Fededunek fedea birpentsatu

Zibilizazio-eraldaketa sakoneko garaia bizi dugu planeta mailan, Sapiens giza espezieak, duela 300.000 urte sortu zenetik hona, izan duen eraldaketarik sakonena eta bizkorrena. Inoiz ez gara hain boteretsuak izan, baina inoiz ez gara hain ez-seguru eta ahul sentitu. Krisi-garai integralean gara, eta alternatiba handiaren aurrean jartzen gaitu: ala elkarrekin bizia aukeratu ala elkarrekin hiltzera kondenatu.

Beraz, orrialde hauek idazten dituzten emakume eta gizonentzat, fedea birpentsatzea ez da ariketa mental soila, planetaren bidegurutze honetan bizitzak dituen mehatxuekin eta aukerekin zerikusirik gabea. Baizik eta guztientzako bizia aukeratzeko modua da. Amets egiteko eta biziari bideak zabaltzeko modua, gizadiak eta bizidun guztiek bizitza justuago eta baketsuagoa, soilago eta zoriontsuagoa izan dezaten bideak zabaltzeko modua. Eta horretarako behar diren jakituria, inspirazioa, bizi-bulkada, hitz kitzikagarria bilatzeko modua.

Liburu hau ahots ezberdinez osaturiko sinfonia dugu. Desira handi berak sustatzen ditu ahots guztiok, eta luzaroan, batzuetan barne-minez, gorpuztu den konbikzio berak batzen ditu: erlijioek, beren milaka urtetako mintzairarekin, kosmobisio eta antropologia zaharkituarekin, beren kredo, kode eta erritualekin, ez dutela jada bizitza inspiratzen eta ez dutela etorkizun komun planetariorako bidea irekitzen, eta ez dutela irekiko ere baldin eta ez badute espiritua letratik askatzen, alegia, behinola letra inspiratu zuen espiritua, den guztiaren bihotza animatzen duen espiritu unibertsala ez badute letratik askatzen.

Bizi-testigantzak, bilaketak eta iragateak, trantsizio-denbora baterako norabide eta intuizioak jasotzen dituen liburu argigarria da. Gaurko hainbat kristauk, gizon eta emakume , beren fedea, bizi-konfiantza, Jesus gizakiarekiko atxikimendua, Jesus biziarazi zuen espirituarekiko, forma eta sistema orotatik haratago, eliz erakunde orotatik haratago irekitzen gaituen espirituarekiko atxikimendu sakona birpentsatzen dute. Urteek ematen duten askatasunaz eta jakinduriaz birpentsatzen dute fedea. Mundua ezerezetik sortu omen zuen eta munduan bere nahierara esku hartzen duen, mintzen eta barkatzen duen jaun goiko izaki metafisiko gorenarengan ezin dute sinetsi jada, Biblia Jainkoaren naturaz gaindiko errebelazioa dela, Jesus gizon juduarengan Logosak edo Trinitateko bigarren pertsonak osoki gorputz hartu zuela, Jesus bekatuen zorra barkatzeko hil zela, fisikoki berpiztu zela…eta beste hainbat gauza ezin dute sinetsi – ezta nik ere – “sinetsi” terminoaren bi esanahiak hartuta, hots: “zerbait ziurtzat edo probabletzat izatea” eta “bihotza ematea”. Arrazoizkoa iruditzen zaiguna baino ezin dugu eman ziur edo probabletzat, eta bihotza edo bizi-konfiantza eman, ezin diogu eman inspiragarri eta ongarri zaigunari baizik. Horrelakoxe sinplea da.

Liburu hau ez dago itxia. Sinesmen guztiak behin-behinekoak dira, munduaz ezagutzen dugun guztia eta ezagutza hori adierazten duten hitzak bezalaxe. Begiak zabalik eta hitzen bila jarraitzen dugu errealitate sakona begitantzeko eta adierazteko, zeinak izanarazten gaituen, zeinaren isiltasunak argitzen gaituen, zeinaren absentziak deitzen gaituen. Etengabeko trantsizioan jarraitzen dugu, Jakobek Yabokeko pasabidean bezala, Moisesek Sutan zen Sasiarekin topo egin zuenean bezala, Elias isiltasunaren eta bakearen bila joan zenean bezala. Munduaren misterioa zientziekin eta gaur egungo erronka globalekin koherentzian bizi eta adierazi nahi dugu.

