Sufrimendua, hori da dena

Xabier Lete

(…). Eskutitz hau idazteak pena eta lotsa besterik ez dit ematen. Zure azkena jaso ondoren, emaitza hobea espero nuen nire aldetik, baina asteak badoaz eta ez naiz kapaz sufrimenduari buruzko lana amaitzeko. Zergatik da hori horrela? Zergatik ilunaldi amaigabe hau? Joan zen maiatzean erietxean ingresatua egon nintzen egun batzuk, eta handik irten nintzen lana idazteko gogo eta esperantza osoz. Bestelako denak utzi, eta horretara lotu nintzen. Baina behin eta berriz trabatua geratu naiz argudioetan. Sufrimendua, hori da dena, nion neure buruari. Hor dago gizatasunaren ezaugarri nagusia, gure izate moralaren ardatza…

Beraz, hori hain garbi ikusirik, ez dut ulertzen nola den posible ideiak ezin lotu eta borobildu izana (…). Uda iluna eta eskasa izan da. Osasunarekin ere berriro arazoak izan ditut eta, oro har, ezintasun eta ahulezia fisiko eta intelektual izugarria. Nahi eta ezin.

Badakit barkatuko didazula eta ulertuko duzula; baina ziurrenik zure egitasmoak zapuztuk eta trastornatuko ditut. Errazena niretzat “hurrengo batean idatziko dut” esatea litzateke, baina zure gonbidapena zapuztu izanak tristatzen eta kulpatzen nau. Barkatu, Joxe, baina ezin izan dut[1]. (…).

1. HEMEN aldizkarian egindako elkarrizketatik[2]

J.A. Gaixotasunak oso gogorra izan behar bete-betean zegoen gizon batentzat…

X.L.- Oso gogorra izan zen, bai. Niretzat eta, agian gehiago, neure emaztearentzat. Ohean izorratua zaudenean, han zaude, eguna egunari lotuz; angustia larriak igarotzen dituzu, gune beltzak. Baina han zaude, eta besteren eskuetan jartzen zara. Zeure obligazio bakarra irautea da.

Aldiz, zure aldamenean dagoenarentzat, prozesua oso gogorra da; bizitzen jarraitu behar duelako, eta orduak, ezintasunean, oso luzeak direlako. Behar bada, Lourdesek nik baino gehiago sufritu du.

Osasuna galtzeak, neurri handi batean bizitza galtzea esan nahi du, bizitzatik aparkatuta izatea. Gaixo daudenen mundua beste mundu bat da, eta beraien erreferentziak eta eduki-baloreak bestelakoak dira. Batzuk erabat mutu-gor eta berekoitzen dira, baina gehienen artean solidaritate hunkigarri bat jaiotzen da. Eritetxean, ez dira hitz asko behar hurkoari “eutsi!” oihukatzeko; askotan, keinu bat aski izaten da.

Halere, gehitu behar dut nik ez dudala eskubiderik gaixotasunaren alderdi moralak goraipatzeko, mila bider madarikatu baitut neure egoera. Baina, era berean, aitortu behar dut gaixotasunak erregeneratu egin ninduela.

J.A.- Lourdes eta biok gaixorik… Gehiegizkoa ez ote?

X.L.- Mundu honetan gehiegikeria asko dago, eta hori da bat, bikote batean biok gaixo egotea. Sinestun batek esango du Jainkoaren aurrean biluzten gaituen misterio latz bat gehiago dela, mundu-gosea, izurriteak eta beste mila kalamidade bezala. Agnostiko batentzat, suerte txarra besterik ez da izango. Eraman, bakoitzak ahal duen bezala eramaten du.

J.A.- Nola egin diozu aurre oinazeari? Kostata, noski… Nork, zerk lagundu dizu?

X.L.- Hasieran, oso gaizki, asko kostata. Ez nengoen ohitua, ez nekien norantz nindoan. Okerrena, nire gaixotasunak konponbiderik ez zuela jakitea izan zen.

Gaixo kronikoek oso ibilbide berezia dute. Ez duzu erabat etsitzen, baina ez zara inoiz lasaitzen. Denboraren joana mentalki kontrolatzea oso zaila gertatzen da. Nolabait esatearren, denboraren pauta eta erregela psikologikoak nahastu egiten zaizkizu.

Laguntza, lehenik, Lourdesena izan dut. Eta horrekin batera, lehen esan dut, sendagileena. Eta gainera, ziur aski, niregatik otoitz egin duten guztiena.

