Joxe Azurmendi: esan eta izan
Aspaldidaniko miresmen isila eta esker ona aitortzera natorkik, Joxe lagun.
Ezohiko dohainen jabe izan haugu, pentsalari zorrotz, hizlari distirant, idazle jori. Gogoetaren akuilari, ekintzaren inspiratzaile, hezur-mamizko eta kontraesanezko gizakiaren lagun samur, bizi-pilpirazko eta erakunde itogarrizko gizartearen eragile arnastun. Beti adi, bila, bidaiari. Beti prest eta hurbil. Bejondeiala eta eskerrik asko, Joxe, utzi diguan ondare oparo bezain kritiko, probokatzaile bezain ongarriagatik!
Hitz batean definitu izan duk heure burua: euskalduna. Euskalduna eta euskaltzalea izan haiz burutik orpora, errotik burura. Euskararen arima haragitzea huen izankizun eta eginkizun, eta euskaraz bakarrik aritu haiz bete-betean sorkuntzan: kulturgintzan, herrigintzan, gizartegintzan, bakegintzan. Euskalgintzan.
Oker ere oker legokek, ordea, euskaltasunak heurean itxi hauela pentsatuko lukeena. Ez zagok hire ibilbide biografiko, bibliografiko, geografiko, linguistikoari erreparatu besterik. Euskaltasunak munduko herri eta hizkuntzetara bulkatu hau, mugak zeharkatzera, gutxi bezala kosmopolita izatera, besteen hizkuntzak (gaztelania, italiera, frantsesa, ingelesa, alemana …) heure egitera, nola egin ere. Errotik izan haiz euskaldun, eta euskal erroek hiritar unibertsal egin haute. Euskaraz bakarrik idaztea egin huen hautu, baina ez, noski, beste hizkuntzak gutxiesten hituelako, euskara erro eta arnasa huelako baizik, eta menderatua zelako. Erroaren, arnasaren, askatasunaren hautua egin duk, zapaldu guztiekin eta menderatu guztien alde. Arnasak eta erroek egiten gaitiztek, izan ere, bestearekin bat guztion airean, guztion lurrean.
Gizon argitua izan haiz, harritzerainoko argitua jakintzaz eta jakituriaz, ezagutzaz eta ezagumenez. Ilustrazioko gizon iratzarria, sineskeria, tabu, eliz eta estatu-sistema zaharkituetatik oso gazterik askatua. Baina ez diok inoiz ilustrazio modernoari aldarerik eraiki. Arrazoi kritikoa izan duk gida, baina ez duk inoiz ahaztu arrazoirik ilustratuenak ere iturri eta zidor asko dituela, nola Arantzazuk hala Atenasek zein Parisek zein Koloniak; ez duk inoiz ahaztu arrazoia ez dela arrazoi “huts”, ez bere buruaren sorburu eta jabe soil, baizik eta arrazoi eratorria eta bidaztia dela beti, nonbaitetik eratorria eta norabait bidean, eta matematika purua eta laborategietako egiaztapen neurtuak ez ezik, mitoa eta pathos-a, arteak, musika eta poema, esanezina eta isiltasuna ere badituela bide-argi.
Bahekien uneoro biziarazten gaituen argia bera, unibertso honen eta gainerako guztien “hasieran” –hasiera oro baino lehenago, oraindik ez dakigula zehazki nola– txinparta bezala lehertu zen argia, izar bakoitzaren eta hosto bakoitzaren bihotzean lehertzen jarraitzen duen argi zolia, materia-matrize eternalean errotua dela. Izaki guztiok bezalaxe, gu “gizabereok” ere ez garela inoiz guztiz geure baitako, den ororen sortzaile bezainbat garela den guztiaren sorkari, argitzaile bezainbat argitzatu. Beti harago ditugula erroak. Gizon argitua bezain errotua izan haiz, Joxe. Aizkorri mendia, Beundeko pagoak, Arantzazuko malkarrak eta elorri zuria bezain errotua. Bizi hinduen hizkuntza, arnastu duan herria bezain errotua. Ama Lur birakaria airean bezain errotua. Hain errotua eta argitua izateak egin haute hain apal eta xalo.
Kreatzaile miresgarria izan haiz, hitza medio. Hitzaren sortzaile, eta hitzaren bidezko sortzaile. Esan eta izan. Ondo hekien Hasiera liburuko kreazio-poema mitologikoak errepikatzen duen leloa: “Jainkoak esan zuen (…) eta izan zen”. Eta Joanen ebanjelio-hasierako poema gnostiko-mistikoaren printzipioa: “Hitza haragi egin zen”. Hiregan gorpuztuak ageri zaizkidak kreazioaren poema biok, bata judua, bestea kristaua, beren partikulartasunean unibertsalak biak, poema guztiak bezala, hi heu bezala, hain partikular eta hain unibertsal.
