Karitatearen hierarkia
Harrigarri bezain triste gertatu zitzaizkidan Ceutako apaiz gazte baten ahotik duela egun batzuk entzundako hitzak:
Jesus Francisco Molinak esan zuen: “Eliza ez da GKE bat [Gobernuz Kanpoko Erakundea”, ONGa]. “[Elizaren] zeregin nagusia ez da behartsuei laguntzea; zeregin nagusietakoa da hori ere, noski, baina bere herriari naturaz gaindiko beharrizanetan laguntzeko dago Eliza, eta horretarako laguntzak eskaintzeko: sakramentuak, predikua, Jainkoaren herria elikatzea”. Bestalde, “karitateak hierarkia eskatzen du: lagun hurkoari, hurbilenekoari lagundu behar zaio aurrena, ceutarrari lehenago ceutar ez denari baino”.
Ezin dut imajinatu Nazareteko Jesus gaur, Zeutan, Gazan, Madrilen, Frantzian nahiz Amerikako Estatu Batuetan horrelakorik esaten. “Azkenengoak izango dira lehenengo” izan baitzuen kontsigna (Mt 20,16). Eta bere garaian esan baitzuen: “Ez da aski niri ‘Jauna, Jauna’, esatea Jainkoaren erreinuan sartzeko; zeruko nire Aitaren nahia behar da egin” (Mt 7,21). Zertan datza, ordea, “zeruko Aitaren nahia” (beraz, Elizaren zeregin nagusienen artean nagusia)? “Gose denari jaten ematea, egarri denari edaten ematea, arrotza etxean hartzea, biluzia janztea, gaixoari eta gartzelatuari laguntzea” (Mt 25, 31-46).
Beraz, iruditzen zait gaur Ceutan, Gazan, Madrilen, Frantzian nahiz Amerikako Estatu Batuetan ahots gora iragarriko lukeela:
“Ez ote duzue begirik ikusteko bat bera dela pobre guztien pobrezia, hangoak edo hemengoak izan?,
Europak marraztu zituela marraztu zituela Afrikako mapa guztiak, eta ‘Mendebaldeko’ deritzen herrialdeek pobretu, ustiatu eta hustu dutela batik bat ‘hirugarren mundu’ deritzona, bertan ezin bizi izateraino?,
eta hezur eta mami berekoak garela guztiok, familia bereko senide, hiri unibertsal bereko hiritar, gizadi bereko gizaki?,
eta ogirik eta etxerik eta herririk ez dutenak, eta familiarik gabeko adingabeak, eta adingabe nahiz adindun neskatxa eta emakume bortxatuak direla aurrena, europarrak, asiarrak, amerikarrak nahiz afrikarrak izan?,
bi hitzetan esateko: sufrimenduak eta errukiak dutela lehentasuna, muga guztiak gorabehera, baldin bularrean bihotzik baduzue?”
Joxe Arregi, Aizarna, 2006ko irailaren 7a
www. josearregi.com
