Moral sexualaren bizitza, heriotza eta piztuera

Aro komuneko –mendebaldeko munduan oraindik ezagunagoa den “Kristoren ondorengo”– 30. urtean, udaberriko lehen ilargi beteak Palestinako gaua argitzen zuenean, Nazareteko Jesus zeritzan profeta gazte librea preso hartu, prozesu sumarisimo batean juzgatu eta gurutzera kondenatu zuen erromatar prokuradoreak, Sanedrin erlijiosoaren eskariz eta berarekin ados.

Bere delitua: hitzez eta egitez aldarrikatzea “larunbata bizirako dela, eta ez bizia larunbaterako”, hau da, edozein estatu edo gizarteren eta edozein eliza edo erlijioren legerik absolutuena ere biziaren onaren mende dagoela, ez biziaren ona inongo legeren mende, ezta Jainkoak berak edo enperadoreak berak emandako legea izanik ere. Batzuek eta besteek erabaki zuten profeta hura ezarritako ordenarentzat mehatxua zela, eta denek elkar harturik garbitu egin zuten Pazko-bezperan, arratsaldeko lehen orduan. Eta gaur berriro egingo lukete –berriro egiten dugu, esan nahi dut–.

Baina Maria Magdalakoak, Jesus maite zuenak eta Jesusek ere bai bera, dolu-malkoek begirada arazturik, argi ikusi zuen gurutziltzatua bizi zela, berriz ez hiltzeko bizi ere, eta are gehiago maite izan zuen gorputzez eta arimaz. Eta Pedroren eta gainerako lagunen begiak ireki zituen, eta lehen izan ziren Jesusen mugimendu ibiltari, sortzaile eta erreformatzailea izan ziren berriro, haren oroitzapena –libreki berrirakurria– ez beste doktrinarik eta autoritaterik gabe. Beti berria den biziaren ona ez beste legerik gabe.

Belaunaldi bat geroago, oroitzapena doktrina bihurtzen hasi zen, presentzia kultu ordenatu, neba-arreben arteko berdintasuna hierarkia klerikal, bizitza kode moral. IV. mendean, Konstantinoren mendea, Jesusen mugimendua ezarritako erlijio bihurtu zen. Gaur arte. Eta gaur egun hautakizun historiko baten aurrean gaude: edo Jesusen arnasa, etengabe berpizten den biziaren pazko-garra, berreskuratzen dugu, edo duela gutxienez 300 urtetik zaharkitua dagoen sistema erlijioso batean itxita jarraitzen dugu, denborak eta belaunaldi berriek, ezarian-ezarian, gure kredo, kultu eta kodeak ez ezik (horiek arrazoiz), agian Jesusen memoria subertsiboa, haren arnasa bera ere (hauek tamalez) ahantz ditzaten utziz.

Eta zer zerikusi du hitzaurre honek guztiak pazko-gogoetarako proposatu zaidan gaiarekin: “Moral sexualaren bizitza, heriotza eta piztuera”? Zerikusia du, indarrean dagoen “moral sexuala” ez dela jada bizi eta ez duela biziarazten, hilda dagoela eta hilarazi egiten duela, eta hobe duela bere milurteetako hilobian hilda geratu, harik eta berpizten ez den arte, biziaren pazko-espirituak erabat eraldaturik. Eta zerikusia du, Jesusen pazko-bizierak eta -heriotzak izan beharko luketela, eliza kristauentzat, irizpide nagusi beren sineskizun, erritu eta kode guztien pazko-eraldaketarako, baita sexualitateari buruzko bere irakaskuntza osoaren pazko-eraldaketarako ere. Neure buruari galdetzen diot, beraz: zein izango lirateke moral sexuala –hobe deitura zaharkitu honen ordez “etika sexuala” erabiltzea– “benetan berpiztu” dela esan ahal izateko seinaleak eta baldintzak? Funtsezkoen batzuk aipatuko ditut:

  • Elizek orokorrean eta beren agintariek eta “irakasgoak” bereziki historiak, psikologiak, antropologiak, biologiak, medikuntzak eta zientziek oro har, sexu-jokabidearen esparruan, norberaren bizitzarako nahiz elkarren arteko bizitzarako on eta osasungarri denaz lortu dituzten eta irakasten dizkiguten ezagutzak bereganatuko dituztenean, eta datu zientifikoen kontrakorik ezer inoiz erakutsiko ez dutenean;
  • biziaren bilakaerak, duela 1.200 milioi urte gutxienez, algetatik hasi eta mota guztietako animalietaraino, ugalketa sexuala hautatu izana –bizi-mota ezberdinagoak eta berritzaileagoak ahalbidetzen dituelako hautatu ere– miretsiko eta ospatuko dutenean, eta sexualitatea aniztasunaren kantua dela onartuko dutenean –hasi landareen arteko polinizaziotik eta estalketarako erritual, dantza eta gorteatze konplexuetara–, eta “Jainko” batek sexua praktikatzeko era on eta zilegi bat bakarra ezarri duela sinesteari behin betiko uko egingo diotenean;
  • mirespen kontenplatiboz irakurriko dutenean Bibliako Kantarik ederrena liburua, hitz hauekin hasten dena: “Eman biezat musu, bere ezpainez musu! Zure maite-laztanak ardoa baino gozoago”, eta tenore horretan jarraitzen duena azkeneraino, lotsarik eta morborik gabe aipatuz bularrak eta sexua, sugarretan pizten eta urtzen diren gorputzak, “granada likorea”…, “Jainko” hitza inoiz aipatu ere egin gabe, nahiz eta ez den beste ezerez mintzo;
  • Homo Sapiensaren 300.000 urteko historia osoan, lehen aldiz gure belaunaldian gertatu den egundoko mutazioa aitortuko dutenean, hau da: ugalketa sexu-harremanetik bereizi dela eta, ondorioz, sexu-harremanak berez duela zentzua, ugalketara bideratuta egon ala ez; beraz, Vatikanoak errotik indargabetuko duenean Paulo VI.aren Humanae Vitae, 1968ko zoritxarreko Entziklika, gure belaunaldi osoko emakume eta gizonezko katolikoei bidegabeko hainbat alfer sufrimendu eragin diena;
  • biziaren energia misteriotsu eta jakintsuak, bere bilakaera harrigarrian, sexua atseginezko estasiaz hornitu izanaz biziki poztuko direnean, eta ez bakarrik ez dutenean hori inolaz zentsuratuko, baizik eta berez on, osasuntsu eta santu gisa bedeinkatuko dutenean, jan-edanaren, udaberriz eguzkitan etzanda egotearen edo zuhaitz-adarreko zozoaren kantu lasaia entzutearen plazera bezain on, osasuntsu eta santu, norberaren buruari eta hurkoari kalterik ez egitea beste mugarik gabe, eta plazer sexuala biziaren Sormen santuaren, hots, Jainkoaren, epifania bezala begiratuko dutenean;
  • Eliza katolikoak, erlijio gehienekin eta gainerako eliza kristauekin bat, Biblia osoaren eta Eliza Katolikoaren historiako zati handi baten isiltasunarekin ados, masturbazioari erruduntasun oro kenduko dionean, eta, biologiarekin eta psikologiarekin eta giza kultura guztien eta beste hainbat animalia-espezieren praktikaren ezagutzarekin konforme, praktika sexual hori guztiz naturala eta kalterik gabea dela onartuko dutenean, eta bere errorea onartu eta masturbazioa bekatutzat ez ezik, bekatu larri eta betiko ifernuaren (!!!) mereziduntzat joz, bereziki azken mendeetan eragin duen erru-sentipen itxuragabe eta itogarria eragin izana damu izango duenean;
  • mendeetan eta mendeetan zehar LGTBIQ+ pertsonei, beren burua gaixo, errudun, perbertitu nahiz inbertitu gisa ikustera behartuz, sentiarazi dieten atsekabe, lotsa eta nazka izugarria min izango dutenean, eta bene-benetan barkamena eskatuko dutenean eta LGTBIQ+ pertsonen maitasunari eta sexu-harremanei ere kanonikoki ezkondutako pertsona heterosexualen maitasunari eta sexu-harremanei aitortzen dieten duintasun bera aitortuko dietenean, eta haiek zein hauek berdin bedeinkatuko eta Maitasunaren, Biziaren, Jainkoaren sakramentu aitortuko dituztenean;
  • laburbilduz, hierarkia osoa eta “irakasgo” deritzona –zeinak ez baitzituen Jesusek ezarri– sexualitatearekiko aurreiritzi, errepresio eta obsesioetatik askatuko direnean, zeinak ez baitatoz Bibliatik eta Jesusengandik, manikeismoa eta platonismoa bezalako filosofietatik baizik, hierarkia eta irakasgoa bera bihurtu dituztelarik lehen biktima, eta halako batean begiak irekiko dituztenean giza gorputza eta sexua, euren aniztasun zoragarrian, biziaren edertasunaren eta hauskortasunaren irudi bezala ikusteko eta aniztasun hori guztia zaintzeko eta bedeinkatzeko, inoiz ere ez gaitzesteko ez zauritzeko, eta Katixima eta Zuzenbide Kanonikoaren Kodea goitik behera zuzenduko dituztenean…

… orduan izango da moral sexualaren Pazkoa Jesusen Pazkoaren baitan, zeina baita niretzat biziaren Pazko etengabea eta unibertsala esateko eta ospatzeko era.

Nago, udaberriko lehen ilargi bete asko itxaron beharko ditugula, Eliza katolikoan moral sexualaren berpiztea gertatu aurretik, baina urtero eta egunero Jesusen Pazkoa ospatzen jarraituko dugu. Eta itxaroten jarraituko dugu, hau da, gurutziltzatu bizidunaren espirituak arnastu gaitzan uzten eta haren Pazkoa gure bizitzan zertxobait aurreratzen, maitasuna gorpuztuz, haragi bihurtuz.

Aizarna, 2021eko martxoak 28