ERLIJIOA ETA EUSKAL KULTURAREN AUZIA
Izenburua dela eta
“Erlijioa eta euskal kulturaren auzia”. Horra hiru hitz, zein baino zein korapilatsuago, hari batean: erlijioa, euskal kultura, auzia.
Gaia mataza nahasi gertatzen zaidala aitortzen dizuet. Eta izenburua bera ere maratilaz josia. Ezin hasiko naiz maratila bakoitza argitzen, izenburuko hitz bakoitzaren esanahia zehatz-mehatz mugatzen: zer den erlijioa, zer euskal kultura, eta zein den bien arteko auzia.
Baina, atari gisa eta neure gaia zertxobait zehazte aldera, hiruzpalau ohar egingo ditut:
1) “Erlijio” hitza adiera zabal eta sakonean ulertzen dut: erlijioa ez da bakarrik eta ez da lehendabizi sineskizun, errito eta arau-sistema. Horrekin batera, edo hori gabe ere bai askotan, gizakiaren barrueneko arnasa bizia, arnasa bizigarria da erlijioa.
2) Eta zer da “euskal kultura”? Maratila bihurria hau ere. “Euskal kultura” esatean, euskaraz adierazten den kultura uler genezake. Baina ez hori bakarrik: euskaldunek euskaraz nahiz erdaraz sortzen dutena ere “euskal kultura” da; euskal kulturaren eragile izan dira Unamuno, Pio Baroja eta Blas de Otero. Oteizak esan zigun: “Unamuno eta Baroja bezalako gizonak sortzen dituen herri bat herria da”. Denbora-faltaz eta ezjakinez, utz dezadan arazoa horretan, ur ilunak gehiegi zirikatu gabe.
3) Eta “auzia” dio izenburuak. Zer auzi gero? Zertan datza erlijioaren eta euskal kulturaren arteko auzia? Gaurko euskal kultura eta erlijioaren arteko etena bista-bistan dago, eta ikuspegi horri helduko diot batik bat. Baina bada hor azpian beste arazo bat ere, Joseba Arregik behin eta berriz aipatzen duena. Euskal kultura eta erlijioaren arteko lotura hautsi egin behar dela dio Joseba Arregik, ustez Rikardo Arregi bere anaia zenaren ildotik. Eztabaida horretan ere mokoa sartuko dut, inorekin sestra gogorrean hasi gabe.
4) Eta beste ohartxo bat ere bai ekiterako: Arantzazun bizi naiz. Erlijioa eta euskal kultura, euskarazko euskal kultura hain zuzen ere, loturik egon dira Arantzazun, eta egon nahi lukete. Baina erlijioak eta euskal kulturak bizi duten etenaren edo gutxienez krisialdiaren lekuko ere bada Arantzazu. Barkatuko didazue aipamentxoren bat edo beste han-hemen.
Horrenbestez, goazen harira. Sei baieztapenetan ahaleginduko naiz, hariari tiraka, mataza askatzen edo nork daki? gehiago nahasten.
1. Erlijioa nahitaez kulturan txertatzen da
“Erlijioa euskal kulturan” izenburupean artikulu bat idazteko eskatu nion, duela bi urte eta erdi, Joseba Arregiri Hemen aldizkariko lehen zenbakirako. Eta idatzi zuen. Eta erabat zentzuzko jotzen ditudan zenbait gogoetarekin batera, gaur auzitan jarri nahi nituzkeen baieztapen batzuk ere egiten zituen artikulu horretan. Bi salakuntza nagusi egiten zituen:
1) “Transferentzia erlijioso gisa funtzionatzen duen abertzaletasuna”[1]; alegia: identitate kolektiboa absolutu edo Euskal Herria Jainko bihurtzen duen abertzaletasuna.
2) Erlijioa “proposamen politiko jakin batzuen, batez ere abertzaletasunaren, legitimazio gisa”[2] erabiltzea. Beraz, bi bekatu nagusi ikusten ditu Joseba Arregik euskal kulturan eta erlijioan, bata bestearekin uztarturik: abertzaletasuna erlijio bihurtzea batetik, erlijioa abertzaletasunaren morroi bihurtzea bestetik. Egia esan, oso kontuan hartzeko oharpenak iruditzen zaizkit biak. Edozein nazionalismok du –edozeinek– erlijio bihurtzeko edota erlijioa lagun hartzeko tentazioa. Eta, alderantziz, edozein erlijiok du proiektu politiko jakin batzuen sostengu bihurtzeko edota botere publikoak bere onerako erabiltzeko tentazioa.
Rikardo Arregi bere anaiak 1967an idatzitako “Euskaltzaleen Jainkoa hil behar dugu” entsegu sonatua[3] aipatzen zuen Joseba Arregik bere alde aipaturiko artikuluan. Dena den, nire iritzian, Josebak bere astoari arre egiteko erabiltzen du Rikardoren entsegua, eta bere ikuspegi eta aukera politikoek bultzatzen dute horretara, itxura guztien arabera. Ikus dezagun: nekazal giroko “euskaltzaletasun” premodernoa eta askatasunaren aurkako erlijio premodernoa salatzen zituen Rikardok, eta biek elkarrekin egina zuten itun itogarria, bata bestearekin lotzen zuen uztarri gogorra. Rikardok ez zion inoiz uko egin ez Jainkoari, ez euskaltzaletasunari, ez bien arteko harremanari. Fededuna zen Rikardo, eta euskaltzale sutsua, baina kristautasun kritiko eta modernoa amesten zuen, eta euskaltzaletasun laiko eta sozialista zuen helburu, inondik ere ez (euskal) kulturaren eta erlijioaren arteko etena.
