Nik ez dut dualista izan nahi

Carlos F. Barberak oraindik ATRIO atarian (www.atrio.org) orain argitaratu duen artikuluak (“Yo quiero ser dualista”) harridura sortu dit eta zenbait gogoeta piztu, eta horiexek sinpleki eta lasai adieraztera nator.

1. Lehen harridura izenburuak berak dakarkit. Sumatzen dut ezen “Jainkoren eta munduaren” arteko dualtasuna nahi duela funtsean aitortu, edo “Jainkoaren eta giza pertsonaren” arteko harreman duala mantentzeko borondatea adierazi. Eta bere burua berretsi hatzarekin seinalatzen omen dutenen aurrez aurre: “Dualista, dualista!”. Nago, Barberak kontua zertxobait exageratzen duela, baina aitor dut norbaitek, berak dioen bezala, hatz salatzailez seinalatuko balu pentsatzeko (edo otoitz egiteko) moduan dualista izateagatik, salatzaileak berak ere “dualista” gisa jokatuko lukeela, egiaren eta errorearen, argiaren eta ilunbearen haurrak bereiziz. Norbera ez-dualista dela aldarrikatzeko dualista gaitzestea dualismo hutsa da. Oker gindoazke hortik, eta horrela goaz.

Noski, errealitatea anitza, askotarikoa eta sarritan gatazkatsua da, izaki bizidun bat beste izaki bizidun batzuk jatetik bizi izateraino gatazkatsu ere (baina hau berau ez ote da seinalerik argiena bizidun guztiok elkartasunezko gorputz bera osatzen dugula, eta heriotza bera ez jaio eta ez hil egiten ez den biziaren osagai dela?). Horrela ikusten dut nik. Eta, beraz, dualtasun eta gatazka guztiak gorabehera, ez dut ikusten inolako dualismorik materia eta espirituaren artean, immanentziaren eta transzendentziaren artean, izaki bizigabeen eta bizidunen artean, gizakien eta ez-gizakien artean, ezta biziaren eta heriotzaren artean ere. Are gutxiago on eta gaiztoen artean edo ortodoxoen eta heretikoen artean. Nahikoa sufritu dugu horregatik guztiagatik. Nik ez dut dualista izan nahi.

2. Horrekin ez dut ukatzen izaki guztiek –baita, diotenez, unibertsoko atomo guztiek ere– bakoitzak bere berezitasuna dutenik, bakoitzak bere forma bakarra, beste forma guztiak ez bezalakoa. Eta txunditu egiten nau horrek. Ni bakarra naiz, zu bezalaxe. Baina ezein forma ez da beste ezein formatik bereizia, ezein izaki ez da beste ezein izakigandik independentea. Guztia guztiarekiko erlatiboa da, guztiarekin harremandua dago. Denok bat gara, esan zuen Jesusek. Horrela, bada, lilura hutsa da norbaitek bere burua guztiaren zentro bakar ezarri nahi izatea. Batzuetan garela uste dugun eta sarritan izan nahi dugun Ni bereizia lilura hutsa da.

Inork ez du ukatzen, Carlos, Nia forma berezi eta erreal gisa existitzen denik, zuhaitza eta harria forma ezberdin eta errealak direla inork ukatzen ez duen bezala. Azaleko Ni bereizia da lilurazkoa dena. Eta, batez ere, bere jeloskortasun eta handinahikerietan, bere lehia eta beldurretan ixten den egoa da lilurazkoa. Nik ere, zuk diozunez, “ispiluari begira neure burua ezagutzen dut: Ni naiz”. Baina, neure burua begiratzean, aitortzen dut ez naizela soilik eta batik bat ikusten dudana, edo naizela uste dudana. Ni sakona guztiarekiko elkartasuna da. Elkartasun unibertsala, kosmikoa edo mistikoa da gure bokazioa eta funtsa.

3. Jainkoa deitzen diot izaki guztien Elkartasun beteari, aldi berean esperantza eta errealitatea den Elkartasunari, zeina iragan, orain eta etorkizunean banantzen dugun denboraz harago baita. Ez da Izaki gorena, den guztiaren Izate huts eta betea baizik. Ez da izakien barruan ez kanpoan, immanentzia absolutuan transzendentzia absolutua baita. Ez da munduaren aurreko Sortzailea, baizik eta Sormen iraunkorra, Misterio iturburua, formarik gabeko Hondoa forma guztietan.

