“Los domingos” filmari buruz zenbait gogoeta

Interes handiz –eta deserosotasun ez txikiz– ikusi dut Los domingos filma. Alauda Ruiz de Azua du zuzendari eta gidoilari, eta Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi berri du. Film bikaina. Ainararen historia –gertatua– kontatzen du, zeinak 17 urterekin sentitzen baitu Jainkoak egiten dion dei garbia: bere burua Jainkoaren maitasunari osorik eta esklusiboki ematea klausurako moja izanez. Haren desioak nolabaiteko adostasuna eragiten du –interes ekonomikoa ere barne dela– bere aita Iñakirengan, eta errefus intransigente amorratua bere izeba Maiterengan.

Analista batzuek, erakunde katolikotik hurbilen daudenen artean batez ere, ongietorria eman diote filmari, gure gizarte nahastatu eta noragabe honetan gertatzen ari omen den “espiritualtasun-itzuleraren” ezaugarria delakoan, Rosaliaren Lux albuma edo Byung Chul Han arrakastatsuaren Sobre Dios. Pensar con Simone Weil liburua bezalaxe. Espiritual hitzarekin zer ulertzen dugun. Nolanahi ere, galdetuko nuke zergatik lotzen den gehiago espiritualtasunarekin ezkongabeen klausurako monasterio-biziera ekintza eko-feminista eta sozialistarako bokazioa edo mugimendua baino.

Gotzain ezagun bat askoz haratago doa. Bere esanetan, “fedea karikatura bihurtu ohi den garaiotan, film hau haize-ufada freskoa da”, biziera erlijiosoarekiko “susmo-teorien aurrez aurre zerbitzu handia eskaintzen du”, “gazteei on handia egiten die”. Ezin du filma txalotu bataiatu gabe, eta ezin du hura bataiatu Ainararen izeba Maiteren pertsonaia erasotu eta kondenatu gabe: “ateismo militanteak eta gertakari erlijiosoaren gaitzespenak markatua dago”, dio gotzainak; bere esanetan, Maitek “bizi-frustrazioa” islatzen du, eta galdera luzatzen du gotzainak “ez ote den izango maitatzen jakin ez duen emakume honek inbidia diolako bere ilobarengan ikusten duen maitasun garbiari”. Deriba eta portaera klerikal tipikoa: pelikularen erdia kanonizatu eta beste erdia anatematizatu. Mesede kaxkarra filmarentzat eta bere zuzendari inspiratu bezain adeitsuarentzat.

Nire ustez, izan ere, artelan honen bertute handienetako bat da indar eta edertasun handiz eta zintzotasun bikainez islatzen duela nerabe baten historia, bi mundu ideologiko itxiren artean harrapatua dagoen nerabe batena: “erlijioaren mundua” eta “erlijioaren aurkako mundua”ren artean, alegia. Bi bloke horiek ez dira filmean zehar inoiz elkarrekin benetan hitz egitera iristen; bakoitza bere konbikzioa zurrun defendatzera mugatzen dira, egia absolutu gisa, bestearen bilaketa eta egiarekiko iragazgaitz. Gai horri helduko diot, pertsonaiek iradokitzen dizkidaten estereotipoak aztertuz pertsonaiak berak baino areago.

Maite, Ainararen izeba, erabat ziur dago bere iloba kuttunaren bilaketa erlijiosoak eta Jainkoaren maitasun-desirak ez dutela fitsik balio. Alienazio eta gezur hutsa dira, ama galdua zuen nerabe umezurtz, sentikor eta zauritu baten psikologiaren ondorio soil, eta, batez ere, jasaten ari den manipulazioaren ondorio bai bere moja-ikastetxetik, bai zuzendari espiritual gisa bere bokazioa bereizten eta benetakoa dela ziurtatzen duen apaiz gaztearen aldetik, baita komunitatean hartu nahi lukeen monasterioko priorearen aldetik ere. Hori bakarrik ote? Maite bera ere, Maite guztiak, ez al litezke izan aurreiritzien biktima? Ainarak, Ainara guztiek, ez ote lukete merezi arreta eta zaintza gehixeago, adeitasun eta errespetu gehiago, enpatia sakonagoa, izebaren aldetik zein gure gizarte haserretuaren aldetik? Bere bilaketaren barrenean, bere anbiguotasun eta itzal eta guzti, ez ote liteke ezkuta karrera eta negozioak baino handiagoko irrika, gizakiaren eta izaki guztien bihotza mugiarazten duen amaigabeko irrika benetakoa?

