KRISTAUTASUNA ETA ELIZA EUROPA LAIKOAN

1. Sarrera gisa

Azken urteotan, Estatu espainiarreko Gobernu sozialistak proposatu edo iragarri dituen zenbait lege berrik hauts handiak harrotu dituzte kristauen artean. Estatuak Eliza katolikoari oraindik ematen dion diru-sostengua ezabatzea, ikastetxe publikoetan erlijio katolikoaren irakaskuntza kentzea, homosexualen ezkontzeko eta adopziorako eskubide-berdintasuna, abortuaren eta eutanasiaren lege-aldaketak… Eta oraindik orain: giza enbrioiekiko ikerketak, tximinoen “eskubideak” babesteko egitasmoa (“Tximino Handiak” deritzan proiektuaren barnean)…

Agian gauza gehiegi da kolpetik. Agian ez dira egoki azaldu. Agian badira horiek baino lehenago konpondu beharreko arazoak, premiazkoagokoak. Agian bai. Baina aitortu beharra dago:

  • Gizarte anitz eta ez-konfesional batean lehentxeago edo geroxeago planteatu beharrekoak dira arazo horiek eta antzeko beste zenbait.
  • Eliza katolikoak baditu oraindik gizarte laiko batean guztiz bidezko ez diren lege-pribilegio batzuk.
  • Beste garai batzuetako egoerari uko egiteko garaia du Eliza katolikoak.

Orduan zer? Erlijioa gizartetik zokora, kontzientzia-barne soilera, mundu pribatu hutsera, sakristietara? Erlijioa kulturatik, eskolatik, unibertsitatetik kanpora? Ez dut zalantzarik, kulturaren, gizartearen, gizakiaren kalterako izango litzatekeela. Ken bitez, bada, pribilegio konfesional guztiak, baina ez bitez gizakiaren erroak moztu, kulturaren sustraiak galdu.

2. Eliza beti liskarrean?[1]

Aipatu ditudan lege-proposamen horiek direla-eta, Eliza katolikoko zenbait ordezkari petraldurik dabiltza itxura batean, umorea eta patxada erabat galduta. Lanturako pronto, errietarako prest. Espainiako Gobernu sozialistaren aurka gogor. Eta Partidu Popularrari eskua emanda gehienetan (tamalez! Mila bider tamalez!).

Nik ez dut Eliza petralik nahi. Fededun kristaua naiz eta Eliza maite dut, baina Eliz ordezkari askoren petralkeriak min ematen dit, eta askori, euren burua kristau katoliko gisa aitortzeko lotsa. Ez diet perfektuak izateko eskatzen, baina apalago, otzanago, gozoago izan daitezen nahi nuke. Eta ez diet, noski, borondate txarrik egozten. Garaiz kanpo ote dauden iruditzen zait, eta horixe da agian kontu guztia. Erlijio katolikoak gizartea taxutzen zuen garaiak joan ziren, eta horixe da ikusten edo onartzen ez dena.

Eta orduan, jakina. Liskarbideak edo liskarrerako aitzakiak noiznahi: abortua, eutanasia, erlijioaren irakaskuntza, Eliz erakundearen finantzaketa, homosexualen ezkontza, preserbatiboak edo… Ibarretxeren Plana!

Tamalgarria iruditzen zait. Ez dut nahi Eliza mutua, ez sakristietan gorderiko Eliza, ez Eliza lotsati eta beldurtia. Baina ezta egiaren eta onaren jabe den Eliza ere, ez irakasten bakarrik dakien Eliza, ez gizakien eta gizartearen kontrola bere gain hartu nahi duen Eliza, ez “betiko” doktrinari eta “betiko” moralari eutsi nahi liokeen Eliza. Gaurko kulturarekin adiskideturiko Eliza nahi dut. Gaurko gizartean, gaurko gaztedian konfiantza duen Eliza. Esaten adina entzuten, irakasten adina ikasten dakien Eliza. Sexuaren obsesiotik justiziaren lehiara, erruaren esturatik oinazearen gupidara, egiaren pretentsiotik misterioaren aitorpenera igaroko den Eliza. Egia adina elkarrizketa maite duen Eliza solaskidea. Gaurko egoerari eustea baino etorkizun berrirako bideak urratzea gehiago axola zaion Eliza bidelaguna. Umore oneko Eliza maite dut. Errukia eta bakea darion Eliza.