Eta Josebak? Abertzaletasunik gabeko erlijioa ez ezik, eta euskaltzaletasunik gabeko Jainkoa ez ezik, euskal kulturarik gabeko erlijioa proposatzen digu Josebak. “Kristau sinesmenak bere burua edonolako kultur baldintzatatik”[4] askatu behar duela baieztatzen du inolako ñabardurarik gabe. Beste hitzetan: kulturarekiko inolako loturarik gabeko erlijioa proposatzen digu, eta zehatzago esanda, euskal kulturarekiko inolako loturarik gabeko erlijioa. Nago, urrutitxo joan dela Joseba Arregi, bere anaia Rikardoren aitzakian, baina haren bidetik aldenduz.
Izan ere eta honetara bildu nahi nuen, eta hemen heltzen diot hariari: kultura batean txertatu gabeko erlijiorik ez da posible. Ozen eta irmo esan behar da: ez da posible kultura batean sustraitu gabeko erlijio pururik. Hizkuntzarik gabeko giza bizipen aseptikorik ez den bezalaxe, ez da posible kulturarik gabeko erlijio aseptikorik. Edozein erlijio, baita kristautasuna ere, kultura batean edo bestean txertatzen da nahitaez, mundu-ikuskera batean edo bestean oinarritzen da nahitaez, hizkuntza batean edo bestean mintzatzen da derrigor. Edo hizkuntza askotan, baina ez denetan berdin, ez denetan batera. Erlijio-bizipena ez da inongo kulturarekin identifikatzen, baina kultura batean edo bestean sortzen da beti, eta kultura baten edo bestearen baitan adierazten da.
Gatozen geurera. Euskal kultura erlijioaren uztarritik askatu behar da, noski (bapo askatua dago, alajaina!). Eta erlijioa euskal abertzaletasunetik bereizi behar da, noski (baita erdal abertzaletasun guztietatik ere, nahiz eta Joseba Arregik hori ez digun esaten). Baina nire kristautasuna ez litzateke berdina izango Afrikan jaio izan banintz, eta ez litzateke berdin-berdina izango ere Cadizen jaio izan banintz ere. Ezin dut neure fedea berdin-berdin bizi eta esan Euskal Herrian bizi banaiz eta Indian edo Parisen biziko banintz.
2. Kulturaren sustraiak erlijiosoak dira
Erlijioa kulturan txertatzen da beti. Baina hori esatea ez da aski. Kulturaren eta erlijioaren arteko zerikusia ez da hor agortzen. Alderantziz ere esan behar da: kulturaren azken sustraiak erlijiosoak dira. Noski, zentzurik zabalenean (eta sakonenean) darabilt hemen “erlijio” hitza.
Gizakia izaki sinbolikoa da, hau da: ikusten duena ikusezinaren ikur gertatzen zaio, dakiena jakin ezinaren zantzu, eskuetan daukana atzeman ezinaren lekuko. Hori hala ez balitz, Errealak edo Atletic-ek ez ligukete hainbeste gozaraziko eta sufriaraziko. Urrutiagotik gatoz beti eta urrutiagora goaz, inon erabat kokatu ezinik. Eta bidean, etxeak eta hiriak, doinuak eta dantzak, ipuinak eta usadioak, hizkuntzak eta zientziak, filosofiak eta erlijioak asmatzen ditugu. Hori guztia eta gehiago da kultura. Eta, gizakiak bezala, urrutiagoko eta hurbilagoko misterioan ditu sustraiak.
Horregatik dira poetak, eta musikariak eta ipuin-kontalariak. Eta maitaleak. Eta justiziaren aldeko militanteak. Eta mistikoak. Azken batean, zer erakutsi nahi du poetak, hitzaz haraindi dagoen mezu esanezina ez bada? Zer erakutsi nahi du musikariak, doinuaz haraindi dagoen isiltasuna ez bada? Zer erakutsi nahi du margolariak forma eta kolore guztietan itsasten den edertasun atzeman ezina ez bada? Eta zer bilatzen du justiziaren aldeko militanteak, erabateko justizia ez bada? San Sebastianetan aspertu gabe danborra jotzen ari denak zerekin gozatzen du, biziaren amaigabeko festaren ametsarekin ez bada?
Euskal kulturaren erroak ere erlijiosoak dira. Gure kulturak ere misterioaren lur handietan ditu bere erroak. Gure asaba zaharrek galderarik eta ametsik sakonenak irudikatu zituzten, duela 13.000 urte, Ekaineko arpeko horma ilun eta latzak margotu zituztenean. Euskal arimaren hondoeneko eta goreneko penak eta pozak adierazten zituzten, mendietan nahiz ibarretan, gure doinu eta dantza zaharrek. Eta gure artista guztiek.
Gure artisten artean handienetakoa aipatuko dut, adibide gisa: Eduardo Txillida. Jainkoarenganako zuen fedean eta igandero mezatara joatean baino ere, uste dut artean adierazten zuela hobeto Txillidak erlijio-sena eta arima mistikoa: ipini eta gehitu ordez, kendu eta hustu behar horretan, funtsezkoaren bila. “Espazioan ipintzen duguna baino garrantzitsuagoa da espazioa bera”, esaten zuen. Espazio hutsean eta itsasoko zeruertz mugagabean misterioa besarkatzen du Haizeen orraziak.
