Dionisio Amundarain. Egunean eguneko ebanjelioa – Aurkezpena

Berri ona egunen harian

1. Eguneroko ebanjelioa. Egun bakoitzak badu bere nekea, eta behar du bere berri ona. Horixe eskaintzen digu liburu honek, hara: datozen urteetako eguneroko ebanjelioa, “berri ona”. Urteetako egutegiari egunez egun xuxen jarraituz, eta azalpen soil bezain egokiz argiturik, Jesusen berri ona isurtzen digu egunero tantaka, egunero edateko.

Behar dugu. Eguneroko nekeetan eguneroko aringarria, eguneroko ezinean eguneroko kemena, eguneroko gatazketan eguneroko bakea, eguneroko zaurietan eguneroko barkamena, eguneroko iluntasunean eguneroko itxaropen-izpia.

Behar dugu eta badugu. Hartu, hausnartu, barneratu dezagula. Busti eta bera gaitzala, udazkeneko euriak lur nekatua bezala.

2. Eguneroko salmoa. Eguneroko otoitzerako lagungarri eder askoak ere eskaintzen dizkizu eskuan duzu liburuak, eguneroko ebanjelioarekin batera: egunean eguneko salmoa batik bat, eta egunean eguneko otoitza, eta atzoko nahiz gaurko otoitzen bilduma eta kantu-sorta gainera, eranskin gisa.

Eguneroko salmoaren bidez, eguneroko bizitza otoitz bihurtzen zaigu bihotz-ezpainetan. Gorespen eta garrasi, lantu eta kanta, bizitza bera bezala. “Salmoak, ene salmo maiteak, ene itxaropenaren eguneroko ogia” (Y. Congar).

Eguneroko otoitzean, Jainkoaren graziazko jarioak blai egiten digu eguneroko bizitza, etengabeko isurian.

3. Eguneroko santua. Egun bakoitza santu-izen batez edo askoz markatua dago kristau-egutegian. Eguneroko santuaren berri ikas dezakezu liburu honetan.

Aldareetako santuak baino gure eguneroko bideetako santuak dira. Santu bidariak, santu bidaideak, geure arimazko eta haragizko santuak. Gure bide estu eta ilun guztietan ibiliak. Gure neke eta ezinak ongi probatuak. Ez goaz bakarrik. Eskutik goaz.

4. Egunero onduz. Eguneroko berri onari esker bakarrik izan gaitezke on. Tristura eta beldurra dira, izan ere, gaitz guztien zuztar gaiztoa. Pozik bizi denak ez du gaitzik egiten. Beldurrez eta larri bizi denak, ostera, ezin du onik egin.

Berri onak onduko gaitu ezarian egunetik egunera. Berri ezazu egunero, berri onak zure baitan eta izaki guztietan dena on bihurtuko duen esperantza.

5. Eguneroko fedea eta kultura. Hori guztia jartzen dizu, beraz, liburu honek eskura: eguneroko ebanjelioa, eguneroko salmoa, eguneroko otoitza, eguneroko santua. Biblia, meza-liburua, otoitz-liburua, kantu-liburua, ehunka santuren biografi liburua: dena duzu batean, mamitsu eta soil, txukun antolaturik, ezin eskurago, ezin erabilgarriago.

Zorionak eta mila esker Dionisio Amundarain langile nekaezinari! Eta Jose Luis Zinkunegiren eragimenari, eta Jesus Mari Arrietaren esku lagunari.

Bejondeiola Deustuko Unibertsitateari, eta “Erlijio Kulturaren Bilduma” honi bereziki! Erlijio-bizipena eta gogoeta gaurko kulturan txertatzeko ahalegin txalogarria, ahalegin aitzindaria, egiten ari da.

Eguneroko ebanjelioak eta otoitzak lagun diezazutela fedea kulturan eta kultura fedean sakon errotzen!

6. Jainkoa gurekin egunero. Adiskidea, hona hemen zuretzat eguneroko ebanjelioa. Ez kanpotik eta urrundik, baizik eta geure eguneroko lur apaletik, izaki bakoitzaren barrutik, biltzen eta osatzen gaituen errealitatearen barruenetik, geure barneko hitzetik, otoitzetik, oroitzatik.

Egunen gurpila ez da gurpil zoroa, nondik eta nora gabe. Izadiaren oinaze larrien eta gure nahigabe guztien artean, barnean daramagun eta barnean garamatzan Jainkoaren misterio ona sumatzen dugu egunero. Haztaka eta itsumustuka askotan, hori bai.

Tente nahiz jauskor, akasgabe nahiz akasdun, Jainkoa berri on duzu egunero. Eguneroko nekean eguneroko arnasa, eguneroko kordokan eguneroko euskarria, eguneroko bakardadean eguneroko presentzia, eguneroko tristuran eguneroko kontsolazioa, eguneroko bidean eguneroko bidaidea, eguneroko ahulezian eguneroko konfiantza. Eguneroko bizitzaren jarioan eguneroko graziaren jario agortezina.

Zergatik ez izan esker oneko,

zergatik ez eskertu goizero

egun berri bakoitzak berriro dakarkigun

pertsona eta gauzen hurbiltasun

zahar eta berria,

ezaguna

eta ezagupen berri eta sakonagorako

eskaintzen digun aukera egunero berria?

(B. Gandiaga, Ahotsik behartu gabe)

Aurkezpen gisa: Berri Ona egunen harian

Dionisio Amundarain. Egunean eguneko ebanjelioa. Erlijio Kulturaren Bilduma, Deustuko unibertsitatea, Bilbo 2006, 11-13 or.