Frantzisko aita santua eta M-15a
M-15 (maiatzak 15), duela 10 urte baino egun arrazoi gehiago dituen suminduen mugimenduaren hamargarren urteurrena dela eta, bi galderari erantzuteko eskatu didate: 1) Sumindutzat jo al daiteke Frantzisko aita santua? 2) Frantziskoren sinodotasuna bat al dator M-15arekin, plazen garaitzat hartzen denarekin? Hiru puntutan erantzungo ditut bi galderok.
- Frantzisko aita santua suminduekin dago. Nahiz eta, tunika zuri ederrez jantzirik, Vatikanoko jauregiko luxuzko areto errenazentistetan batzar solemneetan buru egiten duen aita santu onkote eta jada zaharraren irudia gaizki uztartzen den plazetan kanpatutako gazte suminduen plantarekin, uste dut Frantzisko aita santua mundu honetako sumindu guztiekin dagoela, Madriletik Tinduf-era, Palestinatik Calira, Asisko Frantzisko libre eta baketsua egongo litzatekeen bezalaxe.
Aita santua Vatikanoko balkoira aterata irudikatzen dut, leun eta irmo bere entzikliketako gako nagusiak munduari aldarrikatzen (letra etzanez komatxo artean ematen direnak hitzez hitzeko aipamenak dira): “Munduko gazte eta helduok, altxa zaitezte ‘hiltzen duen ekonomiaren’ aurka. Madarikatua ‘errukirik gabe suntsitzen eta hiltzen duten meatze-, petrolio-, egur-, abere-enpresen gutizia asasinoa! Europa, begira Lampedusa eta Lesbos, Mediterraneoko uharte eta urak hildakoz gainezka: ‘Vergogna, Lotsagarria!’. Eta entzun denok San Joan Krisostomok IV. mendean irakatsi zuena: “Norberaren ondasunak pobreekin ez partekatzea haiei lapurtzea eta bizia kentzea da. Gure ondasunak ez dira gureak, haienak baizik ‘. Horrela, bada, ‘jabetza pribatuaren eskubidea ezin da hartu bigarren mailako eskubide naturaltzat baino, kreazioko ondasunen destino unibertsalaren printzipiotik eratorria, eta horrek ondorio oso zehatzak ditu, gizartearen funtzionamenduan islatu beharrekoak’. Eta horregatik, ‘batzuek enpresa- edo merkatu-askatasunerako duten eskubideak ezin du herrien eskubideen gainetik egon, ez pobreen duintasunaren gainetik, ezta ingurumenarekiko errespetuaren gainetik ere’. Biziaren betiereko espirituak ‘iraultza kultural ausart’ batera deitzen gaitu. Entzuteko belarririk duenak, entzun dezala.
Eta zu, Jesusen eliza, utziozu ‘aduana” izateari, bihur zaitez ‘zaurituentzako sorospen-postu’. Bazter ezazu zeure ‘hilobi-psikologia’. ‘Irten’ zaitez zeure baitatik, zeure tenplu itxietatik, zeure doktrinak errepikatzetik. Libra ezazu espiritua letraren eta iraganaren eta boterearen espetxetik. Irten. Justizia eta bakea besarka daitezela lurrean, eta guztiok bizi gaitezela eta neba-arreba izan”.
Frantzisko aita santua –atsegin dut aitortzea–, bere irudiagatik eta bere mezuaren oihartzun mediatikoagatik, gaur egungo munduko ahots profetiko handienetako bat da, guztiz bat datorrena Stéphane Hessel, M-15aren inspiratzaileak aldarrikatu zuen “axolagabekeriaren aurkako eta matxinada baketsuaren aldeko alegatua”rekin: Sumin zaitezte!
Hori aurrena. Baina… zilegi bekit lehen puntu honi bi zehaztapen kritiko eranstea.
