Erretiroa Arantzazun
Agur, adiskidea:
Datorren urriaren 31tik azaroaren 2ra, asteburuko erretiroa proposatzen dut Arantzazun:
Gogoetaren eta ariketaren ardatza: Simone Weil-en “Errotu, erroak bota”
Informazioa jasotzea nahiz izena ematea nahi izanez gero:
– Emaila: jmormazabal55@gmail.com
– Telefonoa: Kontxi, 620 237 634
AURKEZPENA
XXI. mendearen bigarren laurdenean sartuak garelarik, gizadiaren norabideak gero eta kezka eta galdera larriagoak sortzen dizkigu. Globalizazioak inoiz susmatu gabeko mailak lortuak ditu, baina baita desberdintasunak ere. Gure espeziea inoiz baino ahaltsuagoa da, baina ez ote da inoiz baino oinazetuago ageri? Merezi ote dugu SAPIENS izen harranditsua?
Ona da planetaren errealitatea hurbiletik begiratzea eta sentitzea, argitasun eta erruki sakonez, isiltasunean nahiz hitzean. Ona da geure buruari galdetzea gaitzen kausa konplexuez, geure sakonenean bizi gaituen onguraz, oraindik ere geure baitan ditugun ahalbide agortezinez.
Arantzazuko asteburuan, udazkeneko koloreetan bilduta, XX. mendeko profeta aparta baten testigantza eta hitza proposatzen ditut gidari: Simone Weil (1909-1943). Emakume judu mistiko eta politiko erradikala, Platonek, Jesusek eta Karl Marxek berdin inspiratua, adimen harrigarriz, errukiz eta dohain literarioz hornitua. Londreseko erbestealdi laburrean, fisikoki akiturik, hilurren, Frantzia eta Europa osoa naziek inbaditua dutelarik, borborka idazten du, gau eta egun, Albert Camusek Enracinement (“Errotu”, “Erroak bota”) izenburupean 1949an argitaratu zuen saiakera, Camusek berak “Zibilizazioari buruzko benetako tratatu” deritzona. Oraindik ere inspiratu gaitzake.
Nola sustraitu bizitza, lana, hezkuntza, zientzia, politika, erlijioa…? Non aurkitu bulkada sakonak? Nola birsortu ongian, justizian, egian, edertasunean… errotutako zibilizazioa? Nola esnatuko gara? Nola berpiztuko da gizateria? 34 urteko emakume gazte heldu batek gure bizitzaren eta nagusi dugun zibilizazioaren deserrotzea aitortzen laguntzen digu, eta errotzearen gako espiritual eta politikoak begitantzen.
Ez goaz errezeta bila, ezta arrakasta izateko segurtasun bila ere. Inspirazioa bilatzen dugu, arnasa, estimuluak gizadi jakintsu, solidarioaren ortzi-mugarantz, bizidun guztien neba-arrebatasunezko elkartasun planetarioaren horizonterantz bidean aurrera jarraitzeko.
Izan bake zure barnean.
Joxe Arregi, Aizarna, 2025eko ekainaren 15ean