“Jainkoa”: unibertsoaren sormen harrigarria

Jainkoa da sortu dugun sinbolorik boteretsuena. Baina Jainko hitza erabili behar ote dugu? Gurea da aukera. Nirea baiezko zuhurra da. Jainkoak ezagutzen dugun unibertso bakarraren, gurearen, sormen zabal eta etengabea adieraztea nahi dut. Zer irabazten dugu Jainko hitzaren erabilerarekin? Asko, nik uste, hitzak harridura eta erreberentzia baitakartza. Harridura eta erreberentzia hori, ez antzinako nire israeldar tribu abrahamdarraren Jainko transzendenteari, baizik eta aurrean dugun errealitate txundigarriari, transferitzeko gai bagara, hartara espiritualtasun berrituari eta bizi den guztiarekiko, planetarekiko, harridura, erreberentzia eta erantzukizunari bide emango diogu.
Ziur al gaude giza sentsibilitatearen eraldaketa hori gertatuko dela? Ez, noski. Baina tradizio abrahamikoan justiziaren zentzua ondu egin zen “Hamar begi begiaren truk” izatetik “Begia begiaren truk” izatera, are etsaia geure burua bezala maitatzera. Beraz, kontzientzia jasoak etika globala eragin ote dezake? Baietz uste dut. Uste dut –zuzen, espero– goian zirriborratu dudana egia dela, gure errealitate sortzaile-kidearen ikuspegi berria adierazten duela, espiritualtasunaren, erreberentziaren, harriduraren eta erantzukizunaren zentzua hobetzera gonbidatzen gaituen ikuspegia, hain zuzen ere, eta egitura mitiko transnazional baten oinarri izan daitekeena, agertzen den zibilizazio global batentzat.
Stuart Alan Kauffman (1939-), estatubatuar biologo ospetsua, ateoa, “Beyond reductionism: reinventing the Sacred” artikulua, 2007