Eskerrik asko, Joxe, erlijio gertakariari buruz egin duan hausnarketagatik. Argiaren zolitasun kritikoa eta sakoneko erroen arnasa barea nabari dituk hor. “Federik gabeko fededun” aitortu duk heure burua. Dogmetan sinesten ez zuen fededun, alegia. Ez huen sinesten inolako absolutu objektibaturik eta egia borobilik, ezta bat ere. Baina zerumugan egunero zabaltzen zaigun argi-zirrintan eta hunkitzen hinduen edertasunean bai, bahuen fedea. “Ontzi hauskorreko argonauta” den gizakiarengan, babes bila tenpluetara jotzen duen erromesarengan, zaurituarengana hurbiltzen den hurko errukitsuarengan huen fedea. Hitzean, bakarrizketan eta elkarrizketan, entzumenean eta erantzumenean. Zintzoki bilatzen den egian eta egikaritzen den onean huen fedea, edozein ideologiaz eta ortodoxiaz harago, edozein kredo eta sistema erlijioso nahiz laiko, premoderno, moderno nahiz posmodernoz harago. Bat hentorren Feuerbachek, Marxek eta Freudek erlijioari zuzenduriko kritikarekin, baina inoiz esan gabe erlijioa alienazio hutsa besterik ez dela, gizakiok pairatzen ditugun hainbat ezjakintasun, lilura, miseria eta sasi-proiekzio indibidual nahiz kolektiboren emaitza besterik ez. Inspirazio-bide eta bidelagun izan dituk Miletoko Tales, Heraklito, Pitagoras eta Sokrates, Konfuzio, Laozi eta Buda, Nazareteko Jesus eta Asisko Frantzisko anaia poverelloa. Eta Nietzsche. Iturri guztietatik edan duk, zahar eta berri.
Unibertso infinituaren hondorik gabeko hondoan ere bahuen fedea, edo miresmena eta galdera. Eta hori huen funtsean hire “Jainkoa”, Spinoza aitzindariarena bezala: kosmos eternalaren sormen agortezina, den oro izanarazten duena eta den orok izanarazten. Teismo tradizionala bezain zentzugabea iruditzen zitzaian gure artean nagusi den ateismoa, infinituki txikiaren eta infinituki handiaren aurrean miresmenez hunkitzen ez dena, gizakion joran eta galderei arinegi paso ematen diena.
Ildo beretik ulertzen huen, esango nikek, heriotza ere eta “heriotza ostea” deritzoguna. Aspaldi gainditu hituen antzinako mito indiarrak, platonikoak eta judu-kristauak –berraragiztapenaren, arima hilezkorraren eta berpizkundearen sineskizunak–, baina heure buruari eta denoi galdetzen higun gutako bakoitzaren aztarna arina ez ote den betiereko unibertsoan, den guztiaren memorian, betierean geldituko, denarekin bat.
Igaro haiz, bada, gure koordenatuen mundutik harago. Hi libre haiz jada, gu hire bidean bidaide. Hitzezko eta izanezko uzta ederra utzi diguk, eta zuinak alorrean markatu, izaten eta ereiten jarrai dezagun. Har ezak atseden betiko orainean. Eta ontzi hauskorreko nabigatzaileok, har gaitzak hitzaren eta izanaren sorburuan, denboraz, lehiaz, nekeaz harago. Guk ere gogoan eramango haugu gelditzen zaigun aldi laburrean, heriotzako pasaguneak hirekin eta denarekin bat egingo gaituen arte. Ez adiorik.
Joxe Arregi, Aizarna, 2025eko uztailaren 11n
Joxe Azurmendi – kronologia laburra
- Zegaman jaio (1941). Donostian hil (2025eko uztailaren 1ean, 84 urte).
- 1950: Arantzazuko frantziskotarren seminariora (3 urte); handik Forura (2 urte), Zarautzera (nobiziatu-urtea), Erriberrira (3 urte, filosofia), Arantzazura (4 urte, teologia:1959-1964). Apaiztu.
- 1959: JAKIN taldean sartu.
- 1964: Foruko seminarioan latin- eta euskara-irakasle.
- 1965: Erroma
- 1966-1978: Alemanian bizitzen jarri. Ikasketei, irakaskuntzari, idazteari emana. Europan zehar bidaiari.
- 1978tik aurrera: Donostia eta Alemania artean.
- 1981: Apaizgoa eta Ordena frantziskotarra utzi.
- 1981-2014: EHUn filosofia-irakasle.
- 42 liburu eta 600dik gora artikulu idatzi ditu.