Aita sinodalei

Errespetu eta askatasun osoz hitz egiten dizuet. Eta zerbait zorrotzegi esaten badut, barka iezadazue, arren.

Neure buruari galdetu diot ez ote nuen hobe “Aita eta ama sinodalei” zuzentzea, baina iruditu zait jarritako goiburuak, dagoen bezala, hobeto islatzen duela zuen Areto sinodala, aitaz betea ageri baitzait osoki. Eta ez hor emakumeak ere bazaretela ikusten ez dudalako, inoiz baino gehiago gainera oraingoan (izan liteke aurrerapausoa, edo izan liteke itxura-keinua, protestak eragozteko eta dena dagoen horretan gerarazteko estrategia). Hor zaudete, noski, hitza hartuko duzue, bozkatu ere bozkatuko duzue, baina ez dut inolako parekotasunik ikusten emakumeon eta gizonezkoen artean. Eta ez batik bat kopuruagatik (54 emakume eta 314 gizon), baizik eta batez ere zuen presentziak eta funtzio sinodalak irudi eta botere klerikal maskulinoaren mende jarraitzen dutelako (eta jarraituko, ausartuko naiz esatera), absolutuki mendean jarraitu ere, ez kuantitatiboki bakarrik.

Hor emakumeok 314 bazinete ere, Sinodo hau, aurreko guztiak bezala, apezpiku “sagaratuen” – denak gizonezkoak – kontua izango litzateke. Eta planteatuko balitz – nahiz eta ez den planteatuko – gai arantzatsuren bat, guztiz erabakigarria, horri buruzko azken hitza ez luke izango emakumeotako inork; azken hitza gizon “sagaratu” batek esango du, Frantzisko aita santuak – nago, esana duela jada –. Berak izendatu ditu Sinodoko partaide guztiak, gizonezko zein emakume, berak eman ditu esan dezakezuenari eta esan ezin duzuenari buruzko kontsignak, eta berak erabaki eta argitaratuko du, hilabete batzuk barru, Sinodo ondorengo Esortazio delakoa, azken konklusioekin. Berak diot, baina, egia esan, ez dakigu hori guztia nork egiten duen. Sinatu bai, berak sinatzen du. Horixe da sistema, eta ez du Sinodo honek aldatuko, nahiz eta egun gutxi barru laugarren urtean sartu.

Are gehiago. Elizan ez litzateke ezer konponduko aitei amak ere gehituz, botere maskulino sakratuaren ondoan botere femenino sakratua ezarriz, nahiz eta ez dudan hori ezagutzerik espero, ezta nahi ere. Ez, ez litzateke ezer funtsezkorik aldatuko baldin eta Erromak emakumea diakonisa, apaiz, apezpiku edo ama santu “sagaratzea” erabakiko balu ere (hipotesi guztiz irreala, noski). Hori bai, egungo sistema patriarkala baino bidezkoagoa izango litzateke zalantzarik gabe, genero-diskriminazioa desagertuko bailitzateke horretan, baina eredu piramidal eta hierarkiko berak jarraituko luke zutik, “ordena sakratu” azken batean klerikalak. Eta ez da hori, duela hamarkadak eta mendeak, munduaren bihotzetik biziaren espirituak erakunde katolikoari eskatzen dion erabateko erreforma. “Inori ez deitu aita [“ezta ama ere”, gehitu beharko genuke]. Zuek guztiok neba-arrebak zarete”, dio Jesusek Mateoren ebanjelioan (23,8-9). Ez da zerutik eratorria den ordena sakraturik. Ez dago neba-arrebatasun unibertsala baino ezer sakratuagorik.

Baina ikuspegi hori ez dago Sinodoaren organigraman, funtzionamenduan, egituran bertan. Ez da horrelakorik planteatu ere egiten. Sinodoak, sistemaz, III-IV. mendeetatik aurrera eliz erakunde osoak bezala, berezkoa du “apaiz” arrasto maskulinoa, antzinako tenplu juduaren sakrifizio-sisteman zuzenean inspiratua: boterearen sakralizazioa, goi mailako elite baten (klerikoak) eta ia denek osatzen duten gehiengo “laikoaren” arteko banaketa, “laikoak” (baita Vatikanoko II. Kontzilioan ere) negatiboki soilik definitzen direlarik “ez kleriko eta ez erlijioso ez direnak” bezala, esan nahi baita, Elizan deusetarako ez direnak, ezertarako kontuan hartzen ez direnak. Irakasten, agintzen eta gidatzen dutenen eta entzuten eta obeditzen dutenen eta gidatuak direnen arteko banaketa. “Jainkoa” ordezkatzen dutenen eta beren burua besterik ordezkatzen ez dutenen arteko banaketa. Neba-arrebatasunaren ukazioa da, eta horixe da, hain zuzen, Eliza katoliko erromatarraren arazo estruktural guztien sustraia.

