TXIKIAGOTUZ HAZI. Zahartzaro kontzeptuaren ibilbide historikoa (IV, amaiera)

* EHUko Udako Ikastaroetan (2026) emandako hitzaldia: “Crecer decreciendo. Recorrido histórico del concepto de vejez” (jarraipena eta amaiera)

8. Bibliako juduen eta kristauen tradizioa

Biblia judu-kristaua mundu zabala da; denetik dago bertan. Zahartzaroari dagokionez, Jainkoaren bedeinkapen gisa ospatzen dute testu batzuek; haren kargak eta bizitzaren laburra deitoratzen dituzte beste batzuek.

Tanajeko –tradizio kristauan “Testamentu Zaharra” deritzan Biblia juduko– eta “Itun Berria” deritzan Bibliako kristau-literaturako testu nagusi batzuk aipatuko ditut atal honetan.

a) Tanajeko testu batzuk (Biblia judua)

“Zahartzaro zoriontsua izan ondoren, zeure arbasoekin elkartuko zara bakean”, agintzen dio Jainkoak Abrahami harekin ituna zigilatzen duenean (Has 15,16). Hainbat tradizio indigenatan bezala, antzinate juduan ere heriotza, madarikazio ez ezik, bedeinkazio ere bilakatzen da, zahartzaro zoriontsuaren ondoren gertatzen bada, hau da, ondorengoa utziz eta “egunez mukuru”, Abrahami berari buruz bere heriotzaren kontaketan esaten den bezala (Has 25,8).

Bestalde, Bibliako tradizio sapientziala ere bat dator aipatu ditudan tradizio historikoek aho batez irakasten digutenarekin, hau da, zahartzaroa eta jakinduria estuki lotzen dituenean. “Adinekoek izaten dute jakinduria, urtetan aurreratuek zuhurtzia”, esaten zaigu Jb 12,12n.

Baina Bibliako tradizio sapientzialean bertan, Kohelet (edo Eklesiastes) liburuan, bada bestelako tonu goibela duen testu bat, eder-ederra. Ezin da aipatu gabe utzi:

“Oroit zaitez zure Egileaz gazte zaren bitartean,
aldi txarrak etor dakizkizun baino lehen;
urte horiek etortzean honela esango duzu: ‘Ez ditut atsegin’.
Orduan eguzkia eta egun-argia, izarrak eta ilargia ilundu egingo dira
eta euria egin ondoren berriro lainotuko du.
Orduan eskuak dardaraka zaizkizu jarriko eta zangoak ahulduko;
hortz-haginak gutxituko eta alferrik dituk izango,
begiak ere ilunpetan geldituko.
Belarriak itxiko zaizkizu, ezin izango duzu aditu errotarri-hotsik,
ezta entzun ere txorien kanturik, eta ahotsa moteldu egingo zaizu.
Toki goietan ibiltzeak beldurra emango dizu, baita bide zelaian ibiltzeak ere.
Ilea zurituko zaizu, ibilera baldartuko eta atsegin-grina hoztuko.
Gizakia bere betiko etxerantz doa;
jadanik hilketariak kalez kale dabiltza.
Orduan, zilarrezko haria eten egingo zaizu, urrezko ontzia hautsiko,
pitxerra iturrian puskatuko, eta putzu gainean txirrika zartatuko.
Hautsa lurrera itzuliko da, handik sortua denez.
Bizi-arnasa Jainkoarengana bihurtuko da, berak emana denez.
Huskeria hutsa –dio Koheletek–, dena huskeria da” (Koh 12,1-8).

“Oroit zaitez zure Egileaz”, hau da, biziaren iturburu misteriotsuaz. Hartu kontzientzia benetan baliotsu denaz, libra zaitez zure izate sakon, on, zoriontsutik aldentzen zaituenetik, ikas ezazu bizitzen. Bizi zaitez bizitzea merezi duen moduan, azaleko izatetik, egoaren beldur eta atxikimenduetatik libre. Bizi zaitez.

