Zorte ona? Zorte txarra?

Nekazari pobre eta zahar bat semearekin bizi zen, eta zaldi bat besterik ez zuten lurra goldatzeko. Uzta baino egun batzuk lehenago, zaldiak ihes egin zuen. Auzokoak ikustera joan zitzaizkion, hain garai txarrean izandako galera tamalgarriagatik atsekabea agertuz. Baina berak esan zuen: “Zorte ona? Zorte txarra? Betierekoak daki”.

Handik egun batzuetara, zaldia beste hiru basa-behorrekin batera etxeratu zen. Auzokoak zorionak ematera joan zitzaizkion bere zorte onagatik. Hark erantzun zien: “Zorte ona? Zorte txarra? Betierekoak daki”.

Arratsalde hartan bertan, behor haietako bat hezten hasi zen semea, baina behorrak airean astindu zuen, eta erortzean hanka hautsi zitzaion. Auzokoak berriro etorri zitzaizkion, izandako zoritxarrean nekazaria kontsolatzera, semeak ezingo baitzion lagundu uzta jasotzen. Zaharra betikoa esatera mugatu zen: “Zorte ona? Zorte txarra? Betierekoak daki”.

Biharamunean jakin zen lurralde haietako jaunak gudura joatea erabaki zuela eta gazte guztiek soldadu joan behar zutela. Etxeko semea libre geratu zen, hanka hautsia zuelako.

(Ipuin txinatar eta sufia)