Espiritualtasuna eta klase-borroka

“Espiritualtasuna eta askapen politikoa” (*) gaiari buruz oraindik orain eman nuen hitzaldia dela eta, lagun batek zera idatzi dit: “Espiritualtasunari eta klase-borrokari buruz duzun ikuspegia partekatzea gustatuko litzaidake”. Ez da erronka makala 2021 honetan, hainbeste pandemia dugun urtean eta garaian, ez COVID 19a bakarrik, nahiz eta hau hain latza den. Hona hemen funtsezko zenbait ohar, galderak gehiago ziurtasunak baino.

  1. Hain zuzen ere, 50 urte dira Giulio Girardi, salestar apaiz, unibertsitateko irakasle, marxismoaren eta kristautasunaren arteko elkarrizketaren aitzindari, Vatikanoko II. Kontzilioko gonbidatuak Maitasun kristaua eta klase-borroka (1971) liburuxka inspiratua argitaratu zuela, benetako best sellerra. Promesaz beteriko garaia zen bai munduan eta bai kristau elizetan. Hainbat iraultza, deskolonizazio, askapen-prozesuren garaia. 68ko maiatzeko eta Vatikanoko II. Kontzilioko oihartzunen, Latinoamerikako oinarrizko eliz elkarte ugari eta dinamikoen sorreraren, Amerika, Afrika eta Asiako askapen-teologia indartsuaren garaia. Konta ezin ahala militante, profeta eta martiriren (Luther King, Camilo Torres, Ché Guevara…) garaia. Klase-borroka eztabaidaezina zen eta zapalduak askatzea posible zirudien. Liburuak gaurkotasun osoa du funtsean gaur egun, zeren, 50 urte geroago, begi-bistakoa baita munduak ez duela hobera joan, okerrera baizik.
  2. Aldi berean, ziurgabeago eta nahasiago ere bihurtu da dena, “klase-borroka” terminoa bera barne. Marxen hizkeran, esamoldeak ekoizpen industrialaren jabe den klasearen eta esplotatutako langile-klasearen arteko liskar ekonomikoa esan nahi du. Baina, gaur egungo marxista kritiko askoren arabera hain juxtu ere, nekez esan daiteke hori denik “klase-borroka” bakarra, ezta kasu guztietan lehena eta behinena denik ere, nahiz eta beti erabakigarria izan. Ezin da esan harreman ekonomikoak direnik historiako lehen eta azken faktore erabakigarria.
  3. “Hasieran” ekonomia zen, bai, baina ez ekonomia bakarrik, eta ez kontsumo-ondasunen ekoizpena (ezta bilketa eta ehiza ere) bakarrik, ez klaseen arteko borroka bakarrik, ezta borroka bakarrik ere besterik gabe. “Hasieran” dena zen: arnastu genuen airea, hartu gintuen argia, bildu gintuen beroa, jaio gineneko gorputza, edoski gintuen bularra, eutsi zigun lurra, gau izartsua. Hasieran materia zen, hots, bizi ororen matrize animatua, energia hutsa den materia, zer den eta nondik eta zergatik den ez dakiguna, eta den oro bere baitan duen Misterioa. Gure historiaren hasieran beldurra eta itxaropena, larritasuna eta bizipoza, maitasuna eta gorrotoa, handinahia eta eskuzabaltasuna ziren. Hasieran dena zen eta dena harremandua zegoen, eta kausa oro ondorio ere bazen, eta ezer ez zen “lehenago” izan, guztiarekin batera baizik. Eta horrela da orain ere dena. Ezin da ezer ezertara erreduzitu, den guztiak guztiari eragiten baitio, eta dena batera pentsatu behar da, jakinik pentsamendua ez dela inoiz lehena ez azkena. Eta, lanbro guztien erditik, bizi-arnasa sakonak begiak irekitzera gonbidatzen gaitu eta onartzera ezen bakearen tentsioa dela guztiaren sorgune.