3. Gizarte laiko baten alde

Mendeetan zehar, erlijio-erakundeen gain egon da giza bizitzako eta gizarteko hainbat arloren bermea: bizitzaren zentzua, gizartearen kohesioa, balioen mundua, etika edo moralitatea, artea… Zorioneko “sekularizazioak”, ordea, egoera zeharo aldatu digu: giza eta gizarte-alderdi horiek denak ez daude jada erlijio-erakundearen menpe, gizarteko kontsensuaren menpe baizik. Gizarte “sekularizatu” edo “laikoa” da gurea).

Hobe da horrela. Uste dut, gure gizarte pluralista honetan, guztien arteko elkarrizketa, ahal den neurriko adostasuna eta azken batean arrazoizko gehiengo baten borondatea direla “onaren” eta “egiaren” bermerik onena. Noski, zer den ona eta zer egia ez daiteke botoz erabaki, baina elkarrizketa zintzoa eta adostasun zabalak dira jokabide zuzenaren garantiarik ziurrena, Zuzenbidea eta giza eskubideak direla oinarri.

Ongi dakigu zein erabilgarria eta aldakorra den gehiengoaren iritzia, zein indar beldurgarria duten hedabideek, zein manipulatuak gauden, baina, guztiarekin ere, gizarte libre baten barnean sortzen den iritzi-jokoaz gehiago fidatzen naiz printzipioz, zuzentasuna eta egia “jainkoaren agerpenez” ezagutzen omen dituen erlijio-erakunde batez baino. Dena den, erlijio-erakundeak eta erlijio-agintariak ere ez dira onaren eta egiaren jabe. Ondorioz, hainbat arazo etikori dagokionean (esate baterako: armada nazionalak, greba-legeak, etorkinen harrera, homosexualen ezkontza, antisorgailuen erabilera, kontrol demografikoa, abortua, eutanasia, ikerketa genetikoak, enbrioien ikerketa…), ez dut nahi azken hitza eta erabakia erlijio-erakundeen esku bakarrik egoterik (berriro).

4. Erlijioen lekua gizarte laikoan. Zenbait irizpide nagusi

[2]

Nola antolatu erlijio-erakundeen presentzia gurea bezalako gizarte laiko batean? Hona hemen funtsezkoak iruditzen zaizkidan gogoeta eta irizpide batzuk. Noski, irizpide hauek guztiek funtsezko baldintza bat suposatzen dute: zuzenbidezko egoera demokratikoa. Eta uste dut, hain zuzen, “zuzenbidezko egoera demokratikoa”n bizi garela, akats eta guzti, “komatxo” eta guzti.

1. “Sekularizoa” eta “laikotasuna”: hitz baldarrak dira, eta nahasgarriak gainera, ekibokoak. “Sekularizazioak” eta “laikotasunak” ez dute inolaz ere esan nahi erlijioa debekatzen denik, ez erlijio-bizipen pertsonala eta kolektiboa desagertzen direnik, ezta lehen baino erlijio gutxiago denik ere. Zera esan nahi dute soilik: erlijio-erakundeak ez direla jadanik gizarte-bizitzaren eratzaile, arautzaile, arau-emaile. Gizarteak errespetatu beharreko eskubidea da erlijioa, baina ez inori ezar liezaiokeen betebeharra. Eta nire ustez, laikotasunak asko lagun diezaieke erlijioei, euren buruak partikularismotik eta gehiegizko proselitismotik libratzen.

2. Erlijioa ez da izan eta ez da inoiz izango arazo pertsonal eta pribatua soilik. Erlijioa ez da “sakristian” bizi izateko. Gizartean txertatua behar du izan, eta presentzia publikoa eduki, eta bere balioak gizartean behar ditu zabaldu. “Izan zaitezte gizartean argi, eta gatz eta legamia”, esan zuen Jesusek. Ez ditzake, ordea, bere sineskerari dagozkion balioak gizartean lege gisa ezar, gizartearen gehiengoak hala onartzen ez badu.

