TXIKIAGOTUZ HAZI. Zahartzaro kontzeptuaren ibilbide historikoa (III)
* EHUko Udako Ikastaroetan (2026) emandako hitzaldia: “Crecer decreciendo. Recorrido histórico del concepto de vejez” (jarraipena)
7. Filosofia eta literatura garaikidea
a) Arthur Schopenhauer (1788-1860)
Arthur Schopenhauer XIX. mendeko filosoforik gorenetakoa, eta mendebaldeko filosofia garaikidean garrantzitsuenetakoa. Bere azken obrak, amaitu gabe geratu eta hil ondoren argitaratua, El arte de envejecer izenburua darama gaztelaniaz; jatorrizko izenburua, ordea, honako hau du: Senilia. Gedanken im Alter (Senilia, latinez: “Zahartzaroko kontuak”. Gedanken im Alter: “Zahartzaroko gogoetak”). Bere azken bizi-urteetako oharrak, gogoetak eta apunteak jasotzen ditu. Hona ohar horietako batzuk:
“Bai zentzugabea dela deitoratzea eta kexatzea, aspaldi harako zorion hura edo plazer hura lortzeko aukera eduki eta ihes egiten utzi izanagatik! Zer lortzen da orain gogora ekartzearekin? Oroitzapen baten momia lehorra da. Egia esan, gauza bera gertatzen da benetan jazo zaigun guztiarekin” (41. zenb.).
“Adin handiko izatera iristen denak bere baitan sentitzen jarraitzen du gaztaroan, are umetan, zen berbera izaten jarraitzen duela: hori ezin da aldatu, zeren gure esentziaren muinak berbera izaten jarraitzen baitu sarritan eta ez baita denborarekin zahartzen; izan ere, denboraren barruan ez denez, suntsiezina da” (128. zenb.).
“Heriotzak erabat baretzen du bekaizkeria; zahartzaroak, erdia bakarrik” (154. zenb.).
“Zeinen plazer paregabea ematen digun edozein animalia aske kontenplatzeak, bere kabuz diharduenean, inork molestatu gabe! Janari bila dabilenean edo kumeak zaintzen dituenean edo bere kide batengana hurbiltzen denean, etab. Horrela erakusten du zer izatera irits litekeen eta iritsi behar lukeen. Txoritxo bat besterik ez bada ere, luzaro eman dezaket atseginez hari begira; baita ur-arratoi bati edo igel bati begira ere; baina are hobeto triku bati, erbinude bati, orkatz bati, orein bati begira! Animalien kontenplazioak hainbeste gozarazten bagaitu, zeragatik da batez ere: geure esentzia hain modu sinplifikatuan begi aurrean ikusten dugulako” (176. zenb.).
“Egun bakoitzak bizitza txiki bat osatzen du. Esnatze eta jaikitze bakoitza jaiotza txiki bat da, goiz fresko bakoitza gaztaro txiki bat, eta ohera joan eta lo egitea heriotza txiki bat” (292. zenb.).
“Banakoaren heriotzaren eraginik jasan gabe bizirik jarraitzen duen existentziak ez du ez denboraren ez espazioaren formarik, baina guretzat erreal den guztia forma horren pean agertzen zaigu, eta ondorioz heriotza ere suntsipena iruditzen zaigu” (298. zenb.).
“Benetan hausnartzen duena konturatuko da hiltzen den guztia ez zela egiazki erreala” (315. zenb.).
b) Hermann Hesse (1877-1962)
Hermann Hessek, 1946ko Literaturako Nobel saridunak, ez zuen bizimodu erraza izan: haurtzaroa eta gaztaroa familia- eta erlijio-gatazkek kolpatu zizkioten, krisi psikologiko eta depresibo sakonak pairatu zituen, eta munduko gerretan nazionalismoaren aurka hartu zuen jarrera bakezale eta kritikoaren ondorioz isolamendu politiko eta sozialari aurre egin behar izan zion. Elogio de la vejez (Zahartzaroaren gorapena) liburuak – jatorrizko izenburua: Mit der Reife wird man immer jünger: Betrachtungen und Gedichte über das Alter (Heldu ahala gazteago bihurtzen gara: Zahartzaroari buruzko gogoetak eta olerkiak)– zahartzaroa bizitzeko jakinduria-bilduma bikaina eskaintzen du.
