Jesus, gu bezalakoxe gizaki

Roger Lenaers jesuita flandriar zahar eta jakintsua da, Otro cristianismo es posible (Bestelako kristautasuna posible da) eta Aunque no haya un Dios ahí arriba (Nahiz eta hor goian Jainkorik ez izan) (Abya Yala, Quito, 2008 eta 2013) bezalako liburuen egilea. Adimen argiz eta arima beroz idatziak dira, gaur egungo mundutik eta beronen kosmobisio, zientzia eta hizkuntzatik erbesteratu gabe Jesusen ikasle izaten jarraitu nahi dutenentzat.

Unibertsitateko gazteei teologia irakasten bizitza eman ondoren, 70 urterekin, jada erretiratua, beste bizialdi bat hasi zuen: Alpeetan, Austriako Tirolen, galduta dagoen 300 biztanleko herriska batera joan zen, erretore bezala. “Galduta” esateko modu bat da, askoz ere galduagoak baitira gure hiri handi gizagabeak, euren luxuzko etorbideekin eta miseriazko auzoekin.

Hara jo zuen, beraz, jesuita jakintsuak, bere argiak gidaturik, argi eta askatasun bila, eta Vorderhornbacheko biztanle baketsuen artean aurkitu zituen. Han arnastu du goialdeetako eta sakoneneko airea, kosmosa animatzen duen bizi-Arnasa, izaki guztien bihotzean minez eta gozamenez intziri dagien Espiritua. Han bizi izan da eta bizikide izan, pentsatu eta idatzi du, Jesusen mezua predikatu eta entzun, 95 urte bete arte.

Han formulatu ditu, hitz argi eta errazetan, aldaketa kultural hain sakonen garaiotan “bestelako kristautasun posiblea” –eta beharrezkoa, esango nuke– esateko eta bizi ahal izateko funtsezko gakoak: dogma eta sinesmen zaharkituetatik, Jaun-Goiko ahalguztidun baten esku-hartze arbitrarioetatik, errebelazio eta hautapen partikularretatik, jaiotza birjinal eta berpizte fisikoetatik, exorzismo eta sendaketa mirarizkoetatik, bekatuen ordainezko heriotza eta betiko infernuetatik, aspaldi iraungia den munduko arau moraletatik, Erdi Aroko eliz erakundeetatik askaturiko kristautasuna, alegia.

Han idatzi zuen duela bost urte laburpen-liburu bat, Manuel Ossak gaztelaniara itzulia eta sarrera egina, oraindik orain Jose Maria Vigil eta Santiago Villamayorrek editatu eta aurkeztua: Jesús, ¿una persona humana como nosotros? (Jesus, gu bezalako gizakia?). Bertan, jesuita zahar jakintsuak, duela hilabete batzuk Lovainako (Belgika) zahar-egoitza batean bizitzera aldatua denak, sutsu eta aske gonbidatzen gaitu Jesus Ebanjelioen jantzi mitologikotik askatzera, eta gaur Ebanjelioen barrenetik ager dakigun uztera biziaren eta askapenaren inspiratzaile gisa.

Liburuaren izenburuak dagien galdera aipatu nahi nuke hurrengo lerroetan: gu bezalako gizakia, pertsona, izan ote zen Jesus? 2021 honetan, Lurra inoiz baino mehatxatuagoa denean gizakia bera den pandemiagatik, gizateria inoiz baino urratuago denean Covid-19a bere ziurgabetasun eta larritasun guztiekin baino ere arriskutsuago diren presa eta lehiaketa unibertsalagatik, telebistetako albistegi guztiek gure garaiko galdera –zientifiko, filosofiko, teologiko– erabakigarrienarekin hasi beharko luketenean, hots: “Nola lortu denon artean lasterketa ero eta itogarri honentzako txertoa?”, aurkitzen garen bidegurutze larri honetan, beraz, Jesus gu bezalako gizakia izan ote zen ala ez galdetzen jarraitzeak… teologia oraindik non dagoen erakusten du. Eztabaida bizantziar eta eskolastikoetan galdua aurkitzen da, eta barka biezadate bizantziarrek eta eskolastikoek. Baina hor gaude, eta jesuita zahar jakintsuak badu arrazoirik egiten duen galdera egiteko, Nazareteko Jesusen pertsonari eta mezuari aitor diezazkiegun bere su profetikoa, bere zoriontasun subertsibo eta kontsolagarriak, bere pazko-aldarria, bere ahalmen eraldatzailea gure mundu gaixoarentzat.

Gatozen, bada, galderara: gu bezalako gizakia izan ote zen Jesus? Galdera bera ulertzeko, mende asko egin behar da atzera. Kaltzedoniako Kontzilioa (451) eta gero, bi izaeraz (gizatasuna eta jainkotasuna) eta pertsona batez (jainkozkoa) osatutako Jesus gizakiari buruz 100 urtez izandako eztabaida korapilatsu amaigabeen ondoren –gaur guretzat xelebrekeria hutsak–, Konstantinoplako II. Kontzilioak (553) Jesus gizaki osoa (gorputz eta gogamen) zela erabaki zuen, baina ez propioki “giza pertsona (hipostasia)”, haren barnetasuna eta azken nor-izatea edo nortasuna jainkozkoa baitzen, “Hirutasuneko bat”. Eta Kontzilioak uste zuen, noski, jainkozko izaera giza izaeratik funtsean desberdina dela.

