Trena, metroa, presa

Duela hilabete batzuk, Frantziako Gobernuak iragarri zuen, 2037 arte behintzat ez dela erabakiko Paris-Hendaia Abiadura Handiko Trenaren linea luzatuko ote den ala ez Bordeletik, nora iristen baita gaur egun, Hendaiaraino, nora ez baitaki inork noiz iritsiko den, ezta inoiz iritsiko ote den ere –egia esan, ez da inoiz jakin–. A zer zaplaztekoa gure AHTarentzat, Madril-Hendaia Espainiako Abiadura Handiaren euskal zatiarentzat!

Duela egun batzuk, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio sailburuak Donostialdea Metroko lanak geldiarazi egiten dituztela iragarri zuen. Lehenik zulo bat izan zen, gero ura eta harea agertu ziren. Obra % 50 eta % 70 artean garestituko delarik, enpresa esleipendunarekin indarrean dagoen kontratua deuseztatu, proiektu berria egin eta berriro lizitaziora atera beharra dute nahitaez. A zer zartakoa metroarentzat!

Bi gertaera horiek azpiegitura biei buruzko hausnarketa eskaintzera bultzatzen naute. Haien beharrari eta zentzuari buruzko sakoneko hausnarketa, errespetuz eta benetan. Bi azpiegitura desberdin eta independente dira, baina bai bata eta bai bestea sozialki, ekonomikoki eta politikoki eztabaidatuak eta eztabaidagarriak, gizarte-erabilpenarekiko duten kostuagatik eta ingurumenean duten eraginagatik. Eta batak zein besteak Euskal Herrian, Europan, munduan nagusi den garapen-eredua islatzen dute. Horretan bat dira.

Ez naiz hasiko alderdi teknikoei, zifrei, datuei eta benetako alternatibei buruz eztabaidan. Ez naiz gaitzespen manikeoetara lerratuko. Ez dut zalantzan jartzen euskal erakundeetatik proiektu horiek sustatu dituztenen asmo ona. Baina, hasteko eta oro har, argi eta garbi diot: nire ustez, azpiegitura horiek garapen-eredu berde eta jasangarriaren aurkakoak dira, mugikortasun egituratzaile eta berdinzalearen aurkakoak, ekonomia lokal eta global solidarioaren –epe luzera, zentzuzkoa eta egiazki produktiboa den ekonomia bakarraren– aurkakoak. Azken batean, bizi-eredu harmoniatsu eta gizatiar baten aurkakoak.

Horien kostua itxuragabea iruditzen zait, diru-xahutze onartezina, are gehiago bizi dugun egoeran. Irakasleak iristen ez direnean, osasun-sistema gehiago ezinik denean, langabezia gora doanean, soldatak eta pentsioak behera doazenean, baztertuak ugaltzen ari direnean, ez gaude ezer alferrik galtzeko. Bi galdera erabakigarri datozkit oso barrutik: nora iritsi nahi dugu hain azkar? Eta norekin nahi dugu bidaiatu? Aukeratzen dugun helmugak erabakitzen du konpainia, eta aukeratzen dugun konpainiak definitzen du helmuga. Nora goaz, bada, eta norekin?

Ulertzen dut abiadura handiko tren bat izatea Cadizetik Parisera, Berlinera edo Moskura, besteak beste hegazkinaren erabilera nabarmen murrizteko, eta trena Euskal Herritik pasatzea. Baina zaila egiten zait ulertzea hemen bitan banatu eta Bilbora luzatzea, EAEko hiru hiriburuak lotzeko: Gasteiz, Bilbo, Donostia (“Euskal Y-a” deritzona), hiruen artean 172 km, nahikoa denbora eta espaziorik ez, beraz, trenak puntako abiadura harrapa dezan. Hala ere, ia 20 urte daramatzagu euskal atal horretan lanean, eta zati handi batean amaituta dago, ondorioz eraikuntzaren kostuari mantentze-lanen kostua gehitu behar zaiolarik. Eta hori guztia Espainiako trenbidea hegoaldetik eta frantsesekoa iparraldetik noiz iritsiko den jakin gabe. Horrela, gure bidea eta trena isolatuta geratuko dira iparraldetik eta hegoaldetik auskalo zenbat urterako, edo betirako, eta Gasteiz, Bilbo eta Donostia arteko zuzeneko bidaietarako baino ez du balioko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuotako elite txiki presatu bat baino ezingo da baliatu –guztion diruarekin–. Gainera, bidaia horretan ez dira, kasurik onenean, zortzi edo hamar minutu baizik aurreztuko, duela urte asko badabilen zuzeneko autobusarekin alderaturik. Merezi ote du zortzi minuturengatik horrenbeste gastu? Esaten digute ez zaigula hainbeste kostatuko, zeren zati bat Europak ordainduko baitu, baina Europako dirua gure dirua da, eta beste askoren dirua, gure antzekoak batzuk eta gu baino pobreagoak gehienak. Ez dut inoiz ulertu eta gaur inoiz baino gutxiago uler dezaket.

Donostialdeko Metroak ere erreparu garaiezinak sortzen dizkit. Eskualdea hiriburuarekin lotu beharra aipatzen da, baina ez al daude inguru horretan bi tren on, TOPOa eta EUSKOTREN, Espainiako RENFEz gain, eta autobus sare ona gainera, Gipuzkoa osoan bezalaxe? Nolanahi ere, lanak Donostiako erdialdetik hasi ziren, eta oso aurrera zihoazen, harik eta lurrak eta itsasoak ezetz esan duten arte. Beharrezkoa al da hiri txiki eta eder honetan, Amara eta Kontxa artean, 20 minutuko distantzia delarik oinez eta autobus elektriko bikainak direlarik kalerik kale? Are ulergaitzago zait, Gipuzkoan garraio publikoa iristen ez den, ezertxo ere iristen ez den hainbat leku, herri txiki edo mendi-auzo dagoenean, hala nola bizi naizen Aizarna lasai eta eder hau, autobusaren geralekurik hurbilena lau km-ra dugularik han barrenean, autoen etengabeko joan-etorria eraginez.

Gutxien ulertzen dudana planeta suntsitzen ari den azelerazio zoro hau da, inor salbu geratuko ez den arte gero eta gehiengo zabalagoa miseriara kondenatzen ari den lehia unibertsal hau, arnasa kentzen diguten presa hauek. Behin honetara iritsi eta gero erremedio txarra dute AHTk eta Metroak, baina arduradun politiko guztiei erregutzen dizuet: egin ezazue gogoeta, adiskideok, guztiontzat on dena baizik ezin baita izan inorentzat on.