Adimen Artifizialari buruzko galderak
OHARRA: Ondorengo testua, zertxobait laburrago, 2025eko azaroan idatzi nuen, AGENDA LATINOAMERICANAk eskatuta, zeinaren 2027ko edizioa argitaratu berria den. Bien bitartean, Adimen Artifizialak (AA) garapen-erritmo bizkorrean jarraitu du amildegiaren ertz-ertzera iristeraino. Halako batean, eragile politikoek –denok gara, izan– hartua dute halako batean horren kontzientzia globala. Neurri globalak, hain premiazkoak, hartzea falta zaigu kataklismoa saihesteko.
1. AA: amaiera gabe aurrera?
Lehen neurona artifizialak 1940ko hamarkadan sortu ziren, eta “adimen artifiziala” terminoa 1956an sortu zen, baina orduan inork ez zuen uste 70 urteren buruan gauden puntura iritsiko ginenik.
1995ean ziurtzat ematen zen ez zela sekula ordenagailurik izango munduko xakelari onena gainditu zuenik, xakean funtsezkoak baitira, memoria eta kalkulu kuantitatiboa ez ezik, ordenagailu batek inoiz izango ez duen intuizio orokor antizipatzaile eta sortzailea ere. Baina 1996ko otsailean, Deep Blue makinak, 100 milioi jokaldi segundoko aurreikusteko gai zenak, Garry Kasparov txapeldunari nagusitu zitzaion zion. Maisuak, zaurituta, erronka bota zion berriro, eta oraingoan irabazi egin zuen. Eta harro esan: “Ez da makinarik hurrengo milurtekoan niri irabazteko gai izango denik”. Nahikoa izan zen bere programan hobekuntza txiki bat aplikatzea, 1997ko maiatzean ordenagailuak errusiar jeinuaren baieztapena behin betiko zapuzteko.
Hori ez da ezer. Ordenagailurik indartsuena ere oraindik oso urrun dago lau urteko haurrak duen sentitzeko, ulertzeko, ikasteko, irudikatzeko, erabakitzeko, hitz egiteko, barre egiteko, negar egiteko… gaitasuna imitatzetik eta gainditzetik. Oso urrun baita ere txakurraren edo izurdearen, edozein ugaztunen adimen orokorra –harremanak, emozioak, sormena… – imitatzetik eta gainditzetik. Hala ere, AA hasi besterik ez da egin. Norantz egingo ote du aurrera?
2. Dardara eragiten duen erritmoan
Ehiztari-biltzaileen aroak 290.000 urte iraun zuen, milaka urteko trantsizioaren ostean nekazari-abeltzaintzari bide eman aurretik. Nekazaritzak 12.000 urte baino ez zituen behar izan lurrun-makina asmatzeko, zeinak ziztu biziko industrializazioari bide eman baitzion. Industrializazioa, 250 urte eskasean, laugarren iraultzan da dagoeneko. Esan daiteke aro postindustrialean gaudela, informazioarenean. Ekonomia, informazioa, historia, guraso gazteen eta seme-alaben bizitza, baita aitona-amonena ere: dena ari da bizkortzen. Sistemak lehiakortasuna du izaera; azelerazioa, baldintza; gutizia, motorra. Eta asfixia orokorra emaitza.
Gutiziaz, lehiaketaz eta azelerazio orokorraz osatua den eta herrestan garamatzan engranaje ikaragarri honen ispilurik argiena AAren garapena da. Duela bi hilabete, Amazonek emaitza ekonomiko bikainak iragarri zituen, eta, aldi berean, 30.000 lanpostu ezabatzeko eta AAn dirutza handiak inbertitzeko proiektua. Horixe da konpainia erraldoi guztien logika eta praktika, elite batzuen onurarako eta haziz doan gehiengoaren zoritxarrerako. Ez al dira jada botere planetarioa konkistatzeko borrokan ari, gutxi batzuen onerako? Ez al da gizateria osoa bere makineria ankerraren biktima izaten ari?
