KORANA – Sarrera

Musulmanen liburu sakratua da Korana. Mila eta berrehun milioi gizakiren bizipena eta biziera gidatzen ditu. Egunero-egunero irakurtzen, beneratzen, jarraitzen dute Lurreko ia herrialde guztietan. Ez da gehiegi esatea historia guztian eraginik handienetakoa izan duen liburua dela. Eta eragin hori hedatuz joango da, itxura guztien arabera.

Horregatik bakarrik balitz ere, arreta berezia zor zaio eskuan duzun liburu honi.

1. Errezitazio-liburu sakratua

Arabierazko Qurán hitzaren transkripzioa da Koran, eta “errezitazio” esan nahi du: errezitatzea eta errezitatua, biak batera. Artikuluarekin erabili da: Al-Qurán, “errezitazioa”, Korana. Yibril (Gabriel) aingeruak Muhammad Profetari errezitatu ziola sinesten dute musulmanek, eta Profetak buruz jaso zuela Jainkoak errebelatu bezalaxe. Horregatik dute musulman guztiek Koranarekiko hainbesteko begiramena eta kultua. Ez da liburu arrunta, Allahk (Jainkoak) errebelaturiko liburu sakratua baizik. Horregatik ez dute edonola irakurtzen: aurretik, garbikuntza errituala (wudua) egin behar du, eta bihotza zabaldu otoitz apal eta garbiaz.

“Errezita ezazu”, diotso Yibrilek Profetari. Eta Profetak hogeita hiru urtetan zehar errezitatu zion Korana Mekako eta Medinako jendeari, eta gero jaso zuten idatziz. Errezitatua izan zen idatzi baino lehen, eta errezitaziorako idatzi zen gero. Jendaurrean nahiz bakarka ahots goraz errezitatzeko liburua da, bihotza eta ezpainak gozaraziz, irakurketa errezo bihurtuz. Eta horretarako guztiz idazkera aproposean idatzi zuten, idatzi ere: esaldi laburrak bata bestearen ondoren, isuri poetikoan, doinuen arnasaren konpasean. Hizkien eta soinuen erritmo eta errepika paregabea du arabieraz, adituen esanetan. Esaldien lotura logikoa bera baino garrantzitsuagoa da esaldien isuria bera, eta hitzen nahiz perpausen melodiak kulunkatzen ditu irakurlea eta entzulea.

Meskitetan ez da aurkitzen, beraz, musika-tresnarik eta koru-abestirik. Koranaren errezitazioak betetzen du dena: espazio, ezpain, belarri eta bihotz.

Horiek horrela, ez dago edonoren esku Korana egoki errezitatzea. Artea da, eta trebakuntza luzea eskatzen du, testuari bere adierazgarritasun agortezina emateko: azentuak non jarri, doinua nola modulatu, geldiuneak non egin, errimak eta asonantziak nola markatu…

2. Arabierazko liburua

Korana ez da idazki askoz osaturiko liburua, juduen eta kristauen Biblia bezala. Idazki eta liburu bat bakarra da, Profeta berak hogeita bi urtez iragarria. Beraz, batasun handiko liburua da, nola estiloz, hala edukiz, zenbait estilo-aldaketa txiki gora behera.

Jatorriz, arabierazko idazkia da Korana. Eta areago: berez ere arabierazkoa da musulmanen ustez, Jainkoak “zerutik jaitsarazia” eta Profetari errebelatua. Musulmanen esanetan, liburu perfektua da Korana, Jainkoaren beraren hizkuntza delarik. Eta liburua bera da mirari. Arabiera ezagutzen duten guztiek aitortzen dutenez, miresgarria da liburu honetako hizkuntzaren eta estiloaren edertasun gorena. Arabieraz bakarrik dasta daiteke Korana bere osoan.

Beraz, arabierazkoa da musulmanentzat egiazko Korana, eta gainerako hizkuntzetan ematen direnak euskarazko hau ere bai Koranaren “interpretazioak” edo “iruzkinak” dira.

Arabierazko prosa-idazkirik zaharrena da Korana, eta arabieraren eredu nagusia gaurdaino. Eta egiazko Koranaren hizkuntza arabiera denez, arabiera da musulman guztien hizkuntza sakratua, nahiz eta musulmanen % 20 inguru izan arabiarrak. Mundu musulman osoko kulturan izan duen eragina eta orain ere duen presentzia sekulakoa da. Bizimoduko une guztiak eta txoko guztiak daude arabierazko Koranaz beterik: hizkiak, hitzak eta txatalak artistikoki idatzirik edo grabaturik edo pintaturik, oihaletan nahiz harrian nahiz zeramika esmaltatuan, eraikin erlijiosoetan nahiz edozein tresna eta ontzitan. Noski, meskitetan ez dago inolako irudirik, Koranaren kaligrafia ederra besterik.

3. Koranaren historia

Allahk Muhammad Profetari “emandako” edo “jaitsarazitako” errebelazio-liburua da Korana musulmanentzat.