Jainkoaren eta munduaren arteko, Jainkoaren eta Niaren arteko dualtasun eza baieztatzen duenak ez du esaten Jainkoa eta mundua bat direla, baizik eta ez direla bi. Ez bat eta ez bi, ez monismoa eta ez dualismoa: Jainkoa ez da inongo sailetan, zenbaki-segidatan kontatzen. Ezin dut ulertu ez zerbaiten aurrean dagoen zerbait bezala, ez norbaiten aurrean dagoen norbait bezala, ezta beste pertsona baten aurrean dagoen pertsona bezala ere. Ez da “deusekiko beste” (Kusako Nikolas kardinala, XV. mendea). Nia ote da? Zua ote  da? Baita ere, baina ez zu baten aurrean legokeen Nia, ezta ni baten aurrean legokeen Zua ere, baizik eta ni ororen sakoneko Nia eta zu ororen sakoneko Zua. Horrela bizi eta esan izan dute tradizio sapientzial sakon guztietako emakume eta gizonezko mistiko guztiek, erlijioso nahiz ez-erlijioso, teista nahiz ez-teista. Eta, azken batean, lagun hurko zauritua erruki zoriontsu eta eraginkorrez tratatzen duenak –hark bakarrik– agertzen, gorpuzten eta gauzatzen du jainkotasuna.

4. Horregatik, ezin dut ere kontzebitu “Jainkoarekiko harremana” “harreman pertsonal” gisa, bi pertsonaren arteko harremanaren irudira, “pertsona” ulerturik kontzientzia-gune bezala, beste kontzientzia-gune batekiko ezberdina. Jainkoa ez da deusekiko ezberdin, ez eta deusen antzeko ere, Izate soila ez den bezala ezein izakiren ez antzeko ez ezberdin. Jainkoarekiko harremanak ezin du izan “beste” pertsona batekiko edo “beste” kontzientzia-gune batekiko harreman pertsonalaren irudiko. Jainkoa unibertsoaren Bihotz taupakaria da, non gure forma gaixo guztiek bere buruaz haraindi elkar aurkitzen duten bizi-Arnasan, Izatearen sugar errukior eta eraldatzailean. Jainkoarekiko harremana ez da, esan zuen H. Küngek, ez pertsonala ez inpertsonala (pertsonala baino gutxiago), baizik eta pertsonala bano gehiago

5. Honetan guztian –jarraitzen du Barberak amaituz–, “nahiz eta ez-dualistek ukatu, panteismoa ageri da”. Igar zitekeen nora zetorren. Eta panteismoaren adibide gisa, “Joseba Arregui” aipatzen du, FE ADULTAko topaketa batean, urteak dira jada, “bere mintzaldi osoa honako hau esatera mugatu zuena: ‘Orain sinisten dudana zera da: dena ‘jainkozkoa’ dela”. (Nitaz ari zara, Carlos, baina hara, izena ez dut “Joseba” eta abizena ez dut “Arregui” idazten: niaren engainuen metafora xelebrea). Ez dakit diozun bezala esan ote nuen, baina hori da gutxienekoa. Ez dut esaten mundua Jainkoa denik –horretan datza berez “panteismoa”–, mundua formaz osatua baita, eta Jainkoa forma guztien beteko “Huts” iturburua baita. Ez dut esaten munduko izakiak Jainkoaren zati direnik, Jainkoa ez baita zatiz egindako osotasuna, zatien batura baino gehiago den Osotasuna baizik.

Halere, munduan hainbeste edertasun eta elkartasun, hainbeste harmonia eta ontasun izatea, mundua izatea bera eta den bezalakoa izatea, eta dena hutsaren fluktuazio kuantikoan –probabilitateen lege ilun baten ondorioz– sortutako argi-txinparta batetik eratorria izatea, hori guztia bai, zoragarria, bikaina, “jainkozkoa” iruditzen zait, hau da, dena mugitzen, batzen eta birsortzen duen Sugarraren agerpena. Ez nuen esan eta ez dut esaten, Barberak ondorioztatzen duenaren aurka, gerrak, gorrotoa, handinahia eta giza krudelkeria “jainkozkoak” direnik. Alderantziz, gure “jainkozko” izatearen ukapen eta ezkutapen dira. Gure egotxoaren emaitza, bere ilusio hutsaletan hain galdua baita, amaitu gabea delarik izan eta bere benetako izaterantz bidean bidari.

Hala ere, ez dut dualista izan nahi. Sinesten dut eta sinetsi nahi dut sakon-sakonean bizi eta gidatzen gaituen Sugar aratz sutsuan, eta zalantza artean uste dut denok elkarrekin bizirik euts geniezaiokeela gida gaitzan.

Aizarna, 2021eko irailak 23