3. Ezinbestekoa da, beraz, zuzenbidezko Estatua eta erlijio-erakundeak elkarrengandik bereiztea. Europari dagokionez, administrazio publikoaren eta kristau Elizen arteko bereizketa batik bat. Bestela dirudien arren, bereizketa hori burutzeko asko falta da oraindik Europan bertan ere, Frantziaz aparte: pribilegiozko egoera bat du oraindik Eliza katolikoak toki askotan, Eliza protestanteak Alemanian eta beste, Eliza anglikanoak Britainia Handian, Eliza ortodoxoak Europako Ekialdeko hainbat tokitan. Jainkoa edo Hirutasuna aipatzen dituzte oraindik Erresuma Batuko eta Alemaniako Konstituzioek, eta Greziakoak eta Irlandakoak bereziki… “Eman Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari”, esan zuen Nazareteko Jesusek. Ehun eta hirurogeita hamar urtetik gora dira, Lamennais kristau pentsalari frantsesak L’Avenir bere egunkarian idatzi zuela: “Kontzientzi askatasun eta erlijio-askatasun osoa, unibertsala, bereizkeriarik eta pribilegiorik gabea eskatzen dugu lehendabizi eta, ondorioz, katoliko gisa dagokigunez, Elizaren eta Estatuaren arteko erabateko bereizketa”. Eta Estatuak kristau Elizari ematen zion dirutza bertan behera uzteko eskatzen zuen, besteak beste. Eskumikua eta gaitzespenik gogorrena jaso zituen berehala Vatikanoaren aldetik. Baina biderik egokiena erakusten zuen: beste edozein bezalakoxe erakunde librea izan behar du Elizak gizarte libre eta pluralista batean. Erakunde gisa izateko, jarduteko, predikatzeko eta publikoki antolatzeko eskubidea du Elizak erakunde gisa, baina inolako pribilegiorik gabe.

4. Eta, noski, kristau Elizaz diogunak beste edozein erlijio-erakunderentzat balio du. Erlijio-erakunde guztiei eskubide berdinak dagozkie eta inork ez luke pribilegiorik izan behar. Beraz, esate baterako, Espainiar Estatuan Eliza katolikoak, beste Elizekin eta erlijioekin alderatuz, duen status berezia eta izatez oraindik dituen pribilegioak ez dirudite guztiz bidezko. Eta erlijioso frantziskotar eta apaiz katoliko naizelarik eta Eliza katolikoa maite dudalarik diot hau.

5. Erlijioek debekatzen nahiz txartzat edo “bekatutzat” jotzen duten zenbait jokabidek ez dauka Zuzenbide Zibilean zertan delitu izanik. Erlijio batek, nahi badu, bere kideentzat debeka ditzake antisorgailuak, odol-transfusioak, harreman homosexualak, homosexualen ezkontza, dibortzioa, eutanasia, abortua…, baina ez dezake exijitu legeak jokabide horiek zigortzerik. Legearen arabera delitu den jokaera bat, ordea, (emaztea jotzea, klitorisaren ablazioa, homosexual aktiboak harrikatzea…) ez dezake inongo erlijio-erakundek ontzat eman, are gutxiago ezarri, “testu sakratuek” hala agintzen omen dutela eta. Erlijioek egokitu behar dute gizartearen bidezko legeetara, ez legeak erlijioetara. Jakina, auzi guztiak ez dira hor amaitzen. Zer gertatzen da erlijio-erakunde bati –Eliza katolikoari, esaterako– lege bat bidezkoa iruditzen ez zaionean –homosexualen ezkontza, esaterako–? Elizak eskubide osoa du bere desadostasuna adierazteko. Eta muturreraino jota, baita fededunak nolabaiteko kontzientzi objekziora edo kontzientzi intsumisiora deitzeko ere. Baina oso tentuz ibili beharko luke Elizak horretan eta behin eta berriro bere buruari galdetu, ea zer dagoen egiazki auzitan: benetako giza balioak ala Elizaren pentsaera tradizionala eta boterea. Nolanahi ere, oso susmagarria irudituko litzaidake soldaduskari intsumisioa egitea ez zela kristauentzat zilegi aldarrikatu zutenek kristauak homosexualen ezkontza-legeari intsumisioa egitera deitzea.

