berak gaitu mantentzen eta gobernatzen,

eta hainbat fruitu, lore koloretsu eta belar sorrarazten.

10 Goretsia zu, ene Jauna, zure amodioz dutenengatik barkatzen

eta gaixotasuna eta larrialdia eramaten:

11 zorionekoak bakean sufritzen dituztenak,

zuk, Goi-goiko horrek, koroatuko dituzu eta.

12 Goretsia zu, ene Jauna, gorputzeko gure arreba heriotzagatik:

ez da gizaki bizidunik ihes egin diezaiokeenik.

13 Zoritxarrekoak bekatu larrian hilko direnak!

Zorionekoak zure borondate santuan aurkituko dituenak,

ez baitie kalterik egingo heriotza bigarrenak!

14 Gorets eta bedeinka ezazue nire Jauna,

Eman eskerrak eta apaltasun handiz zerbitza.

Laudato si, Frantzisko aita santuaren Entziklika ezin da ulertu aurreko lerroetan jasoa duzun ereserkia ezagutu gabe: Asisko Frantziskoren Anaia Eguzkiaren Kantika, edo Sorkarien Kantika, bietara deitua izan baitzen hasieratik bertatik. Jorge Bergogliok, Aita santu hautatu zutenean, Asiskoaren izena hartu zuen. Lehen Entziklika idatzi duenean, Asiskoaren kantikako leloa eman dio izenburu: Laudato si, “goretsia zaitez”. Eta ohar bedi, bide batez, Entziklika batek latinezko izenburua ez duen lehen aldia dela. Detaile bakoitzak du bere intentzioa.

Anaia Eguzkiaren Kantika gizaki pobre, den ororen anaia eta juglare bidelari baten gorazarrea da. Guztiaz biluzturik, bererik gabe geratu den pobrearen kantua, guztiaz husturik guztien anaia bilakatu denaren abestia, bizi onaren zoriontasuna –edo “Jainkoa”, horixe baita funtsean– munduari iragarri nahi dion juglarearen kanta.

Heriotza hurbil sumatzen du eta pazko-poemarik ederrena dario. Izaki guztien ereserkia, oda kosmikoa, poema bikaina, espiritualtasunaren gailurra, neba-arrebatasun unibertsalerako deia, bakearen laudorioa. Biziaren gorespena.

Asisko Frantziskoren (1181-1226) hogeita hamarren bat idazki –otoitz, gutun, aholku espiritual eta lege-testu– ezagutzen ditugu, eta Anaia Eguzkiaren Kantika hauxe da denetan lortuena, beteena eta ospetsuena. Italierazko literaturaren lehen lekukoetako bat dugu gainera, Umbria ibarreko dialektoan idatzia; italierazko lehen poema ez den arren, garrantzitsuena, aipatuena eta eraginkorrena da. Horra bada, bere burua ezikasi eta ezjakin jotzen zuena italiar literaturaren panteoi gorenean kokatua. Txiki bilakatzea bezalakorik ez dago handi izateko.

Anaia Eguzkiaren edo Sorkari guztien Kantika aurkeztu nahi nuke ondorengo orrialdeetan, bere sorrera Asisko Frantziskoren biografian kokatuz aurrena, zenbait ezaugarri literario aipatuz gero, sakoneko mezua nabarmenduz batez ere.

1. Leizearen hondotik

1225eko udaberria da Asisen. Zeinen ederra den Asisko udaberria, San Damiango malda berdeak, soro-zelai loratuak, ibarreko gari-sail bizartsuak kulunkari Portziunkulako ermita inguruan, hegatxabal edo alaudak kantari zeru urdinean gora hegan!

Baina Frantzisko ez dago kanturako. Mendi-eremitorio urrun batetik ekarri berria dute, gorputz eta arima lur jota. Bakarrik sentitzen da. Hantxe du, bai, ondoan arreba Klara, bere landaretxo maitea, hantxe du anaia Leon lagun mina, baina bakardadezko eta iluntasunezko leize-zuloan aurkitzen da. Ez dago kanturako. Nola iritsi da honetara Asisko gazte alegera eta bizizale alaigarri hura? Zilegi bekit Frantziskoren bizitzaz zenbait zertzelada arin marraztea, oraingo bere egoera ulertzeko lagungarri.

1181ean (edo 1182an) jaio zen Frantzisko, Asisen, enperadorearen eta aita santuaren arteko liskarren eta armaden artean harrapatua zegoen hirian, Subasio mendiaren maldan, jaun feudalen gazteluaren azpian.

Mundu berri bat sortzen ari zen Europan. Erdi Aroko gizartea azkenetan zen: jaun feudalak gero eta urrunago eta bakarrago geratzen ari ziren euren gaztelu eta zaldunekin, hiriak hazten ari ziren, eta hiritarrek askatasuna eta ezagutza zituzten irrika, aberastasunak batez ere, nahiz eta irrika hau ez zen berria. Unibertsitateak sortzen ari ziren, jakintza monasterioetatik ateraz. Gizarte berria amesten zuten askok. Askok amesten zuten Eliza berria ere, eta erreforma-mugimendu kementsuak sortzen ziren han-hemen (Lyongo behartsuak, Valdotarrak, Kataroak…), helburu berarekin denak: jatorrira itzultzea, Jesusen biziera pobre, ibiltari, senidekoi hartara.