- Zuzenbide Kanonikoak eta aita santuaren Katiximak suminduekin talka egiten dute. Frantzisko aita santuarengan ez dator dena suminduekin bat, ezta hurrik eman ere, eta hori ere argi eta garbi esan behar da. Ez bakarrik, bere mezua eta bere jarrera pertsonal xumea gorabehera, jauregien erdian bizi delako, ponpaz eta zerbitzariz inguratua, ezta ere erlijio bat eta Eliza bat irudikatzen duelako, zeina, Vatikanoko jauregien antzera, Jesusek pobreentzat iragarri eta gorpuztu zuen askapenaren traidore nagusia izan baita, mendebaldeko munduaren historian –zenbait pertsona eta erakunde txit ohoragarri salbuetsita– boteretsuen aliaturik onena eta justiziaren eta berdintasunaren aldeko altxamenduaren oztopo nagusia izan den Eliza, alegia…, eta ezta ere aitasantutzan daramatzan zortzi urteetan ez duelako ukitu ere egin ez Zuzenbide Kanonikoaren hizki bat ez Katiximaren koma bat, ez duelako ukitu, alegia, doktrina eta teologiarik tradizional eta inmobilistena, gizarte-subertsioen nahiz interpretazio berrien etsaia…, ez horregatik guztiagatik bakarrik, baizik eta baita ere aita santu honek, Izaki goren gisa irudikatzen den “Jaun-goiko” baten izenean, milioika lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual, queer… kristau larriki iraintzen dituelako, horiei aitorpena eta bedeinkapena ukatuz, eta berriro ezkonduak diren dibortziatuek Jesusen mahaian komunioa hartzea ez duelako argi eta garbi onartzen, eta Eliza katolikoaren erdia diren emakumeak umiliatzen jarraitzen duelako, eliz estatutu betea horiei ukatuz.
Plazetako suminduek oihukatu eta eskatu dutenaren kontrakoa da. Eta plazez ari garela…
- Frantzisko aita santuaren sinodotasuna plazen espirituarekin kontraesanean dago. Etimologiaren arabera, sinodoak “elkarrekin bidea egitea” esan nahi du; Eliza Katolikoan, ordea, ehunka gotzainek Erroman, Pontifize goren ahalguztiduna, munduan “Kristo jainkotiarraren ordezkoa, buru dutela, ospatzen duten batzarra adierazten du batez ere. Sinodoa, ia apezpikuek bakarrik –denak aita santuak izendatuak– hitz egiten duten eta beraiek bakarrik bozkatzen duten batzar bat da. Frantzisko aita santuak kritikatu bai baina zuzendu ez duen klerikalismo hierarkiko eta piramidalaren ispilu ezin argiagoa. Aitasantutzan daramatzan zortzi urteetan lau sinodo deitu ditu, eta horietatik hiru ospatu dira. Eta zertan egin da aurrera? Bi hitzetan esango dut: “Ezertan ez”. Erretorika handiz jantzitako ezereza, hori bai. Zortzi urte gehiegi dira urrats erabakigarri eta atzeraezin bat bakarrik ez egiteko. Ez zaizkio beste zortzi geratzen. Eta ez du balio esatea aita santuak nahi bai, baina ezin duela, zismaren beldur delako. Ez ekiteak eta ez mugitzeak eragiten dute zismarik okerrena: onenek alde egitea eta dena gero eta hutsago geratzea.
Laburbilduz, uste dut, eta min ematen dit esateak, Frantzisko aita santuak indartu omen duen sinodotasun horrek zerikusi gutxi duela M-15eko plazetako espiritu eta praktikarekin. Plaza haietan nahi zuenak hartzen zuen parte, nahi zuenak hitz egiten zuen eta denek, gizon eta emakume, bozkatzen zuten. Eta plaza horietan erabaki praktiko asko hartu ziren ekosozialismo demokratiko eta feminista bat gauzatu ahal izateko. M-15eko plazetako sinodoek porrot egin dutela? Ez dakit. Porrotaz zer ulertzen dugun, eta Jesusen mugimenduak ere porrot egin zuela uste dugun, hori da kontua. Nolanahi ere, M-15ak porrot egin bazuen, erakunde katolikoari dagokion erantzukizunaz egin beharko dugu galde, Frantzisko aita santua buru dela. Baina ez diot aita santu honi ezer aurpegiratzen, aitasantutzari eta sistema osoari baizik. Sinesgarri izateari eta M-15a bezalako mugimenduak inspiratzeari eta bultzatzeari utzi dion Elizak porrot egin du, eta traizio egin die Jesusi eta bere Ebanjelioari, bizia arriskuan jarri eta galdu zuen esperantzari. Galdu ez, irabazi egin zuen bizia.
Aizarnan, 2021eko maiatzaren 12an