1989. urtean, oso gaizki eta konorterik gabe nengoela, Joan Mari Lekuona apaiz adiskideak extremauntzioa eman zidan. Ni artean agnostikoa nintzen, baina nire emazteak eskatu zion. Zirujauak gero esaten zidan gau hartan, Zainketa Intentsiboetako gela hartan, “zerbait berezia” gertatu zela. Hura ere laguntza handia izan zen; ez mirari gisan, baina bai Jainkoa hunki zezakeen gizatasun gisan. Urnietako andre batek gerora esaten zidan bezala: “guk piztutako kandelek mantendu zaituzte bizirik!” Eta barre egiten genuen.

J.A.- Gaur egun bakean, lasai, ikusten zaitugu. Miresgarri iruditzen zait…

X.L.- Lasai ez nago. Beldurrarekin eta etorkizunarekiko zalantzarekin bizi naiz. Hil behar dugula, badakit; baina nola hil, hori da galdera. Nik ez nuke neure burua erabat estropeatua ikusi nahi, eta are gutxiago Lourdesena. Azken urteak duintasunez bizi behar liratekeela uste dut, eta soseguz hil; baina hori gehienetan ez da horrela gertatzen.

Bakean… bai. Beharbada bakean nago neure buruarekin, badakidalako niregatik kaltetuek barkatu didatela, eta neronek ere barkatu nion neure buruari. Gaixotasunak, neurri batean, budista bihurtu nau: desatxikimendua bilatu behar dela uste dut. Desioek, antsiek, anbizio intelektualek, gizartean zerbait izan nahiak… barne-desoreka batera eta izatearen desgraziara zaramatzatela. Nik, benetan, nirvana bat bizi nahi nuke, edo ataraxia, greziar zaharrek zioten bezala.

Halere, bizitzea beti borroka bat da: gorputzarekin, pretentsioekin, banitatearekin, protagonista izan nahiarekin. Bestetik, batek bere buruari hauxe galdetzen dio: “bazterrean gelditzea, zilegi al da?” Babestua sentitzen zarenean bakarrik bazter zintezke bizitzatik; zeure txokoan, zeure bizi-usadioekin, zeure begirada poetiko partikularrarekin. Egoismo ikaragarria da.

Nik baditut lagunak, ia denak emakumeak, Afrikan bizi direnak hango jendeei laguntzen. Bizitza osoa eskaini dute. Horren aurrean, bat lotsatu egiten da “lasai eta bakean” bizitzeaz. Denak lasai eta bakean bizi bagina, saiatu gabe, lehiatu gabe, adimena estutu gabe, eskuak eta kontzientzia zikindu gabe…, munduak ez luke funtzionatuko.

2. Lander Arbelaitzek egindako elkarrizketatik[3]

L.A.‑ Urteak egin dituzue Lourdesek eta zuk gaixo. Zer edo zer erakutsi al dizu bizitzaren alde horrek?

X.L.‑ Ia dena irakatsi dit. Gizatasunaren eskolarik sakonenetakoa, gaixotasunaren eta sufrimenduaren esperientzia dela uste dut. Batzuen iritziz, ezkorra eta masokista naiz gauza hauek esaten ditudalako. Ez. Ni plazerzalea naiz, eta bizitzearen poza asko maite dut. Baina bizitzan esperimentatu duzunean plazer adina oinaze, esperientzia horrek, gaixotasun eta sufrimenduarenak, asko markatzen zaitu. Ikasten duzu, alde batetik, gizakia zeinen ahul eta hauskorra den. Eta horretatik guztitik bizitza begiratzeko eta harremanak bizitzeko modu apal eta errukitsuago bat sortzen zaizu.

Horrez gain, Lourdesen eta nire arteko harremanei dagokionean, gaixotasuna, sufrimendua eta elkarren behar sakona guztiz erabakiorrak izan ziren: oso sakon lotu gintuen, eta maitasunaren ikuspegi berriak zabaldu zizkigun. Nik uste dut sufrimenduaren esperientzia dela gizatasunaren giltza.

L.A.‑ Zehaztu al zenezake gehiago gogoeta hori, mesedez?

X.L.‑ Plazerra, satisfazioa, lorpenak, garaipenak, erotismoaren kunplimendua… horiek denak pertsonaren heldutasunerunzko bilakaeran oso garrantzitsuak dira. Eta ospe pixka bat lortzea, nagusita­sun intelektuala, eta abar.