“Ikusi dut –dio baita Koheletek kapitulu batzuk lehenago– ez dela ezer hoberik alai eta ongi bizitzea baino. Jainkoaren emaitza baitu gizakiak jan, edan eta bere lanaren etekinaz gozatu ahal izatea” (Koh 3,12-13). Edozeren eta edonoren gainetik gozatzeko grinak, ordea, ez du uzten benetan gozatzen.

b) Itun Berriko testu batzuk (Bibliako literatura kristaua)

Kristau tradizioan Itun Berri deritzanera pasatuz,  hiru testu eta irudi bat nabarmenduko ditut.

Korintoko komunitateari bidalitako bigarren gutunean, kristautasunean eragin handiena izan duen testuetako batean, Paulok idatzi zuen: “Nahiz eta gure egoera fisikoa hondatzen joan, gure barneko izatea egunero berritzen da” (2 Ko 4,16). Ez da inondik ulertu behar kanpoko gorputza eta barneko arima kontrajartzen direla; garen izate fisiko-espiritual bananduezin hau aske eta baketsua izatera iristeko posibilitateari, bere buruarekiko desatxikia, enpatiko eta zoriontsua izatera iristeko posibilitateari deitzen dio “barneko izatea”, ez garen hori izatera iristeko posibilitateari.

Titori bidalitako gutunean, zeinaren egilea Paulo baino geroxeagokoa baita, haren dizipuluetako bat, honako hau irakurtzen dugu: “Gizaseme zaharrak izan daitezela neurritsuak, agurgarriak, zentzudunak eta fedean, maitasunean eta eramanpenean helduak” (Tit 2,2). Gorago aipatu dudanez, Eliza kristauetan, juduen ohiturari jarraiki, gizon zaharrek gobernatzen zituzten komunitateak, baina gutunaren egileak gizon zahar guztiei eskatzen dizkie agintariek izan behar lituzketen bertuteak: soiltasuna, zuhurtzia, fedea, itxaropena, pazientzia… (Eta emakume zaharrak? Ezin zaio galderari paso eman. Hainbatez gutxiago non Titori zuzenduriko gutunak justu jarraian dioena Simone de Beauvoirrek erakutsi eta salatu digunaren ispilu ezin argiagoa baita, eta hemen nahitaez aipatu beharrekoa: “Emakume zaharrek ere fededunari dagokion portaera izan dezatela; ez daitezela gaizki-esaleak eta ardoari emanak izan, ongian eredu baizik, neska gazteei beren senarrak eta haurrak maitatzen irakats diezaieten [!], eta zentzudun, garbi, etxekoandre on eta beren senarren menpeko izaten lagun diezaieten. Horrela, ezin izango du inork Jainkoaren hitza iraindu” [!]” [Tit 2,3-5]. Hori idatzi zuenak ez zekien asko hitz horiek zenbat gizon eta emakume eramango zuten “Jainkoaren hitza” eta Jainko hitza arrazoi osoz iraintzera, hitz horiek gizakia iraintzen baitute).

Bada zaharraren egoerari aplika dakiokeen beste testu garrantzitsu bat, Joan ebanjelariak Jesus berpiztuaren ahotan jartzen duena. Jesusek Pedrori zuzentzen dizkion hitzak dira eta irudi bikainetan irartzen dute giza bizitzaren sakoneko ibilbidea: “Bene-benetan diotsut: Gazteago zinenean, zeuk lotzen zenuen gerrikoa eta nora joan erabakitzen; zahartzean, ordea, zuk besoak luzatu eta beste batek lotuko dizu gerrikoa eta nahi izango ez duzun lekura eramango zaitu” (Jn 21,18). Bai Jesus eta bai Pedro bera ere hil eta hamarkada batzuetara Jesusen ezpainetan jarritako hitzak dira eta, berez, ez dira ari Pedro zahar ezinduaz, baizik eta Neron enperadorearen aginduz exekutatuko duten Pedro presoaz, sasoiko gizonaz segur aski. Horrek ez du ezertan murrizten Jesusen sententziaren egia, adierazgarritasuna eta edertasuna. Esan nahi du: “Iritsiko da egun bat zeure kabuz ezin baliatuko zarena, batera eta bestera eraman edo ekarriko zaituenaren menpe egongo zarena”. Menpekoak, izan, ez dira adinekoak bakarrik. Funtsean, gizaki ororen eta adin guztietako baldintza da: beti gara menpeko, eta hori onartzean eta bizitzen ikastean datza hain zuzen bizi-jakituria. Bizitza eta askatasuna ez dautza, izan ere, gogoak ematen diguna egin ahal izatean, baizik eta norberarentzat eta besteentzat on dena egin nahi izatean, bizitzak garamatzanera eraman gaitzala onartzean eta nahi izatean, izanarazten gaituzten harreman eta interdependentzien sarean, gertatzen zaizkigun zirkunstantzia eta gorabehera ezberdinetan, geure kasa balia gaitezkeela iruditu nahiz ez iruditu. Eta hori da edozein zaharrentzat erronka nagusietakoa, baita aukera handienetakoa ere: bizitzak garamatzan lekura joatea onartzea eta horixe nahi izatea, baldin eta hori bada onena guretzat eta ingurukoentzat.