Ez dago inondik ere Sinodo honek sustrai klerikal hori ezabatuko duenaren itxurarik, bere izen erredundante eta guzti (“Sinodalitatearen Sinodoa”), bere erretorika eta guzti, borondate on eta guzti, bene-benetan aitortzen baitut borondate ona bai Sinodoa deitu duen aita santuaren aldetik, bai prozesu osoan hiru urtez parte hartu dutenen aldetik, eta bai Areto sinodalean esertzen zareten, hitza hartuko eta botoa emango duzuenon aldetik (funtsezko ezeri buruz erabakitzeko ahalmenik gabe, jakina). Sinodo honek ere, aurreko guztiek bezalaxe, ez du klerikalismoa indargabetuko. Ikusi besterik ez dago: 368 “aita sinodalen” elkarrizketen eta eztabaiden esparrua zedarritzen duten oinarrizko dokumentuetako batek ere ez dizue uzten indarrean dagoen eredu klerikala zalantzan jartzen. Aski bekit adibide gutxi batzuk aipatzea.

Hor duzue, lehenik, batzar sinodalaren bigarren saio honetarako Instrumentum laboris delakoa. Bertan, ez da inoiz zalantzan jartzen eredu hierarkiko klerikala; aitzitik, behin eta berriz baieztatzen du ministerio “komunen” – bataiotik eratorriak – eta ministerio “ordenatuen” arteko ezberdintasuna, bigarrenak goragokoak direlarik, eukaristiaren buru izateko, “bekatuak barkatzkeo” eta diakono, presbitero edo gotzainak “sagaratzeko” boterea duten bakarrak. Eta, inork zalantzarik balu, esaten dizue: “Eliza sinodalean, Apezpikuaren Batzarraren eta Erromatar Pontifizearen erabakitzeko eskumena besterenezina da, Kristok ezarritako Elizaren egitura hierarkikoan errotuta baitago” (70. zk.). Ez da Sinodoko partaiderik hori alda dezakeenik, aitatasunak aitatasun. Hitz egin ere ezin du egin horretaz.

Hor duzue, halaber, “Kontribuzio teologiko, kanoniko, pastoralak” deritzan dokumentua, Sinodalitateari buruzko Sinodoaren Idazkaritza Nagusiak joan den abuztuan argitaratua. Bibliatik, teologiatik, kontzilioetatik eta aita santuen irakaspenetatik jasotako erreferentzien sorta aspergarria da, zenbait gogoeta eta proposamen hutsal gehitzen zaizkiela. Bere esanetan, desiragarria da eliz komunitateak, oro har, kontsultan ez ezik, deliberazioan ere nolabait parte hartzea, baina honako hau eransten du amaieran: “Elizan deliberazioa denen laguntzarekin gauzatzen da, baina inoiz ez bere ordenazioa eta ofizioa medio pertsonalki erabakitzen duen autoritate pastorala gabe” (11.3 zb.). Amaiera horixe da hasiera. Eta ordena sakratuaren beraren esparruan, “deszentralizazio sanoa” (23. zenbakiaren izenburua) gomendatzera mugatzen da. Hori da guztia.

Sinodoko zuen gai-zerrendatik desagertu egin dira, besterik gabe, zenbait gai, Erromako eliza katolikoaren erreforma sakon eta ukaezina sinbolikoki bederen iradokitzeko gako gerta zitezkeenak, hala nola: emakumeek “apaiz-ordenarako” eta gutxienik “diakonotza sagaraturako” sarbidea izatea, apaiz-zelibatua, LGTBIQ+ pertsonak… Beraz, aiten sinodoa izango da derrigor.

Ondo zehaztuta dauzkazue, bada, gainditu ezin izango dituzuen mugak. Frantzisko aita santuak gainditu ahal izango ote ditu? Teorian gaindi litzake, botere absolutua baitu, izan. Baina badakizue ezer ez dela botere absolutua baino erlatiboagorik. Izan ere, aita santu baten botere absolutua bere historiaren eta harremanen mende dago: bere jakintza, bere irizpide politiko eta teologiko, bere zaletasun eta aukeren mende. Botere absolutua erabiltzeko moduan, dena da erlatiboa.

