Bakea

Bakea zer den, zer ez den,
hortantxe dago gakoa:
Bakea zer den, zer ez den.
Bakea on bat da, beti
arduratsu zaintzekoa.

Bakea beti da on bat
erreparoz lantzekoa,
bakea beti da on bat
lortu orduko prestatzen
jarraitu beharrekoa.

Bakea ez da geldia,
bakea ez da geldoa,
bakea ez da nagia.
Bakea malkarrak leunduz,
sakanak zelaituz doa.

Aldian aldiko lana
eskatzen digu bakeak,
aldian aldiko lana.
Bakeak problemak ditu:
eztabaida ta txokeak.

Bidea lez da bakea:
ibiliz egitekoa,
zeregin etengabea.
Geure martxak markatzen du
bakearen erritmoa.

Bakea, den eta ez den
on bat da martxan doana.
Bakea martxak du zertzen:
trabak bideratu ahala
sortzen da eta gauzatzen.

Bakearen gorabeheran
hurkoa da arazoa,
gutxitan hurragokoa;
baina norberagan dago,
sarri askotan, gakoa.

Bakea garestia da,
izena dauka merkea;
bakea garestia da.
Txit zaila ta kontuzkoa:
justizia da bakea.

(Bitoriano Gandiaga, Arantzazuko poeta frantziskotarra)