Pedro Bernardone, oihal-merkatari aberatsaren, jaun feudalen aurrez aurre sortzen eta hazten zihoan burgesiaren irudiaren semea zen. Frantzisko aberatsa zen, beraz, baina ez “noblea”; “herritarren” alderdian kokatzen zen, ez-nobleetako aberatsenen artean. Halere, dirua baino nahiago zuen noblezia, eta zaldun izatea zuen amets, jaun nobleren baten zerbitzura, horrela bera ere noblezia-mailara igo ahal izateko. Hala, 21 urterekin, Asisko burgesen tropan sartu zen nobleen aurka eta Perugia, auzo-hiri etsaiaren aurka, Asisko nobleak –goiko gazteluan bizi zen jaun feudala buru–, Perugiarekin aliatuak baitzeuden. Asisko “hiritarrak” garaituak izan ziren, eta Frantziskok urtebete igaro zuen espetxean. Asisera itzulirik, hilabete luzeak eman zituen gaixo. Osatu zenean, zaldun-ametsek hartu zuten berriro eta Pullara abiatu zen, aita santuaren armadan borrokatzera enperadorearen armadaren aurka. 24 urte zituen.

Baina bidean, Espoleton, Asisetik 20ren bat kilometrotara, zerbait izan zuen. Kontua da, bere baitan hobeto hausnartu eta Asisera itzuli zela eta beste norabide bati ekin ziola pixkanaka. Bere asmoen hutsalaz ohartuz joan zen, pobreen aurpegia begiratuz, Jesus pobrearen aurpegiarekin bat eginez. Beste amets bat ari zitzaion ernetzen: jaun eta basailurik gabeko mundua, non gizon-emakume guztiak berdin eta senide izango ziren; aberastasunik eta botererik gabeko Eliza, non ez zen inor inoren gain izango, klerikorik eta laikorik gabeko Eliza. Ez zuen ez monje eta ez kleriko izan nahi, hori argi zeukan. Guztien anaia izan nahi zuen, behartsuenetik hasita. Behartsuenen anaia txikiena, horixe bakarrik.

Bideak erakutsiko zion bidea. Asisko lazaretoan, harresietatik kanpo, bazterturik bizi ziren lepradunengana hurbildu zen aurrena, higuinaren lekua gupidari utziz. Eta haiekin tratatu ahala, idatziko du Testamentuan, “samin zitzaidana gozo bihurtu zitzaidan gorputz-arimentzat” (Test 3). Bazen hiritik kanpo, ibar alderako maldan, ermitatxo bat ere erdi eroria eta, lepradunen lazaretora ez ezik, hara ere bildu ohi zen Frantzisko, taula bizantziar eder batean margoturiko Jesus gurutziltatu-berpiztuaren aurrean otoitz egitera, kaperako iluntasun isilean argi bila. Egun batez, iruditu zitzaion Jesusek ezpainak mugitu eta esaten ziola: “Frantzisko, berritu ezazu nire eliza, erortzear dago eta”. Ermita berritzeko eskatzen ziola ulertu zuen, eta hartan ekin zion. Gero ulertu zuen Eliza handia berritzera deitu zitzaiola.

Lepraduna eta Jesus gurutziltzatua: hiritik kanpo baztertuen bi lekuko. Gizaki kondenatu beraren bi irudi. Erruki-eske beraren bi aldarri. Frantziskok ez zion entzungor egin.

Taldetxo bat bildu zitzaion laster, amets berak erakarrita. Eta ebanjelioan aurkitu zuten ametsa gauzatzeko bizi-programa soil eta argiena: “Ez eraman urrerik, ez zilarrik, ez dirurik poltsikoan, ez zakutorik biderako, ez soinekorik aldatzeko, ez oinetakorik, ezta makilarik ere. Zoazten lekuan, esan: ‘Bakea zuekin’ ” (Mt 10,9-10.12). Eta halaxe bizitzen hasi ziren, bidez bide, ezer gabe, bakearen mezulari. Libre eta ausart, Erromaraino joan ziren elkarrekin biziera hori onar ziezaiela aita santuari eskatzera; 2009a zen. Haien xalotasunak irabazirik edo, Inozentzio III.a aita santuak onartu egin zien, baina ahoz bakarrik, ez erregela ofizial eta kanoniko gisara. Ez zuten erregela eta kanonen beharrik ere.

Hain sinplea zirudiena, ordea, laster hasi zen bihurritzen. Arrakasta zela medio bihurritu zen, hain zuzen ere. Asis inguruko dozena bat lagun izatetik milaka izatera eta Europa osoan zabaltzera igaro baitziren bospasei urteren buruan. Anaiartea Ordena bilakatu zen, Elizan eta gizartean mugimendu boteretsu, jakintsu eta handiki asko tartean. Hiri barruetan harri landuzko komentuak, Erregela kanonikoa, aita santuaren pribilegioak parroko eta gotzainen aurrez aurre, ondasunak… horiek guztiak beharrezkoak zirela irizten zioten askok, ezin zirela bizi Asisko hegatxabalak bezala airean kantari.

Txikien artean “anaia txiki” izateko jaioak “handi” bihurtzen ari ziren. Kontraesana ezin gordinago agertu zitzaion 1219an, Egiptotik itzultzean, urte horretan hara joana baitzen musulmanen artera bake-mandatari izateko xedez eta ez armadun gurutzatu. Anaia txikien mugimendua berak sortua zen, eta bera zuen buru, baina Ordena hartan ezin zuen jada Frantziskok bere burua aurkitu, ez bere ametsa ezagutu. Ez zuen, halere, inor kondenatu nahi, bera halakoxea izaki. Beretarren artean arrotz sentitzen zen, eta beretar gehienek arrotz sentitzen zuten. Zer egin? Bihotza urraturik, dimisioa eman, Ordenako buru izateari utzi, dena utzi eta La Verna mendira jo zuen, harkaitz-zulo bateko eremitoriora, urruti.