  4. Duela bi hamarkadatik hona laugarren industria-iraultzan sartuak gaude, zeina Marxek XIX. mendeko Alemania, Belgika, Frantzia eta Ingalaterra industrialetan ezagutu zuenaren oso bestelako mundua ari baita marrazten. Lanaren dibertsifikazioak eta digitalizazioak, ekoizpen- eta merkataritza-harreman guztien konplexutasunak eta globalizazioak, ekonomiaren finantzarizazio gero eta handiagoak, “enpresariek” zein Gobernuek ere finantza-erakunde espekulatzaile gutxi batzuekiko duten mendekotasunak, adimen artifizialak, gauza guztien Internetak, ekoizpenaren eta are erabakien gero eta robotizazio handiagoak, etab. orain arte ezagutu dugunaren oso bestelako mundu batera garamatzate. Laster fabrika guztiak desagertuko dira, eta nolakoa izango da orduan mundua? Fisikoaren, biologikoaren, politikoaren, informatikoaren eta are “espiritualaren” arteko mugak eta giza espeziearen eta tximino handien nahiz tximino txikien nahiz espezie bizidun guztien arteko mugak ia definiezinak diren mundu batean bizi gara dagoeneko. Gizakia lurraren, biziaren, kosmosaren erdigunea eta zentzua ez den munduan. Eta inoiz baino desberdinagoa eta ankerragoa, inoiz baino mehatxatuagoa den mundu global planetarioan, hori da izugarriena…
  5. Gaurko mundu honetan, “ekoizpena”, “ekoizpen-bideen jabetza”, “klase soziala”, “langile-klasea”, “klase-borroka”, “kapitalista”, “proletarioa” bezalako kontzeptuak nekez uler daitezke duela 150 urte bezala. Kapitalista ote da enpresak, alderdiak eta gobernuak erorarazten dituen espekulatzailea? Kapitalista ote da erabakiak eta gainbalioaren onurak enpresako langileekin partekatzen saiatzen den enpresari txikia? Proletarioak ote dira, berez, enpresari txiki askok beretzat nahiko lituzketen soldatak irabazten dituzten langileak? Futbol-talde bat dirua irabazteko enpresa izanik ere, proletario ote dira Espainiako estatuko lehen mailako gizonezko futbolariak, urtean batezbesteko 4 milioi euroko soldatarekin, lehen mailako emakume futbolariek urtean batezbesteko 17.000 euroko soldata jasotzen duten bitartean? Ez ote da inor baino proletarioago seme-alabak, etxea, gurasoak… zaintzen dituen soldatarik gabeko emakume langilea, eta nor da hura zapaltzen duen kapitalista? Zer dira funtzionario publikoak? Zer dira kooperatiba bateko langileak, biziraun ahal izateko lehian ahalegintzen direnak? Zer dira autonomoak? Eta zer dira Afrikako biztanleen % 98 (eman dezagun), ezertarako kontatzen ez dutenak, inor ez direnak eta “inork” esplotatzen ez dituenak?
  6. Kontzeptuak korapilatu egiten dira, baina gauza bat da argi: klaseak existitzen dira, klase “kapitalista” eta “proletarioa” baino askoz gehiago dira, eta desberdintasunak inoiz baino handiago, aberastasuna eta boterea gero eta esku gutxiagotan pilatzen baitira. Klase zapaltzailea eta klase zapaldua existitzen dira, eta batzuen eta besteen arteko borroka inoiz baino errealagoa eta hilgarriagoa da, baina baita gero eta desberdinagoa eta lausoagoa ere, ekonomiaren eta politika globalaren baliabideak eskuetan dituzten botereak –oso errealak baina ikusezinak– gero eta gehiago ari baitira lortzen zapaltzaileen eta zapalduen arteko borroka zapalduen beraien arteko borroka bihurtzea. Aitortzen dut ni ere zapaltzailea eta zapaldua naizela.
  7. 80ko hamarkadaz geroztik nonahi hedatzen eta ezartzen ari den kapitalismo neoliberala gizatasunik gabeko bulkadarik ankerrenen instituzionalizazio gorena da: aberastasunaren gutizia, boterearen anbizioa eta, funtsean, norbaitek baino botere gutxiago edukitzeko edo norbait baino gutxiago izateko beldur irrazionala. Sistema ekonomiko doilorra da, gerra-gatazka okerrenen sustraia eta gerra guztiak batera baino hilgarriagoa. Gorputzak, harremanak, berdintasuna, demokrazia, familia, herriak, planeta, Bizia suntsitzen ditu.
