DESHAZIZ HAZI. Zahartzaro kontzeptua historian zehar (I)
* EHUko Udako Ikastaroetan (2026) emandako hitzaldia: “Crecer decreciendo. Recorrido histórico del concepto de vejez”
Wet erro indoeuroparretik ei datoz latinezko veterus (“zaharra”) eta latinetik sortuak diren hizkuntza erromanikoetako viejo, vieux, vecchio… Wet erroak “urtea” esan nahi du, eta aurreko urteko nekazaritza-produktuak adierazteko erabiltzen zen. Produktu batzuek, ordea, urteekin kalitatea irabazten dute eta beste batzuek ez. Ardo batzuk urteekin hobetu egiten dira, baina beste batzuk ez, mahats-orpoaren eta urtearen arabera. Edozein ardok urteak behar ditu zahar, urtatu edo urtetsu izateko, baina urteak ez dira aski ardo hobea izan dadin. Gauza bera gertatzen zaigu guri, urtetsuoi, bizitzaren kalitate sakonari dagokionez.
Aurten ere geure buruari galdetzen diogu, beraz: posible al da deshaziz haztea? Adineko askok, gizon eta emakume, zalantzarik gabe frogatzen dute baietz, eta hala berresten digute garai eta kultura guztietako jakintsu askok, gizon eta emakume. Posible da zahartuz haztea, zahartzaroak dakartzan galerak gorabehera. Galerak berak irabazi bilaka daitezke, eta loturak askatasun. Adin guztietan gerta liteke hori. Adin guztietan ikasi beharreko zerbait da, beraz, baina irakasgai horrek, denetan zailenak, munta berezia hartzen digu gure adinean.
Zahartzaro kontzeptuaren ibilbide historikoa aurkeztea proposatu zitzaidan. Iaz ere aurkeztu nituen antzinako nahiz egungo hainbat jakintsuren zenbait gogoeta zahartzaroari buruz. Gaurko honetan zabaldu egingo ditut esparru historikoa eta testigantzak, duela urtebete aipatuetan arinxeago aurrera eginez. Gure aurrekoen irakaspenetan badugu gaurko ere egokia zaigun argibiderik eta beharrezko dugun bulkadarik asko egokitu zaizkigun egoeretan bizitzeko edo bizi nahi izateko haiek bizi izan edo bizi nahi izan zutena.
Ordena kronologikoa eta aldi berean geografikoa jarraituko dut funtsean. Eta testuak berak irakurtzera mugatuko naiz, arinki komentatuz, diotena nabarmentzeko komentatu ere azaltzeko baino gehiago.
Baina, ibilbide historiko horretara igaro aurretik, atariko ohar orokor bat zirriborratu nahi nuke, zaharrek antzinatean izan zuten eta gure garaian duten aitorpen zein paper sozialaren inguruan.
1. Zahartzaroaren estereotipoak iraganean eta gaur
Gure kultura eta hizkuntza, bizi garen gizartea, zahartzaroari buruzko estereotipo negatiboz beteta daude, baina ez dezagula pentsa fenomeno berria denik. Beti izan dira, era batera edo bestera. Egia da zaharren errekonozimendua eta autoritatea, oro har, askoz presenteago ageri direla antzinako kulturetan gurean baino. Zaharrek presentzia pribilegiatua izan dute indigenen kulturetako eta gizarte tradizionaletako aginpide-erakundeetan: hor ditugu Erromako Senatua (senatua senexetik dator, zeinak “zaharra” esan nahi baitu); edo antzinako judaismoa nahiz modernoa, eta bere Zahar-Batzordeak, Eliza kristauek heredatu zituztenak (presbitero hitzak, oraindik ere “apaiz” esateko erabiltzen denak, “zaharra” esan nahi du)… Hala ere, zaharrei jakinduria eta autoritatea aitortzen zitzaien tokietan beretan, zahartzaroa ahuleziarekin, ezintasunarekin, menpekotasunarekin, aldaketarako uzkur izatearekin eta abarrekin lotzen zen (ez dago Horazio –K.a. 65-8– eta Juvenal –K.o. 60-128– idazle erromatarrak irakurri bestetik).