Posible da, diosku, zahartzaroa zabaltze- eta betetze-esperientzia gisa bizitzea. Zahartzaroa den bezala sakonki onartzea eskatzen du horrek: “Zahartzea prozesu naturala da, eta hirurogeita bost edo hirurogeita hamabost urteko norbait hogeita hamar edo berrogeita hamar urtekoa bezain sano dago eta hura bezain normala da, baldin eta gaztea izateko pretentsiorik ez badu. Baina, zoritxarrez, ez gara beti adinarekin ados egoten, sarritan barrutik presaka goaz aurrera eta are maizago atzean geratzen gara… eta orduan bizitzaren kontzientzia eta sentimendua gorputza baino gutxiago helduak izaten dira, gorputzaren adierazpen naturalen aurka defendatzen dugu geure burua eta berez eman ezin duen zerbait eskatzen diogu gorputzari. Zahartzarora iritsi eta horri arreta jartzen dionak ikus dezake nola, indarrak eta ahalmenak ahuldu arren, badela bizitza berantiar bat, amaierara arte urtero zabaltzen dena eta harreman eta loturen sare infinitua biderkatzen duena, eta nola, oroimena esna mantentzen den bitartean, gauza igarokorretatik eta igarotakoetatik ezer ez den galtzen” (37-38 or.).
Hesserengan gutxitan aurkitzen da Jainkoaren aipamen espliziturik. Testu bikain honetan bai: “… paisaia, zuhaitz, giza istorio edo lore baten irudiarekin, Jainkoa agertzen zaigu eta gertaera guztien zentzua eta balioa erakusten eta eskaintzen digu. Izan ere, gaztetako urteetan, ziur asko, entusiasmoz eta grinaz kontenplatzen ditugu zuhaitz loratua, hodeien eraketa; aipatzen ari naizen bizipena izango bada, ordea, ikusi, esperimentatu, pentsatu, sentitu eta pairatutako gauzen batura amaigabea behar da hain zuzen, bizi-bulkaden nolabaiteko moteltzea, nolabaiteko iraungipena eta heriotzaren hurbiltasuna behar da, naturaren errebelazio txiki batean Jainkoa, espiritua, misterioa, kontrakoen harmonia eta Bat Handia hautemateko. Gazteek ere bizi dezakete, inolako zalantzarik gabe, baina gutxiagotan, eta nolanahi ere sentipenaren eta pentsamenduaren, bizipen sentikorraren eta espiritualaren, estimuluaren eta kontzientziaren batasun hori gabe” (40-41 or.).
Horren sekretua, irakasten digu, “zahartzaroarekin ados jartzean” datza, den bezalaxe maitatzean, zahartzaroak eskaintzen ez digun ezer lortzeko pretentsiorik ez izatean. Idazten du: “Zahartzaroari gorrotoa eta beldurra dion zaharra, ile zuriak eta heriotzaren hurbiltasuna gorroto dituena, ez da bere biziaroaren ordezkari duina, bere bokazioa eta eguneroko lana gorroto dituen eta horiei ihes egin nahi dien gizaki gazte eta indartsua ere ez den bezalaxe. Labur esateko: norberaren destinoa zahar bezala konplitzeko eta betebeharren mailan egoteko, zahartzaroarekin eta dakarren guztiarekin ados jarri behar da, baiezkoa eman behar zaio. Baiezko hori gabe, naturak eskatzen digunari amore eman gabe, gure egunen balioa eta zentzua galtzen dugu –zahar nahiz gazte izan– eta bizitzari iruzur egiten diogu” (47.).