3. Adimena edo kontzientzia: emergentea, erreduziezina, determinaezina (librea?)
Konplexua da landare batek ingurune anizkoitz eta aldakorrarekiko duen erreakzioa. Askoz konplexuagoa txakur batek beste baten aurrean duena. Neurrigabe konplexuagoa gizaki batek, bere harremanen sare infinituan, eraso edo maitasun-adierazpen baten aurrean duena. Nolanahi ere, giza bizipen eta erreakzio oro –esker ona nahiz haserrea, samurtasuna nahiz indarkeria, barrea nahiz negarra– gizakiaren informazio-organo nagusiak erabakitzen du beti, hots, garunak, unibertsoan ezagutzen den sistema partikularrik konplexuenak. Inguruko faktore fisiko, sozial, kultural guztiek eragiten diote garunari, baina garunak prozesatzen du azken batean kanpotik jasotzen duen informazio eta interakzio guztia. Garunak sortzen eta eratzen ditu, beraz, giza esperientzia fisiko, psikiko eta espiritual guztiak. Eta gauza bera esan liteke animalia ia guztiei buruz: garuna dute eta honek gobernatzen ditu haien esperientzia guztiak konplexutasun-forma eta -maila ezberdinetan.
Garun-organotik sortzen dira gizakiongan sentsazioak eta oroitzapenak, sentimenduak eta ideiak, irudimena eta borondatea, kontentzioa eta bulkada, konfiantza eta beldurra, egonezina eta bakea, fedea eta fedegabetasuna… Jakina, garunetik sortzen dena beti da erabat berria, propietate osoki berriez hornitua, garuna bera osatzen duten osagaiekin alderatuta. Halaxe gertatzen da errealitatearen arlo guztietan. Atomoa partikulez osatua dago, baina partikulek ez bezalako propietateak ditu. Molekula atomoen elkarketatik dator, baina atomoarenak ez bezalako propietateak ditu erabat. Zelula biziduna molekulaz egina da; organoa, zelulaz egina; eta organismoa, organo koordinatuez egina; kasu bakoitzean, sortzen dena kualitatiboki desberdina da sorburuarekiko. Bai materia-matrize misteriotsu eta ahaltsua, harreman eta propietate berri erreduziezinak sorrarazteko gaitasunaz, posibilitate infinituaz, sormen sakratuaz, Jainkoaz animatua!
Hala ere, berritasun erreduziezina beti dago sorrarazten duten elementuen mende. Psikismoa eta adimena ezin dira garun soilera –oinarri fisiko, kimiko nahiz biologikora – erreduzitu, baina ez dira bere baitan eta berez, baizik eta sorburu dituzten diren substratu kimiko, biologiko eta organikoari esker, eta azken batean garunari esker. Giza adimena eta “kontzientzia” ezin dira garunera erreduzitu, baina haren mende daude, eta, beraz, zelula neuronalek eta horien konexioek sortutako prozesu biokimiko eta elektrofisiologiko guztien mende. Fisika eta kimika, biologia eta soziologia arautzen dituzten legeek (beti irekiek) determinatzen dituzte adimena eta “kontzientzia”, “instrukzio” edo “algoritmo” logiko-matematikoak medio. “Bertute teologal” direlakoak ere (fedea, itxaropena, maitasuna) ez dira Jainko estrintseko baten borondateari eta erabaki libreari zor zaizkion dohainak, baizik eta burmuinaren fruitu zoragarria, lurraren, den guztiaren harremanen eta erabakien sorkaria, materia-matrize unibertsalak bere baitan dituen ahalmen infinituen agerkari inoiz erabat osatu gabea. Eta, guztiarekin ere, ezer ez dago aurrez erabat determinatua. Behin ere ezin da esan aurrez, harreman-sare eta prozesu zerebral infinituki konplexuaren buruan, zer propietate berri (edo zer “erabaki libre”) sortuko diren. Laburbilduz: gizakien (eta orokorrean animalien) kontzientzia garunetik sortzen da, baina aldi berean ezin da garunera erreduzitu, eta haren (kontzientziaren) “erabakiak” aldez aurretik ikusiezinak (indeterminatuak), nahiz eta erabakiok gauzatuko direnean zerbaitek osoki baldintzatuak eta determinatuak izango diren.
4. Gerta al liteke sare informatiko batean adimena, sentimena, kontzientzia sortzea?
Aplika diezaiogun hau guztia AAren auziari. Saihestezinak dira galdera kezkagarrienak:
Zer gertatuko da egunen batean biozientziak eta neurozientziak bizitzaren eta adimenaren, beldurraren eta konfiantzaren, maitasunaren eta gorrotoaren algoritmo oraindik sekretuenak ezagutzera iritsiko balira?
