Denok gara Israel eta Gaza

“Sarraski krudela da Hamasena, eta Israelgo gobernuaren sarraski are larriago eta ankerragoari erantzuten dio”. Horixe izan zen burura etorri zitzaidan lehen pentsamendua.

Hamasen ekintza gaitzesgarri iruditzen zait ankerkeria eta zentzugabekeriagatik. 8 hamarkadatan metatutako gorrotoaren, mendekuaren, etsipenaren eta ezintasunaren adierazpen makur gisa bakarrik uler dezaket. Eta zirrara eragiten dit pentsatzeak ezen ez duela lortuko bere zahar, gazte eta haurren oinazea larriagotzea eta negarra luzatzea baino, bere herriaren hilobia zulatzea baino.

Are gehiago kostatzen zait ulertzea Israelgo gobernu askok, Benjamin Netanyahuren egungo gobernuak denetan gehiena, palestinarren gainean sistematikoki gauzatu izan duten eta gauzatzen duten muturreko indarkeria, zapalkuntza anker eta luzea. Ezin dut ulertu, prepotentzia-adierazpen gisa baizik, sinesmen erlijioso irrazionalenetan legitimatua eta mendebaldeko herrialde askoren konplizitate hipokritak babestua, Estatu Batuak buru.

Begiratzen dut Gazara, eta Ekialde Ertain osora, zibilizazioen sorgune eta merkataritzaren eta gerraren bidegurutze izan denera, begiratzen dut Haiti ahaztura, Afrika martirira, Europa Ekialdera, hurbil-hurbileko Mediterraneora…, begiratzen diet beti gerrarako prest dauden gure eskuin alderdiei eta burtsei. Eta larriak hartzen nau. Itxaropenik ba ote bere botere-gutizia, beldurrak eta gorrotoak baretzeko gai ez den gure espezie honentzat? Homo Sapiens gaixoa.

Itxaropenik ba ote Gazarentzat eta Palestina osoarentzat? Garbi ikusten dudan bakarra da gorrotoa eta sarraskia ez direla bidea. Bakean eta segurtasunean bizitzerik izango ote du Israelek? Ez, ezin izango du, bere neba-arreba palestinarrei duintasunean bizitzeko benetako aukera ukatzen dien bitartean.

Denok gara Israel eta Gaza. Lur zauritu beraren seme-alaba gara. Senidetasunezko bizitza librearen amets berak bultzatzen gaitu. Ezin diogu garenari uko egin. Lurrak eta biziak dei larria luzatzen digute mahai berean esertzera, beranduegi izan baino lehen, neba-arrebatasun unibertsalaren ogia eta hitza eta dakarten zorion sakona partekatzera. Ez ote da horixe garen jainkozko ernamuina, kosmosaren bihotzean eta gure giza bihotz gaixoan bizi den posibilitate agortezin, infinitua?

Aizarna, 2023ko urriaren 11