Gauza bera egin zuen Arantzazuko elizako ateetan, burdin xaflak tolestatuz. Eta gauza bera Oteizak ere hamalau apostoluekin, harri handiak mailuka hustuz. Gauza bera Luzio Muñozek absidean, egurra zulatuz eta margotuz, mendi-malkarrak zeru-argitara irekiz. Gauza bera Eulate frantziskotar donostiarrak, beirateak argiaren urdinez eta berdez eta gorri minez jantziz.
Artista handi guztiak mistikoak dira zentzurik onenean. Eta gure ipuingile eta poetak ere mistikoak dira, nahiz eta inongo erlijiorik ez praktikatu. Mistikoak dira, noski, Joxean Artze, Xabier Lete, Joan Mari Irigoien, Pello Añorga, Patxi Zubizarreta eta Andoni Salamero. Baina, beste modu batera, Juan Kruz Igerabide, Felipe Juaristi, Pako Aristi eta Joseba Sarrionandia ere mistikoak dira nire ustez. Agnostikoak direla? Luzio Muñoz, Arantzazuko absidea egin zuena, agnostikoa zen , baina baita mistikoa ere. Mistiko guztiak dira agnostiko zentzu batean, erlijio-sistema orotatik libre diren heinean. Ez dakit egiazko agnostiko izateko mistikoa izan behar ote den, baina ez dut zalantzarik egiazko mistiko izateko agnostiko izan behar dela nolabait, hau da, irudi, sineskizun eta erritoetatik libre. “Ez gara geure baitakoak”, dio Joseba Sarrionandiaren izenburu batek, eta horixe hartu genuen Hemen aldizkariaren lematzat. “Ez gara geure baitakoak”: ez al da hori adierazpen mistikoa?
Beraz, dakiguna eta daukaguna ez dugu aski. Zientziak, makinak eta kontsumogai guztiak ez ditugu aski. “Telezaborra” eta futbola ez ditugu aski. Amodiozko aldizkari kuxkuxeroak ez ditugu aski. Maiseaketaren eta jardun hutsaren kultura axalekoa ez dugu aski. Negozioen eta alderdi politikoen kontuak ere ez ditugu aski. Uste dut, gizakiaren bilaketa eta ametsik sakonenak baztertzen dituenean, arriskuan dela kultura, eta arriskuan dela gizartea. Uste dut, kulturak ez diezaiokeela erlijioari bizkarra eman, bere burua ukatu gabe. Eta ez dut inolaz joan den belaunaldiko kultura elizkoi eta santujalea amesten. Gaurko kulturari begira, ez naiz ezkor, ez. Gaurko euskal kulturaren aurrez aurre ere ez naiz ezkor. Bizi-bizirik dago. Baina beldur ere banaiz. Beldur naiz askotan, ez ote garen errazegi konformatzen. Ez dadila gure kultura lur axalegian zimeldu! Ez ditzala biziaren sustraiak ihartzen utzi! Izatearen misterioan murgilduko gaituen eta bizitzen irakatsiko digun kultura behar dugu. Dohain eta egarri handiagoaren lekuko den kultura. Erroak dituen eta errotuko gaituen kultura behar dugu.
Eta, hain zuzen ere, horretan lagundu behar lioke erlijioak euskal kulturari. Laguntzen ote dio? Ez, ez dio apenas laguntzen, eta oso grabea da. Horixe aztertu nahi nuke hurrengo puntuan.
3. Erlijioak euskal kulturan tokia galdu du. Durangoko Azoka dela eta
Urteroko zitak ez zuen huts egin, eta Kontzezioko zubian Durangoko Azoka izan zen. Hor daukazue: gure gizartean inor gutxik daki zergatik den jai Kontzezio eguna, eta zer arraio ote den Kontzezio delakoa. Eta egun horretan mezatan izan ziren kristauek eurek ere, auskalo nola ulertzen duten Kontzezio jaia. Horra gertatzen ari zaigunaren adibide gardena: erlijioak egutegia eratu zuen (aste egunak eta jai egunak, herrietako jaiak eta herrien izenak, jaiotzako errituak eta heriotzako errituak…), hau da, erlijioak kultura eraiki zuen, baina kulturak bere bidetik jo zuen, eta erlijioa bere bidean geratu zen, eta bi bideak elkarrengandik aldendu ziren, iturria eta ura elkarrengandik aldendu balira bezala edo elkar ahaztu balute bezala. Erlijioa azal huts bihurtu da kulturan, eta kultura ere mamia galtzeko arriskuan da erlijiorik gabe.
Durangoko Azoka izan zen, beraz, eta han ginen Euskal Herriko euskarazko hiru argitaletxe erlijioso (Idatz, Karmel, Arantzazu) eta Hemen aldizkaria. Kristau katolikoak denok. Elkarrekin ginen, mahaikide eta adiskide. Han ziren kristau ebanjelikoak ere beste mahai batean.
Baina aitortuko dizuet, Azokako doinu eta zarata artean, eta mahairik mahai zebilen jendeari begira, behin baino gehiagotan egiten niola neure buruari galde: “Guk zer egiten dugu hemen? Zertara etorri gara hona? Gure mahaiko argitalpenak ez zaizkio hemen inori interesatzen, edo ia inori ez”. Tokiz kanpo bezala sentitzen nuen neure burua.