  8. Horra hor gure mundua. Ez al da panorama latzegia? Hala da, baina horrexegatik ezin dugu esperantza galdu, esperantza ez delarik zerbaiten esperoan egotea, baizik eta espirituz eta arnasaz bidea egitea, urratsak, urrats txikiak ematea mundu beharrezko eta posible baten norabidean, mundu aske eta senidetuago, justuago eta baketsuago, gizatiarrago eta ekologikoago, solidarioago eta zoriontsuago baten norabidean. Bidea egitea, nahiz eta inoiz ez iritsi. Eta porrot egiten dugun bakoitzean, eta beti porrot egiten badugu ere, beste urrats bat ematen jarraitzea, bizi gaituen eta geure izatea dugun arnasa sakonak eraginda, apalago eta indartsuago, errebeldeago eta baketsuago egiten gaituen arnasa sakonak. Bizi-Arnasak intziri dagi erditze-minetan intzirika ari den Lurrean. Arnasa sakon horrek eraginda bizitzea: hori da espiritualtasuna, modu erlijiosoan nahiz erabat laikoan agertu, eta beti da politikoa, konprometitua eta askatzailea.
  9. Ez dut esan nahi espiritualtasunak eragiten dien pertsona guztiek “klase-borrokan” modu berean esku hartu behar dutenik, ez errealitatearen ideia eta analisi berberekin, ez proiektu sozio-politiko zehatz beretan. Baina, dena eraldatzen duen bizitzaren espirituak eragiten dien heinean, ahal duten moduan eta dauden lekuan daudela –borroka politikoan, gizarte-mugimenduetan, enpresako nahiz kaleko gatazketan, etxe-esparruan edo are monasterio bateko isiltasunean–, bihotz-garbitasun berarekin, eskuzabaltasun berarekin eta askapen beraren esperantza berarekin konprometitzen dira. Espiritualtasuna ez da opioa, askapena baizik. Erlijioa, aldiz, ez ote opio? Izan daiteke, baina, Marxen beraren hitzetan, zapaldutako izakiaren garrasi askatzailea ere bada.
  10. Beraz, espiritualtasuna –bizitzaren sakontasuna eta beronen lanketa– aktiboa, politikoa eta askatzailea da definizioz. Espiritualtasuna garen barnekotasun eta kanpokotasunaren bake integrala da, eta bake integrala justizian bakarrik izan daiteke. Beraz, merkatu-legeak ezartzen dituzten botereekin aurrez aurre egotea dakar espiritualtasunak, botere horiek pertsonak, kolektiboak eta herriak zapaltzen baitituzte. Espiritualtasunak, menderatutako klaseen edozein nagusitasun-formaren aurkako borrokatik at ez egoteaz gain, borroka eskatzen eta inplikatzen du. Espiritualtasuna nahitaez agertzen da lurraz jabetzen, ondasunak bereganatzen, arnasa hartzea eragozten, bizitza ukatzen dutenekin borrokan. Beharrezko gatazkaren beldur ez izateaz gain, eragin ere egiten du. “Lurrean sua jartzera etorri naiz –esan zuen Nazareteko Jesusek–eta nahiago nuke dagoeneko piztua balego!” (Lk 12,49).
  11. Justiziaren izenean armak hartu eta besteak erailtzeraino? Galdera bihurria. Ezin dut esan pertsona espiritual batek hori inoiz egin ezin edo inoiz egin behar ez duenik (egunero izaki bizidunak hiltzen ditugu jateko…). Baina tradiziorik jakintsuenak –Girardi bera barne– eskatzen dituen baldintzei lotzen natzaie, indarkeria armatuaren aldeko hautua bake-Arnasaren eta bizi-Arnasaren inspiraziotzat hartu ahal izateko: 1) Kausa justua eta funtsezkoa izatea; 2) Helburu justua beste inola lortu ezina izatea; 3) Aski segurtasun izatea, indarkeriazko borrokaren bidez helburua lortuko dela; 4) Aski berme izatea, lortuko den ona eragingo den kaltea baino handiagoa izango dela; 5) Ekintza biolentoa on komunaren maitasunez eta zapaltzailearen beraren maitasunez gauzatzea, zapaltzailea jada ez delarik etsai. Hots, gatazka eta borroka ahalik eta gehien humanizatzen saiatzen da espiritualtasuna.