5. Kristautasuna eta Europa

Europako Konstituzio berriak Europaren erro kristauk aipatu behar ote zituen ala ez, eztabaidak oihartzun handia izan zuen. Zenbait Gobernu eskuindarrek, Vatikanoa buru, inolako disimulurik gabe presionatu zuten aipamena sar zedin. Baina arrakastarik gabe. Ezer galdu ote da? Uste dut ezetz. Batetik, aipamen hori gorabehera, errealitatea ez da aldatuko. Eta, bestetik, aipamen horren babesean zenbaitek kristautasunarentzat nahi zituzten pribilegio politikoak ez dira bidezko. Hobe, beraz, gauzak dauden bezala gelditu diren.

Eztabaida hori abiapuntu edo aitzakia harturik, hona hemen ere oinarrizko zenbait gogoeta.

1. Europako Konstituzioan kristautasunaren aipamen berezia egitearen alde zeuden herrialdeetatik gehienak Europako Ekialdekoak ziren, eta ez da ahaztu behar herrialde horietan oso kristautasun tradizional eta kontserbadorea dela nagusi, Eliza ortodoxoaren barnean gehienetan. Erregimen sobietarraren hankapean zapaldurik zeudela, herrialde horietako elizak erresistentziaren gotorleku nagusia izan ziren luzaroan, eta “sekularizazioa” eta “laikotasuna” totalitarismo komunistaren sinonimo bezala ageri zitzaizkien; bestalde, erlijioa eta nazioa botere sobietar berak zanpatzen zituenez gero, erlijio-erreibindikazioak eta nazio-erreibindikazioak elkarrekin uztarturik altxatu zuten burua. Horrek guztiak ulergarriago egiten du Eliza horietan kristautasuna hain premodernoa izatea eta, besteak beste, Europa kristauaren hain defendatzaile sutsuak izatea. Ulertzekoa da, baina ez derrigor onestekoa.

2. Dena den, Europaren historia eta kultura ezer ezagutzen duenak ezingo du ukatu, kristau-ondarea Europan funtsezkoa dela, bertako literatura, artea, erakundeak eta ohiturak eta kultura osoak kristautasunaren marka daramala. Orainaren eta oroitzapenaren artean elkarrizketa berria behar da.

3. Baina Europaren kristau-oroitzapena ukatzea bezain okerra litzateke hori bakarrik aitortzea. Europa ez du kristautasunak bakarrik egin. Kristautasunaren aurreko kultura grekoak, Zuzenbide erromatarrak, Zuzenbide germanikoak ere egin dute Europa. Eta ezin ahaztu juduen ekarpena eta hegoaldetik iritsi zen Islamaren eta kultura arabiarraren eragina. Eta Estatu-erlijio boteretsu bilakaturiko kristautasunak pertsegitu zituen “herejeak”, pentsalari modernoak, agnostikoak eta iraultzaileak. Ezin ahaztu, gainera, kristau-kulturak ernarazi zituen eta Europa modernoaren oinarri diren kausa handi guztien aurka altxatu zela kristau Eliza (katolikoa behintzat): kontzientzi askatasuna, erlijio-askatasuna, langileen eskubideak, demokrazia, giza eskubideak… horiek guztiak Eliza katolikoaren kondena jasanak dira bere garaian.