AAko konpainia handiek lehia amorratua dute ezagutzaren eta teknologiaren, nagusitzaren eta negozioaren lasterketan (lasterketa itsuan!). Nork geldiaraziko ditu? Ez al dira egunen batean –agian ez batzuek uste duten bezain azkar, baina behar litzatekeen baino askoz azkarrago– “materia” bizidun, pentsakor eta kontzienteko makina-garunak fabrikatzera iritsiko?
AA ziztu bizian garatzen ari direnek beraiek ere ba ote dakite makina-garun horiek zertarako gai izango diren eta ez diren? Edozein erabaki –onenerakoak nahiz txarrenerakoak– hartzeko ateak zabalik utziz edo giltza emanez, materia-matrize santuari ez ote diote eragingo komunio- eta bizi-energia botere suntsitzaile bihurtzera? Erabakia agian gure esku dago oraindik.
GLOSA (2026ko irailaren 20an gehitua):
Lurrean, biziaren milaka milioi urteko eboluzio luze eta irekian, duela 300.000 urte inguru sortu zen Sapiens giza espeziea, bere osaera harrigarri, ezegonkor eta paradoxikoarekin: gaitasun harrigarriz hornitua, baina gaitasunok kudeatzeko gai ez zena. Lurretik jaioa zelarik, Lurra paradisu edo infernu izanaraz zezakeen. Baina ezin izan zuen edo ez zuen jakin izan bere onera eta on komunera –on bera– eramango zuen bidea bakarrik aukeratzen libreki, huraxe izanik, alegia, maiteen eta gustukoen; libreki eta ezinbestean, beraz.
Goiz batean ongiaren eta gaizkiaren ezagutzaren zuhaitza aurkitu zuen, fruitu erakargarriz mukuru. Eta huraxe konkistatzeko bulkada eutsiezina sentitu zuen barrenean: “Neuretzat hartu nahi –esan zuen–, ongiaren eta gaizkiaren jabe izan nahi dut, dena jakitea eta ahal izatea nahi dut. Jaun goiko ahalguztidun orojakile nahi dut izan, beheko lurraren eta zeruko izarren jabe subirano”.
Horrela iritsi gara –duela 4 urte besterik ez, 2022an– inoiz imajinatu gabeko jakintza- eta botere-tresnarik bikainena izatera: Adimen Artifizial Sortzailea. Ez dakigu ziur zer lorpen- eta arrisku-puntu zehatzetan gauden, inplikatutako super-enpresen gardentasun falta kezkagarriaren ondorioz. Baina eztabaidaezina da gure espeziearen historia osoko paradoxa zibilizazional handienean gaudela gaur: inoiz ez gara hainbeste ezagutzaren jabe izan, ezta hainbeste ziurgabetasunen jabe ere; inoiz ez dugu hainbeste botere izan, ezta hainbeste segurtasun-gabezia pairatu ere; inoiz ez dugu hainbeste eta hain azkar egin aurrera, ezta gutxiago jakin ere norantz eta zertarako.
Hona gu orain, bidegurutze handira, galdera handietara, erabaki handietara iritsiak: Gure espezieak Homo Sapiens izan nahi eta ahal izango ote du egiazki, eta ez Homo Demens, Predator eta Exterminator, neurriz kanpo izaten ari den bezala? Ulertuko ote du azkenean ez dela humanoa eta ez duela merezi ezein garapen teknologikok, baldin eta balio ez badu denok hobeto bizitzeko, hau da, hobeak izanez zoriontsuagoak izateko? Ohartuko ote da zertara kondenatzen gaituen mundu osoa zurrunbiloan hartua duen den lehiakortasun unibertsalaren legeak: pertsonen, familien, herrien itomenera, ahulenak ezabatzera lehenik eta suntsipen unibertsalera azkenik? Erabakiko ote du alor guztietan besarkatzea legerik sakonena, jakintsuena, libreena: izaki guztien neba-arrebatasunaren legea?
Orduan, jakintza- eta botere-grinaz –jaun goiko irrikatuaz– husturik, jakintsu eta hurko bilakatuko gara, zorioneko eta errukizko paradisua zainduko dugu Lurrean, Jainkoa enkarnatuko dugu, Jesusek bezala.
Joxe Arregi
Aizarna, 2026ko irailaren 20a
www.josearregi.com
