Emozio sakona eta funtsezko bi galdera. Aita Santuaren otoitz-bijiliaz Bartzelonan

Atzo, afalondoan egunero bezala, telebista piztu genuen albistegia entzuteko, ontziak garbitu eta sukaldea jasotzen genuen bitartean. Une horretan, neska gazte bat ari zen kontatzen depresiozko gau beltza pairatu zuela, bere buruaz beste egiten saiatzeraino. Hunkiturik, eta isil-isilik, dena utzi eta eseri egin ginen, hari adi-adi. Bartzelonako Lluis Companys Estadio Olinpikoan ari zen gertatzen, Leon aita santuarekin otoitz-bijilian, Espainiara egiten ari den bisitaren barruan. Gero, beste neska gazte batek kontatu zuen, haurra zela, aita, gizon bortitza, ama hiltzen saiatu zela. Ama salbatu zen, mutil bat tartean sartu zelako, eta mutila hil egin zen. Aita kartzelan sartu zuten, amak droga-munduan bilatu zuen babesa, eta neska, hamar urterekin, adingabeentzako zentro batean sartu zuten. Aita Santuari galdera gorriak, zorrotzak, urratzaileak egin zizkioten. “Non zinen txikitan?” galdetzen zioten Jainkoari. “Nola barka diezaioket aitari? Nola adiskidetu naiteke Jainkoarekin?” galdetu zioten aita santuari, bera ere hunkiturik.

Atzo arte inoiz gertatu gabea nintzen aita santu baten aurrean negar egitea. Baina horretara eraman ninduten bi neska gazteen kontakizunek ez ezik, baita Leon XIV.ak bakoitzari espainolez eta katalanez zuzendu zizkien hitzek ere. Bihotzez adierazi zien bere esker ona hain bizikizun intimo eta mingarriak kontatzeagatik, eta bere poza, ahal izan zutelako berriro tentetu eta beren bizitza berregin. Eta esan zien sufrimenduari buruzko galderak ez zaizkiola Jainkoari zuzendu behar, Jainkoa sufrimendua bere egiten duen konpainia dela sufritzen duenarentzat; eta baietz, beti ireki daitekeela aukera berri bat, zutitzeko eta duintasuna eta bizipoza berreskuratzeko aukera; posible dela barkatzea, erremedio sendagarria dela barkamena, baina prozesu luzea ere badela eta ez duela inoiz zertan perfektua izan; pertsona orok, gaurik beltzenean ere, ikas dezakeela bere barne-energia birsortzailea aktibatzen, baina hori ez dagoela soilik bakoitzaren esku, gizarte osoa eta bere erakunde guztiak direla erantzule; eta guztioi eskatzen zaigula, gaur inoiz baino areago, gure gizarte-sistema hau sakon berrikustea, mozkinaren eta etekinaren idolatriatik, ekoizteko eta irabazteko grinatik, pertsonalki eta sozialki askatzea, eta galdetzea nora doan gure gizateria bide horretatik.

Tonuak, gorputz-adierazpenak, erantzunen edukiak, sinpletasunez eta energiaz betetako naturaltasunak, afektaziorik gabeko sentiberatasun finak, paternalismorik gabeko enpatia sakonak, inolako sublimazio idealizatzaile gabeko errealismoak… aparteko indarra eta benetakotasuna ematen zioten baieztapen bakoitzari. Aita Santuaren hitzak ere hunkigarriak izan ziren, bi neska katalanen oinazetako bidea bezala.

Eskerrik asko, anaia Leon! Baina zilegi bekit, zintzotasun berberaz bi elementu aipatzea, nire begietara eta jende askoren –agian otoitz-bijiliaren ikusle gehienen– begietara, distortsio-eragile izan zirenak. Lehenik eta behin, sotanaz eta purpuraz jantzitako gizonezkoen presentzia esklusibo izugarri hura eszenatokiaren erdian; presentzia hori ez zetorren bat inondik bi nesken testigantza hunkigarriarekin, talka egiten zuen bete-betean, eta are nabarmenago bilakatzen zen emakumeen erabateko absentzia eszenatoki zentralean.

Bigarrenik, Jesusek Nikodemori zuzendutako esaldi hura, errepikatua: “Jainkoak ez zuen bere Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik” (Jn 3,18). Hitz horiek, bere horretan, bestelako testuingururik edo azalpenik gabe, entzun zituzten gehien-gehienentzat ez ote dira erabat ulertezinak, zentzurik gabeak eta kontsolagarri bakoak? Ez ote da Elizaren ardura munduaren misterio absolutua termino ulergarrietan iragartzea egungo konta ezin ahala gizon-emakumeri, zeinek bai baitute misterioa adoratzeko eta harengan konfiantza izateko premia, baina ezin baitute sinetsi Jaun goren batengan, bilakaera kosmikoko une zehatz batean bere semea mundura bidali omen zuen Jaun goiko batengan, bere heriotzaren bidez mundua salba zezan?

Bai, anaia Leon, beste gauza batzuk premiazkoagoak dira agian, baina gizateria zauritu honek behar du bestelako Eliz eredu bat ere: neba-arrebaz osaturiko Eliz komunitatea, klerikalismo deshumanizatzaile patogenotik sendatua eta askatua. Hain noraezean eta mehatxatua aurkitzen den gizateria honek bestelako hitz berriak eta metafora irekiak ere behar ditu Jainkoa esateko: arnasa, iturria, posibilitate infinitua, konpainia, elkartasun kosmikoa…; gizakia eta unibertsoa animatzen dituen arnasa, den guztiaren bihotzetik sortzen den iturri sendagarria, konfiantza-gaitasun eta sendagaitasun agortezina, konpainia ona, presentzia askatzailea, noiznahi eta edonon, gertatzen dena gertatzen dela, gurtu, inbokatu eta gorpuztu dezakegun elkartasun unibertsal kreatzailea.

Aizarna, 2026ko ekainaren 10a
www.josearregi.com