4. Azken batean, zer dago jokoan eztabaida horretan? Ez aipamen soil baten gorabehera, baizik eta Europako gizartearen eredua. Aipamenaren aldeko zenbait Eliz hierarkiak gizarte konfesionala nahi lukete oraindik, non Elizak pertsonen eta kolektiboen gaineko botereari eutsiko liokeen. Europako gizarteak, ordea, “laikoa” izan behar du, lehen esan den zentzuan, hots: erlijio-erakundeek ez, baizik eta hiritarren borondateak eta arrazoizko adostasunek finkatu behar dute elkarbizitzaren oinarri izango den Zuzenbidea. Gizarte tolerante eta pluralista izan behar du, erlijioaren arloan ere tolerantea eta pluralista, guztien eskubideen errespetuz eta inoren pribilegiorik gabe. Erlijioek –eta kristau Elizak bereziki– gizartean presentziarik eta eraginik izango badu, euren sineskera eta jokaeragatik gizon-emakumeentzat erakargarri bilakatuz beharko du izan, espiritualtasuna gizakiarentzat ongarri dela erakutsiz, alegia.

6. Erlijio kristaua eskola eta unibertsitate laikoan[3]

Han-hemen eztabaidak sortu dira azken urteetan, eta guregandik hurbil ere bai oraindik orain: eskolan erlijiorik irakatsi behar ote da?

Esan dezadan lehenengo, erlijioa irakastearen aldeko askori azpian nabari zaien zenbait interes eta arrazoi ez dudala onartzen: ez dut nahi eskola eta unibertsitate publiko konfesionalik (“eskolak ez du izan behar ez kapera, ez tribuna, ez teatroa”, Jules Ferry-k bikain asko esan zuen bezala); ez dut nahi erlijio batentzat –gure kasuan kristautasunarentzat– inolako pribilegiorik; ez dut nahi, besterik gabe, haurrak eta gazteak ideologia erlijioso batez janzterik; eta ez dut uste, eskolan erlijioa ikasiz gure gazteak, besterik gabe, gizarte nahiz mundu etikoago, zuzenago eta zoriontsuagoa egiteko gauza izango direnik. Dena den, bestalde, inondik eta inola frogatu gabe dago, eskolan erlijioa ikasteak haurrak eta gazteak erlijiosoago bihurtzen dituenik; izatekotan ere, alderantzizkoa dago frogatua: gaurko gure gizarte heldu fedegabea, kasik osorik, eskolan erlijioa ikasia da eta, itxura guztien arabera, eskolako erlijioak erlijiora hurbildu baino gehiago erlijiotik urrundu egin ditu. Har bezate gogoan erlijioa irakastearen aldeko zein aurkakoek: aldekoek, agian espero duten emaitza onik ez delako lortuko, eta kontrakoek, beldur duten ondorio txarrik gazteek ez dutelako agian nozituko.

Bestalde, gizarte laiko eta pluralista batean, ez dirudi onartzekoa denik, eskolako erlijio-irakasleak –administrazio zibilak soldata eta Gizarte Segurantza ordaintzen dielarik– Elizak izendatzea eta nahi duenean bota ahal izatea (eta zer arrazoirengatik batzuetan! Guztiok gogoan dugu, lehen senarragandik bereizia eta beste batekin zibilez ezkondua zegoelako, erlijioa irakasteko baimena kendu zioten emakumearen kasua). Elizako katekesian edo unibertsitate katoliko pribatu batean hori egitea, tira!

Hori esanik, eskolan eta unibertsitatean erlijioa irakastearen aldekoa naiz. “Erlijioa” esatean, esan nahi dut: gure inguruko kulturan zein urrungo kulturetan izan diren erlijiozko adierazpenak, mitoak, errituak, sineskizunak, jokabide-arauak, erakundeak… Eta adierazpen horien guztien sorreran dauden giza galderak, sentipenak, bilaketak, bihozkadak. Noski, ez da eskolaren, ez unibertsitatearen egitekoa, haurrak eta gazteak “katekizatzea”, kristau edo budista edo islamdar bihurtzea; ez da eskolaren egitekoa gure neska-mutilei sineskizun batzuk sinestaraztea, ez moral erlijioso bat buruan sartzea, ez erritu batzuetara ohitzea, ez erakunde batzuetara biltzea. Baina bada eskolaren egitekoa gure neska-mutilei irakastea nor izan ziren Zaratustra, Moises, Buda, Konfuzio, Buda, Lao-tse, Mahavira, Jesus, Mahoma… eta euren irakaspenen berri ematea; eta Biblia, Bhagavad-Gîta, Brama Sutrak, Tao-te-King, Koran eta abar ezagutaraztea; eta mito nagusiak –munduaren nahiz gizakiaren sorrerari, gaitzaren eta heriotzaren jatorriari, edo “geroko bizitzari” buruzko mito unibertsalak– aurkeztea. Hori guztia neurri batean bederen ezagutzea Homero eta Iliada eta Odisea, Platon eta Errepublika, Dante Alighieri eta La Divina Commedia, Cervantes eta Don Quijote de la Mancha, Shakespeare eta Hamlet, Goethe eta Fausto, Victor Hugo eta Les Misérables, Dostoievski eta Karamazov anaiak ezagutzea bezain garrantzitsua izango litzateke; eta Gengis Kan, Alexandro Handia, Ponpeio, Zesar, Karlomagno, Karlos I.a, Luis XIV.a. edo Napoleon eta, zer esanik ez, Iñigo Arista edo Antxo III.a Handia ezagutzea baino garrantzitsuago.