Roger Lenaersek zentzua edo sen ona –sentsibilitatea edo sentiberatasun sakona, azken batean– bihurtu nahi dio Jesusi buruzko ulerpideari, gizatiarrago bihur gaitzan. Uste dut, hala ere, ez duela erabat lortzen. Jesus gu bezalakoa ote zen? Bai eta ez, erantzuten du Lenaersek. Ados nago baietz dioenean, baina ezetz dioenean ez nago ados. Eta ez da begien bistakoa ukatzen dudalako –hots, gizaki guztiak oso antzekoak garela, bai, baina erabat berezi eta banakoak aldi berean–, baizik eta uste dudalako teologo flandriarrak Jesusen eta gainerako gizaki guztien artean funtsezko desberdintasuna irudikatzen jarraitzen duela, azaleko berdintasun formal baten pean.

Bai, Kaltzedoniako Kontzilioa eta Konstantinoplako II.a gainditzen ditu, eta ez da gutxi: Jesus ez baitzen izan izaera bikoitzeko izaki hibridoa (gizaki eta jainko), zeinaren “hipostasia” edo nortasuna edo nitasun pertsonala “jainkozko pertsona zen”. Ez, baizik eta “gu bezalako gizakia izan zen” (158. or.), eta, beraz, “gure premia, desio eta erreakzio berberak izan zituen” (158. or.). Homo Sapiens bat izan zen, gu bezalaxe. Besterik ez genuen falta!

Baina hor amaitzen da berdintasuna. Izan ere, Lenaersek dioenez, Jesus ez dago “gu gauden eboluzio-maila baxuan” (52. or.). “Gu Neanderthaleko Gizakiaren eta noizbait izan beharko lukeen bezalako gizakiaren artean kate-maila galdua baino ez gara. Nazareteko Jesusek, ostera, bere izaera bereziarekin, etortzeko dagoen gizaki hori nola izan daitekeen adierazten digu “(68. or.). Adibidez: “Gu bezalako gizakia zelarik, gure premia sexual berberak izan zituen derrigor, baina bistan da [?] gizakion bataz bestekoak ez bezala kudeatu zituela eta ez zela premia horien mende egon, baizik eta barrutik aske izan zela, diruarekiko, itxurarekiko eta aurkarien kritikarekiko izan zuen askatasun berarekin” (158. or.). “Jesusen giza transzendentzia, funtsean, erabat besteentzat izatean eta bizitzean zetzan” (162. or.), eta hori “eskuraezina da guretzat” (162. or.). Nor bizi da, nor bizi daiteke “erabat besteentzat”?

Hortik ondorio biribila eta arriskutsua, ez gutxi ere: Jesus “ez zen gu bezalako pertsona” (162. or.). Sic. Alpeetako tontor batetik salto egitea bezala da. Jesus, beraz, Homo Sapiens bat izan bide zen, bai, baina perfektua. Nola dakigu? Hor jesuita jakintsua makal ageri da, hauxe esatera mugatzen baita: “Giza normaltasuna ez da aski Jesusi zerion irradiazioa esplikatzeko” (162. or.).

“Homo Sapiens perfektua” esatea bera, ordea, ez ote da kontraesana? Ez ote gara, definizioz, funtsean amaitu gabea eta irekia den zorizko eboluzio baten fruitu, fruitu zoragarri, fruitu hauskor? Irudikatu ere egin ote dezake inork gure espezieko gizaki bat adimen perfektua, borondate perfektua, emozio-oreka perfektua, espiritualtasun perfektua lukeena? Ez ote gaitu definitzen “nahi dudana ezin egiteak eta nahi ez dudana egiteak”, geure burmuin mugatuagatik, sortzetik dakartzagun disfuntzioengatik, heredatu dugun genetikagatik, baldintza ekologiko eta ekonomikoengatik, jasotako kulturagatik, metatutako beldurrengatik, gure historia pertsonal eta kolektibo osoagatik? Eta zergatik ez imajinatu, bestalde, urrutiko planetaren batean edo geure planeta honetan bertan, milioika urte barru edo 100 urte edo gutxiago barru, espezie bat izango dela –humanoa, transhumanoa nahiz posthumanoa– gu baino (Jesus barne) “gizatiarragoa” –solidarioa eta zoriontsuagoa– eta, beraz, “jainkozkoagoa”?

Eta zergatik imajinatu beharko genuke gure espezieak eta espezie guztiok berez ditugun muga guztietatik libre legokeen “mirarizko” Jesus bat? Arrazionalki imajina ote dezakegu bere baitan liskarrik, erreminik eta erresuminik inoiz pairatu izan ez duen, bekaizkeriarik, gutiziarik eta harrokeriarik inoiz bizi izan ez duen, bere konfiantzan, elkartasunean eta itxaropenean inoiz kordokarik egin edo lur jo ez duen Jesus bat? Horrela balitz, ez litzateke gizakia izango. Eta nik ezin dut imajinatu gizaki gisa baino, argiz eta itzalez betetako buztin bizidunez egina guztiok bezalaxe –bakoitza, noski, bere eran, eta kanpotik inork neurtu eta epaitu ezin duen errealizazio-mailan–. Horrela bakarrik jarrai nindezake inspiratzen, ez perfektua litzatekeelako, ezta denetan perfektuena litzatekeelako ere.

Bada nik, sortu nauen kultura “kristauagatik” eta ezabatu ezin dudan eta ezabatu nahi ez dudan neure historia pertsonalagatik, Jesusengan inspiratzen jarraitu nahi dut, ebanjelioetan –kanoniko zein apokrifo– kontsignatua geratu den eta belaunaldiz belaunaldi, ontasunik ontasun eta errorerik errore, gaurdaino transmititua izan den irudi irmo eta gozo, harrigarri eta are kontraesankor horretan. Gizateria altxa dadin eta bidean aurrera jarrai dezan bila dabilen bakerantz.

Aizarna, 2021eko urtarrilak 17