Muhammad Meka hirian jaio zen K.o. 570ean; “intsentsuaren bidean” kokatua zegoen hiri hau, estatu txiki bat osatzen zuelarik. Kaaba zeritzan tenpluak sona handia ematen zion. Tenplu hori Adamek Bibliak aipatzen duen lehen gizakiak sortua zela uste zuten, eta Noeren garaiko uholde handiak suntsitua eta Abrahamek berreraikia. Jainko bakarra gurtzen zuten Mekan, baina inguruetako 360 jainkori ere kultu ematen zien bertako jendeak.

Muhammad gazterik hasi zen Siriarantz zihozen karabana merkatarietan parte hartzen. Langile ona eta ondradua zelako, Al Amin (“Fidagarri”) izengoitia jarri zioten. Baina langileaz eta ondraduaz gain, oso erlijiosoa ere bazen Muhammad eta, 25 urterekin hasita, Ramadan hilean Hira mendiko harpe batera erretiratu ohi zen, Mekatik hurbil, asteak otoitzean ematera. Han jaso zuen lehenik Jainkoaren errebelazioa.

610 eta 632 artean, Mekan eta Medinan iragarri zuen Muhammadek bere mezu profetikoa. Mekan hasi zen, eta berehala elkartu zitzaion jarraitzaile-talde bat. Baina laster agertu zitzaizkion aurkariak ere, pertsegitzeraino. Ondorioz, 622. urtean, Yatrib hirira Medina, “Profetaren hiri” deituko denera alde egin zuen Muhammadek bere jarraitzaileekin batera; urte horixe da islamiar egutegiaren abiapuntua, hejira (“emigrazio”) aroko lehen urtea. Liskar handiak izan ziren Profetaren elkartearen eta Mekako “jentilen” artean, 624tik aurrera batik bat; 630ean, Medina menpean hartu zuten Muhammaden jarraitzaileek.

Koraneko sura batzuk edo sura bateko zenbait aleia, kasu batzuetan Mekan errebelatutzat eta beste batzuk, ostera, Medinan errebelatutzat eman izan ditu tradizio musulmanak, eta hala adierazten da sura bakoitzaren hasieran. Mekako surak eta aleiak laburragoak dira, estilo gartsuagoa eta erritmo hobea dute. Medinakoak, ostera, luzeagoak, astunxeagoak, eta judu eta kristauei “Liburudun jendeari” dagokienean gogorragoak ere bai, garai hartan Profetak eta bere elkarteak judu nahiz kristauekin bizi izandako liskarrak zirela medio.

Muhammad 632an hil zen, eta oso epe laburrean osatu zen Korana idatziz. Hasiera batean, ahoz aho eta buruz gorde izan zen batik bat, Profetak aldarrikatu bezala, baina baziren hainbat eta hainbat txataltxo idatzi ere han-hemen barreiaturik. Dena den, berehala ekin zioten osorik idatziz jasotzeari. Umar (Omar) bigarren kalifak (634-644) agindu zuen Koraneko mezu guztiak idatziz biltzeko, eta Zaid ibn Tabit-ek, Profetaren idazkari izana, lotu zitzaion egitekoari; beroni zor zaio, funtsean, Profetak iragarritako Koranaren bilketa eta transkripzioa. Eta, nolanahi ere, Utman (Osman) hirugarren kalifaren garaian (644-655) osatu zen Medina hirian Koranaren testu bateratua, “kanonikoa”, ofiziala eta loteslea; baita suren banaketa eta ordena ere.

Testu ofizial horren kopiak bidali zituen kalifak inperioko hiri nagusietara Damasko (Siria), Kufa eta Basora (Irak). Koranaren harrezkeroko edizio guztiak Utman kalifaren edizio hari lotu zaizkio funtsean. Hala ere, testu hark bokalik ez zuenez, zenbait hitz eta aleia modu desberdinean irakur zitezkeen, eta irakurri izan dira. Azkenik, 1923an finkatu eta argitaratu zen Egipton Koranaren edizio estandarra, gaur egun ia nonahi erabiltzen dena.

Korana 114 sura edo kapitulutan banatua dago luzeenetik laburrenera ia beti, eta kapituluak aleia edo txataletan. Kapitulu bakoitzak izenburu bat du: surako protagonistaren izena edo bertan lehen txatalean sarri ageri den hitz bat.

4. Koranaren mamia

Koranak ez du izan nahi Jainkoaren “errebelazio berria”, betidaniko errebelazioaren behin betiko berrespena baizik. Ez da harritzekoa, beraz, Korana juduen eta kristauen Bibliako pertsonaien nahiz pasadizoen aipamenez josia egotea. Adam, Ibrahim (Abraham), Musa (Moises) eta Isaren (Jesusen) fedea berretsi nahi du Koranak. Frogatua dago, garai hartan bazirela kristau-komunitateak Arabian judu-kristauak, zehazkiago, baita juduak ere kolonia indartsu bat Medina hirian, besteak beste; haien bidez jaso bide zuen Profetak tradizio biblikoaren berri. Baina fedearen juduek eta kristauek jatorrizko fedea galdu edo nahastu egin dutela uste du, eta fedearen jatortasuna berreskuratu behar dela, berari errebelatu zaion bezala.