Arrandiarik gabe diot eta ez dut uste ahokada denik: kultura unibertsalean bat ere jantzia egon nahi duenak, gehiago esango dut, giza espirituaren berri bat ere jakin nahi duenak, ezinbestekoa du erlijioen mundua, erlijioaren adierazpen nagusiak ezagutzen eta barrutik ulertzen saiatzea.

Eta hurbilago etorrita, Mendebaldeko gure kultura barrutik bat ere ezagutu eta ulertu nahi duenak ezinbestekoa du Bibliako hainbat pertsonaia eta mito ezagutzea, hausnartzea, dastatzea: Adam eta Eva, Kain eta Abel, Noe eta Uholde Handia, Babeleko dorrea, Abraham eta Moises, Hamar Aginduak, Elias eta David, Salmoak, Isaias eta Jeremias, Kantarik Ederrena, Kohelet, Lau Ebanjelioak, Jesusen Mendiko hitzaldia, Tartsoko Paulo, Apokalipsia, eta abar, eta abar… Nola ulertuko dugu, bestela, gure historia, gure literatura, gure artea, gure musika, gure erakundeak, gure herrietako jaiak eta usadioak? Nola ulertuko ditu, bestela, gure hizkuntzak? Nola jabetuko da euskaraz? Nola irakurriko du Axular? Hitz batean, erlijioaren berri ez duenak nola konprenituko du gure kultura?

Adibide gisa jarriko dut: intelektual eta gobernu moderno askok aspaldi igarri zioten premia horri, eta “Erlijioen Historia” edo “Erlijioen Zientziak” edo antzeko izeneko gaia ezarri zuten Unibertsitate zibiletan (Europan oro har, Frantzia barne). Eta erlijio tradizionalei aurre egiteko modurik onena horixe zelakoan ezarri zuten, ezarri ere, kasu askotan (Europako Ekialdean, Turkian, Frantzian…): erlijioen historia eta beste erlijioak ezagutzea bezalakorik ez baita norberarena erlatibizatzeko. Integrismo katolikoa eta islamdarra altxatu ziren, hain zuzen ere, horren kontra, diziplina horrek euren pribilegioak berdinduko zituen beldurrez. Estatu espainiarrean ere, integrismo katolikoa izan zen lehenengo ikasketa horiek Unibertsitatean ezartzea eragotzi zuena eta, frankismoaren ostean, ezker antiklerikala. Integrismoa eta antiklerikalismoa eskutik? Azken hamarkadan hasiak dira gauzak zertxobait aldatzen. Euskal Herriko Unibertsitatean oraindik ez.

Noski, erlijioa irakastea ez da nahikoa. Kontua zera da: erlijioa irakasteak bizi-misterio zoriontsu eta konprometituan errotzen ote gaituen. Erlijioa irakastean, biziaren eta kulturaren sustrai bizietara hurbildu behar lukete eskolak eta unibertsitateak. Erlijioaren kultur adierazpen historikoen berri ematean, adierazpen horien iturburuetara eta oinarrietara eraman behar lukete. Mito eder baten berri ematean, mitoaren sakoneko galdera eta jakinduria gordeetara bidean jarri behar lukete. Erlijioen “kredo”, arau eta errituen berri ematean, berdin: hondora eta urrutira begira jarri beharko lukete. Poesia edo artea edo musika irakasten denean bezalatsu. Artearen muinetik oso hurbil baitago erlijioaren muina.

