Jesusen Pazkoa eta Pazko unibertsala

Pazkoa dugu berriro. Jesus profeta gurutziltzatuaren, kristauontzat gurutziltzatu guztien itxaropenaren irudi paregabea denaren Pazkoa. Udaberriko lehen ilargi beteko Pazkoa da, hainbat eta hainbat kulturak milaka urtez gure aro kristaua baino lehenagotik ospatu izan dutena: txinatarrek, indiarrek, sumertarrek, babiloniarrek eta hebrearrek, eta erdialdeko Amerikako maia-herriek, zeinek, beren lurrari horrela deitu baino milaka urte lehenago jada, ilargiaren distiran, gauez, biziaren botere garaiezina ikusten baitzuten.

Lurraren Pazkoa da. Gariaren eta zereal guztien Pazkoa: alea hil egiten da, eta soroetan ernamuindu eta berriro sortzen, senide arteko ogi bihurtzeko, eukaristiako nahiz etxeko otorduetako ogi, ogi sakratu bera nolanahi ere hala begiratzen eta dastatzen, zatitzen eta partekatzen dakienarentzat. Neolitoko nekazari eta artzainen Pazkoa da, zeinak ilberrien eta ilbeteen, solstizioen eta ekinozioen konpasean bizi baitziren, Ama Lurraren eta neurririk gabeko kosmosaren erritmoan.

Bizia biziberritu egiten da. Mahastietako kimu bakoitzean, gereziondoen lore bakoitzean unibertso osoaren energia egiten da presente, Izatearen sua agertzen, Biziaren indarra, Jainkoa deitzen dugun, beste izen asko ere hartzen dituen eta ezein izenek adierazi ezin duen misterioa. Txolarreak mokoan darama belar-izpia teilatu-zulora, habia egin eta umeak hazteko. Terrazan dugun ur-dortoka ere neguko lozorrotik esnatzen ari da. ‘Itun Berria’ izenaz ezagutzen diren testu bibliko kristauek Jesus berpiztu zela esateko erabiltzen dituzten grekozko bi hitzetako batek hori esan nahi du hitzez hitz: ‘esnatu’. Erabiltzen duten beste terminoak, berriz, ‘altxatzea’ esan nahi du. Bizia esnatzen eta berriro jaikitzen da forma guztietan gauaren ondoren. Horixe aitortzen dugu kristauok, eta hori dugu esperantza, gertatzen dena gertatzen dela; geure esku pobreotan esperantza-izpi hori daramagu, lurrak alea bezala.

Baina aurreko paragrafoak irakurrita, kristau batek baino gehiagok galdetuko zion bere buruari: pazko horien guztien artean, ordea, non geratzen da Pazko kristaua, Jesusen Pazkoa? Ulertzen dut zure harridura, anaia, arreba, baina utzidazu esaten ahal dudan sinesmen eta apaltasun guztiarekin: ez dezazula jar Pazko kristaua Lurraren eta gainerako erlijio eta kulturen Pazkoaren aurka. Ez dezazula pentsa Jesusen Pazkoa bakarra denik, ezta gorena ere, pazko guztien errealizazio perfektua. Jesusek ez zuen inoiz horrelakorik pentsatu. Hiltzeraino bizi izan zen, eta berpizteraino hil zen, alea bezala, profeta martiria bezala, profeta eta martiri guztiak bezala, etiketarik gabe. Heriotza pazkoa da, hau da, ‘igarotzea’ hebreeraz.

“Ez dezazula pentsa…” esan dut, baina zuzenago esango nuke: ‘fede-gai’ deritzen baina fedea jokoan jartzen ez duten kontu horiei guztiei buruz, pentsa edo ‘sinets’ ezazu sinesgarriena eta zentzuzkoena iruditzen zaizuna, baina esaten ari naizen hau ez ezazu presaka salatu Jesusen ebanjelioaren deuseztapen bezala. Formarik gabeko unibertsala forma partikularretan bakarrik gauzatzen da. Hala egin zuen Jesusek. Egizu hala zuk ere. Pazko betea erabat osatzeko dago oraindik. Egin dezagun Pazkoa. Berpiztu dezagun biziaren garra geure baitan, bizi gaituzten hainbat itzaletan, heriotzak hainbat eratan zauritzen gaituenean.

Horrela egin zuen Jesusek, eta horrela berpiztu zen. Haren berpizteak, gureak bezalaxe, ez du zerikusirik –ikustekorik ezer ez, diot– bere hilobia hutsik geratu omen izanarekin, bere gorpua bat-batean ‘mirariz’ desagertu omen izanarekin eta gero bere dizipuluei ‘mirariz’ agertu omen izanarekin. Haren berpizkundeak ez du zerikusirik ‘mirarizko’ inolako gertakarirekin, ez bada biziaren mirariarekin: heriotza baino indartsuago den ontasunarekin, alegia. Jesus bere bizieran berpiztu zen, profeta on, errebelde eta sendatzaile, aske eta askatzailearen bizieran. Bere errukian berpiztu zen, bere mahaikidegoan, azkenekiko elkartasunean. Eta horregatik hil zen, eta horregatik berpiztu zen bere heriotzan, zeren eta, “Uraren forma” film gogor eta ederrean esaten den bezala, “gure planak hondoratzean geratzen dena, horixe baita bizia”.

Hori da Jesusen egiazko Pazkoa, baina bera bizi izan zen bezala bizi garen neurrian soilik izango da guregan ere egiazkoa, hots, biziaren biziz hilez, bizitza on eginez igarotzen duten guztiak bezala, hazia eta lorea bezala, fruituari begiratu gabe.

(2018ko apirilaren 1ean argitaratutako testua)