DESHAZIZ HAZI. Zahartzaro kontzeptua historian zehar (II)
* EHUko Udako Ikastaroetan (2026) emandako hitzaldia: “Crecer decreciendo. Recorrido histórico del concepto de vejez” (jarraipena)
3. Indiako tradizioak: hinduismoa eta budismoa
a) Hinduismoa:
Hinduismoaren tradizio mistiko-sapientzial handian –zeinaren testurik zaharrenak K.a. 1500. urtekoak baitira– gizakiaren bizitza 4 asrama edo etapatan banatzen da, bakoitzari buruzko irakaspenak eratuz eta zabalduz:
1) Jaiotzatik 25 urtera bitartean, gizaki haur nahiz gaztea brahmachariya da: bizitzarako eta autokontrolerako trebetasunak ikastea eta lantzea du betebehar.
2) 25 eta 50 urte bitartean, heldua grihastha da: ezkondurik, familiarentzat eta gizartearentzat lan egitea dagokio.
3) 50 urtetik 75era, familiako eta laneko betebeharretatik askatuz (erretiroa hartuz, esango genuke), vanaprastha-ri (erretiroari) ekiten dio, hau da, bilaketa espiritualari eta meditazioari; Manuren Kodeak, hinduismoan eraginik handiena duten testuetako bat denak (K.a. II. mende ingurukoa), irakasten du: “Familiaburuak bere azalean zimurrak, ile zuriak eta seme-alaben seme-alabak ikusten dituenean, orduan basora erretiratu behar du [edo erretira daiteke]” (6.2)
4) 75 urtetik aurrera –garai hartan oso gutxi heltzen ziren adin horretaraino–, zaharra, erabat erretiraturik, sannyasa (uko-egile) bihurtzen da, mundu materialari erabat uko eginez, kontenplazioari, debozioari eta erabateko askapen sakon eta espiritualaren bilaketari bete-betean ekiteko.
Zaharra ez da ikusten pertsona ez-emankor, eta, beraz, alferrikako moduan, baizik eta alderantziz, funtsezko gauzetan, bizitzaren errealizazioan edo burutzapenean, oinarrizko jakiturian, lotura guztien askapenean diharduen pertsona moduan. Ez dio uko egiten benetako bizitzari, baizik eta benetako bizitza eragozten duenari, hots: anbizioari, eduki nahiari, egoarekiko atxikimenduari.
Horrela prestatzen da zaharra heriotza iragate bezala bizitzeko (pazko bezala, esango genuke kristau-hizkuntzan): gorputz berri batera ez ezik, betetasun hilezkorrera iragatea bezala, alegia. Halaxe esaten da hinduismoko otoitz ezagunenetako batean, Brihadaranyaka Upanishad-ean (K.a. VII-VI. m.): “Eraman nazazu ez-egiazkotik egiazkora, iluntasunetik argira, hilkortasunetik hilezkortasunera” (1,3,28) (ik. Upanishad hautatuak, Ibaizabal, 2010, 43-49 or.).
b) Buda (Sidharta Gautama Buda) (k.a. VI-V. m.)
Kontatzen da, Sidharta Gautama printze axolagabea zela, aitaren jauregian ezer falta ez zuelarik, eta jauregitik lau aldiz irten ondoren gertatu zela haren biziera-aldaketa erradikala, irtenaldiok eman baitzioten aukera bizitza zer den jakiteko, berekin daraman sufrimendu-zama aurrez aurre begiratzeko. Irten zen, beraz, lehenengo aldiz, karroza batean eserita, eta zahar bat ikusi zuen makur-makur eginda ibiltzeko nekez, eta jauregira itzuli zen pentsakor. Beste hiru irteeretan, gaixo bat, hileta-segizio bat eta aszeta bat ikusi zituen hurrenez hurren.
Horrela deskubritu zuen bizitzak sufrimendua dakarrela, budismoaren testu ezagunenetako batean, Anguttara Nikaya-n, aurkitzen den “Bost oroitzapenak” errezitazioan esaten den bezala:
“Nik ere zahartu behar dut, ez naiz zahartzarotik libratuko (…).
Nik ere gaixotu behar dut, ez naiz gaixotasunetik libratuko (…).