Gure bilaketa gogoetatsuan funtsezkotzat jotzen ditudan zeregin batzuk aipatuko nituzke:

  1. Teologia kristauaren ikuspegia haustea, zeina ikuspegi antropomorfikoa eta antropozentrikoa baita funtsean oraindik ere. Gure Sapiens giza espeziea ez da kosmosaren bilakaeraren ez erdigune ez gailur, ezta Lurraren bilakaeraren erdigune eta gailur ere. Gizakiok forma kontingente, amaitu gabe, iragankorra gara. Gure adimena, kontzientzia, askatasuna… materiatik sortzen diren fenomenoak dira, forma hasiberriak oraindik, eta ez dira gizakiok soilik ditugun gaitasunak. Bestetik, oso serio hartu behar dugu infozientziek, neurozientziek eta biozientziek iradokitzen diguten horizonte “transhumanista”; erronka handia berau kristau teologiarentzat oro har.
  2. Unibertsoaren eta “materiaren” ikuspegi sakonago batera irekitzea. Big Bang-etik sortua den unibertso honen materia-energiaren % 4a bakarrik ezagutzen dugu, eta ez dakigu Big Bang-a nondik eta zergatik gertatu zen, baina ez behintzat ezerezetik, ezta kanpoko jainko baten esku-hartzeari esker ere. Unibertsoa holistikoa da; zatiz osatutako osotasuna, zati bakoitza ere beste zatiz osatutako osotasuna delarik eta horrela mugarik gabe. Unibertso erabat erlazionatua eta autokreatiboa da. Jatorrizko materia-energia ez da “materialista”, bizigabea, “espirituari” kontrajarria; dinamismoa, harremana, informazioa, potentzialtasuna, sormena da, eta gure espazio-denbora kategoriez haratago garamatza.
  3. Heriotzaren ondorengo bizitzari buruz dugun iruditeria tradizionala erabakitasunez gainditzea. Heriotza ez da amaiera, eraldaketa baizik: gure banako ni “bereizia” desegiten du, bai, baina atomo eta partikula bakoitza unibertso bereko beste forma batzuen zati izatera igarotzen da. Eta geure buruari galde diezaiokegu: heriotzaren ondoren, ni sakonak ez ote du “bizirik” iraungo harreman unibertsalean, oroimen kosmikoan, “jainkozko kontzientzian “?
  4. Kristologia aldi berean dogmatiko eta historizistaren marko antropozentriko estua errotik zabaltzea. Ezin dugu Jesus denboran eta espazioan gorpuztutako “jaun goiko” gisa pentsatu, ezta gizaki perfektu eta osoki burutu gisa ere, ezta gizakirik perfektuen eta burutuen gisa ere. Profeta judua izan zen, baina bere biziera ona, kontakizun ebanjelikoetan, dogmatik eta historia faktiko hutsetik harago, ageri den bezalako biziera ona bizi-Arnasaren eta gure bide-helmugaren eta bide eginez sorrarazi nahi dugun betetasunaren ikono inspiratzaile gisa begiratu, ezagutu eta aitortu dezakegu.
  5. Bonhoeffer-en harako hura –”Jainkoaren aurrean jaun goikorik gabe bizi”– bizi izateko esperientzia eta adierazteko hizkera sakontzea. Atzean geratzen da Jainkoaren irudi “teista”: Izaki goren, ahalguztidun, estrintsekoa, mundua ezerezetik sortu zuena, mirariak eraginez munduan esku hartzen duena. Bizikizun eta esankizun ditugu den orotan den Presentzia, Hondoa, Arnasa, Arima, Sormena… “Jainkoa” Misterioaren izen metaforikoa da, garen honetan eta orotan den Errealitate sortuaren eta sortzailearen izena.

Eta ez dio axola iristeak, baizik eta elkarrizketarako konfiantzan bidari izaten jarraitzea.

Joxe Arregi, Aizarna, 2023ko urtarrilaren 20a

Epilogoa: S. Couderc – G. Heichelbech (arg.), Des croyantes repensent leur foi. Ce qui les fait vivre. Ce qui n ‘est plus croyable (Karthala, Paris, 2023)