Hala ere, bizitzaren une batean konturatu nintzen (konturatu ginen) plazerrak eta gozamenak baino gehiago lotzen dituela bi pertsona gaixotasunak, sufrimenduak eta porrotak. Nik hori nire es­perientziaren ondorio bezala esaten dut. Hala ere, ikuspuntu hori batzuei ez zaie batere gustatzen. Irainduak sentitzen dira bizitzaren alderdi ilunetaz mintzatzen bazara.

Lurdes eta ni jakintsuago, sendoago, egiatiago eta lotuago egin gin­tuen sufrimenduak. Pozarekin, gainera, beti dago itzal ikaragarri bat: dugun hau galtzen badugu, zer gertatuko da? Elkarrekin jarraituko al dugu? Horren erantzun bakarra oso dramatikoa da, eta hobe horra ez allegatu beharra, baina erantzuna sufrimendua da, sufrimenduaren egia. Ez diot inori desiratzen, baina hala da. Sufrimenduak lotu dituenak, eta leial iraun dutenak, betirako lotuta daude.

L.A.‑ Horrek guztiak ba al du eraginik edo zerikusirik erlijioaren arazoarekin? Oker ez banago zu ez zara beti fededuna izan

X.L.‑ Ni gaztetan hasi nintzen erlijioaren praktikak bazterrean uzten.Gero, fedea erabat galdu nuen. Arrazoi aldetik, eta psikologikoki ere, iruditu zitzaidan ez nuela horrelako loturarik behar.

Geroago, Lourdesek eta nik gogoeta batzuk egin genituen, eta berak ere praktikatzeari utzi egin zion. Hala ere, nik uste dut Lourdesek ez zuela sinesmena erabat alde batera utzi. Erabat galdu.

Baina hogei urte pasa ondoren, eta nire gaixoaldi oso larri baten denboran, bera eta ni errezatzen hasi ginen berriro, bakoitza bere aldetik. Pixka bat hobeagotzen hasi nintzenean, hiltzorian egon ondoren, Lourdesek esan zidan egun haietan otoitz egin bagenuen ez zela bidezkoa gero mutu gelditzea. Arrazoi osoa eman nion. Eta horrela hasi ginen berriro elizkizunetara hurbiltzen eta fededun bezala bizitzen.

Hala ere, egin dudan hori kontakizun oso luzeago baten laburpena baizik ez da. Bitarte horretan, agnostiko moduan bizi ginelarik, izan genituen esperientzia harrigarri ia mistikoak. Leirera igotzen ginenean, adibidez, beneditarren otoitzak eta kantuak entzutera: Bezperak, Konpletak, Salbea… Batzuetan elizatik txundituta irtetzen ginen gure buruari galdetuz: Zer gertatzen da hemen? Zer misterio, zer presentzia arraro? Esan behar da, gainera, Leireko udako gauak harrigarri ederrak izaten zirela: hango haizearen xistua, isiltasun sakon baina murmuriotsua, Aragoi aldeko mendien kolore urdinskak.

Norbaitek esan dezake hori dena estetika zela. Estetika zen, bai, baina baita zerbait gehiago ere. Azken finean, nik uste dut edermena, jainkomena eta ernozioen mundu sakona ezin direla bereizi. Blas Pascal pentsalari frantziarrak idatzi zuen bezala, “argudioak ditu bihotzak adimenak alkantzatzen ez dituenak”.

L.A.‑ Errukia aipatu izan duzu zenbaitetan. Zer esanahi ematen diozu errukiari?

X.L.‑ Nik uste dut oso garrantzitsua dela, baina ez garai batean zuen esanahiarekin, errukia limosnari eta benefizentziari lotutako zerbait baitzen, konportaera belaxka eta burgesa. Ez. Errukia zerbait askoz sakonagoa da: elkarren kide izan, elkarren arduradun izan. Norbaitek sufritzen badu, nik ere sufritu. Bestearen penak ulertzen eta niganatzen saiatu. Elkarren ondoan egon. Eta errukitsu izan (zabal, ulerkor) intelektualki ere.

Kristautasunaren barruan, erlijio praktikaren atal nagusia da errukia. Eta erruki, besteak beste, gure naturalezaren jakituria batetik letorke. Ez dagoela inor perfekturik, alegia, eta bere kasa oso izan daitekeenik. Denok baitugu inperfekzioa, akatsa, eskasia; denok baitugu, lehen edo geroago, arlo honetan edo hartan, besteen beharra. Nik uste dut Mendiko Irakaspen edo Predikua irakurri beharko genukeela berriro (Mateoren ebanjelioan), bestearekiko erruki adeitsuaz jabetzeko. Nazareteko Jesus errukitsua izan zen.