Nik ere hil behar dut, ez naiz heriotzatik libratuko” (5,57) (Ik. Nyanatiloka Mahathera, Budaren Hitza, Ibaizabal, 2008, 29-20 or.).
Arreta osoz behatuz, ohartu zen sufrimenduaren funtsezko kausa desira dela, hau da, atxikimendua bere forma guztietan. Eta “Zortzi Adardun Bide Noblea” irakatsi zuen, sufrimenduaren errotik askatzeko; arretaren praktikaren bidez atxikimenduaren forma guztietatik errotik askatzean datza bidea. Hauxe da, beraz, Budaren irakaspen osoaren muina, budismoaren muina: sufrimenduaren egia, haren jatorria, sufrimendutik askatzeko aukera eta hura gainditzeko bidea.
Dhammapada-ko testu sarri aipatuan, Budak irakasten du: “Nola artzainak ganadua makilarekin gidatzen duen, hala gidatzen dute zahartzaroak eta heriotzak izakien bizitza” (10, 135). Gertatzen den ezer eta inor ez du Budak on edo txar jotzen, eta ez da gelditzen ezeren jatorri eta helburu metafisikoa aztertzera. Zahartzaroa, eritasuna eta heriotza ere ez dira ez on ez txar, giza existentziaren eta errealitatearen funtsezko iraunkortasun-ezaren agerpen baizik eta betiereko betetasunera irekitzen gaituen desatxikimenduaren begirada, kontzientzia, azken jakituria sakontzeko aukera.
4. Antzinateko jakinduria greziarra
a) Platon (K.a. 427-347 aldera)
Sokratesen dizipulua eta Aristotelesen maisua dugu Platon. K.a. 387an Atenasko Akademia ospetsua sortu zuen. Zahartzaroari buruzko irakaspen nagusiak Errepublika-n ditugu, Platon helduaren pentsamenduaren sintesi bikaina bera. Platonek zahartzaroari buruz eskaintzen duen testurik aipatuena eta komentatuena I. Liburuaren hasieran agertzen da, non Sokrates Zefalo zahar aberats eta itzal handikoarekin solasten baita.
– Zahartzaroa, pasiozko desiren askapen. Zefalok dio: “Desirek ez nautenean ja oinazetzen eta indarra galtzen dutenean, Sofoklesek zioena gertatzen da justu. Hots, ugazaba amorratu askorengandik aske sentitzen naiz”. Gaztaroko bulkaden aurka, zahartzaroak lasaitasuna eta barne-askatasuna dakartza. Hori dio behin eta berriro Banketea eta Fedon elkarrizketetan. Azken honetan deskribatzen du Sokratesen heriotza, baretasun osoan, pozoia edanez. Baina orain, Errepublika-n, gehitzen du: “Ez zaharra delako, Sokrates, bere izaeragatik baizik. Gizaki moderatuek eta orekatuek ondo eramaten dute adina “(329c – 330a). Erabakigarria da Platonen ohar hau. Zahartzaroa ez da, beraz, ez ona ez txarra; nola bizi garen. Legeak obran Platonek joera du sofrosyné (zentzutasuna, neurritasuna, xumetasuna) zahartzaroarekin lotzeko gaztetasunarekin baino gehiago (II. Liburua, 653-c), baina gaztarotik landu behar dela ohartarazten du beti. Apoloren Delfoseko tenpluan, frontispizioan, “Ezagutu zeure burua” ospetsuarekin batera irarria dagoen aforismo grekoa da Platonen printzipio handienetakoa: “Ezertan ez gehiegi”; hala jasotzen du Protagoras elkarrizketan (343b) eta Hiparko-n (228e).
– Zahar zintzoaren patxada. Zefalok dio: “Norbaitek amaiera hurbil duela uste duenean, beldur eta kezka sentitzen du lehen kezkatzen ez zuten gauzengatik”, gehituz: “Bidegabekeriarik ez duela egin dakiena itxaropen gozoz bizi da” (330d – 331a). Zahartzaroa ez da, nahitaez, kezkak desagertzen diren adina. Areagotu ere egin daitezke. Bere iraganari nola begiratzen dion eta etorkizunari nola aurre egiten dion eta heriotzaz haraindikoari nola begiratzen dion: hor dago koxka. Iraganari dagokionez, zahartzaroan bakean bizi ahal izateko ezinbestekoa ote da, bestalde, bizitza osoan zehar zintzoa izan izatea? Ez, noski, Platonek esaten ez badigu ere.