Amaitzeko, Lukasen ebanjelioak aurkezten digun zahar baten irudia aipatu nahi dut; bizibidea ongi burutu duen zaharren ikonorik ederrena dela deritzot. Simeon, alegia, “Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain zegoen gizon zintzo eta jainkozalea”. Lukasen kontakizunaren arabera, Mariak eta Josek Jesus tenpluan aurkeztera daramatenean, Simeonek hartzen du haurra, eta bere herriaren kontsolamendua, askapena ekarriko duen Mesias ezagutzen du harengan. Eta, zeharo hunkiturik, Jesus besoetan hartu eta esaten du: “Orain, bai, Jauna, zeuk hitz eman bezala, utz diezaiokezu zeure morroi honi bakean hiltzen” (Lk 2,29). Hauxe litzateke nire aspirazio nagusia eguneroko eta nire bizitzako azken egunerako.

 

Oinarrizko dokumentazioa

Aristoteles, Nikomakorentzako Etika, KLASIKOAK, 2001
file:///C:/Users/PC/Downloads/Nikomakorentzako Etika.pdf

Aristoteles, Retórica, Libro II, capítulos 13–14
https://cristoraul.org/SPANISH/sala-de-lectura/BIBLIOTECATERCERMILENIO/CLASICOS/ARISTOTELES/Aristoteles-Retorica.pdf

Bhagavad Gita, Ibaizabal, 2009Herman Hesse, Elogio de la vejez
elogio-de-la-vejez-herman-hesse.pdf

Biblia: www.biblija.net (Elizen arteko Biblia)

Cicerón, Sobre la vejez
file:///C:/Users/user/Downloads/de-la-vejez-bilingue-4.pdf

Hesse, H., Elogio de la vejez
elogio-de-la-vejez-herman-hesse.pdf

Konfuzio, Analektak, Ibaizabal, 2008

Laozi, Dao De Jing, Ibaizabal, 2007

Nyanatiloka Mahathera, Budaren Hitza, Ibaizabal, 2008

Platon, Politeia, KLASIKOAK, 1993 (Juan Jose Pujanak itzulia)
file:///C:/Users/PC/Downloads/Politeia.pdf

Platon, Fedon /Menon / Kratilo / Fedro, KLASIKOAK, 2005

file:///C:/Users/PC/Downloads/Fedon,%20Menon,%20Kratilo%20eta%20Fedro.pdf

Schopenhauer, A., El arte de envejecer [Senilia]
https://web.seducoahuila.gob.mx/biblioweb/upload/el_arte_de_envejecer.pdf

Séneca, Cartas a Lucilio
https://www.mercaba.es/roma/cartas_a_lucilio_de_seneca.pdf

Simone de Beauvoir, La vejez
La Vejez Simone De Beauvoir : Simone de Beauvoir. : Free Download, Borrow, and Streaming : Internet Archive

Upanishad hautatuak, Ibaizabal, 2010

Yalal al-Din Rumi, Barneko liburua [Fihi ma Fihi], Ibaizabal, 2009)

 

Joxe Arregi, Aizarna, 2026ko uztailaren 29a

www.josearregi.com