Itzulinguru honen buruan –agian luzeegia izan da, baina nola ulertu bestela Frantziskoren egoera eta Sorkarien Kantikaren sorrera? – gatozen berriro arestiko 1225eko udaberrira, San Damiango monasteriora, arreba Klararen ondora. Haraxe ekarri dute anaia Frantzisko, hobeto zaintze aldera. Gaixo dago, oinaze gorritan, sukarrak hartua. Gorputz guztia minez du: gibela eta barea hauts eginda, urdaila odol-jarioz, eta begiak, begiak batez ere, oinaze gorritan: Egipton glaukoma harrapatu zuenetik, ezin dute jasan eguzkiaren argia, hain miretsia eta maitea. Dena ilun.

Gorputzeko oinaze guztiak baino larriagoa da, ordea, barruko larria. Begien iluntasuna baino ilunagoa barne-ilunpea. Zertarako izan da dena? Ordenak daraman bidea ez da berak hamar urte lehenago hain pozik eta libre abiatu zuena: Jesusen Ebanjelio soil askatzailearen bidea.

Orain zer? Porrot egin du. Dena galdu du, bizi-poza ere bai. Eta loa. Inoiz loak hartzen bazuen, bestalde, “sagu-mordoa zegoen bera etzanik zegoen gelatxoan (…). Eta gauez ez ezik, egunez ere asko gogaitzen zuten. Bai berak eta bai lagunek deabruaren tentaldia zela pentsatu zuten” (Perugiako Legenda [hemendik aurrera LP] 83). “Deabrua” deitzen zioten garai hartan muturreko pairamenei, beste inola ulertu ezin zituztenean. Non da, bada, Jainkoa? Eskutik utzi ote nau Jainkoak? Ba ote da Jainkorik?

Berrogeita hamar egun baino gehiago eman zituen Frantzisko gaixoak sufrikario hartan, ezin penagarriago, zerria ziztrin batean etzanda. Horra, bada: hortxe sortu zen Anaia Eguzkiaren edo Sorkarien Kantika. Ez zen sortu, San Frantziskori buruzko irudi topikoak pentsaraz lezakeenez, Asisko udaberri-goiz koloretsu batek poeta zoriontsu batengan eragindako lilura errazetik. “Umbriar poema drama da, kantu baino lehenago”[1]. Leizearen hondoan etsitzear dagoenaren atsekabetik sortu zen.

Nolatan sortu zen, ordea, halako dramatik halako poema?

2. “Poztu zaitez. Salbatua zaude”

Jarrai diezaiogun Perugiako Legendari, Frantziskorengandik hurbilekoenak zirenen artean sortu zenari –agian Anaia Leonek berak idatzi zuen–. Funtsezko esaldiak bakarrik jasoko ditut hitz hitz:

“Gau batez, Frantzisko dohatsuak, bere burua hainbeste ezbeharrez zigortua ikusirik, erruki izan zion bere buruari eta honela esan zuen bere baitan: ‘Jauna, zatoz ni neure gaixotasun hauetan laguntzera, pazientziaz eraman ahal ditzadan’. Une berean adierazi zitzaion espirituz: ‘Emazu, anaia, norbaitek zure gaixotasun eta atsekabe hauengatik altxor handi eta baliotsua ematen dizula (…). Ez al zinateke biziki poztuko? (…). Poztu eta alai zaitez, bada, anaia, zure gaitz eta atsekabeetan; gainerakoan, zaude seguru, jadanik nire Erreinuan egongo bazina bezain seguru’. (…). Goizean goiz jaikirik, honela esan zien lagunei: ‘Enperadoreak bere zerbitzariari erreinu oso bat emango balio, ez al luke biziki poztu behar? Eta inperio osoa emango balio, ez al litzateke askoz gehiago poztuko?’. Eta erantsi zuen: ‘Horrelaxe alaitu behar dut nik ere neure gaitz eta atsekabeengatik eta adorez bete Jaunagan eta beti eskerrak eman (…); izan ere, bere errukiz Erreinua ziurtatu nahi izan dit (…). Horregatik, Jaunaren sorkarien gorespen berri bat eratu nahi dut haren aintzarako, gure kontsolaziorako eta lagun hurkoaren eraikuntzarako’. Eseri eta, une batez pentsatzen egon ondoren, esan zuen: ‘Goi-goiko, ahalguztidun Jaun ona’. Doinua ere jarri zien gorespenoi, eta bere lagunei esaten irakatsi zien” (LP, 83).

Zer eta nola gertatu zen? Uler ezazu egokien eta sinesgarrien zaizun gisan. Ez dugu zertan pentsatu “Jainkoak modu miraritsuan hitz egin ziola”, “Jainkoa” guregandik eta errealitatetik kanpo balitz bezala eta kanpotik hitz egin behar baligu bezala, edo “mirariak” banakako eta ezohiko gertakariak balira bezala… Den ororen Hondo eta onezko Presentzia infinitua da “Jainkoa”. Eta miraria? Onezko Presentzia infinitua orotan, baita larrialdi ororen hondoan ere, sumatzea da miraria, dena argitzen duen argia ikustea, begiak zabaldu hutsarekin, noiznahi, edonon. Dena da uneoro mirari, begiratzen jakinez gero, begi garbiz edo errukizko begiz begiratuz gero.