Zer gertatu da? Erlijioaren eta gaurko euskal kulturaren artean izugarrizko etena gertatu da. Ezaguna da, Nestor Basterretxeak Arantzazuko kripta margotu zuenean, herriari bizkarra emanez margotu zuela lehenengo aldareko Kristoren irudia. Setien gotzainak lortu omen zuen, kostata lortu ere, Basterretxeak herriari begira jar zezan Kristoren irudia. Kristo herriari bizkarra emanez: irudi bortitza. Besteak beste, kristau-erlijioaren eta kulturaren arteko haustura, etena, adierazten du niretzat Basterretxearen lehen asmoak. Artistak, kulturak, kristau erlijioari bizkarra ematen dio, erlijioak kulturari bizkarra eman diolako beharbada.
Erlijioaren eta euskal kulturaren arteko etena ez da gaurkoa, eta Mendebalde osoan gertatu da, ez Euskal Herrian bakarrik. Aspalditik dator: Modernitatearen hasieratik. Edo lehenagotik: Errenazimendutik[5]. Gure erlijioak kristau-erlijioaren erakundeak, erakunde katolikoak batik bat Erdi Aroko zama handiegia du oraindik. Gaurko gizartean arrotz bihurtu gara. Gure hizkera ulergaitz bihurtu zaio euskal gizarteari, gure sineskizunak sinesgaitz. Hiletakoetan eta gizarte-konpromisozko elizkizunetan parte hartzen dutenei urrun eta hotz gertatzen zaie gure liturgia. Kristau erlijioa erabat desagertu da gure hedabideetatik. Edo okerrago dena: Vatikanotik edo gotzainen Konferentziatik tarteka datozen adierazpen onartezinak eta apaizen baten edo besteren sexu-eskandaluak bakarrik agertzen dira. Erlijioa morbo huts eta kontu bitxi huts bilakatu da.
Durangoko Azokatik urrutiegi joan ote naiz? Beharbada bai. Baina horixe uste dut, eta Durangokoak nabarmenago erakutsi zidan: gaurko munduan norabidea galduta gabiltza kristauok edo hala dabil bederen kristau-erakundea, eta aspalditxotik gainera. Geure garaiko kulturan Jainkoaren arnasa sumatzeko gauza ez izatea eta kultura honi berri ona, biziari buruzko eta itxaropenari buruzko hitz ona, adierazteko gauza ez izatea, Jesusen ebanjelioaren argia eta gozoa gaurko gizakiari gozarazten ez jakitea oso grabea da. Eta ez da inoren errua, baina bai guztion erantzukizuna.
4. Euskarazko kulturan ere, erlijioak lekukoa galdu du
Eta euskarazko euskal kulturari begiratzen badiogu, are nabarmenago gertatzen da kristau erlijioaren deserosotasuna, lekurik eza edo kokatu ezina. Lekua edo lekukoa galdu dugu. Euskarak erlijioari, kristau-erlijioari, asko zor dio. Dena zor diola esatea ere ez litzateke gehiegikeria handia izango. Monasterio batean idatzi ziren ezagutzen diren lehen euskal esaldiak[6]. Sermoilariak izan dira menderik mende hizkuntza-kreatzaile nagusi. Nork sortu zuen Euskaltzaindia eta nor izan ziren euskaltzain eta euskaltzainburu garai gogorretan, inolako eskerrik eta irabazirik gabe? Nork sortu zituen edo noren itzalean sortu ziren ikastolak? Euskara debekatua zegoen garaian, nork sortu zituen Herri Irratiak, eta Jakin, Zeruko Argia, Anaitasuna eta Karmel aldizkariak? Eta nork egin du euskararen alde karmeldarrek eta pasiotarrek eta frantziskotarrek eta jesuitek eta apaizek egin duten bezalako lanik?[7] Nor ari da karmeldarrak Markinan, frantziskotarrak Arantzazun eta Dionisio Amundarain Lazkaon egiten ari diren liburugintza eta itzulpengintza eskerga musu truk egiten?
Hori guztia ohoragarria da, eta aitorpenik beroena merezi du. Baina argi horien ondoan, are nabarmenago dira gaurko itzalak. Euskararen erabileran kristau Eliza oso atzera gelditu da, gizartearekin alderatuz. Euskararen arloan mendeetan zehar aitzindari izan ondoren, atzetik urrun ageri da gaur. Eta ez Elizak atzera egin duelako, gizartearekin batera aurrera egin ez duelako baizik. Euskalgintzaren eta euskararen lekukoa gizarte laikoak hartua du, eta ez dugu horren damurik. Beharrezkoa zen eta onuragarri da. Euskara esku onetan dago eta pozten gara, nahiz eta etorkizunean hodei beltzak ageri. Ez du ematen, Euskal Herriko Elizak hodei beltz horiek uxatzen asko lagunduko duenik, eta tamalgarria da.
Alde batetik, euskarazko teologiaren hutsunea handia da aspalditik. Euskal Herriko kristau Elizak ez du teologiarik euskaraz egin, ez irakatsi[8]. Hauxe iruditzen zait kristau Elizaren kultur hutsunerik larrienetakoa: euskarazko dotrinak eta debozio-liburuak izan dira, baina euskarazko teologiarik ez.
