Samuel Paty, martiria

Samuel Paty, Pariseko kanpoaldean dagoen Conflans-Sainte-Honorine hiriko Historia irakasleari, bere ikasle nerabeei Mahomaren karikatura batzuk erakusteagatik 18 urteko gazte batek lepoa moztu izana, Homo Sapiens giza espeziearen porrota da.

Europaren, Mendebalde deritzon guztiaren eta bere zibilizazioaren porrota da.

Zuzenago, islamismoaren porrot biribila da, sinetsita baitago biraolari bat hiltzeak Allah ohoratzen duela.

Baina Islamaren porrot ikaragarria ere bada, gehientsuenek oraindik pentsatzen baitute tinta eta paperezko karikatura bat Jainkoa desohoratzen eta haserretzen duen biraoa dela. Hori bai dela Jainkoaren karikatura!

Monoteismo handien, kristautasunaren eta, hemen bereziki, Eliza Katolikoaren porrot kultural eta soziala da, Biblia hitzez hitz irakurtzen eta dogmak hitzez hitz sinesten jarraitzen baitu, adierazpen-askatasuna, sinesmen-aniztasuna eta laikotasunaren printzipioa onartzeko gai ez delarik.

Gizateria gaixoa, islamismo gaixoa, Islam gaixoa, Eliza gaixoak, beren buruaren biktima!

Samuel Paty eta hautsia den familia gaixoa, intolerantzia eta fanatismoaren biktimak Parisetik hain gertu! Biziaren Arnasak kontsola eta indar zaitzatela hainbesteko basakerian!