7. Erlijioa eta kultura

Aurreko eztabaida horiek sakoneko arazo hau ateratzen dute argitara: nolako zerikusia dute erlijioak eta kulturak? Erlijioak eskolan eta unibertsitatean behar lukeen presentzia erreibindikatzean, inolaz ere ez dut esan nahi, kultura eta legeak erlijioaren menpe egon behar dutenik. Arestian esan dudanez, gizarte pluralista batek “laikoa” izan behar du derrigor, elkarbizitzako arloak (hezkuntza, lana, hedabideak, ekonomia, politika…) arautzerakoan.

Beraz, ez noa inolaz kultura eta erlijioa erabat nahastera, are gutxiago erlijio-erakundea kulturaren zaindari eta jagole jartzera. Halere, erlijioa eta kultura nola bereizi? Artea eta kultura bezain elkarturik, edo etika eta kultura bezain uztarturik. Lau ohartxo egingo ditut:

1. Edozein erlijio eraturen sustraian, kultura bat dago (hizkuntza bat, mundu-ikuskera bat, usadio batzuk…): budismoaren sustraian Indiako kultura dago, Islamaren sustraian kultura arabiarra, jatorrizko kristautasunaren sustraian kultura semitikoa eta helenistikoa, biak batera, eta 3. mendetik aurrera batik bat Europan garatu zen kristautasunaren sustraian kultura greko-erromatarra eta kultura germanikoa.

2. Aldi berean, erlijioak kultura bat osatzen du, sustraiko bere kultura eraberrituz: balio-multzo bat, mundu-ikuskera bat, bizi-ikuspegi bat, usadio batzuk ezartzen ditu eta hizkuntzari ere bere ukitua ematen dio (euskarak nabarmen asko erakusten duenez). Islama Arabian sortu zen, kultura arabiarraren barnean, eta arabieraz. Eta Islama Arabiatik kanpo zabaldu zenean, erlijioarekin batera hedatu zen kultura arabiarra ere. Kristau misiolariek, kristau-fedearekin batera, Europako hizkuntzak eta ohiturak (kultura) beste munduetara eraman zituzten bezalaxe. Kristautasunaren eraginez kontatzen dugu aurtengo urtea 2006.a bezala; kristautasunaren zuzeneko eragina darama gure egutegiak, gure jai-egunek (“igande”tik hasita)…

3. Baina areago esan daiteke: kulturak berak ere erro erlijiosoak ditu, “erlijioso” hitza zentzu zabalean harturik behintzat. Kultura ez da zientzia eta teknika hutsa, ez lege-multzo soila, ez gizarte-konbentzioen bilduma hutsa. Errealitatea zer den, nondik eta zertarako garen, zergatik eta nola bizi behar dugun eta horrelako arazoei ere erantzun nahi die kulturak, ahopean bederen. Iturburuetara eta jomugetara begira jartzen gaitu, zeharka bederen. Jatorri-jatorrian, erlijiozko galderaz eta sentipenez inspiratua da kultura oro.

4. Azkenik, erlijioak kultura adina aldatzen du kulturak erlijioa. Eten gabe. Zer ari da gertatzen gaur? Errotikako kultur berrikuntza erlijioen errotikako eraberritzea ari dela eragiten. Mendebaldeko kristautasunean begi-bistakoa da hori: mendeetan zehar indarrean egon den kristautasun-moldea gainbehera doa –moralaren, sinesteen, errituen, erakundeen arloan–, gero zer izango den oraindik esaterik ez badago ere. Beste erlijioei ere, gure artean behintzat, antzera gertatuko zaiela pentsa daiteke.

8. Kultura eta erlijioa: ez bateratu eta ez banatu

Erlijioa eta kultura ez dago, beraz, elkarrekin nahasterik, baina ezta bata bestetik erabat bereizterik ere. Bata besteari lotuak egon dira eta daude. Edozein erlijio kultura batean bezain oratua eta txertatua dago kultura oro erlijioan, edo hala egon da behintzat orain arteko historian, eta nekez eraikiko dugu biharko kultura, sakoneko sustrai zaharrak erabat ebakita.