Nolabait berria zera da: aurreiritzi zaharrek aro industrialean eta gure garaian hartu duten forma. Produktibitate ekonomikoaren, azkartasunaren eta berrikuntzaren balioa handitzea ekarri zuen industrializazioak. Hala, adinekoaren diskriminazioa inoiz baino lotuago dago gaur ekoizpen- eta merkataritza-balioa galtzearekin. Bestalde, eskolatze masiboaren eta teknologia berrien ondorioz, zaharrek jakintzaren pribilegio tradizionala galdua dute ia espezializazio-arlo guztietan: edozein gaztek du mugikorra sakelan, gure aldean eroso erabiltzen dituztelarik, eta gaur egungo ia ezagutza guztia eskura jartzen die, bere alde txar guztiekin. Ni tresna horiekin oraindik ezgai sentitzen naiz, nahiz eta adimen artifiziala gaur denontzat den mehatxu, denok baikaitzake diskriminatu eta menpean hartu, zahar eta gazte. Baina hori beste historia bat da, kezkaz eta galderaz josia naukan historia, hori bai.
Ez ditugu, ez, inolaz ere faltan botatzen antzinako erakunde familiar, politiko, erlijiosoak. Baina, nolanahi ere, estereotipo sozial eta linguistiko guztien kontra berretsi behar dugu adin bakoitzak duela bere zama eta grazia, eta ezein adin ez dela beste edozein baino hobea edo okerragoa. Eta horretan behar dugu geure burua bermatu. Bizitzea dagokigun adina da edo izan daiteke onena, baldin hala bizitzen badakigu. Zahartu –bai, zahartu– garen honetan, funtsezkoa zaigu ikustea posible eta pozgarri dela egunero ikastea adin hau bizitzen, bere galera saihestezinekin eta bere aukera apartekin.
2. Txinako jakituria tradizionala: Konfuzio eta Laozi (K. a. V. m.)
a) Konfuzio
Konfuziok etikari, hezkuntzari eta gobernu onari buruz emandako irakaspenek eragin sakona izan dute Txinako eta Asia Ekialdeko kulturan, politikan eta gizartean bi mila urte baino gehiagoz. Irakaspen horiek Analektak direlakoetan jasotzen dira, hau da, ikasleekin izandako elkarrizketetan (euskaraz: Analektak, Ibaizabal, 2008). Honako hau, adibidez:
“Gurasoekiko maitasuna eta zaharragoekiko begiramena dira gizatiartasunaren sustraia” (I, 2). Gizatiartasuna hitzak etika eta politika konfuziarreko termino nagusia itzultzen du: ren; onginahi, ontasun, maitasun, enpatia edo erruki ere itzul daiteke. Konfuziok irakasten du, beraz, gurasoekiko errukia eta zaharragoekiko errespetua direla funtsezko giza bertutearen sustraia. Ondo joko ote luke esaldi horrek DBHko, Batxilergoko edo EHUko edozein mailatako eskola batean irakasle batek bere kabuz esanda? Hala ez balitz, aferari erreparatu beharko zeniokete, esango liguke Konfuziok. Esango liguke halaber: “Gazte batek gurasoak maitatu behar lituzke etxean dagoenean, eta zaharragoei begiramena izan etxetik kanpo dagoenean” (I, 6).
“Ziluk galdetu zion: ‘Eta zein dira zure nahiak?’. Konfuziok erantzun zion: ‘Zaharrei atsedena eman, lagunei konfiantza eta txikiei samurtasuna’ ” (V, 25). Atsedena. Denok, gazte zein nagusi, gaizki gabiltza atsedenean. Nora goaz hain azkar, hain estresatuta, eta gero eta gehiago? Atsedena da, hain zuen, Israelek kultura unibertsalari egin dion funtsezkoenetako ekarpena: “Zazpigarren egunean atseden hartuko duzu”, eta “zazpigarren urte bakoitza atseden-urtea izango da” guztientzat (etorkinak, animaliak eta lurra barne direlarik espresuki), eta “50 urte oro jubileu-urtea ospatuko duzue”, urte horretan esklaboak libre geratuko direlarik, zor guztiak barkatuko eta saldutako nahiz desjabetutako lurrak edo jabetzak lehengo jabeari itzuliko zaizkiolarik. Afera horiei guztiei ere erreparatu beharko genieke, eta Israelek berak agian beste inork baino lehen. “Jubileu” hitzetik dator latinezko jubilum (poza) eta gure jubilazioa. Jakin dezagun, beraz, atsedena ematen. Jakin dezagun atseden hartzen.