Frantziskori gertatu zitzaion. Begiak zabaldu zitzaizkion. Errukia hartu zion bere buruari, erruki-begiz begiratu zuen mundua oso-osorik. Errukiak garbitzen ditu begiak. Gau batean? Egun askotako gau luzean? Hori da gutxienekoa. Urte asko zeramatzan begirada errukitan garbitzen. Nolanahi ere, gau batean edo gaualdi luzean errukizko begiak zabaldu zitzaizkion. Eta zer ikusi zuen? “Salbatua zegoen” ziurtasuna izan zuen sakon-sakonean. “(Zeruko) Erreinuaren ziurtasuna (certificatio)” deitzen dio biografoak bere garaiko hizkeran. Esan dezagun guk geure garaiko erara, edo uler beza bakoitzak bere erara. Burmuin, kirio, zelula guztietan barne-zentzumena piztu zitzaion eta Izatearen Grazia sentitu zuen. “Dena Grazia da. Dena Grazian, Errukian bildurik dago. Dena ondo dago edo egon daiteke, den bezalaxe on eta eder da edo izan daiteke. Salbatua nago, dena dago salbatua, edo salba daiteke”. Ez da geroko salbamenaren promesa. Salbamena ez da hil eta geroko zerua. Orain eta hemen salbatua. Orain eta hemen zoriontsu.

Halaxe ikusi zuen Frantzisko bere burua eta dena. Mundua eraberriturik ikusi zuen: bere gorputz-arima minduak, gizarteko eta elizako konta ezin ahala miseria, urrunduak zitzaizkion anaiak, lorik egiten uzten ez zioten saguak. Eta guztiz libre sentitu zen. Libre bere lorpen eta porrot guztietatik. Larrialdi eta oinaze iragankor guztietatik ere libre. Guztiarekin bakean.

Anaia Eguzkiaren eta Sorkari guztien Kantika gizaki salbatuaren abestia da”[2]. Guztiari bai esan zion, eta ezerk kendu ezineko poza nabaritu zuen. Hitz bat dario bizi-pozari barru-barrutik: “Goretsia zu. Eskerrak zuri. Laudato si”. “Goi-goiko, ahalguztidun Jaun ona” (1. estrofa). “Goi-goikoa”, altissimus; baina altissimus hitzak latinez “sakon” ere esan nahi du, sakon-sakon edo baxu-baxu. “Ahalguztiduna”: ez jaun handiki baten botere arbitrarioa, baizik eta ezdeusaren barrenean dagoen hurkotasun edo maitasun sortzaile ahaltsua. Ontasunaren ahalmena. Goretsia Zu, Jainkoa, baden guztiaren errukizko bihotz eta muin. Sorkari guztion sor-jario ahaltsu, izakiak euren baitatik sorrrarazten, sor-jariatzen, sorkari aktibo, amaigabe eta mugagabe, mugagaberantz mugagabe irekiak, amairik gabeko bilakaeran sorkari bilakari, sorlari[3] bihurtzen dituen Jario-Sormen infinitua. Jainkoa, gauza guztien izanarazle, izaki ororen izamen. Zu, Jainkoa, zu-ni bereizketaz harago, bitasunik gabeko Zu, batasunaz eta bitasunaz harago. Jainkoa, den guztian on guztia, den ororen osasun, osotasun, ontasun zoriontsu.

Horixe da, azken batean, San Frantziskoren kantika: dena Grazian salbatua begiratzen duenaren esker onezko adierazpena. Biziaren esker onezko kanta. On guztia hartu duenak eskerrak emanez bihurtzen dio dena On-Emaileari. Restitutio deitzen zaio San Frantziskoren idazkietan: itzulera, bihurtzea. “Eskerrak bihurtu” esaten da Iparraldean. Grazia esker on bihurtzen da, edo esker on bihurturik itzultzen guztiaren iturburu goren hurbilera, eta graziak eta esker onak elkarrengandik jariatzen jarraitzen dute, bata bestearen iturri agortezin.

3. Izadia Jainkoaren goresle

Zeresan handia eman izan dute Frantziskok bere kantikan erabili dituen bi preposiziok: cum eta per, bigarren honek batik bat. Hitz-erdi bat bi preposizioei buruz.

Cum. “Goretsia zu, ene Jauna, zeure sorkari guztiekin”, “anaia eguzki jaunarekin” (cum) (3. eta 4. estrofak). Bi eratara ulertu izan da: “Gorets zaitzagula guk izaki guztiekin batera, haiekin elkarturik”. Edo: “Goretsia izan zaitezela sorkari guztien bidez”, hau da: “Gorets zaitzatela sorkari guztiek”. Bigarren esanahi hau hobetsi behar da.

Per. Gauza bera gertatzen da, eta argiago, bigarren preposizioarekin: “Goretsia zu, ene Jauna, arreba ilargi eta izarrengatik” (per; hala hortik aurrerako estrofa guztietan, 5.etik 13.era: haizearengatik, urarengatik, arreba ama-lurragatik… ). Zentzu kausalean ulertu izan da: “Sorkariak direla-eta edo sorkariengatik goresten zaitugu”. Baina zentzu agentea hobetsi behar da: “Gorets zaitzatela sorkariek, “sorkariek goresten zaituzte”. Euskarazko –gatik atzizkiak ere badu zentzu agentea, nahiz eta ez izan ohiko erabilera; zentzu aktibo hori du Frantziskoren kantikan per preposizioak.

Beraz, Frantziskok Jainkoa gorestera gonbidatzen ditu sorkari guztiak, Salmogileak bezala: “Gorets zaitzatela, Jauna, sorkari guztiek” (Sal 145,10). Edo Daniel liburuko hiru gazteek bezala: “Jaunaren sorkari guztiok, bedeinka ezazue Jauna” (Dn 3,57…; Zelano biografoak, hain zuzen, hiru gazteokin berdintzen du Frantzisko: 1 Zel 80; ik. 2 Zel 213). Edo, zuzenago esateko: sorkari guztiak Jainkoaren goresle gisa kontenplatzen ditu Frantziskok. Hari jarraituz, Frantzisko aita santuak ere, Laudato si Entziklikan, izaki guztiak bere izaeraz Jainkoa goratzen dutela aitortzen du (33. zenbakia).

