ZER ATEISMO ETA ZER JAINKO? Albert Chillon eta Jesus Martínez Gordoren arteko eztabaidaz

Jesus adiskidea, hona hemen beste pare bat ohar berri (edo zahar, baina nolanahi ere adiskidetsu), zure kontrarreplikak iradokitzen dizkidanak:

  1. Diozu, zure solaskidea, Albert Chillon, “Esanezinaren” edo “Misterio fundatzailearen” existitentzia onartzen ez duten horietako ateo gogorra zelako egin zenuela halako planteamendua. Hala balitz, deismoaren eta teismoaren zure defentsa kaltegarria izango litzatekeela deritzot; izan ere, Jainko hitzaren hainbat esanahiren artean, esango nuke beretzat bi onargaitzenak –arrazoiz ziur aski– zuk defenditzen dituzun bi horiexek izango liratekeela: batetik deista (zeinaren arabera “Jainkoa” Lehen Motorea izango litzatekeen, behin mundua sortu eta gero “egonean” dagoena, ezer egin gabe) eta bestetik teista (zeinaren arabera “Jainkoa” mundua gobernatzen jarraitzen duen Jainko orojakile eta ahalguztiduna izango litzatekeen).
  2. Dena den, Albert Chillon ez da, nire ustez, “ateo“ horietakoa (beharbada, egia esan, gure aurreiritzi erlijiosoetan baino ez dira existitzen). Egia, edertasun eta ontasunean fedea aitortzen du, eta horiek direla dio gizakiaren azken zerumuga, bokazioa, aukera eta erronka etikoa. Eta itxaropenean fedea duela baieztatzen du, eta hortxe oinarritzen bizitzaren zentzua. Zer nahi dugu Misterio fundatzailearen aitorpen hoberik? Euren burua fededun jotzen duten guztiengan fede sakon, bizi hori –ez bakarrik ideologikoa, abstraktua– izango balitz, mundua salbatuta legoke.
  3. Gehiago. Albert Chillonek beren-beregi dio ez dela “ateoa”, “ateista” baizik, hau da, ez duela Jainkoaren edozein irudi ukatzen, baizik eta “Jainko” deista eta teista, hau da, munduarekiko bereizia den “Jainko” Izaki Gorena, mundua kreatu zuenetik “egonean“ egon (deismoa) nahiz nahi duenean munduan esku hartzen jarraitu (teismoa). Ausartuko nintzateke esatera, “Jainko” bikoitz horren –niretzat ere existitzen ez denaren– existentzia dela, hain zuzen ere, ateoak omen direnetako askok eta askok ukatzen dutena. Ateoek irakasten digute zer Jainko ez den existitzen, eta alferrik saiatuko gara badela frogatzen. Bestalde, San Agustinek esana da: “Ulertzen baduzu, ez da Jainkoa”. Beste era batera esanda: mundua esplikatzeko beharrezkoa litzatekeen Izaki Goren bezala ulertzen duzun hori ez da Jainkoa, zure irudi bat baizik. Mundua esplikatzeko beharrezkoa den “Jainko” deista nahiz teista horren existentzia aldarrikatzea ez zait iruditzen, beraz, Albert Chillonekin nahiz ateorik tematsuenarekin nahiz gure gizarteko masa erlijio-axolagabearekin hitz egiteko abiapunturik onena, eta ezta ere arrazionalki gurtu nahi duten Jainkoaren bila dabiltzan –Teilhard de Chardin-ek esango lukeen bezala–.fededunekin hitz egiteko.
  4. Eta nire lehen erantzunean esandakora nator berriro: ez zait zuzena iruditzen gaurko fisikariek –astrofisikari nahiz fisikari nuklear– onartzen ez duten materia-kontzeptu batekin argudiatzea. Zerbaitetan ados badaude, honetan daude ados: ez dakitela oraindik zer den materia (eta, beraz, zoria eta halabeharra). “Materialismoaz” hitz egiten duzunean, eta ateo eta ateistei aurpegiratzen diezunean mundua “materia soilaz” azaldu nahi izatea, badirudi zuk badakizula zer den, zeren materia zer den dakienarentzat bakarrik izan baitezakete zentzua “materia soila” eta “materia baino gehiago” bezalako esamoldeek. Baina, asko dakizun arren, Jesus, uste dut zuk ere ez dakizula oraindik materia zer den, eta, beraz, zure erreprotxea oinarririk gabe geratzen da. Eta neure buruari galdetzen diot, galdetzea librea baita, ezin ote den pentsatu “Jainkoa” deitzen dugun Arnasa Sortzailea –metafora hutsa– “materia santuaren” –Teilhard de Chardinen hitzak berriro– Hondoa edo betiereko Bihotza dela, “lehen/gero” eta “barruan/kanpoan” kategoriez harago. Ez da zertan Jainko deitu, baina deitzen dut. Errealitatea ez dugula ulertzen esateko modu bat da, baina, jada baden eta posible den bere hondoan, egiazkoa, ederra eta ona, fidagarria dela. Mirets eta zaindu dezagun Errealitatea, zaindu dezagun elkar

Aizarnan, 2021eko abuztuaren 24an