Bestalde, lehen esan dudanez, erlijioari buruzko gogoeta bera ere gaurkotze eta zaharberritze sakon-sakon baten premian da. Euskaraz ari garenean ere, zer ematen dugu? Euskaraz jardun arren, ez gaitu inork ulertzen. Erlijio-gogoeta berriak eta teologi ikuspegi berriak euskaraz emateko ahaleginak, izan, badira: Deustuko Unibertsitateak argitaratu duen Erlijio-Kulturaren Bilduma da lekukorik onena (hogeitaka liburu dira, eta uste dut ez dutela izan merezi duten aitorpenik). Ahalegin horren lekuko da baita ere Hemen aldizkaria, eta ahaleginari eutsi nahi genioke..
Dena den, kristau erlijioak euskal kulturan duen toki-falta ez da batik bat euskarazko teologiarik eza. Hemen aipatu nahi dudan arazoa euskararen erabilerarena baino zabalagoa da. Bizirik dagoen erlijioak kulturgile izan behar du gizarte zabalarentzat, eta gaur ez da. Hutsunea, zuloa, etena ikusten dut. Badirudi, erlijioaren euskarazko kulturgintza erlijio-erakundearen barnean agortzen dela. Guztiz ekoizpen endogenoa dugula iruditzen zait: erlijio-erakundearen barnetik eta barnerako bakarrik ari garela: liturgi argitalpenak, gotzainen hitzaldiak, erlijio-gaiei buruzko argitalpenak, teologi liburuak, Hemen… Hori guztia beharrezkoa da, baina ezer gutxi da.
Euskal kulturak hori baino gehiago behar du erlijioagandik, kristau-erlijioagandik bereziki. Arlo guztietan izan behar luke erlijioak kulturaren sustatzaile, berritzaile, bizigarri. Artean eta literaturan, etikan eta hezkuntzan, Unibertsitatean eta politikan behar luke erlijioak inspiratzaile eta eragile. Eta noski, ez dut inolaz ere inongo erlijio-erakunderik inoren eta ezeren zentsore nahiz kontrolatzaile izatea nahi. Erlijioa inspirazioa da: inspiraziozko mezu, inspiraziozko bizipen. Eta erlijioak, ezer egitekotan, inspiratu egin behar luke: biziaren begirunea, naturaren zainketa, edertasunaren erakarmena, justiziaren bilaketa, espiritualtasun-bideen edo bide berrien urraketa, erlijioen arteko elkarrizketa, bakegintzarako guneak etab. etab. inspiratu behar lituzke. Baina iruditzen zait inspirazioa agorturik gabiltzala sinestunok. Eta ez legoke gaizki, falta zaigun inspirazioa, besteak beste, kulturan bertan bilatuko bagenu.
5. Erlijio-aldaketa handien aurrean eta premian gaude
Lantuka jardunda ez dugu ezer. Euskal kulturgileen edo hedabideen aurka negarra jotzea alferrik da. Geure buruari harrika ematea ere bai. Ez da errudun-sentipenetarako garaia. Erlijioaren etorkizun berria eraikitzeko garaia da. Eta horretarako apaltasun handia, bihotz beroa eta buru argia behar ditugu.
Erlijio-berrikuntza handi baten aurrean eta premian gaude. Kulturaren aldaketak erlijioaren dakar berekin: erlijio-bizipena adierazten duten hitz, irudi, sineskizun, erritu eta erakundeen aldaketa. Ekaineko biztanleak fededunak ziren zalantzarik gabe, baina euren erara, ez gure erara (euren erara ziren euskaldunak ere, ez gure erara). Eta hain urrutira jo gabe, a zer aldaketak ezagutu dituzten azken berrogei urtetan gure herriko kulturak eta erlijioak! Euskaldunak fededun behar zuela uste zuten Lauaxetak, Orixek, Lizardik. “Euskalduna fededun” zen garaian idatzi zuen Xalbador Mitxelenak Arantzazuko euskal poema. “Euskalduna fededun” zen oraindik Gandiagak Elorri idatzi zuenean, duela berrogei urte. Baina kultur aire eta herri-giro berria bularra betean arnastu zituen Gandiaga poeta fededunak egia esan, herri-giro berria gehiago kultur giro eta erlijio-giro berria baino, eta fedearen mistika sakonagotu zuen eta poesiaren ederra ederragotu. Hori dugu bidea. Eta nago, euskal Elizak oro har ez diola bide horri jarraitu.
Kultur aldaketa gertatzean, erlijio finkatuak koloka jartzen dira, krisialdiak jotzen ditu. Baina krisialdiak berrikuntzarako parada dira. Aldaketarako eta berrikuntzarako parada bihurtu behar dugu gaurko krisialdia. Guri dagokigu erlijioa biziberritzea, kultura biziberritzeko. Eta horretarako, gaurko kulturari gauden baino askoz adiago egon behar dugu. Euskal kulturaren ez kultura abertzalearen, bego lasai Joseba Arregi sustatzaile eta sortzaile izango bada, euskal kultura berri eta aldakorrean txertatu beharra du kristau-erlijioak. Badira horrelako proiektuak: horra, esate baterako, pasiotarren Orue proiektua eta Arantzazuko Gandiaga Topagunea. Eta Pio XII.a Erlijio Zientzietako Goi Institutuak Donostiako Koldo Mitxelena kultur etxean antolatzen duen Foroa. Edo Zumaiko karmeldarren komentua erlijioaren eta kulturaren arteko topaleku bihurtzeko egitasmo bikaina (gehiago jakin nahi duenak galde biezaio Joseba Ossari…). Edo Bizkaian sortu eta zabaltzen ari den Kristau Sarea. Edo Iparraldeko Fededunak. Aurkituko al dute sorrerako inspirazioa hezurmamituko duenik!