– Zaharrak poliziako buruzagi. Platonen Legeak liburuan ziurtzat jotzen da hiria zaharrek gidatu behar dutela, baina Errepublika-n dio filosofoek behar dutela gidatu, eta hori urte askotan gobernu-esperientzia izan eta frogak gainditu eta Ongia kontenplatzera iritsi eta gero, hau guztia ezin delarik gertatu 50 urte bete baino lehen; beraz, onenek bakarrik gidatu behar dute hiria (aristokrazia) (VII. Liburua, 539e-540a eta bereziki 540a-c.).
b) Aristoteles (K.a. 384)
Filosofo eta zientifiko, diziplina anitzeko jakintsu, Atenasko Lizeoaren sortzaile, mendebaldeko filosofiaren aitatzat hartzen da, Platonekin batera. Zahartzaroari dagokionez, Platon baino askoz enpirikoagoa eta errealistagoa da. Ez du, bada, Platonek bezainbeste idealizatzen: aukeraz eta muga fisiko nahiz psikikoz jantzia begiratzen eta aurkezten du.
Erretorika obran (II. Liburua, 13-14 kap., 1389b14 – 18) eskaintzen digu zahartzaroari buruzko bere argazkirik ospetsuena, gaztaroarekiko kontrastean. Bere ohiko begirada zorrotza darabil, eta, egia esateko, ez gaitu zaharrok oso leku onean uzten. “Zaharrak gehiago bizi dira oroimenetik itxaropenetik baino, geratzen zaiena gutxi baita eta iragana asko”, dio (II. Liburua, 1389b). “Urte asko bizi izan dira, besteek gehiagotan engainatu dituzte eta beraiek akats gehiago egin dute; eta gizakion konturik gehienak gaizki ateratzen direnez, ez dute ezer ziurtzat ematen… Askotan engainatu dituzte eta akats ugari egin dute”. Aurrerago dioenez, zaharrak “mesfidatiak dira beti, ez baitira fidatzen; eta eskarmentua dutelako ez dira fidatzen”. Zahartzaroak askatu egiten ditu bulkadarik grinatsuenetatik (“ez dute biziki desiratzen”, dio), baina horrek ez digu gorentasun espirituala bermatzen. Ondo asko dakigu. Pasarterik gogorrenean dioenez, zaharrak “diruzaleak dira (philochrématoi), ezaguna baitute gabezia”. “Barru txikikoak (mikropsychoi) dira”, dio baita (II. Liburua, 1389b21 – 23).
Geroago, ordea, Nikomakorentzako Etika-n, askoz aurpegi positiboagoa aurkezten du: phronesis bertutea (zuhurtzia, zentzutasuna, patxada) da zaharraren ezaugarria, esperientzia luzea eskatzen duena: “Gazteak matematikariak izan daitezke, baina ez zuhurrak” (VI. Liburua, 1142a). Horregatik, Aristotelesek zaharrei entzutera egiten du gonbit: “Eskarmentudunen eta zaharren baieztapenei kasu egin behar zaie” (VI. liburua, 1143b), “zuzen ikusteko” gai baitira eskarmentuari esker (VI. Liburua, 1143b). Bi gauza horiek egia balira, hau da, zaharrok ongi ikusten jakitea eta zaharroi entzutea!
Azkenik, Politika obran filosofo estagiritak ohartarazten du naturak gazteei indarra, bulkada, eman diela eta zaharrei zuhurtzia, zentzutasuna eta jakinduria, “horrela gai eginez batzuk gobernatuak izateko eta besteak, aldiz, gobernatzeko” (VII. Liburua, 14, 1332b34 – 1333a16).
5. Antzinateko Erromaren jakinduria
a) Zizeron (K.a. 106 – 43)
Marco Tulio Zizeron, filosofo, politikari eta hizlari handia izateaz gain, Erromako Errepublikako idazlerik onenetakoa izan zen, eta berak idatzi zuen zaharrei soilik eskainia den latinezko liburu bakarra: De Senectute (“zahartzaroari buruz”), kalitatez bizi ahal izateko zahartzaroak eskaintzen dizkigun aukeren baieztapen aparta. Zizeron pentsalari eklektikoa da; bai Platon eta Aristoteles, bai estoizismoa ditu inspirazio-iturri, baina bereziki nabarmena da estoizismoaren arrastoa zahartzaroari buruzko hausnarketan. Hala, hasieratik beretik baieztatzen du filosofiak “bizitzako eragozpen guztiei inolako ezbeharrik gabe aurre egiten” laguntzen duela (2. zenb.), eta dio: “natura gidaririk onentzat hartuz eta berari jainkoa balitz bezalaxe obedituz gara jakintsu” (5. zenb.).