Eta beste puntu bat; pentsaera modernoan askotan kontrajarri izan dira justizia eta errukia. Eta esan izan da: “Errukia ez, justizia baizik! Justizia obratzen dugunean errukirik ez da behar izango. Mundu guztia zoriontsu izango da, mundu guztiari emango baitzaio behar duena eta tokatzen zaiona. Baliabide materialak eta errekonozimendua!”.

Oso polita da justiziarekiko aldarrikapen hori, baina kontua da justiziaren ideal handi horiek mundu honetan ez direla kunplitzen, eta, alboan miseria eta beharra ikusten duzunean, errukia oso garrantzitsua dela. Errukia: pietatezko begirada, bihotz biguntasuna, eskuzabaltasun pixka bat. Gaztelaniazko hitza asko gustatzen zait: compadecer. Bestearekin batera padezitu.

3. Non eta nola ageri da Jainkoa?[4]

Oinazearen aurpegian ageri da; desolazioaren noraezean; gaixoen eta pobreen alboan. Eta, horretaz gainera, edertasunean ageri zaigu; egin genitzakeen obra onetan, izadiaren arnasa eta antzaldatze miresgarrietan, izarren distiran. Nik uste dut hitzak ere Jainkoarengandik datozkigula, Izpiritu Arnasdunak igortzen dizkigunean; beraz, harrokeria eta hantustekeria handia da hitzak, obra ederrak, intelektoaren emaitza soila direla uste izatea.

Baina, batez ere, nik uste dut Jainkoa sufrimenduan dagoela; sufritzen duten guztiekin, zaurituekin, munduaren emaitza onak ezik hondarrik makurrenak jaso dituztenekin. Jesus, Kristo, gurutzeratu zutenean, gizatasunaren aldetik hondakin hutsa zen: laidotua, iraindua, umiliatua, zauritua, puskatua, torturatua. Hala ere, izaki desitxuratu eta puskatu hartan mundu honetako duintasun guztia zegoen. Gero piztu egin zen, eta glorifikatua izan zen; baina gurutzeko bere hitzak izugarriak izan ziren: “Aita, zergatik bizkarra eman didazu?”

Eta nik uste dut desanparoaren une hartan izan zela Jesus Aitaren semeago, guk denok paira genezakeen guztia (bakardadea, oinazea, sufrimendua) beregan hartu zituelako. Glorifikatua izan zen, baina mundu honetako okerrenak igaro ondoren.

Eta hor dago Jainkoa, sufrimendu horretan, biluztasun ikaragarri horretan, zentzugabearen gaurik beltzenean. Eta guk ere Jesusena besterik ezin genezake oihukatu: “Aita, zure eskuetara daramat nire izpiritua”.

5. Eta zer, Jainkoa?[5]

Eta zer, Jainkoa

gure otoitzean baizik ez bazina,

esku dardaratiak lotzen zaizkionean

ikonoari

eta argi batek piztarazten duenean gauez

madonnaren irudi sotila.

Hor naukazu zure errukiari atxikia,

azken desolaziotik babestua eta salbatua

izan nadila eskatuz.

Zuk dakizu bilatzen zintugula ilunabarrean

mendi urdinsken artean

monje legun kantatzaileek

beraien izpiritua zure altzora

zeramatenean.

Biok izan baikinen kontsolamenduan bat

eliz sabaietaruntz aideratzen ziren kantu

ozen haietan

zure urruneko erresumaruntz

izarretatik haratago,

bakez zeudenean oihan hesia eta ibarra

eta gure arima graziaz blaituek

gauaren isiltasun murmuriotsua zutenean

zelatatzen.

(Testuen bilketa: Joxe Arregi)

  1. Joan den Abuztuaren 27an Xabier Letek idatzi zidan gutunetik hartuak dira lerro hauek, bere baimenaz.
  2. Ik. HEMEN 4 / 2004).
  3. Ik. Xabier Lete. Abestitzak eta poema kantatuak, Elkar, Donostia 2006, 202-205 orr.
  4. ALBERDANIAk laster argitaratuko duen liburu baterako idatzi du Letek ondorengo testua, besteak beste. Jainkoari buruzko galdera batzuei gaurko euskal idazle askok eman dizkieten erantzunak jasoko dira liburu horretan.
  5. 2006ko Irailaren 29an, Urnietan Lourdes Iriondoren parkea inauguratzean, Xabier Letek irakurritako poema. Leire ebokatzen du.