Lau sinodo eta gero, klerikalismoa osorik
Ezin dut esan sinodalitateari buruzko sinodoaren azken Dokumentuak dezepzionatu nauenik, espektatibak direnean bakarrik izaten baita dezepzioa. Baina, benetan diot, pena ematen didate “Oraingoan bai horratik, Jainko bedeinkatua!”, ziotsaten hainbat eta hainbat gizon-emakumek (emakumeek batez ere). Bai, bedeinkatua Bizia, bihotz-barrenaren onenean biziarazten duen Arnasa, espektatibak espektatiba.
Oraingoan ere, ordea, ez da gertatu. Klerikoen eta laikoen artean banatuta jarraituko du Elizak. Klerikoek jarraituko dute, beraiek bakarrik, azken hitzaren eta erabakitzeko boterea izaten, oraindik “sakratu” deitzen duten boterea, Ordena-Sakramentua (letra larriz) medio Jainkoarengandik zuzenean jaso omen duten boterea; boterea eskuratu omen dien Ordena beste “ordenatu” batzuengandik hartu zuten, eta hauek beste batzuengandik, noiztik eta nola ez dakigula. Ziur dakiguna zera da, Jesus profetak ez zuela inoiz pentsatu termino klerikal horietan, inolako botere sakratutan, ezein Eliza hierarkikotan (hierarkia hitzak grekoz “botere sakratua” esan nahi du).
Frantzisko aita santuaren 11 urte eta erdiko pontifikatua eta gero, aldarri eta soinu handiko lau sinodo eta gero, denak zegoen bezalaxe jarraitzen du, sinodo honen eta aurreko hiruen aurretik bezalaxe: familiaren sinodoak ez zuen argi utzi berriro ezkondutako dibortziatuek Jauna hartu zezaketen ala ez, eta zein baldintzatan; gazteen sinodoak familia-kide gay edo lesbianak onartzera gonbidatu zuen, baina oso argi utziz haien elkarketa ez dagoela “urrutitik ere” ezkontza heterosexual sakramentalarekin konparatu; eta Amazoniako sinodoak Amazoniako uren sinfoniari entzungor egin zion: “Amazoniako eskualde urrunduetan” zenbait gizon ezkondu apaiz ordenatu ahal izatea, eta emakume diakonoak ordenatzeko posibilitatea –“Ordena-Sakramenturik gabe, hori bai – ahopeka aipatzera mugatu zen; Frantzisko aita santuaren “Amazonia maitea”, sinodo osteko Exortazio apostolikoan aipamen arin horiek ere desagertu egin ziren, baina Amazonasek bere isurian eta kantuan jarraitu zuen.
Laugarren sinodoa klausuratu delarik, berriro diot: klerikalismoak zutik dirau osoki, denborari sorgor, Arnasari soraio. Azken dokumentuak goraki baieztatzen du Eliza bere funtsezko izatez sinodala dela, hau da, ibiltarien elkartea. Sinodoak, grekoz, “elkarrekin ibiltzea” esan nahi baitu, baina erakundeak ez du ez biderik ez aurrerapenik egiten, eta dena etengabe mugitzen ari den munduan aurrera ez egitea atzera egitea da. Dena lehenean geratu da, asko – edo gutxienez zerbait – espero zutenen desengainu handiz. Baina bedeinkatua bedi Dokumentu sinodal honen desengainua bera ere, begiak irekitzen badizkigu.
Emaitza aurreikusteko modukoa zen, baita bista-bistakoa ere. Ikus bilakaera: 2023ko urrian Batzar Sinodal Orokorrak eskainitako lehen bilkuraren sintesian, desagertu egin ziren bost kontinenteetako zenbait Gotzain-Konferentziak proposatutako gairik errepikatuen eta arazotsuenetako batzuk, hala nola: emakumearen apaiz-ordenazioa, ezkontza homosexualen bedeinkapena, LGTBIQ+ pertsonen errekonozimendua. Sintesiak aipatzen ditu emakumeen ordena diakonala eta apaizentzako zelibatuaren dispentsa egoera berezietan, baina… soil-soilik zera eskatzeko: jarrai dadila gai horiek aztertzen.
Horrela ulertzen da, Batzar Sinodalaren bigarren bilkurarako (2024ko urria) Instrumentum laboris edo lanerako oinarrizko dokumentuan, elkar-gogoetarako marjinak are gehiago estutu izana: jada ez dira aipatu ere egiten emakumeen apaiz-ordenazioa, emakumeen “diakonotza sagaratua”, apaizen zelibatuaren dispentsa, LGTBIQ+ pertsonak… Horretaz guztiaz ez zen, beraz, hitz egin ere egin behar. Klerikalismoa salatzen du, bai, baina ez du zalantzan jartzen botere klerikala, botere hori erabiltzeko modua baizik, estilo zabarra bakarrik. Eta zalantzarik gabe baieztatzen du: “Sinodalitateak ez du esan nahi inolaz ere Kristok artzainei – apezpikuei beren laguntzaile presbiteroekin, eta Erromatar Pontifizeari, ‘bai Gotzainen eta bai fededun guztien batasunaren betiko eta ageriko iturburua eta oinarria denari’ (LG 23)” – eman dien autoritate partikularra eta zeregin berezia debaluatzen denik” (8. zk.); eta baita ere: “Eliza sinodalean, Gotzainaren, Gotzain-Kolegioaren eta Erromatar Aita Santuaren erabakitzeko eskumena besterenezina da, Kristok ezarritako Elizaren egitura hierarkikoan errotua baitago” (70. zk.). Printzipio eta oinarri argi eta sendo horrekin, sinodo hau eta beste guztiak soberan zeuden. Hor jarraitzen dugu.
