Angel Mari Unzueta, bidelagun

Hain ustekabean hil zitzaigula urtebete denean,
bere familiak eta adiskideok Angel Mariri egin genion Urkiolako omenaldian:

 

Agur bihotzez, Angel Mari, hain maitea zenuen Urkiolako bidegurutze honetan!

Bi garairen eta bi Elizaren bidegurutzean bizitzea egokitu zitzaizun zuri ere, eta zure hautua ezbairik gabea izan zen:  Jesusek amesturiko mundu berrirako Eliza berria, iraganeko letra idor eta molde zurrun guztietatik askaturiko Eliza, pobre eta zaurituen Eliza, egitura hierarkikoak eta klerikalak atzera utziko dituen, gizon eta emakumeei osoko elizkidetasun bera aitortuko dien Eliza, homofobia eta genero-mugak eta muga guztiak gaindituko dituen Eliza, hurkotasuna eta errukia sineskizun erlijioso nahiz arau kanoniko guztien gainetik ezarriz, Jesusek bezala.

Eta bidegurutzea gurutze-bide gertatu zitzaizun askotan, zeure begi argien distira eta bihotz handiaren samurtasuna galdu gabe, halere. Gurutze-bidea bizi-bide bihurtzen ikasi zenuen, Jesusen jakituria gorena.

Orain, sorrerarik eta amaierarik ez duen Bizi-Arnasarekin bat, zatoz gurekin, Angel Mari, zakizkigu bidelagun atsegin geure bidegurutze eta gurutze-bideetan.

Aizarna, 2021eko urriak 9