Allahren jauntasun bakar eta unibertsala azpimarratu nahi du beste ezeren gainetik. “Allahren, Errukitsuaren, Bihozberaren izenean”. Horrela hasten da Korana. Horrela hasten da sura (kapitulu) bakoitza, bederatzigarrena izan ezik. Eta hori esaten dute musulmanek zernahi egiterakoan. Allah, Jainko bakar eta bihozberaren gorazarre agortezina da Korana. Allahk ematen dio arnasa sura bakoitzari, aleia bakoitzari, hitz eta hizki bakoitzari. Allahren aitorpena, Allahren mirespena, Allahrenganako konfiantza ziurra, Allahrekiko menpetasun xumea, Allahren obedientzia urratu ezina: horixe da Islama eta horixe da Korana.

Zalantzarik gabe, Islama biziera da, jokamolde etikoa, gizarte justu eta solidario baten proiektu zabala, pertsonaren eta gizartearen alderdi eta arlo guztiak taxutzen dituen kultura. Baina horrek guztiak erlijio-jarrera sakon bat du giltzarri: Allahrenganako atxikimendurik sendoena.

Osoki Koranean inspiratuak dira Islamaren “bost pilare”tzat ematen direnak:

1) Fede-aitorpen publikoa (xahada): “Ez da Allah beste jainkorik, eta Muhammad da haren Profeta”.

2) Otoitza (salata): egunean bost otoitzaldi: egunsentian, eguerdian, arratsaldeko laurak aldera, eguzkia sartzean eta ilundutakoan. Nonahi egin daitezke, bakarka nahiz taldean, baina Mekara begira beti ere[1].

3) Baraualdia (sawma): hilabete osoz luzatzen da, Ramadan hilean. Eguzkia irteten denetik sartu arte, fededunak ez dezake ezer jan, ez edan, ez harreman sexualik izan.

4) Pobreentzako zerga (zakata, “zerga garbitzailea”): musulman guztiek irabazien %2,5a behartsuentzat eman behar dute; Estatu islamikoetan, errentaren gaineko zergan sartzen da zakata. Horretaz gain, bakoitzak nahi duena eta ahal duena ematen du limosna gisa (sadaqa).

5) Mekara erromesaldia (hadja): musulman orok joan behar du behin gutxienez Mekara erromes, “ahal badu behintzat”.

5. Korana, Islamaren oinarri nagusi

Koranaz aparte, bada Muhammaden beraren irakaspenak (hadiz deituak) eta eginak jasotzen dituen bilduma bat ere, hau da, Profetaren tradizioa. Musulmanentzat txit baliotsua da Profetaren tradizioa; inspiratutzat daukate. Koranari baino maila apalagoa aitortzen diote, halere. Korana da Islamaren oinarri nagusia.

Korana da Islamaren ardatza eta muina. Koranak girotzen eta biltzen du musulmanaren bizitza osoa. Koraneko aleiak xuxurlatzen dizkiote belarrira jaioberriari eta hil zorian denari. Koraneko hitzek egiten diote ongi etorri bizialdi honetara, eta Koraneko hitzek laguntzen diote betierekora.

Mila eta laurehun urtetan zehar, hamaika aldaketa ezagutu du Islamak hainbat herrialde eta kulturatan. Askok uste denaren aurka, Islama ez da sistema zurrun eta aldagaitza; ez dago historiari eta egungo egoerari berari begiratu besterik. Nolanahi ere, garai batean zein bestean, kultura batean zein bestean, Korana da Islamaren oinarria eta funtsa. Fede islamiarraren oinarri ez ezik, arlo guztietarako arau kasik absolutua da Korana: Jainkoarekiko harremanak, kultuko errituak, higienea eta garbitasuna, hezkuntza, etika indibiduala eta soziala, gizarteko elkarbizitza, politika, artea… dena dago Koranaren eragin pean.

Eta Korana musulman guztientzat bat eta beti bera denez, mundu islamiko osoari batasun estua ematen dio, hizkuntza eta kultura guztien gainetik.

Musulman izan edo ez, begirunerik handiena zor diogu denok Koran liburu sakratuari. Erlijio eta kultura desberdinek elkar ulertzea eta elkarrekin bakean bizitzea, ezinbestekoa ez ezik, posible ere bada.

Sarrera

KORANA. Ibaizabal, Amorebieta – Etxano 2007, 7-11 or.

  1. Hasiera batean, Jerusalemera begira egiten zuen otoitz Mahomak, baina juduek errefusatu zutenean, begiak Mekarantz bihurtu zituen.