Azaltzen digu aahartzaroa “miseria” moduan, zoritxar guztien adin moduan, hartzen dutela askok eta lau arrazoi eman ohi dituztela horretarako: 1) Zahartzaroak ia jarduera guztietatik (res gerendae edo “gestio”etatik) aldentzen gaituela; 2) Gorputza ahuldu egiten dela; 3) Ia plazer guztiak kentzen dizkigula; eta 4) Heriotza jada ez duela urrun. Bada, lau arrazoion ezeztapen gisa dago egituratua da Zizeronen liburua.
Lehen argudioaren aurka (zahartzaroak jardueretatik aldentzen gaituela) dio ezen hori “gaztetako kemen eta indarrekin burutzen diren” jarduerekin bakarrik gertatzen dela (15. zenb.). Eta esaten du: “Jarduera asko ez dira burutzen gorputzeko indarraren, azkartasunaren edo bizkortasunaren bidez, baizik eta aholkuaren (consilium), autoritatearen edo iritziaren (sententia) bidez, eta zahartzaroa ez da inolaz ere horiek guztiak gabea, guztiekin ongi hornitua baizik” (17. zenb.). Behin eta berriz azpimarratzen du: “ez bakarrik zahartzaroa ez da ahula eta zaurgarria, baizik eta ekintzailea da, eta beti du zerbait esku artean, aurreko bizi-etapetako ardura berarekin” (26. zenb.).
Bigarren argudioaren aurka (gorputza ahuldu egiten dela), ohartarazten du: “Hau da zahartzaroko ajeen beste topikoetako bat”, baina gehitzen: “Unean uneko indarren arabera jardutea eta, egiten duzuna egiten duzula, indar horietaz baliatzea, horretantxe datza jakinduria” (27. zenb.). “Zahartzaroan ez ote da izaten nahikoa gaitasun gazteei irakaspenak, hezkuntza eta prestaketa eskaintzeko, era guztietako karguak beren gain hartu ahal ditzaten?” (29. zenb.). “Dohain hori [indarra] erabili egin behar dugu daukagun bitartean, baina falta denean ez ezazu bilatu. Nerabezaroak ez du haurtzaroa bilatu behar, ezta helduaroak gaztaroa ere. Adinaren ibilbidea xedatua dago, eta naturaren bidea bakuna eta soila da. Biziaro bakoitzari eman zaio bere egokiera (tempestivitas)” (32. zenb.). “Osasuna zaindu egin behar da, ariketa bere neurrian egin, indartzeko elikagaiak hartu eta behar dena edan, baina ez leher eginda geratzeko moduan (…). Bada, gauza hauek guztiek erremedio izan behar dute gorputzarentzat, baina askoz gehiago adimenarentzat eta espirituarentzat. (…). Gorputzek bizkortasuna galdu egiten dute ariketaren nekearekin, baina espiritua zoliago bihurtzen da buru-trebakuntzarekin” (36. zenb.). “Zahartasuna eramangarria da bere burua defendatzen badu, bere eskubideari eusten badio, inoren mende ez badago, eta zaharra azken unera arte beretarren artean errespetatua bada” (37. zenb.).
