Sapiens gizakia kinka larrian
Sapiens (“jakintsu”) izena jarri zioten gure giza espezieari, besteak baino jakintsuago ginelako ustetan. Usteak erdia ustel, eta erdia balitz gaitzerdi.
Bi milioi eta erdi urte dira gizadia –Homo generoa– agertu zela australopitekoengandik. Gure espeziea –Sapiens– duela berrehun mila urte sortu zen beste espezieren batetik. Geure burmuin garatuak gaitasun harrigarriak eman zizkigun –ematen dizkigu– onerako zein txarrerako, kreatzaile nahiz suntsitzaile izateko, senide bihozbera nahiz nagusi bihozgabe. Zer aukeratuko ote?
Badirudi, tamalez, nagusi izatea aukeratu dugula orokorrean. Haztea, irabaztea. Beste giza espezieen eta gainerako abere guztien nagusi bilakatu ginen. Ama Lurraren jaun eta jabe ustiatzaile. Eta, jakina, elkarren esklabu, denak nagusi izatea ez baita posible. Ama Lurraren egoera ez da sekula hain larria izan. Ezta gizaki nahiz herri batzuen eta besteen arteko diferentziak ere.
Bere ibilbide kontraesankorrak, hazi eta irabazi behar eroak, amildegiaren ertzera ekarri du espezie osoa. Ama Lurraren jainko suntsitzaile bilakaturik, eboluzioaren beraren nagusi bihurturik, leize-zuloan amiltzeko zorian ageri da, bere buruaz harago jauzi egiteko zorian, edo bere buruaz beste egiteko kinkan. Giza burmuina baino ordenagailu edo izaki (gizaki?) inteligenteagoak eta ahaltsuagoak sortzeko lehian ari dira multinazional handienak (Google, Microsoft, Apple, Facebook, Amazon, IBM, Nasa…). Zer izango ote da orduan, laster?
Gizaki arruntok kondenatuak izango ote gara, orduan, teknologia berriei konektaturiko super-gizakien esklabu izatera? Edo gure espezie osoa izango ote da berak sortutako eta bera baino ahaltsuago bilakaturiko organismo bizidun, ciborg edo roboten biktima? Ez jakin.
Oraindik gure esku dago aukera: denok bizi ala denok hil. Hil ala bizi.
Leave a Reply
Want to join the discussion?Feel free to contribute!