Bistan da Frantzisko aita santuaren eliz ereduak erabat klerikala izaten jarraitzen duela. Bere eredua izateko eskubide osoa du, noski, beste edozeinek bezalaxe, ez gehiago, ez gutxiago, baldin eta ez badie eredu hori besteei ezarri nahi. Hor hasten dira arazoak. Nolanahi ere, ez da izango aita santu hau klerikalismoa indargabetuko duena, eta klerikalismoaren aurka maiz egiten dituen oharpenak bezain segurua eta ziurra iruditzen zait hori. Argi eta garbi utzi berria du urriaren 1ean emandako bideoan, hain zuzen ere aita sinodalok sinodo honi hasiera eman zenioten egunean. “Apaizak, dio, ez gara laikoen buruzagiak, haien artzainak baizik”. Eta, jakina, artzainek agintzen dute ardien gain, ardiek esaten dutena gora behera, eta artzaina beraiek aukeratu gabe beti. Horrela jarraituko du. Esaten du, gainera: “Laikoak, bataiatuak, beren etxean daude Elizan, eta zaindu egin behar dute. Guk, apaizok, sagaratuok, bezalaxe. Bakoitzak hobekien egiten dakiena emanez”. Autobusa gidatzen dakienak eta horretarako gai denak (adibide hauxe aipatzen du), autobusa gidatuz, eta Elizan irakasten eta agintzen dakienak eta horretarako gai denak, irakatsiz eta aginduz. Zehaztapen garrantzitsu bat egin behar da, ordea: “sagaratuek” (nork eta noiztik sagaratuak?) erabakitzen dute bakoitzak zer dakien, zer egiteko gai den, zer egin behar duen. Horra klerikalismoa puru-puruan, sentitzen dut esatea.

Horiek horrela,  Elizan ez da funtsezko ezer aldatuko, egungo artzain sagaratuen pentsamolde teologikoa errotik aldatzen ez den bitartean. Mundu hain urratu honetan, Eliza ezin izango da elkartasunaren profeta eta lekuko, bere egitura klerikala aldatzen ez duen bitartean, Eliza bera, barrurantz zein kanporantz, neba-arrebatasunezko benetako elkartasun ez den bitartean. Eta ez Elizaren onerako, baizik eta gizadiaren eta planetaren arnasbide zabalerako.

Frantzisko Asiskoaren, Anaia Poverelloaren, “trantsitua” (heriotza, Bizira igarotzea) – 1226an, 45 urte zituela – gogoratzen dut gaur, eta bere jaieguna ospatuko dut bihar. Erdi Aroko mundu zaharra, errege, jauntxo eta gazteluen, aita santu, apaiz eta monasterio handien, nekazari, jopu eta legenardun sozialen mundua, gainbehera zihoan. Mundu berria eta eliza berria erne nahian bultzaka ziren. Frantziskoren ametsa zen. Ez zuen izan nahi ez jaun eta ez aberats, ez kleriko eta ez monje. Aitarekin hautsi zuen. Merkatari aberatsa zuen aita, sortzen ari zen burgesia berriaren irudia, eta mundu zaharra bere arma berberekin –aberastasuna eta boterearekin – eraitsi nahi zuena. Egun batean Frantziskok esan zion: “Ez dizut gehiago deituko ‘aita Bernardone’ “. Gizarte-patriarkalismoarekin eta eliz patriarkalismoarekin hautsi zuen, nahiz eta ez zen inoiz inoren aurka borrokatu. Erromes bezala bizi nahi izan zuen, beti bidean, jabetzarik eta etxerik gabe, Jesus bezala, gizaki eta izaki guztien anaia txikiena izanez, bakea iragarriz eta inor kondenatu gabe. Eta horrek zoriontsu egiten zuen, ez, ordea, gorputz-arimetan zauri handiak pairatu gabe.

Utz iezadazue, bada, Anaia Frantziskok hain gogoko zituen hitzez agurtzen, eta errespetuz eta askatasunez esaten:

“Bake eta on denoi, neba-arreba sinodal guztioi. Berritu ezazue Anaia Frantziskoren ametsa, gorpuztu ezazue haren neba-arrebatasunezko askatasuna. Ez zakizkiote atxiki beste garaietan esan, irakatsi, egindakoari. Ez zakizkiete lotu iraganeko doktrina eta egiturei. Ez zakizkiote lotu, ezta ere, Jesusek duela 2000 urte esan omen zuenari edo ez omen zuenari, egin omen zuenari edo ez omen zuenari. Jar iezaiozue arreta munduaren eta neba-arreba ditugun sorkari guztien bihotzetik datorkigun ahotsari: “Hara, gauza guztiak berri egitera noa”.

Aizarna, 2024ko urriaren 3an