Hirugarren argudioaren aurka (zahartzaroak ia plazer [voluptates] guztiak kentzen dizkigula), azpimarratzen du –bere sustrai estoiko eta platonikoen eraginez– plazer asko (gehiegikeriak, horditasuna, orgiak…) kaltegarriak direla osasunarentzat. Ohartarazten du: “Gorputzaren plazerak, handiegia eta luzeegia denean, itzali egiten du buruargitasuna” (41. zenb.). Baina agure batek goza ditzakeen eta gozatu behar dituen plazer asko goraipatzen ditu, hala nola solasa eta mahaikidetasuna (convivium, sinposium). Eta idazten: “Zeinen gauza handia den espiritua (animus) anbiziotik, etsaien aurkako liskarretatik, lohikeria orotatik askatzea eta, esaten den bezala, bere buruarekin bakean bizitzea, bizimodu militarrean bezala! Baina zahartzarorako ez dago ezer biziera intelektuala baino atseginagorik, ikasketarako eta arauetarako txinparta pizgarria sentitzen bada” (49. zenb.). Eta, Solonen esaldia aipatuz (“egunero gauza asko ikasiz zahartzen da”), Zizeronek dio: “Uste dut arimarentzat (animus) ezin dela plazer handiagorik izan” (50. zenb.). Nekazaritzako eta, oro har, naturako fenomenoak ikusteko plazera deskribatuz gozatzen da bereziki. “Laborantza-lanak gozagarri bihurtzen dituzte lurraren laboreek, belardiek, mahastiek eta zuhaixkek, baita baratzeek eta fruta-arbolek ere, abereentzako larreek, erlauntzen zainketak eta ardurek, mota eta barietate guztietako loreek. Era berean, gozatu egiten da ereintzan eta txertaketan, eta horiei esker askoz atseginago bilakatzen da laborantza” (54. zenb.). “Zer gehiago esango dut, bada, belardien berdetasunaz edo zuhaitz-motez, mahasti-espezieez eta olibondoez? Labur esanez bukatzeko, ezin da ezer oparoagorik izan gozatzeko, ezta ikusteko ederragorik ere, ondo zaindutako landalur bat baino” (57. zenb.). “Beste plazer haiek gabe ere izan daiteke zahartzaroa zoriontsu” (58. zenb.).
Azkenik, laugarren argudioaren aurka (heriotzaren hurbiltasuna), Zizeronek dio: hilko gara, ez dago zalantzarik, baina haraindiaz ez dakigu ezer. Platonen konbikziora makurtzen da, hau da, heriotza askapena dela, baina nolanahi ere ez dugu heriotzaz arduratu behar, eta oraina duintasunez bizi, bizi izandako denbora eskertuz. “Zahartzaroa behar bezala bizi daiteke, baldin gai bagara arduraren bat betetzeko eta, areago, heriotza bera erdeinatzeko” (72. zenb.). “Egia esan, orduak, egunak, hilabeteak, urteak, iragandako denbora ez da inoiz berreskuratzen, eta zer gertatuko den ezin da jakin. Beraz, bakoitzari ematen zaion denbora bizitzeko da, eta pozik hartu behar da hori” (69. zenb.). “Ostatu batetik aldentzen den bezala aldentzen naiz bizitzatik, eta ez etxetik bezala” (84. zenb.). Heriotzaren ondoren ezer ez badago, ez dugu ezeren beldurrik izan behar. Heriotza betiko bizitzarako atea bada, desiratu egin behar genuke.
Miresgarria da Zizeronen gorentasuna eta aldi berean errealismoa, bere jakituriaren kalitatea eta zeinen ederki adierazten duen.
b) Luzio Anneo Seneka (K.a. 4 – Erroma, K.o. 65)
Filosofia estoikoaren adierazlerik onenetakoa dugu, eta hori ezin argiago islatzen da bere De brevitatae vitae (Bizitzaren laburtasunari buruz) liburu ezagunean eta bere Luziliori 13 Gutun ospetsuetan. Hamabigarren gutuna, hain zuzen, zahartzaroari buruzkoa da (heriotzaren alde onei eta hiltzeko prestasunari buruzkoa). Ez du Zizeronen mailarik estiloan eta edukian, baina merezi du estoizismoaren arrastoa argi erakusten duen paragrafo pare bat aipatzea.
“Plazer guztietan atseginik handiena azkenerako gordetzen da. Bizitza atseginagoa da, beraz, gainbehera hasia denean jada, baina oraindik ez endekapena, eta uste dut hiltzear denean ere badituela plazerak, edo, behintzat, garai horretan ere, plazer horiez gozatu ordez plazer horien premiarik ez izateaz gozatu dezakegula. Zeinen gozoa den desirak nekatu eta bertan behera utzi izatea!” (5. zenb.). Gozotasun hori gozatzea zaila, jakina.
