Hans Küng irakaslea

Atzo, pazko asteko asteartea, 2021eko apirilak 6, hil zen Hans Küng, 93 urte zituela.

Teologo katolikoa izan da, hau da: fede kristau katolikoa “ulertzen” saiatu da eta gure paradigma moderno, zientifiko eta pluralistan ulergarri bihurtzen. Bokazio zail eta arriskutsu bezain kitzikagarria trantsizio kultural sakoneko garaiotan.

Bere azken liburuetako batek (2009) Nik sinesten dudana du izenburu. Hitzaurrean dio: Bilaketa-prozesuan dauden pertsonentzat idazten dut. Jatorri erromatar edo protestanteko fede tradizionalistarekin zer egin ez dakitelarik, fedegabeziarekin edo fede-zalantzekin ere pozik ez daudenentzat. ‘Ongizatearen espiritualtasun’ merkea desiratzen ez dutenentzat, ezta epe laburreko ‘laguntza existentzial’ hutsa ere. Baina beren fedea bizi duten eta, gainera, horren arrazoia eman nahi duten guztientzat ere idazten dut. “Sinestera” mugatu gabe, “jakin” ere nahi dutenentzat eta, beraz, filosofikoki, teologikoki, exegetikoki eta historikoki oinarriturik dagoen eta ondorio praktikoak dituen fedearen interpretazioa espero dutenentzat.

Arriskatu egin zen.

1979an, aita santu aukeratu eta urtebetera, Joan Paulo II.ak “teologo ez-katoliko”  deklaratu zuen. Bere katedra katolikoa galdu zuen, beraz, baina katedra zibila irabazi. Eta, batez ere, askatasuna.

Manuel Fraijo, bere ikasleak, honako hau idatzi zuen atzo bertan: “Azken bi aita santuek, Benedikto XVI.ak eta Frantziskok, ‘teologo ez-katoliko’ gisa joaten utzi diote. Ulertzen eta onartzen zailak diren erabakiak dira. Gaur arteino eutsi diogu batzuek itxaropenari, Frantziskok, telefonoa aise maneiatzen baitu, eskuan hartu eta Hans Küng zahar eta gaixoari deituko ziola, ‘bere kasua’ berrikusiko zela jakinarazteko… Ez da hala gertatu, Frantziskok jakingo du zergatik”.

Bietako batengatik izango da: edo ezin izan duelako edo behar bezala nahi izan ez duelako. Bata eta besteagatik ziur aski, eta bata zein bestea dira ulertzen errazak, tamalez.

Ez zuen bere burua profetatzat, teologia-irakasle soiltzat baizik.

Argiaren lekuko izan da, kredo eta mugez harago, galdezka eta bila dabiltzan gaurko gizon-emakume asko eta askorentzat.

Esker mila aunitz, Hans Küng irakaslea!

Har ezazu bakean atseden biziaren “Misterioan”, zeinean jarria baitzenuen konfiantza eta zeina, zure hitzetan, “erlijio batzuek, kristautasuna barne, Jainkoa deitzen baitute”.

Aizarna, 2021eko apirilak 7