Gazako lazgarrikerien aurrean, urtebete geroago

Ez dago hitzik esateko, laztura eta galderak besterik ez. Nola iritsi gara denok, bakoitza geure bide galdutik, bi herri senide gorroto eta mendekuaren, etsipen eta heriotzaren hondamendian hondoratu dituen eromen honetara? Nola bihurtu dira Israel eta Palestina gizateria osoa urratzen duen zorigaitzaren parabola tragiko? Galdezka jarraituko dut, galderek zerumugaren bat zabaltzen ote duten begira.

Ez al zarete ohartzen, Israel eta Palestina, bi herri senide baino ere areago herri bera zaretela etengabe okupatua izan den lurralde berean, mendeetan eta milurtekoetan zehar behin eta berriz eragina eta pairatua izan den erbestean? Filistiarrak baino lehenago izan ote zineten hebrearrok, nahiz juduak baino lehenago palestinarrok? Biona ere bada lurralde hori, noski, baina biotakoren bat izan ote zen bertako lehen biztanlea? Ba ote da egungo estatu bakar bat ere bizi den lurraldeko lehen biztanle izan denik? Eta nork bereizi ahal izango zintuzkete batzuk nahiz besteak antzinako kananearrengandik, asiriar eta babiloniarrengandik, persiar edo iraniarrengandik, heleniar eta erromatarrengandik? Ez ote daramazue zainetan odol misto eta komun bera, murrurik eta mugarik gabeko lur beretik sortua den bizi bat bera? Zuen ezpainek ez ote dute egunero behin eta berriz hitz berez agurtzen, zuen hizkuntza senideetako hitzik nobleen eta ederrenez: “Salam aleikum” arabieraz, “Shalom alejem” hebreeraz (“Bakea zurekin”)?

Eta zuek, Israelgo eta Palestinako botere itsuok, Netanyahu eta Hamas ordena honetan, bateko eta besteko fundamentalista tematiok, israeldarrak lehenik eta palestinarrak gero, nola jarraitzen duzue lehenengook “Danetik Beersebarainoko” lurralde osoa eta bigarrenok “ibaitik itsasorainoko” lurralde osoa erreibindikatzen, esamolde desberdinekin lurralde bera bakoitzak beretzat eskatu eta besteari ukatzen? Nola sinesten duzue oraindik jainko goren apetatsuren batek eman dizuela bakoitzari beretzat bakarrik guztiena den lurralde osoa? Nola ez duzue ulertzen, mitoetatik eta ustezko jainko-promesetatik harago, ez dela irtenbiderik izango, baldin eta zuen lurralde komuna ez baduzue partekatzen, nahiz elkarrekin nahiz bereizita? Nola bihurtu zarete hain zentzugabe ez onartzeko herri baten destinoa bestearen destinoan jokatzen dela, nola hain itsu ez ikusteko biotako batek ez duela izango esperantzarik eta arnasarik baldin eta besteak esperantzarik eta arnasarik ez badu?

Galdera hauek beste batera naramate: nola iritsi gara honaino? Ez ditut historia eta bere krudelkeriak ahazten. Mugek markatutako historia da, eta indarkeriak eta odolak ezarritako mugak dira guztiak. Ez dut ahazten 1948a, Nazio Batuek, II. Mundu Gerraren ondoren, mendebaldearen kontzientzia txarra arintze aldera, Shoah – naziek eragindako sei milioi juduren sarraskia – eragotzi ez izanagatik, Jordan eta Mediterraneoaren artean Israelgo Estatua sortu zuten urtea, eta horren ondorioz lehen gerra arabiar-israeldarra gertatu zena. Zuen Nakba izan zen, neba-arreba palestinarrok, zuen “hondamendia” edo “suntsipena”, zuen erbestealdi kolektiboa. Bidegabekeria izugarria izan zen, eta are krudelago bilakatu 1949an Nazio Batuek Israelgo mapa berria onartu zutenean, aipatu gerran konkistatutako lurraldeak barne hartzen zituena. Eta ehundaka mila zuen neba-arrebaren erbesteratzen. Ez dut ahazten 1967ko gerran Israelen armek lurralde berriak okupatu zituztela, eta okupazio horrek zutik dirauela zuzenbide osoaren eta eskubide ororen aurka, eta gelditu zitzaizuen lurraldea jasan ezineko eran zatikatzeko bide eman zuela eta ematen jarraitzen duela, ezin konta ahala asentamendu israeldar harresitu medio. Harrezkeroko ezer ez da esplikatzen hori guztia gabe.