6. Erlijioarekiko etsaigoa ere euskal kulturan lekuz kanpo dago
Hori ere esan beharrekoa da, denak esateko. Zeren badirudi erlijioa arbuiatzen duena bakarrik izan daitekeela modernoa, erlijio-kontu guztiak superstizioa eta bortizkeria besterik ez direla eta ez dela posible kulturarik erlijiotik urrun izan ezik. Erlijioa itsustea errazegia da gaur, eta erlijio-erakundeek arrazoi edo aitzakia gehiegi ematen dute horretarako. Baina erlijioaren aurkako aurreiritzietatik eta salakuntza topiko errazetatik libratu ez den sasimodernoak ere badira. Gehiegi.
Erlijioa eta erlijio-erakundeak zatartzea ez da aski. Eta ez da beti bidezko, ezta urrik eman ere. Edo besterik ikusten ez dutelako edo halaxe komeni zaielako, erlijioa hedabideetan beti parte txarretik eta parte txarrerako hartzen dutenei esan nahi nieke: “Aizue, kristau guztiok ez gara COPE, eta gotzain guztiak ez dira Rouco edo Cañizares, eta oso gutxi dira hemen zenbait manifestaziotara joan direnak. Asko dira asko gara hemen erlijio-mota bati aspaldi uko egin genionak, baina ez erlijioari. Asko gara hemen erlijioaren beraren izenean kritikoak”.
Izan gaitezen kritikoak gaurko kulturarekin ere, eta ez erlijioarekin bakarrik. Gaurko kultura orokorra oso arina eta funsgabea da, eta hori ere esan beharra dago. Begiratu bestela telebistari: ikuslegoa irabaztea du lehen helburu, eta bere burua erabat saldua du lehia zoro horretan. Eta askoz gehiago saltzen du morboak, gogoetak baino. Hedabideek erlijioari buruzko berri exotikoak eta morbosoak maiteago dituzte, gogoeta sakona baino, arlo guztietan gertatzen den antzera.
Erlijio-erakundeei buruzko berriek, erlijioari buruzko gogoetak, erlijiozko argitalpenek presentzia serioa eta duina merezi dute hedabide publikoetan. Gizatasunaren izenean, gizarteko parte handi bati zor zaion begirunearen izenean eta kulturaren beraren izenean. Eta gaurko hedabideetan ez dut hori ikusten. Adibidetxo bat. Inork ezin ukatuko du, zenbait erakunde erlijiosoren eskutik, euskal kultura aberasten eta hornitzen duten argitalpen asko izan dela azken bost urte hauetan. Denak ezin aipatu eta, Deustuko Unibertsitateak argitaratu duen Erlijio Kulturaren Bilduma hatuko dut berriro ahotan. Hogeita bost liburu pasa dira, potolo askoak batzuk, itzulpenak nahiz euskaraz sortuak, eta kristau-fedearen arlo nagusiak gaurko kulturara egokiturik eta euskaraz ematea dute helburu. Harritu egiten naiz, ordea, zeinen arreta gutxi eskaini dioten “gure” hedabideek, eta “euskalgintza” etengabe ahotan dutenek. Ez dakit jakinaren gainean edo oharkabean egin ote duten, baina ez da normala, eta ez da inoren onerako. Garaiz eta lekuz kanpo deritzat.
Ederki asko idatzi zuen Anjel Lertxundik Hemen aldizkariaren lehen zenbakian: “Tamalez, euskaldunok gehiago dakigu aurre-historiako euskal erlijioaz azken berrogei urteetan gertatu diren aldaketa erlijiosoei buruz baino”[9]
Harritzekoa da, zeinen erraz erabaki duten askok erlijioaren arazoa. Adibidetxo bat hemen ere: “Zer esango zenuke Jainkoaz”, galdetu zitzaion Hemenen Arantxa Iturberi. Luma zorrotz eta arinez erantzun zuen, parkean alabatxoarekin zegoen amarena kontatuz: “Olentzerok ez du existitzen, baina opariek jarraituko dute”, esaten dio amak alabari. Gero, Jainkoaz galdetzen dio alabak, eta amak ez daki zer erantzun, eta ez adituarena egiten dio. Azkenean, alabak berak erantzun behar: “Jainkoarena, ama, zuek zaretela! Ez duela existitzen!” Olentzero eta errege magoak eta Jainkoa, “denak dira ipuinak, umeak zoriontsu izan daitezen sortutako eta ahoz aho transmititutako ipuinak. Edo gezurrak. Edo fantasia. Edo iruzurra“[10]. Arantxa Iturberi galdetuko nioke: “Eta nola dakizu horrenbeste? Nola dakizu Jainkoa ipuin hutsa dela Olentzero bezala, eta ez alderantziz: Jainkoa nola edo hala badelako sortzen ditugula ipuinak?”