Baina Konfuziok ez du irakasten bakarrik zer-nolakoa izan beharko lukeen gazteen jokabideak gurekiko, zaharrokiko; geuri, adinekooi, zer eskatzen zaigun edo guregandik zer espero litekeen ere irakasten du. “Konfuziok esan zuen: ‘Gizaki gorenak kontu egiten dio hiru gauzari. Gaztea oraindik, bere hatsa eta odola irakiten daudenean, lizunkeriatik alde egiten du. Helduaroan, hatsa eta odola indarraren bete-betean daudenean, eztabaidak sortutako borrokatik ihes egiten du. Zahartzaroan, hatsak eta odolak indarra galdu dutenean, gutiziari uko egiten dio’ ” (16,7).
b) Laozi
Goazen antzinateko Txinako beste jakintsu handiarengana: Laozi, Konfuzioren garaikidea. Ziur aski pertsonaia mitikoa da, baina horrek ez dio ezer kentzen bere izenarekin lotu diren irakaskuntzen balioari; liburutxo txit bikainean jaso ziren, liburu labur bezain argitsua, irudiz eta paradoxa distiratsuz betea: Dao De Jing (euskaraz: Dao De Jing, Ibaizabal, 2007). Ez da zahartzaroaz mintzo, baina adin guztietarako balio duten eta halere zahartzaroan garrantzi berezia duten gako filosofiko eta espiritual handiak eskaintzen ditu.
Adibidez: bakearen sekretua hustean datza (16. kap.), betetasuna uko eginez lortzen da (48. kap.), gehiegi haztea zahartzea da (55. kap.), asko metatzen duenak asko galtzen du (44. kap.), zerbait atxiki nahi duenak galdu egiten du (29. kap.), ezer ez da haur jaioberri bat baino indartsuagoa (55. kap.), biguna eta malgua gogorra eta zurruna baino indartsuagoa da (10., 28. eta 79. kap.), jakituria sakona uraren antzeko izatean datza: ez da ezerekin lehiatzen, lekurik apalena bilatzen du, eta horrela mundu guztiarentzat baliagarria da (8., 66., 78. kap.).
Tradizio taoistan alkimia osoa garatu eta zabaldu zen, antzinako praktika txinatarretatik jasoa: bizitza luzea eta are hilezkortasuna lortzea zuen helburu, horretarako zenbait substantzia (zinabrioa edo merkurio-sulfuro sonatua) edo arnasa-ariketak edo energia-praktikak baliatuz bizi-energiaren betetasuna lortzeko. Laoziri egotzi zaion Dao De Jingek ez ditu praktika horiek aipatu ere egiten. Aitzitik irakasten du, gure espazioaz eta denboraz haraindi betetasuna edo betierekotasuna lortzeko, ez dagoela beste biderik egoaren hustuketa eta eraldaketa sakona baizik, horrek eramaten baikaitu bat egitera gure izate sakonarekin, den eta garen guztiaren betiereko iturri misteriotsuarekin, hau da, betiereko Daoarekin. Aski bedi 16. kapitulua aipatzea lagin moduan:
“Hutsa lortzea arau gorena da;
bakea gordetzea printzipio nagusia da.
Gauza zalapartatsu guztien bilakaeran,
euren itzulera begiesten da.
Izaki kontaezinak asalduran hazten dira,
baina gero beren sorburura itzultzen dira.
Sorburura itzultzea atsedena aurkitzea da.
Atsedena, nor bere helmugara itzultzea da.
Nor bere helmugara itzultzea betiereko izatea da.
Betierekoa ezagutzea argitzapena da.
Betierekoa ez ezagutzea, hondamenera itsuki joatea da.
Betierekoa ezagutzen duena eramankorra da,
eramankor dena guztiekin zintzo da,
zintzo dena errege da,
errege dena Zeruaren antzeko da,
Zeruaren antzeko dena Daoarekin bat da,
Daoarekin bat denak luzaroan iraungo du,
bizitza guztian arriskutik” (16. kap.).
Joxe Arregi, Aizarna, 2026ko uztailaren 29an
www.josearregi.com
(jarraituko du)