Areago, gizakiok baino hobeto goresten dute Jainkoa gainerako izakiek, Asisko Frantziskok behin eta berriro dioenez: “Zerupeko sorkari guztiek, bakoitzak bere erara, beren Egilea zuk baino hobeto zerbitzatzen dute, ezagutzen eta obeditzen” (Aholku espiritualak 5,2). Magdeburgeko Matildek gauza bera idazten du XIII. mendean: “Beraz, nik, gizaki duinez honek, ezin baitut Jainkoa neure indar guztiez goratu, izaki guztiak zeruko gortera igortzen ditut eta Jainkoa nire ordez gorets dezatela agintzen diet beren jakituria osoaz, maitasun osoaz, edertasun osoaz”[4].

Frantziskok ez du bere burua harrien, uraren, landareen, abereen gainetik ikusten. Ez ditu bere menpeko gisa begiratzen. Izatekotan ere, denak bere gainetik ikusten ditu. Baina ez da hori ere, gorespenezko korukide ikusten ditu izaki guztiak, izatearen esker onezko sinfonian. Apaltasuna. Apala bakarrik izan daiteke esker oneko. Esker onekoak ez du ezer beretzat gordetzen, ez du ezer bere, eta ezer bere ez duena ez da inoren gainetik jartzen. Izaki guztiok garena eta daukagun guztia hartua dugunez, zertaz harro gaitezke, noren eta zeren gainetik jar gaitezke?

Ez gaineko, ez menpeko. Izaki guztiak anaia eta arreba bezala begiratzen ditu, Kantikari jarraituz berehala ikusiko dugunez. Gorespena eta apaltasuna batera doazen bezala, senidetasuna eta apaltasuna ere batera doaz. Apala eta pobrea bakarrik senti daiteke egiazki arreba, anaia, sakonki senide.

4. Izaki guztiak neba-arreba

“Sorkari guztiei ‘anaia’ eta ‘arreba’ izenez deitzen zien eta beste guztientzat ezezaguna zen modu harrigarrian bere bihotz sarkorrez sorkarien sekretuak sumatzen zituen, dagoeneko Jainkoaren seme-alaben aintzazko askatasunera iritsia balitz ,21 aipatuz bezala”, gogoratzen du Zelanoko Tomasek, Frantzisko hil eta bi urtera idatzitako biografían (1 Zel 81, Erm 8,21 aipatuz; ik. S. Buenaventura, Legenda Luzea 8,6).

“Ezagutzea” deitzen diogu zerbait beste zerbaitekin konparatuz eskema batean sartu eta “ulergarri” egiteari. Geuk eraikitako eskema batzuen arabera ulergarri, alegia. Kanpotik begiratzen diogu edozein izakiri, eta gugandik kanpoko “objektu” bihurtzen dugu, guretzat erabilgai, baliagarri izan dadin. Gauza, tresna, zerbaitetarako zerbait. Erabili eta bota. Beste hainbeste egiten dugu, egia esan, geure buruarekin ere, eta geure buruarentzat ere arrotz bihurtzen gara, gainerako izakiak arrotz bihurtzen zaizkigun bezalaxe.

Ez da hori egiazko ezagutza. Bere egotik libre denak bakarrik ezagut dezake errealitatea, izaki bakoitzaren barne-sekretua, sorkari bakoitzak duen egiazko izaera, berea bakarrik duen izaera eta balio paregabea. Eta aldi berean denean Dena, denean Badena. Eta gu geu Garena, zeren gu ere, azken batean, denean Badena baikara. Begiratzen dudana ere banaiz, eta bera ere bada ni naizena. Begiralea eta begiratua funtsean bat gara. Hizkuntza erlijiosoago batean esateko –Frantziskoren hizkuntza–, sorkari bakoitzean Sortzailearen presentzia eta eskua sumatzen dugu, eta geure burua ere Sortzaile berak sorturiko sorkari bezala. Ezagutza mistikoa dei genezake, hizkuntzak gora behera. Materia eta espiritua bereizten dituen eskema zaharkitua ere sustraitik gainditua geratzen da ezagutza eta begirada horren argitan.

Bere egotik –pentsaera, eskema, aurreiritzi, interes guztietatik– neurri miresgarrian libre izatera iritsi baita, Frantziskok begirada garbiz ikusten ditu izakiak: diren bezala, bere balio eta duintasunean, beretzat hartu gabe, erabili gabe, aitzakia eta objektu bihurtu gabe, ezertan eta ezertara behartu gabe. Izaki guztiak anaia eta arreba bezala ageri zaizkio, sorkari ororen senide sentitzen du bere burua Sortzaile edo Sormen beraren misterioaren baitan, mugarik gabeko artekotasunean.

Horixe da Asisko Anaia pobrearen alderdirik erakargarrienetakoa, eta Anaia Eguzkiaren edo Sorkarien Kantika dugu begirada-jarrera mistiko horren lekukorik bikainena. Zazpi aldiz darabil “anaia” edo “arreba” hitza: anaia eguzkia, arreba ilargia, anaia haizea, arreba ura, anaia sua, arreba ama-lurra, arreba heriotza[5].

Zeruko izakiak aurrena: eguzkia, ilargia, izarrak. Zeinen gutxi begiratzen diogun zeruari, “eguraldi ona” edo “eguraldi txarra” egingo ote duen jakiteko ez bada! (“Edozein eguraldi” dio Frantziskok 6. estrofan). Tamalez, ez dakigu jada egunsentian eta ilunabarrean “anaia eguzki jaunari” (edo andereari) esker onez eta miresmenez agur egiten, ez gauez arreba ilargiari begiratzen, berarekin solas isilean. Eta gure hiri eta herrietan argi gehiegi daukagu izarrak ikusteko, harriturik begira egoteko. Galera galanta. Frantziskok bai, bazekien. “Nork konta lezake merezi bezala haren gozamena, sorkarietan Sortzailearen jakinduria, indarra eta ontasuna kontenplatzean? Izan ere, kontenplazio honi esker, esan ezin ahalako poz harrigarriz betetzen zen eguzkia eta ilargiari, izarrei eta ortziari erreparatzean eta begiratzean. Hura jaiera sinplea, hura sinpletasun jaieratsua” (1 Zel 80).