  12. Benetako bakearen maitasun-suak eraginda, espiritualtasuna eredu kapitalista neoliberal hiltzaile eta ekozidaren erabateko aldaketa estrukturalaren alde konprometitzen da. Baina ezin gara iraganera itzuli, ezin dira iraganeko mundu-ikuspegia, bizitzaren filosofia eta programa politikoak errepikatu ere. Azken 100 urteetako historiak erakutsi du “sozialismo errealak” huts egin diela pertsonen, herrien eta naturaren askatasun- eta ongizate-nahiei. Eta “sozialdemokraziak” sozialismoa eta demokrazia, bai berdintasuna eta bai askatasuna, traizionatu dituela; izan ere, klase nagusiaren interesen morroi bilakatu baita, eta Hirugarren Munduaren espoliazioa eta naturaren suntsipena medio ezarri baitu “ongizatearen estatua”. Ba ote beste irtenbiderik? Ez dut ikusten ekosozialismo feminista eta globala beste irtenbiderik, eta, berau gauzatzeko, ez dut ikusten erabakiak hartzeko, ekoizteko eta kontsumitzeko modu hoberik, planeta-mailako eredu kooperatibo eta ekologikoa baino.
  13. Baina posible ote da? Gizateriak egiazki nahi izango duen eta ados jarriko den egunean bakarrik izango da posible, planeta-eraldaketa horretarako borondate pertsonal eta politiko globala izango den egunean. Edo bizia itotzen duten boteretsuak ohartuko direnean eta sinetsiko dutenean ezen beste batzuk itoz beren buruak dituztela itotzen, etorkizuna ezin dela komuna baino izan, ezin dela askapenik izan guztientzat ez bada, azkenekoetatik hasita. Posible dena errealitate bihur dadin, ezinbestekoa da gizateriak, giza espezie hain ahaltsu eta hauskor, hain ezegonkor eta kontraesankor honek bere borondatea, nahi izateko modua, bere gustua eta zoriontsu izateko era eralda ditzan. Ezinbestekoa da sistema ekonomiko berdintasunezko eta demokratikoa ezar dezan mundu-mailan. Eta sentsibilitatea heziko duen, gizatasuna transmitituko duen eta bizi-jakinduria komunikatuko duen hezkuntza-sistema, ezagutza eta trebetasun tekniko soiletatik harago. Eta beharrezkoa izango da zientziek –neurozientziak eta biozientziak, adibidez– beren teknologiak bermez aplikatzea –beldurra ematen du esateak, baina esan beharrekoa da–, giza espezie honek dituen disfuntzio genetiko eta neurologikoak zuzendu ahal izateko, hainbeste beldur eta desio suntsitzaileren mendeko aise bihurtzen gaituzten, eta bestearen kaltea norberarena bezala sentitzea nahiz bestearen ona norberarena bezala nahi izatea, baita gutxiagorekin zoriontsuago izatea nahiz daukaguna partekatuz aberatsago izatea ere eragozten diguten disfuntzioak, alegia.
  14. Espiritualtasuna –gure izate sakonaren kontzientzia eta lanketa, ongia libreki nahi izatea, ontasunaren gustua eta zoriona, bizitzarekiko konfiantza gertatzen dena gertatzen dela– politika ekosozialista global, feminista, berdinzale, askatzaile eta jakintsu horren emaitza eta iturria da aldi berean. Den guztiaren arnasa sakonak eta pertsonen nahiz herrien bizi-jakituria zahar eta berriak inspiraturik, espiritualtasunak ametsa, utopia, esperantza aktiboa inspiratzen ditu. Ekintza eta martxa bultzatzen ditu –nahiz eta inoiz ez erabat iritsi–, zapalketak eta klaseak desagerraraziko diren eta borrokak eta gerrak desagertuko diren mundurantz.

(*) Hemen: https://youtu.be/YxYWPVZHvF4

Aizarna, 2021eko maiatzak 2