Eta horrela iristen gara Sinodalitateari buruzko Sinodoaren azken dokumentura, joan den 2024ko urriaren 26an argitaratua. Beste behin, klerikalismoa salatzen du, baina oraingoan laikoak ere (!) salaketan sartuz: “Klerikalismoak, bai apaizek beraiek eta bai laikoek ere sustatuta, zisma sortzen du eliz gorputzean, gaur salatzen ditugun gaitzetako asko sorrarazten dituen eta betikotzen laguntzen duen zisma” (74. zk.). Botere sakratu, baztertzaile, maskulino eta zelibearen sistema klerikala gainditzeko bide zehatzik? Ezta bat bakarrik ere. Emakumea goraipatzen du berriro, hori bai, baina hura hobeto menderatzeko: “Ez dago ezer emakumeengan Elizetan lidergo-funtzioak betetzea eragozten dienik: Espiritu Santuagandik datorrena ez da gerarazi behar”. Baina jarraitzen du: “Emakumeak diakono-ministerioan sartzeari buruzko gaiak zabalik jarraitzen du. Bereizmen gehiago behar da horretaz” (60. zk.). Azken ihesbide kaskartzat har liteke, baina nik gehiago ikusten dut ezintasunaren, irteerarik gabeko kalezuloaren eta beronen funtsezko kausetako bat denaren isla bezala, klerikalismoak historian zehar izan duen obsesio misogino tipikoaren isla, alegia. Horra hor gai ona beharrezkoa den beste sinodo baterako, baina ez luke izan behar jada gotzainek zuzendua, gertakari erlijiosoaren historialari, soziologo, psikologo eta neurozientzialariek baizik.
Dena geratzen da, beraz, Sinodo hau eta aurreko hirurak hasi aurretik zegoen lekuan. “Akigarria da”, esan zuen Georg Bätzing-ek, Alemaniako Gotzain-Konferentziako presidenteak, Vatikanoarekin izan dituen etengabeko tirabirei buruz ari zela; izan ere, Alemaniako Elizak Katolikoak Bide Sinodala abiatu zuen 2019an, honako erreibindikazio nagusi hauekin: emakumeen apaiz-ordenazioa, laikoek gotzainen erabakietan parte hartzea, apaizen ezkontzeko aukera, elkarketa homosexualen bedeinkapena, sexualitateari buruzko doktrina moral katolikoaren erreforma. Vatikanoak, aita santua buru zela, Alemaniako Bide Sinodal honi blokeoa ezarri dio hasieratik bertatik, eta Bätzingek ahalegin amaigabe bezain antzuak egin ditu blokeoa gainditzeko; horretaz ari zen “Akigarria da” esatean. Sinodalitateari buruzko Sinodoan ere partaide garrantzitsua izan da Bätzing, eta ez dut zalantzarik, irtenbide gabeko sinodo-bilkura luzeetan zehar, hamaika aldiz esango zituela bere baitarako hitz horiek berak.
Are gehiago. Uste dut gauza bera sentitzen eta pentsatzen duela Frantzisko aita santuak ere, bere 86 urterekin: “Akigarria da”. Ez naiz harritzen joan den 26an, Sinodoaren amaiera-ekitaldian, ezusteko iragarpen hau egin izana: “Ez dut Exortazio Apostolikoa argitaratzeko asmorik”. Zertarako – gehi zezakeen – ez baikara gai bidea egiteko, ez baitugu aurrera egin, ezin baitugu aurrera egin? Beste hitz batzuk bai, gehitu zituen, hainbat interpretaziotarako bide ematen duten hitzak gehitu ere: “Eta orain, bide sinodaletik sortu denaren argitan, badira eta izango dira hartu beharreko erabakiak”. Uste dut erabakirik onena, duinena eta gizatiarrena, dimisioa izango litzatekeela. Ikusiko da.
Dagoeneko ikusi dena zera da: hamar urte eta erdiko aitasantutza eta gero, lau sinodo eta gero, hainbeste Instrumenta laboris, sintesi sinodal, Exortazio apostoliko postsinodal eta gero, hainbeste udaberri-itxaropen edo -amets, hainbeste dokumentu, testu eta boto eta gero, hainbeste hitz eta pitz eta gero, udazkena bere gailurrera iristen ari zela, ez dela uztarik izan. Ez ziren ausartu iraganeko ideia, arau eta pribilegioetatik libratzera. Ez zuten onartu gauza guztien etengabeko eraldaketaren Espirituak, neba-arrebatasun unibertsalaren Espirituak, Jesusek iragarritako “berritasun onaren” (Ebanjeliaren) Espirituak inspira zitzan. Ez zituzten behar beste hausnartu Jesusen ezpain profetikoek, mihi libre eta arriskutsuak esandako hitz haiek: “Goldeari heldu eta atzera begiratzen duena ez da gai Jainkoaren erreinurako” edo biziaren Arnasarako (Lk 9,62). Goldeak behaztopa egiten du, lurrak ez du arnasarik hartzen eta zapuztu egiten da udaberria, Pazko unibertsalaren ogi berria.
Baina ez, eguzkiak egunero argitzen du eguna, ilargiak gauero distiratzen du, udazkena badoa atsedenera, negu isilean galburua ernatuko da, Pazkoa ospatuko dugu. Bizi egin nahi dugu eta ibiltzen jarraituko dugu, bide asko eta anitzez osatutako bidea partekatzen jarraituko dugu. Eta Espiritu sinodalak horretara inspiratzen gaituen bakoitzean, ez diogu jaramonik egingo Zuzenbide Kanoniko mugikaitz eta mugiezinari, biziak jarrai dezan eta haz dadin.
Aizarna, 2024ko urriaren 31