Rafa Redondori (1941-2025). Argiaren sutan
Rafa Redondori (1941-2025)
Argiaren sutan
“Esku-ahurrak haizetara zabalik” joan zatzaizkigu, “Izateak, nire egiazko etxeak, arnasten duen airea beste heldulekurik gabe”.
Lagun arretatsu izan zaitugu, Isiltasunaren lekuko inspiratu, “gure barneneko arnasa, taupada eta aldarri den Lekukoaren” Presentziaren ahots dardarkari.
Bete duzu zure aspirazio osoa, izaki guztien, fotoiaren, suaren eta airearen, harriaren eta uraren, tomatearen, zozoaren, bonoboaren eta homo sapiens-demens garenon aspirazioa: “Geure buruaz desertatzeko, etxerik eta aberririk gabe geratzeko, hautua egitea, garena izan ahal gaitezen. Ezerezaz ehunduriko mantua, berpizkundearen irazkia. Heriotzaren heriotzako oihalaren hutsa”. “Inorez izatea, Bestearen ostatu den hutsunea soilik”.
Azkenik, libre zara. “Heriotzako ezerezaren beldurretik libre, ezerez izateko prestasuna harrapatzeko gai ez zelarik, Asisko Frantzisko txiker eta gozoak bazuen sekretu bat: dena ematea. Bazekien desatxikimenduak, Hutsaren esperientziak, dakarrela askapena, inork ezin baitu kendu, ezta heriotzak berak ere, Izatearen presentzia, zeina heriotzan bertan bizi den, hots, inor ez izatea, Inorez izatea, aukeratzen duen pobretasun hautatuan”.
Orain ahal duzu “ezereza bizi, ezerez izanez”. Jada ez zara inor. Jada Inorez zara. “Ezerez inorezean. Oro Inorezean”.
Burutu duzu Izatearen zentroranzko bidaia isila bere zurrunbilo guztien artean: “jareitea, amore ematea, errenditzea, desatxikitzea; des-agertzea, ia arrastorik utzi gabe, gure pertsonaiatxoa Argiaren sutan erretzen den bitartean”.
Joxe Arregi, Aizarna, 2025eko apirilaren 12a
www.jarregiolaizola
OHARRA: komatxo arteko guztiak Rafael Redondoren El brotar del asombro. Intuiciones, fulgores, pensamientos… (Mensajero, Bilbo 2012) liburutik hartuak dira hitzez hitz