Bitoriano Gandiaga eta Joxe Azurmendi Arantzazun

Ikastaroa Arantzazuko Asis Topagunean: 2026ko apirilaren 10etik 12ra

Euskaraz

Zuzendaria: Joxe Arregi

Hona gure garaiko bi gizon bidari: Bitoriano Gandiaga (1928-2001) eta Joxe Azurmendi (1941-2025). Bi gizon argi eta apal. Euskaraz, herriaz eta lurraz –eta Arantzazuz!– maiteminduriko bi gizon.

Poeta pentsalaria bata, pentsalari poeta bestea. Zentzumen gogoetatsua zuen batak, gogamen sentibera besteak. Bilatzaileak, galdetzaileak, bidegileak izan ziren biak, nola barnetasun- hala herrigintza-bideetan. Eta arimaz frantziskotar bata zein bestea, nahiz eta Azurmendik gazterik utzi Ordena frantziskotarra, Gandiagaren pena handiz.

Arantzazun egin zuten elkarrekin topo 1960an. Bitorianok urteak zeramatzan han, apaizturik; Joxe iritsi berria zen, hemeretzi urterekin, teologia ikastera. Gandiagaren heriotza-bezpera arteko elkarrizketa, elkarlan eta harreman joriari eman zioten hasiera.

Kultura- eta politika-aldaketa sakonean bizitzea fortunatu zitzaien, eta bakoitzak bere bidea hartu zuen, bestearena ulertuz eta bultzatuz. Bide desberdinak egin zituzten, baina bidaideak izan ziren. Gandiagak iniziatu zuen Azurmendi Arantzazuko sekreturik gordeenetan. Azurmendik jabearazi zuen Gandiaga Orbelaun baserriko senaren eta jakituriaren munta akademikoaz. Gandiagak erakutsi zion Azurmendiri Arantzazuko basoak, bideak eta trikuharriak ikusten. Azurmendik erakusten digu, maisutasun harrigarriz, Gandiagaren Arantzazu eta bertan egin zuen nekezko eta pozezko ibilbidea –Elorritik Hiru Gizon Bakarka, Uda batez Madrilen eta Denbora galdu aldera–: hertsiduratik askapenera eta ideologiatik naturara, antzinateko aztarnei adi.

Arantzazun bilduko gara, beraz –non hobeto?– biek eskaintzen dizkiguten argi-printzak eta arnasa zabala jasotzera. Horretarako, Joxe Azurmendiren Azken egunak Gandiagarekin, bere libururik pertsonalena eta aberatsena, hartuko dugu oinarri. Hor, Bitoriano adiskide zauritu bezain inspiratuaren barne-bideak ez ezik, bere xendra filosofiko zein politiko propioak ere ageri-agerian jartzen dizkigu Joxek, golkoa kilikatzen zioten galdera eta kezka handiak: erlijioa, Jainkoa, biziaren zentzua, heriotza, gizaberea, politika, herri eta kultura garaituen zorigabea, justizia eta injustizia…

Poeta eta pentsalaria ezagutzeko aitzakia edo lekuko mutua baino askoz gehiago da Arantzazu. Gu geu da Arantzazu: iragan eta orain, aire eta ur, harri eta lur, Gandiaga eta Azurmendi bezala. Eliz atearen gaineko eta absideko ama-semeen irudiak bezala.

Joxe Arregi

 

* Izena emateko epea: otsailaren amaiera baino lehen

* Informazioa jasotzea edo izena ematea nahi izanez gero:

Emaila: jmormazabal55@gmail.com – Telefonoa: Kontxi, 620 237 634