“Jainkoak egun bat gehiago ematen badigu, har dezagun pozik. Bere buruaren jabe izateaz gozatzen du, seguru, ‘Bizi izan naiz’ egunero esaten denak; egunero-egunero irabazi berrietarako altxatuko da” (9. zenb.). “Bizi izan naiz” esamoldeak Bebiotai esamolde famatua errepikatzen du, greko zaharrean erabiltzen zena norbaiti buruz “hil egin da” esateko. Jakituriazko jarrera, eta osasungarria da, “Bizi izan naiz” esatea gauero, bizitza eskertuz, eta goizero, bizitza estreinatuz.
6. Jakinduria islamdar sufia: Yalal al-Din Rumi (1207-1273)
Yalal al-Din Rumi poeta eta pentsalari persiar handia da, mistika islamdar sufiko figura gorenetakoa, derbitxe-eskolaren sortzaile eta maisua. Fihi ma Fihi (“Barruan dena jasotzen du barruan”) liburuko 33. kapituluak, bere ohiko, paradoxaz beteriko, estilo probokatzailean, bizipoz sakona eta azaleko poz lilurazkoa kontrajartzen ditu, lehenengoa zaharrarekin eta bigarrena gaztearekin lotzen dituelarik metaforikoki. Kapituluaren amaieran hau irakurtzen dugu:
“Haiek diote: ‘Gizakiak jolasten jarraitu behar al du
laurogei urte bete ondoren?’.
Eta nik diot: ‘Jolastu behar al da
laurogei urte bete aurretik?’
Bere graziaren bitartez, Txit Gorenak gazteek ezin imajina dezaketen gaztetasun-indarra ematen die zaharrei. Gaztetasun-indar horrek barrez eta jauzika jartzen duen freskotasuna eskaintzen dio zaharrari, eta jolasteko gogoa ematen dio, mundua begi berriez ikusten baitu, munduaz nazkatuta egon ordez. Zahar batek mundua berrituta ikusten duenean, jolastu egin du, jauzi egiten du, gaztetu egiten da.
Zahartzaroa noblea da, ilea urdintzen den bitartean
alaitasunaren zaldia jauzika hasten bada.
Zahartzaroaren maiestatea jainkozko maiestatearen udaberritik dator, eta zahartzaroaren udazkenak ez dio tokirik kentzen. Udazkenak utzi egiten dio udazken izateari. Jainkoaren graziaren udaberrian inoiz ez dago ahuldaderik” (132. or.)
Baina hemen, bat-batean, aurrez ohartarazi gabe, kontrako esperientzia ere deskribatzen du Rumik, gogoa galdu eta zahartzaroko edozein sintoma barrundatzen duen pertsona arruntarena: “Era berean –dio–, hortz bat erortzen den bakoitzean, ahuldu egiten da jainkozko udaberriaren irria, ile bat urdintzen den bakoitzean ihartu egiten da jainkozko graziaren freskotasuna, eta udazkeneko euriak malko bat isurtzen duen bakoitzean ilundu egiten da egien lorategia” (Ib., 132-133. or.).
Rumik irakasten du, beraz, egoaren ilusioetatik (boterearen grina, arrakasta eta betiko ongizatea) bizi denarentzat, zahartzaroa bizipozaren mehatxu dela. Aitzitik, egotik eta bere nahikundeetatik libre dagoenarengan, zahartzaroak dakartzan galerek ez dute zapuzten freskotasuna, jolasa, bizipoza. Horretarako, jakina, ezinbestekoa da erabateko askapenaren desiratik ere askatzea. Bizitzaren udaberria ez da bateraezina ahulezia eta kontraesanekin.
Rumiren irakaskuntza hau bat dator, funtsean, aurreko orrialdeetan aipatu ditudan Antzinateko tradizio filosofiko eta espiritual guztiekin, eta hurrengo atalean aipatuko dudan tradizio biblikoaren irakaspenarekin. Baina Antzinateko irakaspen horiek guztiak bat datoz, era berean, pentsalari garaikideek zahartzaro ona bizitzeko eskaintzen dizkiguten funtsezko gomendioekin, nahiz eta gomendio horiek orain hizkuntza berri batean adierazi.
Egin dezagun, beraz, 700 edo 800 urteko jauzia, eta koka gaitezen XIX. eta XX. mendeetara.
Joxe Arregi, Aizarna, 2026ko uztailaren 29an
www.josearregi.com
(jarraituko du)