Eta sustraiak aipatu ditudanez gero, zilegi bekit beste gogoetatxo bat. “Sakoneko sustraiak” esatean, ez dut esan nahi batik bat “erlijio-sistema eratua”; han barrunbean eta gordean bizia xurgatzen duten eta hosto, lore eta fruitu bihurtzen duten sustraiak esan nahi dut. (Egia esan, erlijio-erakundeek berek dute arriskurik handiena, sustraien izerdi bizigarriari bideak mozturik, erakunde lehor eta zurrun bilakatzeko. Erlijio-sistema bera da erlijio-sustrai bizien etsairik handiena). Gizakia, azaleko itxuraz haraindi, errealitatearen erroetan itsatsirik bizi denean, izatearen onura eskertuz eta zainduz, begirada zoliz eta izakiekiko begirunez, etorkizunerako konpromisoz eta konfiantza zailduz, orduan da egiazki “erlijioso”, eta berdin dio “erlijio” izena ematen zaion ala ez, erlijio-sistema bati lotzen zaion ala ez. Eta giza kultura eta bizia, sakonean, “erlijiozko” sustrai horietantxe itsatsiak daude: gizakiaren azken galdera eta bizipenetan.

Joan den mendeko –edo agian 19. mendeko– eztabaidak eta beste garai batzuetan guztiz beharrezko ziren emantzipazio-aldarriak utzirik, galdera hau egin beharko lioke gaur kultur-eragile orok bere buruari: gure kulturari eta biziari zer oinarri jartzen eta zer horizonte irekitzen ari gara? Erlijio-erakundeak, egiaren eta onaren aitzakian, aise bihur daitezke boterearen morroi eta biziaren itogarri. Hala da. Baina kultur erakunde eta eragile “laikoak” ere, pluralismoaren edo askatasunaren edo “laikotasunaren” aitzakian, aise bilaka daitezke arinkeriaren morroi.

Adibide bat jarriko dut: nola ageri da erlijioa gure hedabidetan? Saihestu ezineko errezeloa dut: gehien mereziko luketen erlijio-berrien berririk ez da apenas ageri, eta erlijio-izena apenas merezi duten albiste sonatuen berri zahar gehiegi dago. Egingo nuke, erlijiozko integrismoa ez ezik, halako “laizismo integrista” bat ere sarri ageri dela gure artean, erlijioa kulturaren etsai dela uste duena eta erlijio-berriak egunkarian ahalik eta gehien dosifikatzen eta ahalik eta gehien desitxuratzen dituena… Erlijioa eragiten ari den hainbat ekintza bikain eta erlijioaz egiten ari den hainbat gogoeta interesgarri agertu ere ez, eta elizgizon batzuen jokabide “eskandalosoak” eta antigoaleko gotzain batzuen jakineko adierazpen polemikoak hortxe beti jira eta bira. Kazetari eta irakasleei, edo irakurle eta entzuleei erosoago zaie agian horrela. Baina guztiontzat ongarriago ere bai?

Gure irakaskuntzan, hedabideetan eta kulturan, aska bitez, bada, askatu beharreko erlijio-erakundeen lokarriak, baina bizia bere sustraietatik eten gabe.

In Joxe Arregi (arg.). Erlijioa eta erlijioak gure gizartean. Deustuko Unibertsitatea, Bilbo 2010, 151-163 or.

(Argitaratua in: HEMEN 10 [2006)], 34-45 or.)

  1. J. Arregi, “Erlijioa eskolan”, in Jakingarriak 55/56 zenb. (2005), 18 or.
  2. Ondorengo orrialdeak: J. Arregi, Oinatzak bidean. Erlijioen historia, Deustuko Unibertsitatea, Bilbo 2004, 357-368 or.
  3. Ondorengo orrialdeak: J. Arregi, “Erlijioa eskolan”, in Jakingarriak 55/56 (2005), 18-23 or.