Zorionaren bila

Goiz eder batez, bizitzaz nekatuta, egunerokoaren asperrak jota, zorionaren bila irten nintzen. Ustez, banekien non egon zitekeen eta eskua luzatzearekin aski izango nuen.

Bidean nindoala, mitxoleten gorria ikusi nuen soroetan, bitxiloreen zuria eta lilien urdina ezpondetan. Sorta bat egin nuen, baina, berehala lehortu eta zimeldu zitzaidan, beroagatik. “Honek ezin du zoriona izan”, esan nuen nirekiko.

Zertxobait aurrerago, basoan sartu eta zuhaitzen arteko iluntasuna urratzen zuten eguzki izpiak ikusi nituen. Lasterka egin nuen argira, blaitu nintzan. Baina, hara heldu orduko, hodei batek zerua hartu eta besarkatu nahi nuen argia itzali zuen. “Honek ezin du zoriona izan”, esan nuen neurekiko.

Erreka baten soinua entzun nuen. Han, ertzetako banku batean, biolontxelo bat ikusi nuen bere kutxa barruan eta nire ahalegin guztiez saiatu nintzen doinu eder bat ateratzen, baina biolontxeloak negar samin baten antzeko soinua egin zuen. “Honek ezin du zoriona izan”, esan nuen nirekiko.

Bizitzaz aspertuta, berriz ere egunerokoaren asperrak jota, etxera itzuli nintzen, esku hutsik. Biharamunean, bideari ekin nion berriro.

Ibiltzen hasi orduko, negarrez zegoen haur bat ikusi nuen bide ertzean. Mitxoleta gorri bat, bitxilore zuri bat eta lili urdin bat hartu eta haurrari eman nizkion, kontsola zedin.

Zertxobait urrutiago hotzikaraz dardarka zegoen agure zahar bat ikusi nuen basoko sarreran. Eguzkiaren izpiak eskuetan hartu eta zaharrarengana eraman nituen, bero pixka bat izan zezan.

Azkenean, errekaren ertzeko bankuan, kantuan ari zen mutil gazte bat ikusi nuen. Biolontxeloa hartu eta jotzen hasi nintzen, mutilari lagundu nahian.

Haurraren irriak, zaharraren berotasunak eta mutil gaztearen doinuak lurrindu, berotu eta alaitu ninduten zorion aurkituaren besoetan.

(Patxi Ezkiaga)