Oinatzak bidean. Erlijioen historia

Erlijioa bizirik, biziaren onerako

  1. Aspaldi jo zizkioten erlijioari hil-kanpaiak, baina bizirik dago. Edo agian betidanik hilda zeuden erlijio-azalak hil dira eta hiltzen ari. Baina erlijioa bizirik dago biziaren iturbegietan. Eta bizi delako ari da aldatzen. Bizia delako eta biziko bada behar du aldatu, biziberritu.
  2. Zergatik, ordea, erlijioa? Nondik sortzen da? Errazegi da esatea: “Beldur hutsetik, aginduaren zamatik, zigorraren zemaitik, ukapenaren zulotik, zapalketa makurretik, ezinaren ezinetik…”. Horiek guztiak aise nahasten zaizkio erlijioari. Ez du inork ukatuko. Baina erlijioa hori besterik ez dela, edo hortik bakarrik sortzen dela, hori esaterik ez dago. Inondik ere ez gaurko biologiaren, psikologiaren, soziologiaren nahiz filosofiaren izenean.
  3. Nondik sortzen da, beraz, erlijioa? Bi hitzetan esateko: den guztia mugatua ikustetik eta diren guztietan mugagabeko errealitatea sumatzetik. Mugaren sentipenetik eta mugagabearen susmotik. Mugan bizi gara, eta gauza guztiak muga-mugan ageri zaizkigu: ikusten dugunaren eta ikusezinaren arteko mugan, honaindiaren eta haraindiaren mugan. Daukaguna, dakusaguna, dakiguna ez dugu inoiz aski.
  4. “Ezin kabitu”, Maialen Lujanbiok duela hilabete batzuk BERRIAko zutabe distirante batean idazten zuen bezala: “Iazko bainujantzian ezin kabitu; aurtengo amorrazioan ezin kabitu. Modako neurrietan, beti nahi, eta ezin kabitu. Jendearen neurrietan ere, besteren aurrejuzkuetan ezin kabitu. Norbere auto-erretretatuan ja ezin kabitu, beti izan zaren horretan, beti izan zarela beti esan izan duzun horretan. Iritzi orokorretan ezin kabitu (…). Haurrak espaloietan ezin kabitu (…). Seme-alabak jaiotzean, etxean ezin kabitu. Zaharrak zahartu eta seme-alaben etxean ezin kabitu. Lotsatan ezin kabitu. Biko ohean ezin kabitu, eta bakarkakoan ere ez, ezin kokatu, ezin kabitu. Ohituretan ezin kabitu. Itxuretan. Begiraden moldean ezin kabitu. Elkarrizketa betiko bihurtuetan ezin kabitu. Herriaren txikian ezin kabitu. Hiriaren handiegian ezin kabitu. Ezin kokatu. Munduan lekurik ezin aurkitu”.
    Hemen kabitu ezinak sorrarazten du haraindi zabalaren ametsa, desira.
  5. Baina, desira bezala, erlijioa ere ez da soilik ezaren emaitza, ezinaren ume. Izanaren sorkari ere bada, edertasunaren dirdira, ontasunaren erakarmen.
    Pareta bazterrean belar-bizar xume bat hazi da. Ez du inork jarri. Ez da inorentzat. Ez da ezertarako. Bada.
    Patioko kanaloi-txokoan buztangorriak umeak atera ditu (nork erakutsita?), eta hor dabiltza etengabe (nork aginduta?) aita-amak umeei janaria ekarri eta ekarri, harra mokoan eta buztan gorria alai.
    Palestinako hondakinetan haurrak jolasean. Irribarre garbia ezpainetan. Ez dute jolaserako arrazoirik. Biziak eragiten die.
    Arratsaldeko aire garden isilean, dorreko kanpai-hotsa, durundia mehetuz, zintzilik gelditu da.
    Eta arrasberako eguzkiak urrez jantzi du harkaitza. Eutsi nahi nioke edertasun gorenari eta gorde. Baina badoa distira gorriz, distira horiz. Badoa, arima joranez utzirik.
    Edertasuna bada. Ontasuna bada. Mundua bada. Bagara. Harridurazko begiradan, dardarazko miresmenean, izatearekiko esker onean sortzen da erlijio-sentipena, pareta ondoan belar-izpia bezala.
  6. Eta erlijio-bizipena erlijio-sistema bihurtzen da, erlijio-sistema anitz eta ezberdin, are elkarren aurkari. Eta erlijioaren mesede guztiak eta arrisku guztiak agerian jartzen dira. Erlijioa onenerako izan daiteke, eta okerrenerako ere bai: bizia egin dezake gozoago edo garratzago, libreago edo lotuago; gizakia bihur dezake hobe eta zoriontsuago, edo hobe eta zorigabeago, edo okerrago eta zoriontsuago, okerrago eta zorigabeago ere bai agian; herriak eta kulturak egin ditzake adiskide edo etsai, bidelagun edo aurkari, solaskide edo gerrari.
    Badirudi, gizakiari ezinezko zaiola txarraren arriskurik gabe ona lortzea, eta txarrenaren arriskutik igaro gabe onenera iristea. Arriskuak saihestu aitzakian erlijioa erabat ukatzea ere arriskutsu gerta daiteke.
  7. Bere arrisku eta guzti, beraz, erlijioa. Baina inolaz ere ez irrazionaltasunaren adierazpen edo emaitza huts. Gizakiaren berezko eta ezinbesteko argi-ilunaren adierazgarri, izatekotan ere.
    Begiratzen eta izaten laguntzen du erlijioak, arrisku eta guzti. Zer garen eta zer izan gaitezkeen. Argia eta bakea barnean izaten. Bakea eta justizia munduan gauzatzen.
    Bego bizirik erlijioa, biziaren onerako! Biziaren onerako bego bizirik!
  8. Bidean oinatzak ikusten ditugu. Zantzuak, oihartzunak, mezuak. Eta haratago begira, haratago bidean jartzen gaituzte. Eta gaudenetik begiztatzen dugun haraindira bidean, joranak garamatza.

Ez dut ikusten begiok
ikusten dutena baino
ezertxo haruntzago.

Baina harunztu naizeneko,
haruntzago ikusten dut,
harunztu ahala gehiago.

Eta zeru ertzaren
azken azkenean,
zerua lurrarekin
batzen den unean,
hantxe beti gandua
begien parean (B. Gandiaga).

Deustuko Unibertsitatea, Bilbo 2004