Are hautsiezinagoa da erlijio-instituzioaren ziurtasuna, Jainkoa bera baitu berme, eta badakiela uste baitu non agertzen den Jainkoa: gizaki bakoitzaren barrenean ere hitz egiten, noski, Ainararen bihotz delikatuan bezala, baina Jainkoak dioenari eta nahi duenari buruzko bereizketa segurua eta azken hitza ez du ez Ainarak ez inork, ezpada Jesusek ezarria den eta egiaren eta maitasunaren Espiritu Santua lagun duen Eliza hierarkikoak, hasi aita santuagandik eta apezpikuagandik eta “aita Txemarenganaino”. Horiek badakite, jakin, Jainkoak batzuk deitzen dituela eta besteak ez, eta beraiek bakarrik dakite, azken finean, nor aukeratzen duen beretzat eta nor ez; badakite, halaber, zelibatua dela Jainkoaren jabetza oso eta esklusiboaren baldintza eta zigilu korporala. Aita Txemari edo monasterioko prioreari galdetzen badiegu zergatik, filmean entzuten dugun argumentuarekin erantzungo digute: “Jasotzen den edo ez den oparia da fedea. Eta hau fede-kontua da”. Arrazoibide zirkular perfektua, galdera galdegaiarekin erantzutea: “Fedearen bidez dakigu fedea egia dela”. Bibliak dioelako dakigu Jainkoak batzuk beretzat bakarrik aukeratzen dituela, Jainkoaren hitza baita Biblia. Nola, dakigu, ordea? Elizak irakasten duelako, eta Elizak ezin duelako gezurrik esan, Jainkoak hitz egiten baitu bertan. Ez dago frogarik, sinestean oinarritzen den sinesmena baizik.

Bi karikatura, erlijiosoa bata, erlijioaren aurkakoa bestea. Komunikaziorik eta elkarrizketa posiblerik gabeko fundamentalismo dogmatiko bi, Ainara gertatzen delarik bien biktima nagusi Los domingoseko historia tristean. Bi fundamentalismoak elkar ukatzen duten bezainbat elikatzen dute elkar, inoiz elkar aurkitu gabe, ordea, itsu baitira beren burua zauri komunaren hondoan ezagutzeko. Eta gainerako fundamentalismo guztiekin batera –ekonomikoa, teknologikoa, politikoa–, guztion deserrotzea areagotzen dute eta hondamendi globalera garamatzate.

Film honen zuzendariak ez du ez alde baten alde egiten ez horretara deitzen; gertaerak deskribatzen ditu argi eta garbi, eta erabakitasunez gonbita luzatzen digu ikusleoi elkarrengana irekitzera, elkarri begiratzera, entzutera, hitz egitera. Elkarrizketara, gure konbikzio eta hautu guztien anbiguotasunaz sakon jabetuz, zorroztasunez bezainbat errespetuz eta apaltasunez elkar interpelatuz, konfiantza zalantzati bezain ezinbestekoa jarriz bestearengan, gizakiarengan, infinituki txikia eta infinituki handia den errealitate misteriotsuan. Guztion etorkizun planetarioa dugu jokoan.

Eta esango nuke erantzukizun handiagoa dutela erakunde erlijiosoek oro har eta erakunde katoliko hierarkikoak bereziki. Ez al dute oraindik ikusi monoteismo handietan (judaismoa, kristautasuna, islama) nagusi den teismoaren produktu historiko behar-beharrezkoa dela ateismoa? Ez al diete beren beldurrei deitzen “jaun goikoa”? Ez al dute “jaun goikoa” defendatzen beren boterea eta pribilegioak mantentzearren? Ez al dute ikusten giza itxurako jaun goren subirano eta arbitrarioa –batzuk aukeratzen eta besteak baztertzen dituena eta osoki bereak eta, bereak bakarrik izateko, baldintza gisa ezartzen duena sexu-harremanei uko egitea– duela milaka urte hasita tradizio mistiko guztietan, baita kristautasunean ere, gainditua izan dela eta gaur egun absurdu soil izatera iritsi dela, eta seminarioen eta monasterioen gainbehera ez dela gazteen sentiberatasun-gabezia espiritualaren ondorio, baizik eta bizi ditugun eraldaketa erradikalen ondorio?

Hain urri ditugun erro eta arnasa –pertsonal, sozial, politiko– sakonek premiatzen gaituzte. Urgentziaz deitzen gaituzte dogma eta aurreiritzietatik libratzera, guztiok osagai ditugun itzala eta argia ezagutzera, desira unibertsal sakonena gidari hartzera. Amodiozko Arnasak edo Presentziak guztiok berdin bizi gaitu eta egiten digu dei izaki guztioi, berdin agertzen da atomoaren eta unibertso infinituaren misterioan, berdin da betiereko Natibitate eta betiereko Abendu den guztiaren bihotzean. Eta izaki guztiok ahal dugu gorpuztu guztion izan-poz bilaka dakigun.

Aizarna, 2025eko abenduaren 12a
www.josearregi.com