Gizakiaren galderarik eta bilaketarik sakonenak kudeatzen ditu erlijio-erakundeak, ondo edo gaizki, eta galdera eta bilaketa horiek erabat baztertzen direnean, garbi esango dut: ez dago egiazko kulturarik. Ez dut pentsalari sakonik ezagutzen, denik eta agnostikoena izanda ere, erlijioak zer pentsa ematen ez dionik. Anjel Lertxundi agnostikoa aipatuko dut. Erlijioak gaur esatekorik ba ote duen galdetuta, hona zer erantzun zuen Hemenen: “Erlijioa fenomeno inportantea da, erlijioaren oinarriko galdera hor dago beti, eta horrek, aldez edo moldez, badu garrantzia sinestunentzat eta sinesten ez dutenentzat”[11]. Eta aurreraxeago: “Egia esan, ez dakit erlijioak nora begiratu behar duen batez ere: gora, norbere bihotzera, hurkoengana… Ez naiz nor hori erabakitzeko. Baina atzera da, nire ustez, begiratu behar ez duen lekua. Tamalez, ordea, erlijioarekin zerikusi duten gorabehera asko jarduerak, erakundea… atzera begira ikusten ditut nik: mundu iragan baten galdu minez”[12].
Ziur naiz, erlijioaz zer hitz egin asko dugula fededunok Anjel Lertxundirekin. Eta baita Arantxa Iturberekin ere segur aski.
7. Konklusioa eta hiru proposamen
Beraz, erlijioa eta euskal kultura ezin dira nahastu, baina ezin dira bereizi. Bien arteko itunak ez dira on, baina ezta etenak ere. Ona da kultura erlijioaren uztarritik askatzea. Beharrezkoa da agian erlijioa Joseba Arregik eskatzen duen bezala “euskalzaletasunetik askatzea”, baina esango nioke Joseba Arregiri baita beste zaletasun nahiz fobia guztietatik ere. Zaletasunak morroi bihur gaitzake; fobiak morroi bihurtzen gaitu.
Edonon eta edonoiz, erlijioak eta kulturak elkar suspertu behar dute. Erlijioak euskal kultura suspertu behar du, eta euskal kulturak erlijioa. Ez bata bestearen morroi bihurtzeko, ez batak bestea lotzeko eta murrizteko, batak bestea libreago eta kritikoago egiteko baizik. Ez dago kultura batean txertatu gabeko erlijiorik, ezta sakonean erlijioaren sakonean nolabait errotu gabeko kulturarik ere.
Gaur eta hemen fededun izan nahi duenak, ezinbestekoa du bere fedea gaurko kulturan eta, beraz, gaurko euskal kulturan txertatzea. Eta, askori gehiegizkoa gertatuko zaien arren, era berean esango dut: euskal kulturak mesede luke erlijioaren eta kulturaren iturrietara hurbilduta. Horretarako, hiru proposamen luzatzen ditut.
1) Espiritualtasun-topalekuak edo zentroak edo foroak sortu, sinestun eta sinesgabe bilatzaileok elkarrekin: gizakiaren galdera eta egarriei elkarrekin erantzuteko, espiritualtasun ekologiko eta ekumeniko berri baten bideak zabaltzeko, gizarteko eta munduko arazoei buruz elkarrekin gogoeta egiteko, arlo guztietako zientzien eta erlijioaren arteko elkarrizketa bultzatzeko… Eta erakunde publikoen laguntza jaso beharko luketela uste dut.
2) Euskal Herriko Teologia Fakultateak bateratu, indarrak biltzeko, eta ahalik irakasgai gehien euskaraz eman ahal izateko. Gaur egun hiru Fakultate eta bost Institutu ditugu: zentzugabea da. Beste arlo askotan gertatzen are nabarmenago da teologiaren arloan: gutxi gara, inor ez apenas, eta banatuak gaude, edo barreiatuak gutxienez…
3) Euskal Herriko Unibertsitatean Erlijio-Zientzietako Departamendua sortu. Uste al dugu Unibertsitatea modernoagoa dela bere egitarau guztietatik erlijioa ezabatu duelako? Ez al gara ohartzen, bestalde, ez dela ez daitekeela ezer ezaba ordezko zerbait jarri gabe? Ederki asko esan zuen hori Danton-ek, ederki asko sakondu zuen Comte-k, ederki asko gogoratzen digu R. Debray-k, eta hirurak ere ez dira inondik argizari-jale… Zer ari gara jartzen Unibertsitatean kendu dugun erlijioaren ordez? Aski ote da? Nire ustez ez. Eta ez diot Unibertsitatean erlijio konfesionala irakatsi behar denik, ezta hurrik eman ere. Baina “jakintza guztien” eta “jakituriaren” egoitzan nola falta daitezke atzoko eta gaurko erlijioek gizakion azken galderei buruz eskaintzen dizkiguten argi-izpiak eta itzal-uneak? Zer utzi hobeto jakingo genuke, zer hartu hobeto bageneki. Eta hobeto bizitzen ikasiko genuke.
Zabal bedi erlijioa gaurko kulturara, aireberritzeko. Zabal bedi kultura erlijiora, arnasberritzeko. Ez dira bi, eta ez dira bat, baina inoiz ez dira bata bestea gabe. Kulturatik etenda dagoen erlijioa zurrundu egiten da; iturritik urrundu den kultura agortu egiten da.