Hala ere, ikaragarria bada ere, historia horren parte handi bat konponezina da. Hori aitortu beharra ere ikaragarria da. Pentsatu nahi dut, harrezkero ikusiak ikusita, NBEk ez lukeela gaur egun Israelgo Estatua baldintza haietan sortuko. Guztiarekin ere, uste dut gaur, 77 urteren ondoren, ezinezkoa dela 1947-1948 urteetara itzultzea. Ulertzen dut Hamasen gorrotoa eta mendeku-egarria, Netanyahuren eta bere gobernuaren itsukeria eta suntsipen-grina baino askoz gehiago ulertzen dut. Baina gorrotoak eta mendekuak gaurko Nakba berri honetara, zuen herriaren sarraski berri honetara ekarri zaituzte, eta ez zaituzte salbatuko gorrotoak eta mendekuak, zaudete ziur. 2023ko urriaren 7ko sarraskiak ez zintuzten salbatu, are hondorago hondoratu zintuzten. Gogorra egiten zait esatea, baina uste dut Hamas dela Netanyahuren aliaturik onena beren herrien hondamendira bidean.

Gauzek eta mugek bere horretan jarraitu beharko ote lukete, beraz? Inondik ere ez. Ez da konponbiderik izango, harik eta Israelgo agintarien prepotentzia umiliatzaile, zapaltzaile, suntsitzaileak – bere herriaren zati handi baten onespenarekin eta Estatu Batuen eta Mendebaldearen isiltasunarekin, ekintzarik ezarekin edo zuzeneko zein zeharkako kolaborazioarekin – lapurtutako esperantza Palestinari itzultzen ez zaion arte. Entzun eta ireki begiak, Benjamin Netanyahu eta beronen suntsipen- eta konkista- proiektua babesten duzuen guztiok. Zuena da lehen erantzukizuna, zeren zuek zarete botere handiena, etsipenak duen botere suntsitzailea salbu beharbada. Ez duzue ez lurrik, ez segurtasunik, ez bakerik izango, Palestinaren duintasuna, justizia eta bakea gaurko eta etorkizunerako errespetatzen ez duzuen bitartean. Ez izan zalantzarik. Aukeratu, beraz. Zuen esku dago historia tragiko honetako beste edozein aktoreren esku baino gehiago, Hamas bere aliatu guztiekin barne. Hiltzen duzuen pertsona bakoitza, jaurtitzen duzuen misil bakoitza, leherrarazten duzuen bonba bakoitza, suntsitzen duzuen etxe, ospitale edo eskola bakoitza zuen aurka itzuliko da; hiltzen duzuen Hamaseko militante edo batailoi bakoitzeko, berandu baino lehen, are ugariago izango dira erailez hiltzeko prest dauden militanteak eta taldeak.

Ba ote da irtenbiderik? Bai, baina mingarria izango da batzuentzat eta besteentzat, ez, ordea, inolaz ere egungo oinazea eta, horrela jarraituz gero, biok ala biok pairatu beharko duzuena bezain mingarria. Irtenbide zaila da, baina bakarra, eta guztiok inplikatzen gaitu, salbuespenik gabe. Ez da konponbiderik izango ez batarentzat ez bestearentzat, baldin eta Israelgo gobernuak, herritarren gehiengoak sostengaturik, ez baditu Zisjordaniako asentamendu eta horma guztiak desegiten, baldin eta Israel 1966ko mugetara (gutxi gorabehera) erretiratzen ez bada, baldin eta Jerusalem palestinarrekin partekatzeko formularen bat onartzen ez badu, baldin eta ez badu bermatzen estatu palestinar politiko eta ekonomikoki bideragarria, Israelen baliabide-, harreman- eta baldintza-berdintasunean.

Ez da ere irtenbiderik izango, baldin eta palestinarren gehiengo zabalak Israelekiko elkar-errekonozimenduaren eta elkarlanaren aldeko hautua ez badu egiten, baldin eta Hamasek Israelgo estatua ezabatzeko asmoa bere programatik ez badu ezabatzen, baldin eta akordio duin eta egingarri, bidezko eta baketsuari, bi estatu independenteren akordioari edo agian bi estatu konfederaturen akordioari – hau nahiago, Inshallah! – ez badio men egiten. Ekialde Hurbileko eta Erdiko herrialde senideen konfederazio handi batekin egiten baitut amets, herrialde edo herri senideen konfederazio planetario handi baten barnean, autoritate demokratikoa buru izango lukeelarik .

Horretarako gai ez bagara, gerraz gerra, mendekuz mendeku, sarraskiz sarraski, boterez botere eta arrazoiz arrazoi, ezintasunez ezintasun eta erokeriaz erokeria, aurrera egingo dugu Homo Sapiensaren desagerpen planetario handirantz. Bizidunen komunitate handiaren onerako izango litzateke, eta geure onerako ere bai, horrela bizitzen jarraituz gero, bizitzea ez baitu merezi, ez dugu merezi.

Baina denok hautsera itzuliko bagina ere, Biziaren Espirituak, partikulen eta galaxien bihotzetik, baita zulo beltzen bihotz isil misteriotsutik bertatik ere, oihuka jarraituko luke: “Zure neba-arrebaren odolak oihu egiten dit lurretik” (Has 4,10). Eta belarriren bat zabalduko da agian, ahotsa entzun eta ahanzturaren herrialdetik berpiztuko da, berriro eguna argituko du, eta biziaren aliantza berriaren ostadarra agertuko da hodeietan. O, bai, zatoz!

Aizarna, 2024ko urriaren 9a