Ondoren, “ilargipeko” lau elementuak: haizea, ura, sua, lurra. Goitik behera. Zeruko izakiak eta lurrekoak, hiru gehi lau: dena, izadi osoa. Izaki bakoitzari ezartzen dizkion izenlagunak ere oso esanguratsuak dira, nola begiratzen, zer miresten, zein samurki maite dituen: eguzkia “eder eta distiratu” (4. estrofa), ilargi-izarrak “argi, bitxi eta eder” (5. estrofa), ura “ongarri, apal, bitxi eta garbi” (7. estrofa), sua “ederra, alaia, sendoa eta indartsua” (8. estrofa). Bereziki miresten du argia, eta argia ematen diguten izakiak. “Pizturik uzten zituen argiontziak, kriseiluak eta kandelak, ez baitzuen bere eskuz itzali nahi betiko argiaren ezaugarri den distira” (2 Zel 165).

Aipamen berezia merezi du “arreba ama-lurraz” dioenak (9. estrofa). Bibliatik hasita, tradizio judu-kristauan gizakiaren lurrarekiko jauntasuna azpimarratu izan da; gizakiak lurra menperatu behar du eta fruitu emanarazi. Frantziskok, ordea, antzinako kulturetako ama-lurraren tradizioa berreskuratzen du, jakinaren gainean edo oharkabean. Lurra ez da soilik “arreba”. Ama da. Eta ez du gizakiak bere jauntasunez gobernatzen, baizik eta lurrak “gaitu mantentzen eta gobernatzen, eta hainbat fruitu, lore koloretsu eta belar sortarazten”. “Gobernatu” hitzak hori esan nahi zuen gure baserri-hizkuntzan: jaten eman, zaindu, mantendu… “Behiak gobernatu”, “familia gobernatu”. Ondo haztea, elikatzea, zaintzea zen “gobernu ona”.

Zorionekoak bihotz-garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa” (Mt 5,8). Bihotz garbia behar da mundua den bezala ikusteko, forma eta kolore bakoitza, izaki bakoitza bere berberatasun berdingabean, izaki guztiak bere senidetasun mugagabean. Begirunez, esker onez. Dena dohain, dena mirari. Hori da “Jainkoa ikustea”. Horrela begiratzen zuten Frantziskoren begiek, itsu geratu zenean ere. “Debozio eta maitasun paregabez laztantzen zituen izaki guztiak, Jaunaz hitz egiten zien eta hura gorestera gonbidatzen” (2 Zel 165). Areago, arestian aipatu dudanez, izaki guztiek Jainkoa gizakiok baino hobeto aitortzen eta bedeinkatzen dutela baieztatzen zuen. Eta ez zen erretorika, berezko sentipena baizik.

Izaki guztiak gonbidatu ditu, beraz, Frantziskok, Jainkoa gorestera, edo euren izatea ospatzera edo izanez gozatzera. Hiru zerukoak eta lau lurrekoak, denak. Denak? Eta gizakia? Gizakia falta da izadiaren gorespenean, eta komentarista bat baino gehiago harritu du absentzia honek. Frantziskok naturatik kanpo kokatzen ote du, bada, bere burua, begirale huts bezala? Ez da hori sakonean haren ikuspegia. Edo gizakia izadiaren gorespenezko sinfoniatik aldendu egin dela adierazi nahi ote du? “Sorkarien kontzerturik erbesteratu egin da gizakia”, dio Dalarunek[6]. Halere, ez dago agian dirudien bezain absente, “arreba Ama-Lurrak” elikatzen baitu, gainerako sorkariekin batera.

5. Barkamenaren juglare, koplari

10 Goretsia zu, ene Jauna, zure amodioz dutenengatik barkatzen

eta gaixotasuna eta larrialdia eramaten:

11 zorionekoak bakean sufritzen dituztenak,

zuk, Goi-goiko horrek, koroatuko dituzu eta.

Non da, beraz, gizakia? Ezkutuan zirudien, baina naturan dago, naturan ageri da. Natura da. Eta, bere handitasun eta guzti, ez da jaun eta jabe, izaki zauritu baizik: irainak barkatzera, gaixotasuna eta larrialdiak bakean eramatera deitua, barkatu eta bakean bizi ezinik sarri. Horra gizakia. Ez zitekeen modu apalagoan agertu.

Bistan da, 10. estrofak eten handia ezartzen duela. Begirada izadiaren kantatik gizaki gaixoaren dramara aldatzen da hemendik aurrera. 10-13 estrofak jatorrizko Kantikari geroztik bi une desberdinetan erantsiak dira, izan ere, adituen esanetan: 10-11 estrofak lehenengo (barkatzen eta bakean sufritzen dutenen gorespena) eta 12-13 estrofak gero (heriotzaren gorespena).