Fededunok gaurko kulturaren barnean eta gaurko kulturgileekin batera egin nahi genuke bidea. Bidelagunak ez zaizkigu falta.
In Joxe Arregi (arg.). Erlijioa eta erlijioak gure gizartean. Deustuko Unibertsitatea, Bilbo 2010, 17-28 or.
(Argitaratua in: HEMEN 13 [2007)], 13-44.)
-
Joseba Arregi, “Erlijioa euskal kulturan”, in Hemen 1 (2004), 25. or. ↑
-
Ib., 27. or. ↑
-
R. Arregi, “Euskaltzaleen Jainkoak hil behar dugu”, in Jakin 27-28 (1967), 23-37 or. ↑
-
Ib., 27. or. ↑
-
Arrazoi historiko, kultural eta politikoak medio, euskaldun “ilustratuek” euskarari edo gutxienez euskaraz idazteari muzin egin zioten (salbuespen batzuk aipatu beharko lirateke Munibe eta beste, baina utz dezagun horretan). Baserrietara eta elizara zokoratuz joan zen euskara. Ondorioz, bazirudien baserria eta erlijio ilustratu gabea zirela euskararen eta euskal esentzien gordailu, eta egiazko euskaldun. Euskaldunak fededun behar zuen, eta fededunak premoderno; beraz, euskaldunak ere (zer esanik ez “euskaltzaleak”, eta zer esanik ez “abertzaleak”) premoderno. Zergatik gertatu zen hori? Euskaldun agnostiko eta “modernoek” euskara zapuztu zutelako ala euskaldun fededun “premodernoek” euskara eurentzat bakarrik hartu zutelako? Bata bestearen harian lotzen dira, segur aski, bi arrazoiak. Kontua da, XX. mendeko bigarren hamarkada arte ez dela, esateko, euskal literatura ilustraturik eta eliz erakundetik emantzipaturik izan: Juan San Martin, Jon Mirande, Txillardegi, Aresti, Mitxelena bera… dira aurrenak. Eta kontua da, orobat, euskaraz idatzi duen fededun “modernorik” ere ez dela izan apenas. “Jakin”ek eta “Zeruko Argia”k egin nahi izan zuten, zalantzarik gabe, horrelako zerbait, baina erlijioaren aurkako erauntsian ito ziren asmo horiek. ↑
-
Egia esan, Iruña-Veleiako aurkikuntzek gezurtatu dute baieztapen hau, gezurtatu beharrik baldin bazeukan. ↑
-
XX. mendean euskararen alde lan egin duten “elizgizon” ezagunen zerrendak luzeegi joko luke. Aipa ditzadan batzuk, halere. Karmeldarrak: L. Akesolo, S. Onaindia, A. Zubikarai… Frantziskotarrak: L. Villasante, I. Berriatua, B. Gandiaga, Jakin taldea, Mendu taldea… Jesuitak: Olabide, P. Mujika, P. Altuna, G. Garate… Apaizak: R.M. Azkue, M. Lekuona, J. M. Barandiaran, P. Lafitte, J. Kerexeta, J. M. Satrustegi, J. M. Lekuona, J. M. Aranalde… Pasiotarrak: J.M. Larrarte, S. Berruetabeña… Izen hauek guztiek ez dute, halere, Eliza katolikoaren euskararekiko politikak mendeak zehar izan dituen zenbait itzal larri argitzen. Mendeetako itzal horietako batzuk aipatzearren: Erdi Aroan ez zuen euskaraz ezer idatzi (dakigula), euskarazko Biblia eta liturgia herriari ukatu zizkion, eliz administrazioan ez zuen euskararik erabili, euskarazko teologiarik ez zuen bultzatu… Ik. bereziki J. Intxausti, “Eliza Katoliko erromatarra eta euskara. Haren hizkuntza hautapenei bueruz zenbait ohar”, in Euskara 49/2 (2004), 811-873 or.; J. Intxausti, “Elizak egin (ez) duen euskarazko kultura idatziaz”, Hemen 4 2004), 63-79 or. Intxaustik berak idatzi du: “Gaur egun nekez egongo ginateke gauden lekuan, eliztar batzuek burutu zuten lana egin ez balute; baina azken mendeko hizkuntza hondamendia ere ulertezina da, adibidez, eliztarrek gidaturiko irakaskuntza pribatuaren kolaborazioa gaiztorik gabe. Beste edozein histori unetan baino ere anbiguitate kezkagarriagoak topatzen ditugu XX. mendean” (“Eliza, euskararen historia sozialean”, in, Herria 2000 Eliza 88 [1987].25. or.). Ik. baita ere: J. Intxausti, “Talde euskaltzaleen garapen historikoaz (XVI-XX. mendeak)”, in J. Intxausti (arg.), Hizkuntzen aldeko mugimendu sozialak. Donostiako Udako XII. ikastaroak (1993ko Uztaila), EHU, Bilbo 1998, 17-56 or.; X. Itzaina, “Eliza eta euskaltzaletasuna: bost ikuspegi”, in Euskara 47/2 (2002), 627-641 or. ↑
-
Ik. J. Intxausti, “Elizak egin (ez) duen euskarazko kultura idatziaz”, l.c., 76-79 or. ↑
-
Hemen 1 (2004), 73. or. ↑
-
Hemen 5 (2005), 81-82 or. ↑
-
Hemen 1 (2004), 73. or. ↑
-
Ib., 74. or. ↑