Laburbilduz: zahartzaroari baiezkoa eman behar zaio bere mailan egoteko.
c) Jorge Luis Borges (1899-1986)
Ipuingile, olerkari, saiakera-idazle eta itzultzailea izan zen, eta askoren begietan espainolezko literaturaren eta literatura unibertsalaren giltzarria da. Zahartzaroari buruzko bere “Elogio de la sombra” (Itzalaren gorapena) poema bakarrik aipatuko dut. Honela hasten da:
“Zahartzaroa (horixe da besteek ematen dioten izena)
gure zorion-garaia izan daiteke.
…
Gauza gehiegi izan da beti nire bizitzan;
Abderako Demokritok begiak erauzi zituen pentsatzeko;
denbora izan da nire Demokrito.
Itzal hau geldoa da eta ez du minik ematen;
gainbehera mantso batean jariatzen da
eta betikotasunaren antza du”.
Eta honela amaitzen da:
“Orain ahaztu ditzaket. Neure zentrora iristen ari naiz,
neure aljebrara eta gakora,
neure ispilura.
Laster jakingo dut nor naizen”.
d) Simone de Beauvoir (1908-1986)
Simone de Beauvoir filosofo, irakasle, idazle, aktibista feministak, eleberri, biografia eta saiakeren egileak, 1970ean argitaratu zuen La Vieillesse (Zahartzaroa) obra, 700 orrialdeko liburua da, diziplinartekoa, gaiari buruzko hausnarketa osatuen eta ezagunenetakoa.
Liburu handi honen meritu nagusietakoa da ordura arte alde batera utzitako bi ikuspegi kritiko sartu izana: generoaren ikuspegia eta ikuspegi kultural soziopolitikoa oro har. Alde batetik, duela 60 urte zaharrek oro har pairatzen zituzten –eta oraindik ere neurri handi batean pairatzen dituzten– gizarte-diskriminazioa, tratu ankerra eta isiltasun konplizea salatzen ditu. Eta, bestetik, adinkeria salatzen du, hots, zaharrari –batez ere emakume zaharrari– aplikatzen zaizkion estereotipo negatiboak.
Hona bere funtsezko zenbait tesi: 1) “Ezer ez litzateke espero izan behar zahartzaroa baino gehiago; ezer ez da gertatzen, ordea, zahartzaroa baino ustekabekoago”; 2) “Zaharren zoritxarra zibilizazio garaikidearen porrotaren adierazgarri da”; 3) “Zahartzaroari uko egitea geure buruari uko egitea da”.
Adinkeria kultural eta sozialari dagokionez, zeinaren biktima emakume zaharra baita batik bat, aski bekit hemen liburuko paragrafo hau aipatzea: “Ez literaturan, ez bizitzan, ez dut aurkitu bere zahartzaroa konplazentziaz kontsideratzen zuen emakumerik. Ez da ere inoiz esan izan ‘emakume zahar ederra’; onenean, ‘xarmagarri’ deitu izan zaio. Zenbait ‘gizon zahar eder’ bai, miretsi izan dira; gizonezkoa ez baita harrapakin, ez zaio eskatzen ez freskotasunik, ez gozotasunik, ez graziarik, baizik eta konkistatzailearen indarra eta adimena soilik; ile zuria, zimurrak, ez daude gizon-ideal horrekin kontraesanean” (Simone de Beauvoir, La Vejez, Ed. Sudamericana, Bogota 1970, 207. or.).
Bere garaiari aurrea hartuz eta zeregin bat ezarriz ixten ditu Simone de Beauvoirrek Zahartzaroa liburuko orrialdeak: “Zaharren egoera zein den ulertu denean, ezin da konformatu ‘zahartzaroari buruzko politika’ eskuzabalagoa, pentsioen handitzea, etxe osasungarriak, aisialdi antolatuak eskatze soilarekin. Sistema osoa da jokoan dagoena, eta aldarrikapenak erradikala izan behar du nahitaez: bizitza aldatzea”.
Ibilbide historiko hau ixteko, kulturalki hurbilen dugun tradizioaz arituko naiz, hurrengo bi ataletan bere argi eta itzalekin gehien markatu gaituena: tradizio biblikoaz.
Joxe Arregi, Aizarna, 2026ko uztailaren 29a
(jarraituko du)