Goazen orain 10-11 estrofekin, barkamenaren aipamenarekin zehazkiago[7]. Merezi du Frantziskok estrofa horiek noiz eta zergatik erantsi zituen gogoraraztea, Perugiako Legendari jarraituz. Anaia Eguzkiaren Kantika konposatu eta laster, Asiseko podestà edo alkateak eta gotzainak elkarrekin liskar gogorra zutela jakinarazi zioten Frantziskori: podestàk hiritarrei debekatu egin zien gotzainarekin inolako salerosketarik eta traturik egitea; gotzainak, berriz, eskumikatu egin zuen podestà. “Frantzisko dohasua gaixo zegoen eta biziki gupidatu zen haietaz (…). Eta berehala, egoera hura zela eta, beste bertso hau erantsi zien goian aipaturiko Gorespenei (…). Deitu zion gero lagunetako bati eta esan zion: ‘Zoazte alkateagana eta esaiozu nire izenean, joan dadila gotzaindegira’. Laguna atera zenean, beste bi laguni esan zien: ‘Zoazte eta kanta ezazue Anaia Eguzkiaren Kantika gotzainaren, alkatearen eta haiekin dauden gainerakoren aurrean, badut-eta konfiantza Jaunak haien bihotzak apalaraziko dituela, bakeak egingo dituztela eta lehengo maitasun eta adiskidetasunera itzuliko direla’. Jaunaren Gorespenak bukatu zituztenean, honela hitz egin zuen alkateak guztien aurrean: ‘Egiaz diotsuet barkatzen diodala nire jauntzat eduki behar dudan gotzain jaunari, eta ez berari bakarrik: norbaitek anaia edo semea hilko balit ere, barkatuko nioke’. Eta gotzainaren oinetan ahuspeztu zen, esanez: ‘Jesu Kristo gure Jaunaren eta honen zerbitzari Frantzisko dohatsuaren maitasunagatik prest nago guztiaren ordaina emateko, zeuk deritzozun eran’. Gotzainak, bere aldetik, hura eskutik hartu eta altxatu egin zuen, esanez: ‘Nire karguagatik apala izatea dagokit, baina haserrekora naiz berez; barka iezadazu, bada’. Eta honela onginahi eta maitasun handiz besarkatu eta laztandu zuten elkar” (LP 84).

Barkamenari buruzko estrofa zertarako gehitu zion ez ezik, Kantika osoa zertarako konposatu zuen ere argitzen digu pasadizoak. Biderik bide Ebanjelioaren juglare edo koplari izatea zuen amets Asisko Anaia Pobreak, eta horixe izatea nahi zuen bere anaiak ere: Berri Onaren juglare izatea munduan zehar. Kantari, predikalari baino gehiago. Edo predikalari bai, baina ez doktrina jantziz eta hitz ederrez, kantu xumez baizik. Berri onaren eta Bizi onaren, barkamenaren eta bakearen, ontasun zoriontsuaren koplari.

Horrexetarako konposatu zuen Anaia Eguzkiaren edo Sorkari Guztien Kantika. Noski, gorago esan denez, gorputz-arimetako sufrimendu guztien hondo-hondotik zerion bizi-poz are sakonagoa adierazteko konposatu zuen, eta bere sufrikario hartan zer gozatu eta zerekin kontsolatu izateko ere bai. Baina baita bere anaien prediku-gai izan zedin ere. Jo dezagun berriro Perugiako Legendara: “Anaia on eta espiritual batzuk munduan zehar predikatuz eta Jainkoaren gorespenak abestuz joan zitezen nahi zuen. Honela adierazi zien bere asmoa: haien artean predikatzen zekienak hitz egin ziezaiola aurrenik herriari eta, ondoren, Jaunaren koplari bezala, kanta zitzatela ‘Jaunaren Gorespenak’. Gorespenok amaitu ondoren, predikariak honela esan behar zion herriari: ‘Gu Janaren koplari gara, eta sari hau nahi dugu zuengandik egin dugunagatik; iraun dezazuela benetako penitentzian” (LP 83). “Penitentzian”… Esan dezagun gaurko hitzez: onbidean, bizi onean, hots, ontasun zoriontsuan.

Badakigu, Frantzisko hil eta gero, haren anaiek halaxe egin zutela lehen urteetan. Gero, ofizioko predikalari ikasi bilakatu ziren, titulu eta guzti, aita santuaren buldaz eta pribilegioez horniturik. Hobe zuten berri onaren koplari izaten jarraitu izan balute batik bat.

Hainbat sermoi eta doktrina baino eraginkorragoak izango lirateke, ziur, gaur ere Beri onaren koplak. Hainbat eraginkorrago izango litzateke Eliza gaurko munduan, bere burua eta gizon-emakumeak ontzeko, berri ona kantuz emango balu, apal eta pozik.

6. “Ongi etorri, ene arreba heriotza”

“Goretsia zu, ene Jauna, gorputzeko gure arreba heriotzagatik…” (12-13. estrofak). Heriotzari buruzko estrofa hauek ere geroxeago erantsiak dira, hil aurretxoko egunetan, 1226ko urriaren hasieran edo.

Bien bitartean, San Damianetik Asisko gotzainaren jauregira eramana zuten Frantzisko, hobeto zaintze aldera. Sendagile lagun bat etorri zitzaion ikustera, eta Frantziskok egia esateko erregutu zion, sendatuko ote zen ala hiltzera ote zihoan. “Sendagileak, orduan, argi eta garbi esan zion: ‘Aita, gure medikuntzaren arabera, zure gaitza sendaezina da, eta nire ustez irailaren azken egunetan edo urriaren lauan hilko zara’. Orduan, Frantzisko dohatsuak, larri ohean etzanik bazegoen ere, debozio eta begirunerik handienaz jaso zituen esku-besoak Jaunarengana, eta gorputz-arimetako poz handiz esan zuen: ‘Ongi etorri, ene arreba heriotza’ ” (LP 100; ik. 2 Zel 217).

