Joe Biden-i, bestelako zibilizazio baten alde

Ameriketako Estatu Batuetako Presidente jauna:

Bake eta On opa dizut.

Pretentsio handiegia litzateke lerro hauek iritsi ere egingo zaizkizulako ustetan zuri zuzentzea. Baina ez. Neure ahotsa aldarri unibertsalari gehitzeko modua besterik ez da, hain premiatsuak ditugun kezkak adierazteko modua, gizateriaren eta planetaren ordu erabakigarri honetan, mehatxu larrienen eta erabaki garrantzitsuenen orduan.

Munduak zure herrialderekiko duen fedea beherenera eta gizateriarekiko fedearen krisia gorenera iritsiak direnean hautatu zaituzte AEBetako Presidente. Gizakien artean nagusi den sistema gupida gabeak –onura partikularraren zerbitzura dagoen botere absolutuak– Lurra, bizidunen elkartea, triskatua duenean. Hiru potentzia handienek –AEB, Txina eta Errusia, ordena edo desordena horretan nahiz beste edozeinetan– planeta osoa desgobernatzen dutenean, elkarren aurka borrokan hirurak helburu bera nork erdietsiko: nagusi izatea. Afrikak bere lurrazpian ezkutatzen diren aberastasunengatik bakarrik axola duenean. Udaberri arabiarrak, 10 urte eta gero, loratu gabe jarraitzen duenean. Eskuin muturra hazten eta kolore guztietako fundamentalistak kaleak hartzen ari direnean.

Gehien-gehienok txalotu genuen zure hautaketa, lasaiago hartu genuen arnasa. Baina hor jarraitzen du kezkak. Bizirik dirau beldurrak, zuk ere ez ote duzun zapuztuko eskaerarik unibertsalena eta itxaropenik nobleena: justiziak eta bakeak Lurrean elkar besarkatzea. Ez ote diguzun zuk ere, agintean dagoen sistema beraren zerbitzura, traizio egingo, traizio egin zigun bezala jagole duzun eta zure aurretik Etxe Zurian buru izan zen demokratak, Barack Obamak. Haren hitz inspiratuetako bakar bat ere ez zen bete. Yes, we can, aldarrikatu zuen, eta sinetsi egin genion. Baina engainatua zegoen edo engainatu egiten gintuen, eta 8 urteren buruan mundua are okerrago zegoen, eta zure herrialde handi horretako etsituek inoiz izan den hautagairik okerrena aukeratu zuten Presidente, eta oraindik ere asaldatuak gauzka galdera beldurgarriak: Zer esan nahi du horrelako hautagai bat AEBetako presidente izatera iritsi izanak?

Hala eta guztiz ere, Biden jauna, pozgarri zaizkigu zeure inbestiduratik honako 15 egun hauetan laster batean hartu edo iragarri dituzun neurriak: Israel-Palestinan bi estatu libre eta bideragarriren proiektua berriz onartzea, Klima Aldaketaren aurkako Akordiora itzultzea, AEBetan paperik gabeko ehunka mila etorkin legeztatzea, Iranekin egindako akordio nuklearra berraktibatzea, Saudi Arabiarako armen salmenta geldiaraztea. Argi-seinaleak dira hain urte ilunen ostean, eta ez naiz ari azken lau urteez bakarrik. Egunsentiaren argi-zirrintak ote? Ez dira izango, baldin eta zuk ere, errepublikanoak nahiz demokratak betidanik inspiratu dituen printzipioari jarraitzen badiozu: “Amerika lehenik”, eta ororen gainetik ahalegintzen bazara “Amerika berriro handia izanarazten”, egun hauetan entzun dizugunez, bere armada indartzen, bere base militarrak sendotzen, munduko lidergoa berreskuratzen, Wall Streeti men egiten, azken batean: irabazten eta konkistatzen.

Daukazun boterearen araberako erantzukizuna duzu, zure boterea neurtzeko gauza ez banaiz ere, zure borondatea zenbatesteko gauza ez naizen bezalaxe. Gauza bat dakit ziur: lurrak ezin du jada hainbeste espolio jasan. Gizateriak ezin du jada hainbesteko desberdintasuna eraman boteretsuenen, On Komunaren etsai direnen interesagatik. Gizalegeko inork ezin du onartu jada planetako 1.000 pertsona aberatsenek, gorabidean den balore-merkatuari esker, pandemiaren hasieran izandako galerak dagoeneko aise berreskuratu izana, pandemiak bienbitartean 255 milioi lanpostu suntsitu dituelarik eta ehunka milioi emakume eta gizon larritasunean murgildu. Politikak ezin du jada finantza-botereen mende jarraitu, irabazia baizik ez baitute aberri, norberaren onura baizik ez muga. Munduko gobernantzak ezin du jada onura partikularraren zerbitzura dagoen ekonomia espekulatiboaren mende jarraitu. Gutizia da pandemiarik txarrena eta gaitz guztien sustraia: edo hura akabatzen dugu edo dena akabatuko dugu, geure burua ere bai, gertatzen ari denez. Baina nola akabatuko dugu, ez bagara birjaiotzen, hau da, ez badugu ikusten zoriontsuagoak garela gehiago partekatuz eta gutxiago edukiz, gutxiago partekatzeagatik gehiago edukiz baino? Nola birjaioko gara, ordea?

Jesus Nazaretekoarengan fedea duzu, eta pentsatu nahi dut berak inspiratzen dizula munduarekiko begirada, sufrimenduarekiko sentiberatasuna, ekintza politikorako irizpidea. Jesusek, gizaki libre eta senideak, gizaki errukior eta zoriontsuak, gizaki gizatiarrak. Hark ez zuen erlijio kristaua profesatu, gizatasun askea, askatua, askatatzailea baizik, unibertsoa eta bizia mugiarazten dituen arnasa: “Espirituak narama behartsuei berri ona iragartzera, gatibuen askapena aldarrikatzera, zapalduak askatzera” (Lukas 4,18). Munduaren eta Ebanjelioaren bihotzak aho batez aldarrikatzen dute: “Zorionekoak espirituz behartsuak: behartsuen aldetik begiratzen, sentitzen, jokatzen dutenak. Zorionekoak justiziaren gose-egarri direnak, bakoitzari behar duena emateko. Zorionekoak errukiorrak: hurkoaren lekuan jartzen dakitenak. Zorionekoak bakea eraikitzen dutenak bake sakonetik” (Mateo 5,3-9).

Horra hor birjaiotzaren gakoak. Horra hor gizateriaren bidea, bizidun guztiekin elkartasunean, herri guztiekin senidetasunezko solidaritatean izateko. Horra hor errealitateari buruzko adimen berri baten zerumuga, kredo, kultu eta kode guztiez harago: kontzientzia kolektibo berria, planeta-antolaketa berria, zibilizazio berri espiritual eta politikoa, biak bereizi ezinik. Oso gauza sinple eta unibertsalean laburbiltzen da dena: ez daiteke inor –gizabanako nahiz Estatu– zoriontsu izan ez bestea gabe, ez bestearen aurka, baizik eta bestearekin batera soilik.

Adeitasunez agurtzen zaitut.

Aizarna, 2021eko urtarrilak 31