Orduan, Frantziskok Portziunkulara eraman zezatela eskatu zuen, hantxe abiatu baitzuen bere juglare-ibilbidea, lehen anaia gutxi batzuekin batera. Hasitako lekuan amaitu nahi zuen. Hobeto esan, abiatutako lekuan berrabiatu nahi zuen Bizi On beterako bidea. Hiltzera zihoala berretsi zioten bertako anaiek, nahigabeturik. Frantziskok, ostera, esan zien: “ ‘Beraz, Jaunak ni laster hiltzea gogoko badu, deitu nigana Aingeru eta Leon anaiak, arreba heriotzari kanta diezaioten’. Bi anaia haiek, tristura eta saminez beterik, aurrera etorri zitzaizkionean, santuak berak eratutako Anaia Eguzkiaren eta Jaunaren beste sorkarien kantika abestu zuten malko ugariren artean. Une hartan, kantikaren azken bertsoaren aurretik beste bat erantsi zuen arreba heriotzari buruzkoa” (Perfekzioaren Ispilua 123). Alegia:

12 Goretsia zu, ene Jauna, gorputzeko gure arreba heriotzagatik:

ez da gizaki bizidunik ihes egin diezaiokeenik.

13 Zoritxarrekoak bekatu larrian hilko direnak!

Zorionekoak zure borondate santuan aurkituko dituenak,

ez baitie kalterik egingo heriotza bigarrenak!

Goretsia Bizia heriotzari esker, heriotzarik gabe ez bailitzateke bizirik, heriotzak ahalbidetzen baitu etengabeko bizi-berritzea, batzuen heriotzari esker igarotzen baita bizia beste bizidun guztiengana! Zergatik ez dugu esango, beraz, hilkorra delako dela Bizia hilezkor, hiltzen diren guztien bizia Biziaren Memoria edo Bihotz unibertsalean jasotzen delarik? Ongi etorri, beraz, ene arreba heriotza!

13. estrofako lehen lerroak, ordea, kezka-puntu larria sartzen du bat-batean: “Zoritxarrekoak bekatu larrian hilko direnak!”. Bekatu larria, infernua, betiko kondenazioa, “heriotza bigarrena”, heriotza fisikoaren aldean beldurgarria… Ezaguna zaigu hizkera hori, Erdi Arotik eta lehenagotik gure haurtzaro eta gaztaroraino iritsi dena tamalez, hainbaten bizi-poza eta bizi-arnasa estutu, larritu eta ito dituena. Gustura ezabatuko genuke Sorkari guztien edo Biziaren Kantika gardenetik! Baina ezin dugu kendu, hortxe dago, Frantzisko koplaria ere bere garaiko denaren lekuko.

Ezin dugu kendu, baina gaurko hizkerara ekarri behar dugu nahitaez. “Bekatu larria” ez da Jaun-goiko batek barkatu nahiz zigortu ahal duen irain edo erru larria, baizik eta geure bizia nahiz hurkoena larriki zauritzen duen jokabidea edo jarrera itxia. “Infernua” ez da hil eta geroko zigor-lekua, baizik eta mundu honetan elkarri pairarazten diogun bidegabeko oinaze jasanezina. “Bigarren heriotza” ez da betiko kondenazioa, baizik eta mundu honetan bizitza heriotza baino okerrago bihurtzen duen bizi ezina.

Leize horien guztien hondoan, ordea, Biziaren Zoriona ikusi zuen Frantziskok garaile beretzat eta gizaki eta izaki guztientzat, berak ez baitzuen bere burua inor baino hobetzat jotzen, inor baino txikiagotzat baizik. Biziaren Zorion betea besterik ezin du espero sorkari guztientzat, heriotza guztiez harago. Horregatik hil zen kantari.

Ongi etorri, ene arreba heriotza! Sar zaitez nirean, neuretik guztiz atera nazazun. Atera nazazu bizitik, Bizian sar nadin.

(Hemen 50 apirila-ekaina, 55-70 or.)

  1. J. Dalarun, Le Cantique de frère Soleil: François d’Assise réconcilié, Alma éd., Paris 2014, 141.or.
  2. É. Leclerc, El Cántico de las Criaturas, Efarantzazu, Oñati 1988, 235. or.
  3. Latinezko nahiz umbriar dialektozko creatura hitzak ere iradoki lezake irekitasun aktiboaren esanahi hori. Izan ere, geroaldiko partizipio aktiboaren adierazlea da latinez -urus atzizkia : nasciturus (jaiotzeko dagoena), amaturus (maitatuko duena), lecturus (irakurriko duena). Eta berdin creaturus maskulinoan eta creatura femeninoan: sortuko duena, edo sortuko dena, edo sortzen ari dena… Ez dezagun ahaztu, bestalde, creatura eta crescere (hazi) sustrai beretik datozela: cr. “Haztea”, “hazia”. Sustrai beretik dator baita ere Kore (edo Persefone), zerealen eta hazien jainkosaren izena ere (“Persefona” izenaren beraren sustraiak “hazi” edo “erein” esan nahi du). Hau da: ezer ez da oraindik izaki oso, sortzen eta garatzen ari den hazia baizik. Den orok hazi sortzaile misteriotsu bat darama barruan.
  4. C. Paolazzi, El Cántico del hermano Sol, Efarantzazu, Oñati 2014, 83. or.
  5. Zergatik deitu genion euskal itzulpenean eguzkiari “anaia” eta ilargiari “arreba”, edo urari “arreba” eta suari “anaia”? Hurbileneko hizkuntza erromanikoen eraginez, zalantzarik gabe. Euskara eta generoa auzian adituak direnek izango lukete hemen zer esanik, baina utz dezagun horretan.
  6. J. Dalarun, Le Cantique de frère Soleil, o.c., 105. or.
  7. Paolazziren esanetan, barkamenaren aipamena bakarrik –10. estrofeko lehen lerroa, alegia– izango litzateke erantsia, eta gainerakoa jatorrizko ereserkian zegokeen: El Cántico del hermano Sol, o.c., 117. or.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply